219. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Ordenantza, Lagun egiteko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duena. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2018ko apirilaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lagun egiteko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza.

Hasiera batean onesteko erabakia 2018ko 162. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 22an, eta jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Vianan, 2018ko urriaren 18an.–Alkatea, Yolanda González García.

LAGUN EGITEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ETA BABESTEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

1. Ordenantza honek helburua du Vianako udal-mugartean arautzea lagun egiteko animaliak edukitzea, animalien eta gizakien arteko elkarbizitza honako hauekin egoki batzeko: ingurumen-osasunaren arloko balizko arriskuak eta pertsonen lasaitasuna, osasuna eta segurtasuna, baita ondasunena ere, aipatu animaliek izan behar duten babesa bermatuz.

2. Animaliak giza ekosistemaren parte ezinbestekoa dira, eta, beraz, ahal diren baldintza duinenetan tratatuak izateko eskubidea dute. Hala ere, gizakiaren eskubidea nagusituko da beti animaliarenaren gainean.

3. Ordenantza hau ez zaie honako hauen zakur eta animaliei aplikatuko: Indar Armatuak, Estatuaren Segurtasun Indar eta Kidegoak, autonomia erkidegoen polizia kidegoak, Udaltzaingoa eta baimen ofiziala duten segurtasuneko enpresak.

2. artikulua. Definizioa.

1. Lagun egiteko animalia da gizakiak daukan hori, etxean batez ere eta irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako daukana, eta, nolanahi ere, arraza guztietako zakurrak eta katuak.

3. artikulua. Dokumentazioa.

1. Zakurrak dituztenek identifikatuta izan behar dituzte horiek, Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez zehazten duen moduan.

2. Bajarik izanez gero, hori gertatu eta 7 eguneko epean jakinarazi beharko zaio Udalari. Zakurraren jabeari dagokio betebehar hori.

3. Zakur bati alta emateko, beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak txertoa jartzea eta osasun azterketa egitea. Ondoren, zerbitzu horrek identifikazio agiria eta txapa luzatuko ditu.

4. Zakurren jabeek osasun-dokumentazioa eduki behar dute, behar bezala betea, Nafarroako Gobernuak nahitaezkotzat ezartzen duen hori alegia. Ordenantza honen arau-hauste larritzat hartuko da hori ez edukitzea udal agintaritzaren agenteek eskatzen dutenean, eta jabeak esaten zaion tokian aurkeztu beharko du 48 orduko epean.

II. KAPITULUA

Arau komunak

4. artikulua. Kaleko animaliak, abandonatuak edo galdutakoak.

1. Vianako udal-mugartean daudenean, animalia abandonatutzat hartuko dira jatorriaren edo jabearen identifikaziorik ez daramatenak, helbide ezagunik ez dutenak eta inork lagundu gabe edo jabetza egiaztatu ezin duen pertsona batek lagunduta dabiltzanak.

2. Identifikazioa gainean badaramate ere, animalia abandonatutzat hartuko dira libreki eta inork lagundu gabe dabiltzanak, edo galduta, jabeak edo baimendutako pertsona batek ez badu galera salatzen 72 orduko epean.

Identifikaziorik badarama, jabeari ohartaraziko zaio. Horrek 3 eguneko epea izanen du, une horretatik hasita, animalia berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia abandonatutzat joko da, eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko aukera emanen du.

3. Animalia bide publikoan abandonatzeak, sufrimendua sor diezaiokeela kontuan hartuta, erantzukizun administratiboa ekar dezake berekin, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

5. artikulua. Bizikidetza arauak.

1. Auzokideei eragozpenak ez sortzea da baldintza lagun egiteko animaliak hiriko etxebizitzetan edukitzeko. Horren harira, eragozpentzat jotzen dira Udalaren, Erkidegoaren edo Estatuaren araudiek debekatzen dituzten jarduketak.

Jabeek egoki izan behar dituzte etxebizitzak, patioak, balkoiak, lorategiak eta lurrak, hondakinik eta usain txarrik gabe, eta behar den egoeran osasungarritasun, higiene eta segurtasunaren aldetik.

Ezin dira beti terrazetan, balkoietan edo jabeen erkidegoen patioetan eduki.

2. Ezin dira animaliak eduki horiek behar bezala zainduta egoterik ez duten etxebizitza edo lokaletan, orube edo patioetan.

3. Arduradunek animaliak behar bezala kontrolatzerik ez duten tokietan debeku da horiek edukitzea. Animalia bat duenak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez eragozpenik ez sortzeko.

4. Debeku da zakurrak edo beste edozein animalia inongo saltoki edo garraiobide publikotan sartzea (ikuskizun publikoetako lokalak, kirol eta kultura alorretakoak, erabilera publikoko igerilekuak). Halaber, debeku da animaliak ospitaleetan sartzea, baita anbulatorioetan eta ikastetxeetan ere, katea eta muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunak lagunduta badabiltza ere, baimen espresua dagoenean salbu. Salbuespena dira itsu-zakurrak.

6. artikulua. Kaleetan barna ibiltzea.

1. Debeku dute kale, plaza eta parke publikoetan barna ibiltzea lagunduta edo behar bezala gidatuta ez dabiltzan animaliek. Lepokoa eraman behar dute, baita kate, uhal edo lokarri higagaitza ere, gehienez ere 5 metrokoa. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien kasuan berariazko araudiari jarraituko zaio. Animalia eramaten edo zaintzen duena arduratsua izan behar da, eta animalia beti kontrolatua izateko behar besteko gaitasuna eduki behar du.

2. Osasun publikoko eta hiri-ingurumena babesteari buruzko arrazoiak direla eta, baita eragozpenak, kalteak edo osasungaiztasun iturriak murrizteko ere, debeku da jatekoa ematea kaleko edo abandonatutako animaliei, basatiei edo basatuei. Salbuespena dira Udalak animaliez hornitutako guneak, herritarren gozamenerako direnak.

Higiezinen eta orubeen jabeek neurriak hartuko dituzte gune horietan animalia basatuak ez ugaritzeko, aipatu neurriek ez badituzte haiekin ekartzen animalia horien sufrimendua edo tratu txarrak.

3. Kaleko animaliarik aurkituz gero, herritarrek Udaleko bilketa zerbitzuari jakinaraziko diote. Biltzen ez duten bitartean, eta posible bada, ura, jatekoa eta aterpea ematen ahal zaio.

7. artikulua. Debeku da kaleak zikintzea.

1. Animaliek kaka egiten badute bide, kale, plaza edo parke publikoetan, gidariak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, baita zikindutako tokia garbitu ere, behar diren elementuak erabiliz (poltsak, bilgailua eta abar). Udalak bide publikoan jarritako edukiontzi edo zakarrontzietan utzi behar dira poltsa horiek, behar bezala itxiak.

2. Debeku da zakurren edo beste edozein animaliaren gorozkirik uztea parkeetan, lorategietan edo erabilera publikoko beste edozein tokitan, Vianako hirigunean.

Agintaritzaren agenteek kaka biltzeko eta tokia garbitzeko eskatuko diete zakurren jabeei edo gidariei, eta eskakizunari kasu egin ezean, behar den zehapena ezarri ahalko diete.

3. Espresuki debeku da animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

4. Erabat debeku da edozein espezietako animalia hilak eremu, ibilgu eta bestelako tokitan, publiko nahiz pribatuak, uztea, baita lurperatzea ere.

8. artikulua. Jabearen erantzukizuna.

1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du hori, higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den prebentziozko tratamendu oro eginen du.

2. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia duena da honako hauetan erantzule:

a) Kalte, traba eta eragozpenak sortzen bazaizkie jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari, kasuan kasuko aplikaziozko legeriari jarraikiz.

b) Animaliek bide eta eremu publikoa zikintzen badituzte.

c) Bere animaliak zaunka edo zalapartaka baldin badaude, eragozpen horiek segituan isilarazteko, batez ere 22:00etatik 8:00etara bitartean badira. Neurriak hartu beharko dituzte auzokideentzako eragozpenik berriro izan ez dadin.

III. KAPITULUA

Zakurrentzako berariazko araudia

9. artikulua. Atari-zakurrak.

1. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrek loturik egon behar dute finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza edo mugaturiko edozein tokitan daudenean, zakurrek kanpora jauzi ez egiteko, behar bezalako altuera eta itxitura dituen barnealde batean daudenean izan ezik, halako tokietara hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren. Zakur horiek ura eta jatekoa izanen dute egunero, haien baldintza fisiologikoen araberakoa.

Jabeak nahitaez ohartarazi behar du atari-zakurra dagoela, argi eta garbi ikusteko eta irakurtzeko plakak jarriz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

2. Kanpoko barruti irekietan etxetxo edo aterpe moduko bat jarri behar da, animalia babestuta egon dadin muturreko tenperaturak daudenean.

10. artikulua. Zakur lotu gabeak.

1. Debeku da lotu gabeko zakurrak ibiltzea Vianako hirigune osoan, hiri lurzoruan nahiz urbanizagarrian, baita ibilgailuen zirkulaziorako errepideetan eta Donejakue bidean ere. Zakurrak lotu gabe egon daitezke Udalak mugaturiko eremuetan, ez beste inon.

Animaliak katerik edo uhalik gabe ibiltzen ahal dira honako eremu hauetan:

–Vianako Printzeak kiroldegiko zakurren aisialdirako eremua.

–“Primer Cueto” izenekotik aurrera.

2. Araudiak arriskutsutzat jotzen dituen zakurrak salbuetsita, berariazko araubideari jarraitu behar baitiote, honako hauek dira zakurrak katerik edo uhalik gabe egon daitezkeen ordutegiak:

A) Maiatzaren 1etik urriaren 15era bitarte, 23:00etatik 8:00etara.

B) Urriaren 16tik apirilaren 30era bitarte, 21:00etatik 8:00etara.

Honako toki hauetan:

–El Hoyo eremua, Valdearaserantz.

–Udalaren kiroldegiko eremua, kalexkatarantz.

Francisco Becerra kaletik Calvarioko biderantz, debeku izanda haurrentzako parketik 30 metro baino gutxiagoko distantzian ibiltzea.

Nolanahi ere, zakurren jabeek edo horiek dituztenek kontrolpean izan behar dituzte, pertsonei eta gainerako animaliei eragozpenak edo kalteak eta ondasun edo instalazio publikoen narriadura ekiditearren. Horretarako, begi bistan izan behar dute zakurra, behar bezain hurbiletik zaindurik, inoiz ez 100 metro baino gehiagotik, behar izanez gero esku hartu ahal izateko adina.

Zakurrak aske eraman ahal dira landa eremuetan edo eremu urbanizaezinetan, betiere kontrolpean badaude. Ezarritakoaren salbuespena dira araudiak arriskutsutzat jotzen dituen zakurrak. Horiek uhalarekin edo katearekin lotuta eraman behar dira beti, haiei buruzko arauei jarraikiz.

Uhalarekin edo katearekin lotuta eramateko obligaziorik ez dute izanen artzain-zakurrek, beren ohiko lanean ari badira.

Ehiza-zakurrak ere izan daitezke uhalarekin edo katearekin loturik joateko obligaziotik salbuetsiak Udalak ezarritako eremuetan, baita ehiza-barrutian ere, aipatzen diren egunetan, berariazko arauei jarraikiz.

IV. KAPITULUA

Bilketa

11. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Vianako Udalari dagokio:

a) Animalia abandonatuak biltzea.

b) Lotu gabeko animaliak biltzea.

c) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, akidura fisiko edo desnutrizio aztarnarik badute edo instalazio desegokietan badaude.

2. Bildutako zakurrak egoteko lokalera eraman eta gero, ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo zakurra bildu eta 3 eguneko epean jabeak eskatzen ez badu, animaliak babesteko legez eraturiko elkarte bati emanen zaio animalia, betiere elkarteak konpromisoa hartzen badu zakurraren osasun egoera erregularizatzeko eta animalia horrekiko ardura hartzen badu.

3. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertatze-ziurtagiria aurkeztea, baita ezartzen diren gainerako betebeharren ziurtagiriak ere. Horrez gain, sorturiko tasa, gastu eta multak ordainduak izan behar dira.

Animalia biltzeagatik eta mantenua emateagatik, tasak hauek dira:

• 10 euro, egun arruntetan.

• 15 euro, jaiegunetan.

4. Zakurra nahitaez ingresatu behar da horretarako adierazten den lokalean, albaitari batek azter dezan, beste zakur bati edo pertsona bati hozka egiten badie, edo ezohiko oldarkortasuna adierazten duenean. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dauden arauei jarraituz jokatuko du.

5. Jabeek ordainduko dituzte animaliak bildu eta kontrolatzeagatik sortutako gastuak.

V. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hausteak.

1. Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

13. artikulua. Arau-hauste arinak.

A) 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera erroldatua ez dagoen lagun egiteko zakur bat edukitzea.

B) Jabeen zabarkeria, lagun egiteko animalien zaintzan.

C) Animalia bat hil edo desagertzen bada, jabeak hori ez jakinaraztea.

D) Animaliak kontrolatuak eraman ahal izateko kate edo uhal higagaitzik gabe ibiltzea, salbu eta udal honek ezartzen dituen tokietan.

E) Lagun egiteko animaliek gorozkiekin zikintzen badute eremu publiko bat, horiek ez garbitzea.

F) Behar diren neurriak ez hartzea animaliek gorozkiekin eremu publikoak edo erabilera komuneko eremu pribatuak ez zikintzeko.

G) Txiza egitea eraikinetako fatxadetan, lokaletan edo hiri-altzarietan.

H) Ura erabilera publikoko txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

I) Jatekoa ematea kaleko edo abandonatutako animaliei, basatiei edo basatuei.

J) Hiri barruko kaleetan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

K) Norberaren zakurren zaunkak ez isilaraztea, bereziki 22:00etatik 8:00etara bitartean gertatzen direnean.

L) Oro har, ordenantza honetan ezarritako baldintza, betebehar, muga eta debekuak ez betetzea, baldin eta larriak edo oso larriak ez badira.

14. artikulua. Arau-hauste larriak.

A) Bide publikoa zikintzeko jarduerak nahita egitea.

B) Nahitaezkotzat ezarritako osasun-dokumentazioa ez edukitzea, edo behar bezala betea ez izatea.

C) Identifikazio, erregistro, txertaketa edo nahitaezkotzat ezarritako edozein tratamenduko arauak betetzen ez dituzten animaliak edukitzea.

D) Animalia hilak eremu publiko edo pribatuetan abandonatzea, baita lurperatzea ere.

E) Animalia baldintza higieniko-sanitario txarretan edukitzea eta behar duen janaria eta zaintza ez ematea, horiek behar etologikoek eskatuta, arraza eta espeziearen arabera.

F) Ordenantza honetan nahitaezkotzat ezarritako datuak emateari uko egitea, edo eman nahi ez izatea.

G) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaixotasunik ez dutela ziurtatzeko albaitariaren agiririk gabe saltzea.

H) Ordenantza hau ez betetzea, horrek arriskuan jartzen baditu jendearen osasuna edo segurtasuna, orokorrean bada ere.

I) Arau-hauste arin bat bigarrenez egitea 6 hilabeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

J) Eragozpenak behin eta berriz sortzea.

15. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

A) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatzea eta egitea, baita haien publizitatea hedatzea ere.

B) Animalien aurkako ankerkeria, tratu txarrak eta eraso fisikoak, baita animaliak hiltzea ere, albaitaritza kontrolik gabe bada edo 7/1994 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharren kontrakoa bada.

C) Animaliei kalte egiteko elementu manipulatuak kalean uztea.

D) Bizirik dauden animaliak abandonatzea.

E) Arau-hauste larri bat bigarrenez egitea 6 hilabeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

16. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako egiteek edo ez-egiteek erantzukizun administratiboa sortuko dute, bide penalean, zibilean edo bestelakoetan eska daitekeen erantzukizuna baztertu gabe.

2. Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteei isun hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arinak: 100 eurotik 300 eurora bitarteko isunarekin.

b) Arau-hauste larriak: 301 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriak: 1.501 eurotik 15.000 eurora bitarte.

3. Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan zehapenak ezartzerakoan, isunen zenbatekoa eta zehapen osagarriak jartzearen aukera neurtzeko:

a) Nahita egin ote den.

b) Arau-hausteak gizartean edo osasunean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

c) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustearekin zer etekin atera den.

d) Arau-hausteetan berrerortzea.

Arau-hauste larriek eta oso larriek haiekin ekartzen ahal dituzte honelako zehapenak: arriskutsuak izan daitezkeen animaliak konfiskatzea, antzutzea edo hiltzea, edo arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia aldi baterako kentzea edo baliogabetzea.

17. artikulua. Zehapen-prozedura.

1. Ordenantza honek aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

Isuna borondatez ordaintzen bada –salaketa ematean ordaindu edo hura jakinarazi eta biharamunetik hasitako 20 egun naturaleko epean ordaindu–, zehapen-prozedura bukatuko da, honako ondorio hauekin:

a) Zehapenaren zenbatekoa %50 murriztea.

b) Alegazioak egiteari uko egitea. Eginez gero, ez aurkeztutzat joko dira.

c) Prozedurari bukaera ematea, berariazko ebazpenik eman behar izan gabe, ordainketa egiten den egunean.

d) Administrazio bidea amaitzea; administrazioarekiko auzien jurisdikzioan soilik aurkezten ahalko da errekurtsoa.

e) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea hasiko da ordainketa egiten den egunaren biharamunean.

f) Zehapena administrazio bidean irmo bihurtuko da ordainketa egiten den unean, eta ondorio guztiak sortuko ditu horren biharamunetik aurrera.

2. Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen-espedienteak bideratu eta ebazteko ahalmena honako hauei dagokie:

a) Alkateari edo zinegotzi delegatuari, arau-hauste arinak edo larriak badira.

b) Udalaren Osoko Bilkurari, arau-hauste oso larriak badira.

18. artikulua. Erantzukizun zibila.

Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

Iragarkiaren kodea: L1812404