219. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

“Autoenplegu laguntzak” arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2018ko abuztuaren 29an egin osoko bilkuran, “Autoenplegu laguntzak” arautzen dituen ordenantza hasiera batean onetsi zuen. Horri buruzko iragarkia 176 zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2018ko irailaren 11n.

Jendaurreko epean ez denez alegaziorik aurkeztu, ordenantza behin-betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Altsasun, 2018ko urriaren 24an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

DIRU-LAGUNTZEN ORDENANTZA, ALTSASUN NORBERAREN KONTURAKO JARDUERA EKONOMIKOA MARTXAN JARRI NAHI DUTEN LANGABEENTZAT

Zioen azalpena

Lan-merkatuaren egoera eta norberaren kontura lan egiteko zailtasunak kontuan hartuta, ekintzailetza ohiko sistemen ordezko bihurtzen ari da autoenplegua eta herritarrak landa-ingurunean errotzea bultzatzeko. Gainera, horri esker, emakumezkoen ekintzailetza landa-ekonomian protagonismo handiagoa hartzen ari da. Izan ere, Landa-ingurunearen garapen iraunkorrerako abenduaren 13ko 45/2007 Legearen 7. artikuluak dio lehentasunezko arreta zor zaiela emakumezko, gazte eta desgaitasuna duten pertsonei.

Era berean, Emakume eta gizonen berdintasun efektiborako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak honako hau dio Botere publikoak izeneko 11. artikuluan: “Berdintasunerako eskubide konstituzionala gauzatzeko, botere publikoek emakumezkoen aldeko berariazko neurriak hartuko dituzte agerikoak diren gizonekiko desoreka-egoerak zuzentze aldera”.

Ordenantza honen xedea da, hain zuzen ere, norberaren konturako enplegua sustatzea langabezian dauden pertsonen artean, betiere aurreko ekitaldian egindako diru-laguntzen deialdiarekin bat. Izan ere, ordenantza honen bidez egonkortasuna eta jarraipena eman nahi zaizkio deialdiari.

1. artikulua. Xedea.

Deialdi honen xedea da prozedura arautzea, banakako ebaluazioaren bidez diru-laguntzak emateko, norberaren konturako jarduera ekonomiko berria martxan jarri nahi duten langabeentzat, betiere helbide soziala Altsasun baldin badute. Altsasuko Udalak, Sustapen Ekonomikorako Sailaren bitartez, norberaren konturako enplegua bultzatu eta sustatu nahi du, udalerrian jarduera ekonomikoa sor dadin, era horretara zerbitzuen zentro izaera indartzen laguntzeko (merkataritza, hezkuntza, osasun, josteta, aisia eta turismoaren arloko zerbitzuak).

2. artikulua. Diruz lagundu daitekeen jarduera.

Oinarri hauek arautzen dituzten diru-laguntza hauen xedea da Altsasun jarduera ekonomiko berri bat martxan jarri nahi duten langabe ekintzaileei laguntza ematea.

Jarduera ekonomiko berritzat hartuko da pertsona juridiko batek edo banakako batek jarduera ekonomiko bat Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan lehendabiziko aldiz alta emanda sortzen dena. Laguntzatik kanpo daude lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak. Halaber, diru-laguntzatik kanpo geratzeko beste arrazoi bat izango da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman baino bi urte lehenagoko epean jarduera berean edo antzekoan norberaren kontura jardun izana.

3. artikulua. Onuradunak.

Arau hauetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradunak langabeak izango dira, betiere Altsasun jarduera ekonomiko berri bat norberaren kontura jartzen badute.

Langabetzat hartzen dira Enplegu Agentzia batean enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak.

1.–Oro har, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Langabezian egotea eta Enplegu Bulego batean inskribaturik egotea.

b) Langile autonomoen araudi berezian edo langileak berak hautatzen duen araudian alta ematea, betiere bazkide langilearen izaera egiaztatzen badu, elkartea eratzeko estatutu edo eskrituren bitartez.

c) Altsasun Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, hala badagokio, eta edozein kasutan ere jarduera berria Altsasun helbideratu beharko du.

d) Altsasuko Udalarekiko zerga-betebeharretan egunean egotea.

2.–Aurretik ezarritako baldintzez gain, elkarte hauek ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte langile autonomoen araubide orokorrean edo dagokien mutualitatean alta ematen dutenean:

a) Desgaitasuna duten langileek: ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua izatea, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Iraupen luzeko langabeek: Langabezian izena emanik egotea eta langabeak izatea autonomoen araubide berezian alta eman aurre-aurreko 12 hilabeteetan jarraian.

c) Generoaren indarkeriaren biktima diren emakumeek: Izaera hori frogatzea Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

d) Adina: Nortasun Agiri Nazionala aurkeztuta egiaztatuko da.

e) Altsasun erroldatuta gutxienez urtebete eramatea: Altsasuko Udalaren erroldan jarraian alta emanda egotea gutxienez urtebete lehenago, langile autonomoen araubide berezian alta ematen denetik aurrera kontatuta.

3.–Ezin izango zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonei.

–Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta oinarri hauetan aipatzen diren gainerakoak bete beharko dituzte.

–Berariaz, laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta jarduketa horien ondorioz eskatzen zaion dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

4.–Deialdi honetatik kanpo gelditu dira:

–Altsasuko Udalean jarduera berean edo antzekoan alta emanda egon direnak jarduera hau hasi baino lehenagoko bi urteetan.

–Diru-laguntza jaso dutenak.

Ez daude deialdi honetatik kanpo Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda ez dauden pertsonak, legeak ez baitu horretara behartzen.

4. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Kasua bada, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan egon beharko du urtebetez jarraian, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan edo Gizarte Segurantzako langile autonomoen Araubidean alta ematen duen lehendabiziko egunetik hasita.

Jarduerari eusten zaiola egiaztatzeko lanak Altsasuko Udalak beteko ditu.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotera beharturik ez daudenek edo elkarte bateko bazkideek Gizarte Segurantzaren kuota ordaindu izanaren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, hain zuzen ere, urtebetez jarraian egon izana frogatzen dutenak, betiere Gizarte Segurantzan alta ematen duten lehendabiziko egunetik kontatuta.

Betebehar horiek betetzen ez badituzte, jasotako diru-laguntza guztiak itzuli beharko dituzte, non ez den onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa, erabatekoa edo baliaezintasun handia gertatzen. Ez da izanen Gizarte Segurantzan baja emateko edo jarduerari uzteko arrazoi justifikatua arrazoi ekonomikoengatik hura uztea edo amaitzea.

Onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da.

5. artikulua. Emateko prozedura.

Aurkeztutako eskabideak banan-banan baloratuko dira, betiere diru-laguntzen deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz.

6. artikulua. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta zenbatekoa.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuk helburu berberaz emandakoekin.

1.–Oro har, honako diru-laguntza hauek emango dira:

–Gizonezkoak: 250,00 euro.

–Emakumezkoak: 300,00 euro.

2.–Pertsonaren bat honako talde hauetako batean badago, hari emango zaion zenbatekoa honela handituko da:

–Onartua izatea gutxienez % 33ko desgaitasuna: 50,00 euro.

–Generoaren indarkeriaren biktima den emakumea izatea: 50,00 euro.

–45 urtetik gorakoa izatea: 50,00 euro.

–30 urte edo gutxiago izatea: 50,00 euro.

–Altsasun erroldatuta egotea gutxienez urtebetez jarraian, langile autonomoen araubide berezian alta eman aurre-aurrekoan. 50,00 euro.

7. artikulua. Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak 30 eguneko epean aurkeztu beharko dira, hain zuzen ere, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta edo, hala izan ezean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorreko langile autonomoen araubide berezian.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan 2018-01-01etik eta deialdia aldizkari ofizialean argitaratu bitartean alta eman dutenek 30 eguneko epea izango dute diru-laguntza eskatzeko, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko. Eskaerak Altsasuko Udaletxean aurkeztuko dira.

Eskabideak Altsasuko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Gartzia Ximenez, 36. 31800) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako edozein baliabideren bitartez.

8. artikulua. Eskaeren instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

a) Prozedura alderdi batek eskatuta hasiko da.

b) Eskabideak Altsasuko udaletxean aurkeztuko dira, I. Eranskineko ereduari jarraikiz.

c) Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Sustapen Ekonomikorako Sailari dagokio.

d) Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian alta emanda egotearen ziurtagiria.

–Nafarroako Gobernuko edo beste autonomia-erkidegoko Enplegu Bulego batean alta emateko inskripzio-txartelaren fotokopia.

–Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko.

–Jarduerari buruzko memoria laburra.

–Kasua bada, elkarte berriko bazkide-langilea izatea ziurtatzea, estatutuak edo osatzeko eskritura aurkeztuz.

–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzea, agiri ofizialaren bidez.

–Kasua bada, genero indarkeriaren biktima dela frogatzen duen agiria, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate eskatzaileari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Ebazpenak iriste hurrenkeraren arabera ebatziko dira, horretarako ezarritako aurrekontu partida agortu arte.

9. artikulua. Diru-laguntzen ordainketa.

Altsasuko Udalak erabakiko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, Alkatetzaren Ebazpenaren bidez. Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea egiten den egunaren biharamunetik hasita.

Diru-laguntza kobratu baino lehen, onuradunak frogatu beharko du ezarririko baldintzak betetzen dituela eta diru-laguntza hartzeko oinarria izan den jarduketa burutu duela.

Urtero, 1 4390 4790001 partida gaituko da (“Sustapen ekonomikorako diru-laguntzak”) helburu horretarako.

Aurrekontuko partida agortuta badago, ezin izango dira diru-laguntzak ordaindu, eta diru-laguntza ukatzeko arrazoia izan daiteke.

10. artikulua. Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legedian agindutakoarekin bat jakinaraziko zaio pertsona eskatzaileari.

11. artikulua. Laguntzak deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntzen onuradunak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean arau-hauste administratiboei buruz ezarritako erantzukizunen eta zehapen araubidearen mende egonen dira.

Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, datuak ezkutatzen badira, datu faltsuak edo desitxuratuak ematen badira, edo laguntzak emateko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatuz gero, emandako onurak deuseztatuko dira, eta gainera:

a) Itzuli egin beharko da jasotako dirua.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, beraz, premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez eskatu ahalko dira.

c) Lau urte iraganda preskribatuko da itzulketa aitortu eta likidatzeko eskubidea.

d) Itzulketa eskatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak aurkez ditzan. Alkatetza izanen da diru-laguntzak bertan behera utzi edo deuseztatzeko organo eskuduna. Oinarri hauetan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

12. artikulua. Publizitaterako araubidea.

Altsasuko Udalaren webgunean argitaratuko dira emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

13. artikulua. Datuen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, deialdira aurkeztutakoek baimena ematen dute euren datu pertsonalak tratatzeko eta aitortzen dute jakin badakitela datu horiek “langileen kudeaketa” fitxategian gordeko direla, besteak beste, diru-laguntzen kudeaketa egiteko. Eskatutako datuak emateari uko egiteak dirulaguntza-eskabidea kudeatzeko ezintasuna eragingo du.

Era berean, jakinarazten dizugu bildutako datuak hirugarrenei utzi ahal izango zaizkiela legean hala ezarrita dagoenean edota bestelako administrazio publikoei zein bere eskumenen arloan erabiltzeko.

Diru-laguntzak emateko prozesuaren emaitzak Altsasuko udaletxeko iragarki-oholean argitaratuko dira, bai eta aplikagarri den araudian ezarritako tokietan ere.

Fitxategiaren arduraduna Udala da, eta bertan izango dute interesdunek eskubidea datuak eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko edo kontra egiteko.

14. artikulua. Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den udal organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

I. ERANSKINA

Laguntza-eskabidearen eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1813182