224. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Aldaketa udalkideen ordainsari, bilkura-sari eta kalte-ordainen araubidean

Lizarrako Udalak, 2018ko urriaren 31n egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluaren arabera, toki-korporazioko kideek ordainsariak jasoko dituzte beren karguetan dedikazio esklusiboan edo partzialean aritzeagatik, lehendakaritzako edo lehendakariordetzako eginkizunetan zein eskuordetzako eginkizunetan, baita halako dedikazioa eskatzen duten erantzukizunak dituztenek ere. Alta emango zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta korporazioek beren gain hartuko dute enpresaren parteko kuotak ordaintzea. Dedikazio partziala izango duten karguak eta horien ordainsariak zehazteko osoko bilkuretako erabakietan adierazi beharko da aipatutako ordainsariak jasotzeko beharrezko gutxieneko dedikazioa.

Artikulu bereko hirugarren apartatuaren arabera, dedikazio esklusiboa ez eta dedikazio partziala ere ez duten korporazioko kideek baino ez dituzte jasoko bilkura-sariak kide anitzeko organoen bilkuretara joateagatik, baldin eta haietako partaide badira. Osoko Bilkurak erabakiko du bilkura-sariaren zenbatekoa.

Osoko Bilkurak 2015eko uztailaren 3an hartutako erabakiaren arabera, korporazioko kideei hilabeteka ordainduko zaizkie bilkura-sariak, bilkuretan parte hartu dutela frogatu ondoren, muga bat gainditu gabe udalkide eta hilabete bakoitzeko, legegintzaldia edozein delarik ere. Abuztuko ohiko bilkura uztailera aurreratzen bada, bere bilkura-saria abuztuan sortu eta ordainduko da.

Kasu hori beste hilabete batzuetan ere gerta daiteke; izan ere, aurtengo azaroko bilkura urriaren 31n eginen da, azaroaren 1a jaieguna izanik Bozeramaileen Batzarrak erabaki zuelako urriaren azken egunera aurreratzea, eta ez azaroko bigarren ostegunera atzeratzea; halaber, gauza bera gerta daiteke abenduan, lehen osteguna jaieguna baita. Hori guztia kontuan harturik, bidezkoa da abuztuko salbuespena urteko hilabete guztietara hedatzea.

Kontuen eta ogasunaren batzorde bereziak 2018ko urriaren 26an egindako txostena ikusirik, eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

ERABAKI DA:

1. Ezartzea ezen aurreko hilabetera aurreratzen diren ohiko osoko bilkuren kasuan, bilkura-saria berez dagokion hilabetean sortu eta ordainduko dela.

2. Erabaki hau Lizarrako Udaleko Ogasun eta Langileria Alorretara igortzea, baita kide anitzeko organoen idazkariei ere.

3. Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoa betez, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita entitate honetako iragarki-taulan ediktuak jartzea ere, eta dagokion espedientean sartzea.

Lizarran, 2018ko urriaren 26an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandía.

Iragarkiaren kodea: L1813449