225. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

118/2018 EBAZPENA, urriaren 31koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Energia Jasangarriaren gaineko I. Diseinu Lehiaketaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an onetsitako 2030erako Nafarroako Energia Planak Komunikazio eta Partaidetza Publikoari, Prestakuntzari eta Sentsibilizazioari lotutako helburu estrategikoak jasotzen ditu 9.2.1 atalean, eta, horien artean, honako hauek daude: «Energiaren inguruko kultura berri bat zabaltzea herritarren artean» eta «Komunikazio eta partaidetza publiko onak sustatu eta bermatzea».

Helburu horiekin bat, Zuzendaritza Nagusi honek Energia Jasangarriaren gaineko I. Diseinu Lehiaketaren oinarriak onesten ditu. Lehiaketa Nafarroako erdi mailako heziketa ziklo guztietako ikasleei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. eta 4. ikasmailetako ikasleei eta Batxilergoko modalitate guztietako 1. eta 2. ikasmailetakoei zuzentzen zaie 2018-2019 ikasturtean.

Lehiaketaren goiburua «Pintatu zure energia garbia» da, eta Europar Batasuneko 2018ko Aste Jasangarriaren goiburuan oinarritzen da: «Izan buruzagi energia garbirako trantsizioan». Goiburuaren helburua da aurkeztu beharreko lanean modu sortzailean azaltzea ikastetxean, etxean, herrian, hirian edo beste edonon energia modu arduratsuan eta jasangarrian egunero erabiltzearen alderdietako bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Energia Jasangarriaren gaineko I. Diseinu Lehiaketaren oinarriak onestea, ebazpen honen eranskinean jasotzen direnak. Lehiaketaren goiburua «Pintatu zure energia garbia» da.

2. 2.150 euroko gastua onestea 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Jasangarritasuneko eta energia hezkuntzako sariak” izeneko 820001 82200 2268 425200 partidaren kargura, lehiaketako sarien gastuetarako.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2018ko urriaren 31n.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

ENERGIA JASANGARRIAREN GAINEKO I. DISEINU LEHIAKETA

«Pintatu zure energia garbia»

1. oinarria.–Xedea.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak Energia Jasangarriaren gaineko I. Diseinu Lehiaketa antolatu du «Pintatu zure energia garbia» goiburupean, eskolako gazteen artean sormena eta kontzientziazioa sustatu eta bultzatze aldera. Lehiaketak zerikusia du autohornikuntzarekin, baliabide energetikoen erabilera arduratsu eta eraginkorrarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planak agertzen duen eredu energetiko jasangarri berriarekin.

Lehiaketan aurkeztuko diren lanak sormen grafikokoak izanen dira, eta honako gai hauen inguruko mezua helarazi behar dute: energia garbietaranzko trantsizioa, energia aurreztu beharra eta, azken batean, nola txikiagotu gure aztarna ekologikoa eraginkortasunez erabilita energia, Europar Batasuneko 2018ko Aste Jasangarriak bere goiburuaren bidez aldarrikatzen duen bezala. Hau da, lanean ikastetxean, etxean, herrian, hirian edo beste edonon energia modu arduratsuan eta jasangarrian egunero erabiltzearen alderdietako batzuk azal daitezke edo lehiaketako «Pintatu zure energia garbia» goiburua modu sortzailean adierazten duen beste edozein.

Irabazten duen lana 4 metro garai eta 11 metro zabal den olana batean inprimatuko da, eta olana hori Garapen Ekonomikorako Departamentuko Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia dagoen “Printzearen Gotorlekua II” eraikineko zabaltzan (Tomás Caballero parkea 1, 31005 Iruña) paratuko da, hango instalazio fotovoltaikoaren iparraldeko aldean, hain zuzen. Hori dela eta, parte-hartzaileek datu hori hartu beharko dute kontuan, beren lana aurkezteko orduan.

2. oinarria.–Parte hartzeko baldintzak eta lanen formatua.

1. Nafarroako ikasle hauek parte hartzen ahalko dute, 2018-2019 ikasturtean, «Pintatu zure energia garbia» Energia Jasangarriaren gaineko Diseinu Lehiaketan: Nafarroako erdi mailako heziketa ziklo guztietako ikasleak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. eta 4. ikasmailetako ikasleak eta Batxilergoko modalitate guztietako 1. eta 2. ikasmailetakoak.

2. Aurkezten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute.

Lanaren tamainak 1. oinarrian aipatu den olanaren jatorrizko neurrietara (4 metro garai eta 11 metro zabal) egokitzeko modukoa izan beharko du gutxi gorabehera. Hortaz, kasurako, 15-16 cm garai bider 42 zabal izanen den lana egin daiteke paper edo mihise gainean, edo bestela, gutxi gorabehera 800 mm garai bider 2200 mm zabal izanen dena, diseinu grafikoko formatu baten gainean, eta abar.

Nolanahi ere, JPG edo PDF formatuko fitxategiak izanen dira.

3. oinarria.–Lanak non eta noiz aurkeztu.

1. Lanak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Lanak Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Erregistroan (“Printzearen Gotorlekua II” eraikina, Tomás Caballero parkea 1, 31005 Iruña) aurkezten ahalko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan (Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko izapideen katalogoko «Energia Jasangarriaren gaineko I. Diseinu Lehiaketa» izeneko fitxaren bidez: www.nafarroa.eus), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Jarraian, lana aurkezteko zehaztasunak agertzen dira, hautatutako erregistroaren araberakoak:

a) Aurrez aurre:

Eskabide orokorra beteko da, eta bertan honako hauek jasoko dira:

–Egilearen izena eta bi deitura.

–Zer ikastetxe, ikasmaila eta gelatan dagoen.

–Harremanetarako telefono-zenbakia.

–Aurkezten den lana originala eta argitaragabea dela.

Eskabide horrekin batera, lanaren diseinua 300 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin eta JPG edo PDF formatuan jasotzen duen CDa/DVDa aurkeztuko da. Egileak edo ikastetxeak ez dute diseinua sinatuko inola ere.

b) Telematikoki (izapideen katalogoko fitxa zehatzaren bidez, non esteka bat dagoen Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko):

Eskabide telematikoa beteko da, eta bertan honako hauek jasoko dira:

–Egilearen izena eta bi deitura.

–Zer ikastetxe, ikasmaila eta gelatan dagoen.

–Harremanetarako telefono-zenbakia.

–Aurkezten den lana originala eta argitaragabea dela.

Eskabide horrekin batera, lanaren diseinua aurkeztuko da 300 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin eta JPG edo PDF formatuan; gehienez 20 MBkoa izanen da. Egileak edo ikastetxeak ez dute lana sinatuko inola ere.

4. oinarria.–Diseinu irabazlearen hautaketa.

1. Epaimahaiak zortzi lan hautatuko ditu gutxienez, jasotako lan guztien artean. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia.

–Hiri diseinu eta/edo arteko, arkitekturako eta energia berriztagarri eta jasangarrietako hiru profesional.

–Plan Energetikoaren Ataleko burua.

–Sustapenaren eta Behatokien Bulegoko burua.

2. Hautaketa horri begira epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu aintzat:

–Sormena, originaltasuna eta konposizioa: 70 puntu.

–Olana paratuko den kokapenerako egokitzapena (Iruñeko Tomás Caballero parkeko “Printzearen Gotorlekua II” eraikineko instalazio fotovoltaikoaren iparraldeko aldea): 30 puntu.

Ez dira aintzat hartuko epaimahaiaren iritziz lehiaketaren goiburuarekin zerikusirik ez duten lanak.

3. Epaimahaiak lan finalistak hautatu ondoren, herritarrek parte hartzeko aldi bat zabalduko da, 10 egun baliodunekoa gutxienez, Nafarroako Gobernuaren entzute aktiboko sistemaren (Open Social Data) atariko webgune honetan: www.concursoenergialimpia.navarra.es. Bertan parte hartzen ahalko dute 13 urtetik gorakoek, eta parte-hartzaileen boto gehien jasotzen dituen lana izanen da lehiaketako irabazlea.

4. Bai epaimahaiaren epaia bai lan irabazlea izapideen katalogoko fitxa zehatzean, Nafarroako Gobernuaren sare sozialetan eta egokitzat jotzen diren hedabideetan argitaratuko dira, lanaren egilea eta ikastetxea ere adierazita.

5. oinarria.–Saria.

Honako hau izanen da lehiaketako saria:

a) Ikasle irabazlearentzat: bizikleta elektriko bat, diploma bat, eta lana Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1 zenbakiko “Printzearen Gotorlekua II” eraikineko instalazio fotovoltaikoaren iparraldeko aldean agertzea.

b) Irabazi duen ikaslearen ikastetxearentzat: energiaren aurrezpen eta efizientziarako elementuen multzoa, 1.050 eurorainoko balioa duena (konparaziorako, LED lanparak, goritasun-lanpara, fluoreszente edo deskarga-lanparen ordezko, edo energia berriztagarria sortzeko instalazio txiki bat eta abar).

Bere beharrizanekin neurri handienean bat datozen elementuak zehazteko, ikastetxeak Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Plan Energetikoaren Atalaren aholkularitza izanen du eskura.

6. oinarria.–Administrazio dei-egilearen eskubideak.

1. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak beretzat gordetzen du oinarri hauetan xedatutakoa betetzen ez duen edonor lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea.

2. Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari lagatzea lan irabazlea, bai eta lehiaketan aurkeztu diren lan guztiak kopiatzeko, banatzeko eta komunikazio publikorako eskubideak ere, haien egileak adierazita.

Lan irabazlea kopiatzean, Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernuaren eta 2030erako Energia Planaren logoak txertatzen ahalko ditu.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurreko erakusketa bat antolatzen ahalko du, lehiaketan aurkeztu diren lanak agertzen dituena.

7. oinarria.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat, lehiaketan parte hartzen duten pertsonen datuak –parte-hartzaileen baimena izanda haiek tratatzeko– Nafarroako Gobernuaren jabetzako fitxategi batean sartuko dira.

8. oinarria.–Parte hartzearekin batera hartutako konpromisoa.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea, baita epaimahaiak edo Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak hartzen dituen erabakiei men egitea ere. Oinarri hauek ez betetzeak lehiaketan parte hartzeko ezintasuna ekarriko du, epaimahaiaren eta zuzendaritza nagusiaren irizpideari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1813323