225. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

795/2018 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, 0,75eko eguneratze koefizientea onesten duena Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Martzillako ondasun higiezin guztien katastroko balioei aplikatzeko 2019ko ekitaldian.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 22. artikuluak ezartzen duenez, “ondasun higiezinen erregistroko balioa zehazteko, merkatuko balioa hartuko da erreferentziatzat, baina erregistroko balioak ezin izanen du merkatukoa gainditu, eta ez da izanen foru lege honen 24.2.a) artikuluan aipatzen den metodo gehigarria aplikatuta ateratzen dena baino txikiagoa, non eta azken hori ez den merkatuko balioa baino handiagoa”.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur Ondasunen Zerbitzuko zuzendariak irailaren 1ean emandako 20/2011 Ebazpenaren bidez, Martzillako udalerriko balorazio txostena onetsi zen, eta, horrenbestez, haren aplikaziotik ateratzen diren balioek hurrengo zergaldian izanen dute eragina, aipatu foru legearen 38. artikuluan xedatzen den moduan.

2018ko urriaren 30ean Martzillako Udalak egun horretako osoko bilkuran hartutako erabakia igorri zen Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzura, eta honako hau dio: “... Martzillako Udalak Trabajos Catastrales SA enpresari agindutako azterlanaren emaitzak ikusirik, agerian gelditu da gaur egun alde nabarmena dagoela Lur-ondasunen Erregistroan inskribaturiko katastroko balioen eta merkatuan antzeko ezaugarriak dituzten ondasun higiezinen prezioen artean...” (sic). Hortaz, eskaera egiten diote Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari “... 0,75eko eguneratze-koefizientea onesteko, Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Erregistroan inskribaturik dauden Martzillako ondasun higiezin guztien katastro-balioei 2019ko ekitaldian onesteko...” (sic).

12/2006 Foru Legearen 23.2.i) artikuluak adierazten du Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak baloraziorako onetsitako parametro orokorrak direla, hain zuzen ere, Nafarroa osoan ondasun higiezinen balio homogeneoa ezartzeko balorazio metodoen aplikazioan beharrezkoak diren elementuak, eta halakoak dira, besteak beste, “... balioa eguneratzeko koefizienteak eta balioa finkatzeko koefizienteak, erregelamenduz ezartzen direnak”; bestetik, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko arau tekniko orokorrak onesten dituen otsailaren 22ko 20/2010 Foru Aginduaren 12. arauko 1. zenbakiak adierazten du “... Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ezaugarri homogeneoak dituzten higiezin multzo jakin batzuen balioa eguneratzeko koefizienteak onesten ahalko dituela kasuan kasuko ebazpenean berariaz zehazten den lurralde eremu jakin baterako, balorazioko parametro gisa erabiltzeko, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 23.2 i) artikuluan aipatzen den bezala. Horrela onetsitako koefizienteak urtero aplikatuko zaizkie Lur-ondasunen Erregistroan inskribatutako katastroko balioei... “

Aurrekoa ikusita, bidezkoa da eguneratze koefiziente bat onestea Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Martzillako ondasun higiezinen katastroko balioei aplikatzeko 2019ko ekitaldian.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–0,75eko eguneratze koefizientea onestea Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden Martzillako ondasun higiezin guztien katastroko balioei aplikatzeko 2019ko ekitaldian.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko azaroaren 6an.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Luis Esain Equiza.

Iragarkiaren kodea: F1813471