225. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Oinarri arautzaileak, euskarazko kanpaldietara
joateko laguntzen deialdiarenak

Tafallako Udalak, Euskara Batzordearen bidez, diru-laguntzak emanen ditu honako oinarri hauei jarraikiz.

OINARRIAK

Lehen oinarria.–Xedea eta aldia.

Oinarri hauek helburu dute euskarazko kanpaldietara joateagatik eman beharreko laguntzak arautzea, D ereduko ikasleentzako antolaturiko kanpaldiak direnean eta jolas, kirol eta/edo naturarekiko harremanen arloetako edukiak proposatzen dituztenean.

Laguntzak emanen dira 2018ko ekainaren 1etik irailaren 15era bitarteko kanpaldien ordainketetarako.

Bigarren oinarria.–Laguntzaren xede diren kanpaldiak.

–Diruz lagunduko dira honako hauek sortutako gastuak: euskara hutsezko kanpaldietako egonaldiak (gaua etxetik kanpo ematekoak), eskola publikoko zein ikastolako D ereduko ikasleentzako antolaturikoak.

–Haur edo gazte bakoitzeko kanpaldi bakar bat baino ez da diruz lagunduko.

–Kanpaldiak 5 egun (4 gau) iraun behar du gutxienez eta 15 egun (14 gau) gehienez, eta udako oporraldian eginen da, hau da, ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte.

Laguntza hauetatik kanpo geldituko dira honako hauek:

–Txangoak edo bidaiak.

–Herrian edo herritik hurbil egiten diren kirol campusak edo bestelako jarduerak, barnetegirik behar ez dutenak.

–Onarpen prozesuan sexu-diskriminazioa erabiltzen duten kanpaldiak, nesken edo mutilen izen-ematerik uzten ez dutenak.

Pertsonako/urteko kanpaldi bakar bat baino ez du diruz lagunduko Tafallako Udalak, eta ez dira onartuko Udalaren beste alor batzuen diru-laguntzak jaso dituzten mota horretako jardueren eskaerak.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak.

Honako baldintza hauek eduki behar dira euskarazko kanpaldietara joateko laguntzak eskatzeko:

–Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikaslea izatea.

–D ereduko ikaslea izatea.

–Tafallan erroldatua egotea kanpaldiak irauten duen bitartean, laguntza eskatzen den unean eta laguntza ebatzi bitarte.

Laugarren oinarria.–Diru erabilgarria aurrekontuan.

–Eskatzaile bakoitzak 125 euroko laguntza jasotzen ahalko du gehienez, eta jasotzen den zenbatekoa ez da inola ere gastu osoaren %40 baino altuagoa izanen.

–Laguntzen zenbateko osoa Udalaren aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino handiagoa baldin bada, hainbanaketa eginen da ezarritako baldintzak betetzen dituzten deialdiko onuradunen artean.

–Horretarako gaitutako aurrekontu-partidaren kargura ordainduko da.

Diru-laguntza emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Horretarako, eta hirugarren oinarria aplikatuz, behar den epean eta moduan aurkeztutako eskaerak aztertu eta gero emanen dira laguntzak.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

Interesdunek eskaerak aurkeztu behar dituzte Tafallako Udalaren Erregistro Orokorrean (Nafarroako Frantzisko plaza 5, 31300 Tafalla), eskabide bitartez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 15 egun baliodunean. Epe hori ezin izanen da luzatu eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

Agiri guztiak jatorrizkoak izan behar dira, edo Udalak konpultsatuak. Honako hauek aurkeztu behar dituzte eskatzaileek Udalaren Erregistroan:

–Diru-laguntzarako eskabidea (Tafallako Udalean eska daiteke, edo web-orritik deskargatu).

–Eskatzailearen NANaren fotokopia (kanpaldian parte hartu duen adingabearen ama, aita edo legezko tutorearena).

–Matrikularen ordainagiria (banketxeak luzatua), matrikularen %100 ordaindua dagoela dioena.

–Diru-laguntza zein banku-libretatan jaso nahi den, haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia (IBANa).

–Adingabeak zein ikastetxetan ikasten duen, hango eskolatze ziurtagiria, non agertuko baitira ikastetxearen izena eta hizkuntza eredua.

–Kanpaldia antolatzen duen entitatearen ziurtagiria, non kanpaldiaren baldintzak zehaztuko baitira –euskarari emandako tratamendua eta hizkuntza helburuak, iraupen datak, jardueren programa edo liburuxka– bai eta bertaratze ziurtagiria ere.

Udalak ofizioz egiaztatuko ditu eskatzaileak Tafallan erroldaturik ote dauden eta Udalarekiko tributu betebeharrak egunean ote dituzten.

Akats zuzenketa. Aurkeztutako eskaeran agiriren edo daturen bat falta bada, eskaera osatzeko eskatuko dio Udalak interesdunari, jakinarazi ondorengo hamar egun naturaleko epean egin dezan. Epe hori iragandakoan, eskatzaileak ez baditu eskatutako agiriak edo datuak eman, eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

Seigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak, jarraipena eta diru-laguntzen gaineko kontrola.

Onuradunaren betebeharrak dira:

a) Diru-laguntza emateko oinarri den helburua betetzea.

b) Emandako diru-laguntza erabiltzea soilik xede diren gastuak finantzatzeko.

c) Organo emaileari frogatzea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; era berean, hari egiaztatzea jarduera egin dela eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi den helburua bete dela. Justifikazioa bete dela ulertuko da 6. puntuan eskatu dokumentazioa aurkezten bada.

d) Organo emailearen egiaztapenak onartzea, baita organo eskudunek egin dezaketen beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, nolanahi dela ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Diru-laguntza jasotzeko ebazpen-proposamena ematen denean, zergen gaineko betebeharrak eguneratuak izatea Nafarroako Foru Ogasunarekin, Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, ofizioz eginen baitute egiaztapena, baita Gizarte Segurantzarekin ere.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Ebaluatzaileei lana erraztea.

i) Ez da beharrezkoa aurkeztea diru-laguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko berariazko liburu eta erregistrorik.

j) Udalaren Kontu-hartzailetza Orokorrari dagokion dokumentazioaren azterketa onartzea.

k) Diru-laguntza ematearen ondorioz ezartzen diren betebehar partikularrak betetzea.

l) Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funts publikoak itzultzea, edota egindako ikastaroaren kostuaren gainetik lortutako soberakina ere.

Zazpigarren oinarria.–Diru-laguntzen ebazpena eta ordainketa.

–Alkatetzaren ebazpenaren bidez emanen da diru-laguntza.

–Emateko prozedura ebazteko epea hilabete batekoa izanen da eta jakinarazpena 10 eguneko epean eginen da.

–Ordainketa bakarrean pagatuko da, banku transferentzia bidez eta emandako kontu korrontearen zenbakira, diru-laguntza emateko ebazpenaren datatik hilabete bateko epean.

Zortzigarren oinarria.–Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea edo deuseztatzea ekarriko du berarekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritako deuseztasun edo deuseztagarritasun kasuez gainera, honako kasu hauetan ere bidezkoa izanen da jasotako zenbatekoak itzuli behar izatea eta berandutze-interesak eskatzea (diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak):

–Diru-laguntza lortzeko eskatzen diren baldintzak faltsutzen direnean edo diru-laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatzen direnean.

–Proiektuaren xedea osorik nahiz hein batean betetzen ez denean, diru-laguntza ematea oinarritzen duen jokabidea hartzen ez denean edo diru-laguntza ematearen ondorioz ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.

–Justifikazio betebeharra betetzen ez denean edo behar bezala justifikatzen ez denean.

Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira; premiamendu-bidea erabiliko da baldin eta diru-sarrera ez bada egiten ezarritako epeetan.

Jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzultzen badira, itzuli beharko dira, behar bada, dagozkien berandutze-interesak. Inguruabar horretatik aparte, eska litezkeen zehapenak ezarri ahalko dira. Itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko (jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean) proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio.

Itzultzeko prozedura. Emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura Tafallako Udalaren Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzari lotuko zaio.

Bederatzigarren oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira bestelako erakunde publiko nahiz pribatuek xede bererako ematen dituzten gainerako guztiekin. Laguntzaren zenbatekoa ezin da inola ere diruz lagundutako ikastaroarengatik ordaindutako kopurua baino handiagoa izan, bakarrik nahiz deialdiko epeari egozten ahal zaizkion beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik. Horrelakorik gertatuz gero, horren berri emanen zaio Udalaren Euskara Zerbitzuari, diru-laguntzaren zenbatekoa behar den gehieneko diru-mugaraino gutxitzeko.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Ikasleen eta irakasleen datu pertsonalen tratamendua Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen publizitatea.

Emandako laguntzaren publizitatea Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren eta Udalaren web-orriko gardentasunaren atariaren bidez eginen da.

Hamabigarren oinarria.–Diru-laguntza ematen duen organoaren aldeko berme neurriak.

Ez da berme neurririk eskatzen gai honi buruz.

Hamahirugarren oinarria.–Jarduera azpikontratatzeko aukera.

Oinarri hauen xedeko jarduera ezin da azpikontratatu.

Hamalaugarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak, publizitateari buruzkoak.

Onuradunak ez du betebeharrik diru-laguntzaren xedeko jardueraren finantzaketaren publizitateari buruz.

Hamabosgarren oinarria.–Interpretazioa.

Deialdi honetan izan daitezkeen arazoak ebazteko eskumena Tafallako Udalak du, ez beste inork. Oinarri hauetan jaso ez den gainerako guztirako, honako hauek aplikatuko dira: Diru-laguntzei buruzko Udalaren ordenantza, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, haren erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta haiekin bat heldu den gainontzeko araudia, aplikatzekoa dena.

Hamaseigarren oinarria.–Errekurtsoak.

Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren kontra, hautara, errekurtso hauetakoren bat para daiteke:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

–Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tafallan, 2018ko urriaren 18an.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.

Iragarkiaren kodea: L1812752