219. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

262/2018 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean zaldi aziendak identifikatzeko eta lekualdatzeko baldintza bereziak ezartzen dituena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak urriaren 5ean emandako 163/2012 Foru Aginduaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean zaldi aziendak identifikatzeko eta lekualdatzeko baldintza bereziak ezarri ziren.

Europako Batzordearen 2015eko otsailaren 17ko 2015/262 Exekuzio Erregelamenduak (EB) arauak ezartzen ditu Kontseiluaren 90/427/EEE eta 2009/156/EE zuzentarauekin bat etorrita, ekidoak identifikatzeko metodoei dagokienez (zaldien pasaportearen erregelamendua), eta zaldien pasaportea animaliaren bizitza osorako identifikazio agiri bakar gisa zehazten du. Identifikazio hori une oro eraman behar da erregistratutako hazkuntzarako edo errentarako ekidoekin batera, eta animaliaren identifikazio eta erregistro datuez gain, indarrean dagoen araudiak ezarritako osasun informazioa ere jaso behar du.

Abenduaren 16ko 676/2016 Errege Dekretuak arautzen du zaldien identifikazio eta erregistro sistema Espainian, 2015/262 Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, eta zaldi mugimenduen txartela arautzen duen uztailaren 4ko 577/2014 Errege Dekretuak zaldiak lekualdatzeko txartela borondatez erabiltzea ahalbidetzen du lekualdatzeko gida edo osasun agiriaren ordez, lekualdatzearen helburua turismoa, aisialdia, kultura edo kirola edo larre aprobetxamendua bada, jatorrizko ustiategira hogeita hamar egun natural baino lehenago itzultzen badira, titulartasun aldaketarik ez badakar eta osasun arloko arriskurik ez badakar.

Bestalde, 2015eko otsailaren 17ko Batzordearen 2015/262 Exekuzio Erregelamenduak (EB) arauak ezartzen ditu Kontseiluaren 90/427/EEE eta 2009/156/EE zuzentarauekin bat etorrita, ekidoak identifikatzeko metodoei dagokionez (zaldien pasaportearen erregelamendua). Erregelamendu horrek 12. artikuluko 1. apartatuan ezartzen du Batasunean jaiotako ekidoak 9. artikuluaren arabera igorritako identifikazio agiri baten bitartez identifikatu behar direla, jaiotzen direnetik hamabi hilabetera beranduenez, eta, nolanahi ere, jaiotza ustiategia behin betiko utzi baino lehen, kasu hauetan izan ezik: lekualdatze hori 23. artikuluko 2. ataleko c) hizkiaren arabera egiten denean, amagandik edoskitzen den moxal gisa, edo 26. artikuluko 2. atalaren arabera egiten denean.

Erregelamendu berean, 13. artikuluko 1. puntuan aipatzen da, 12. artikuluan ezarritakoa gorabehera, agintaritza eskudunak erabakitzen ahal duela eremu jakin batzuetan baldintza basatietan edo erdi basatietan bizi diren populazio zehatzak osatzen dituzten ekidoak (agintari eskudunak zehaztu beharko ditu) 9. artikuluaren edo 17. artikuluko 4. apartatuaren arabera igorritako identifikazio agiri baten bitartez identifikatzea, soil-soilik kasu hauetan: a) populazio horietatik erretiratzen direnean, populazio zehatz batetik beste batera kontrol ofizialaren pean egiten diren lekualdatzeak salbu, edo b) etxean erabiltzen hasten direnean.

Ikusi da Batzordearen 2015/262 Exekuzio Erregelamenduak (EB) epe nahiko zabala ezartzen duela ekidoak identifikatzeko eta epe horretan eremu jakin batzuetan baldintza basatietan edo erdibasatietan bizi diren populazio zehatzak identifikatzeko salbuespenaren irismena mugatzen duela. Hori horrela, urriaren 5eko 163/2012 Foru Agindua indargabetu behar da, eta foru araudia erregelamendu horretan ezarritako baldintza berrietara egokitu.

Gainera, Nafarroan jaiotako animalien jaiotzen trazabilitatea bermatze aldera, beharrezkoa da animalia bat identifikatzerakoan ekoizpen eta ugalketako zaldi ustiategietako titularrek animaliak identifikatzeko banakako erregistroaren (IBE) datu baseari jakinaraztea zein den haren amaren identifikazioa.

Azkenik, ekainaren 10eko 804/2011 Errege Dekretuak (zaldi ustiategien antolamendu zooteknikoa, sanitarioa eta animalia ongizateari dagokiona arautzen duena eta zaldientzako plan sanitarioa ezartzen duena) 6. artikuluan ezartzen du zaldi ustiategietako titularrek ustiaketa liburu bat izan behar dutela (formatu elektronikoan ere izaten ahal da), IV. eranskineko gutxieneko datuak jasotzeko. Nolanahi ere, agintari eskudunek edukiera txikiko ustiategi ez-komertzialak salbuesten ahal dituzte, bai eta larreak ere, ustiaketa liburu bat izateko beharrizanetik. Kasu horretan, ordea, ustiategiek liburu sinplifikatu bat eduki beharko dute eta bertan jasoko dira, gutxienez, datu hauek: titularrari buruzko datuak, animalien identifikazioari buruzkoak, eta animalien jaiotzei eta heriotzei buruzkoak.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen helburua da zaldi aziendarako identifikazio agiria (ZIA) edo zaldien pasaportea ezartzea zaldi espezieko animalien lekualdatzeak babesteko agiri gisa, baldin eta horiek lekualdatzearen helburua turismoa, aisialdia, kultura, lehiaketa morfologikoak edo larre aprobetxamendua bada, Nafarroako Foru Komunitatearen barruan egiten bada, jatorrizko ustiategira hogeita hamar egun natural baino lehenago itzultzen badira, titulartasun aldaketarik ez badakar eta osasun arloko arriskurik ez badakar.

2. Nafarroan jaiotako animalien jaiotzen trazabilitatea bermatzea, amaren identifikazioa animaliak identifikatzeko banakako erregistroaren (IBE) datu baseari gehituz.

3. Edukiera txikiko zaldi ustiategiak salbuestea ustiaketa liburu bat izateko beharrizanetik.

2. artikulua. Zaldien pasaporteak babesten dituen lekualdatzeetarako baldintzak.

1. ZIA edo zaldien pasaporteak zaldi bakoitzaren lekualdatzea babestuko du Nafarroako lurraldearen barruan, oinez edo baimendutako garraiobide batean mugitzen denean, haiekin batera gaur egun eraman behar diren agirietako bi ordezkatuz: ekainaren 13ko 728/2007 Errege Dekretuaren (abereen mugimenduen erregistro orokorra eta abereak banaka identifikatzeko erregistro orokorra ezarri eta arautzen dituena) 6. artikuluan ezarritako mugimendu agiria eta 1955eko otsailaren 4ko Dekretuaren 32. artikuluan ezarritakoa (Epizootien Erregelamendua onesten duena), baldin eta lekualdaketa jatorrizko ustiategitik egiten bada, titulartasun aldaketarik ez badakar, jatorrizko ustiategira hogeita hamar egun natural baino lehenago itzultzen badira eta lekualdatzearen helburua turismoa, aisialdia, kultura, kirola, lehiaketa morfologikoak edo larre aprobetxamendua bada.

2. Zaldien pasaportea bere alderdi guztietan abenduaren 16ko 676/2016 Errege Dekretuan (Zaldi espezieko animaliak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema arautzen duena) ezarritakoarekin bat etorriko da, eta zaldientzat animalien osasun arloan une oro indarrean dagoen araudiak ezarritako osasun informazioa eduki beharko du, eta, bereziki, nahitaezko txertoak eta osasun kontrolak jasota izan.

3. Zaldi aziendarako identifikazio agiriak edo pasaporteak lekualdatzea ez du inolaz ere babestuko lekualdatutako abereak eritasun infekzioso-kutsagarri baten sintoma klinikoak baditu, edo lekualdatzean bere ongizatea urritzen ahal duten lesioak baditu, edo lekualdatzea Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten bada.

4. Foru agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, zaldi aziendarako identifikazio agiriak edo pasaporteak babesten duen aberearen erantzuletzat joko da agirian aberearen jabe gisa agertzen den pertsona fisiko edo juridikoa.

5. Lekualdatzeak babesten dituen pasaportea duten zaldien jabeek honako eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Indarrean dagoen araudiak zaldi aziendarako ezartzen duen osasun programa betetzea, eta osasun informazioa jasotzea zaldi aziendarako identifikazio agirian horretarako dagoen atalean, aipatu araudian ezarritako baldintzei jarraikiz.

b) Murrizketak errespetatzea, abereen ongizate eta osasunaren arloan eskuduna den agintaritzak zaldien lekualdatzeetarako ezartzen dituenak hain zuzen.

c) Zaldia ez lekualdatzea, eritasun infekzioso-kutsagarri baten sintomak edo lekualdatzean bere ongizatea urritzen ahal duten lesioak baditu.

d) Zaldi aziendarako identifikazio agiria berekin edo eskura eramatea, oinez edo garraiobidez aberea lekualdatzen duen bakoitzean, eta agiria aurkeztea osasun agintaritza eskudunak eskatzen dion guztietan.

3. artikulua. Ekidoak identifikatzeko baldintzak.

1. Ekidoak Nafarroan identifikatuz gero, animaliaren titularrak animaliaren amaren identifikazio datuak (UELN edo mikrotxipa) jakinarazi beharko ditu, animalia identifikatzeko agiria lortzeko eskaerarekin batera. Hala ere, abenduaren 16ko 676/2016 Errege Dekretuak (Zaldi espezieko animaliak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema arautzen duena) ezarritako datuak ere behar izanen dira.

2. Trazabilitatea zehaztu ezin zaien identitate edo jatorri ezezaguneko animaliak ordezko pasaporte batekin identifikatuko dira eta horrelako bat igorriko zaie, abenduaren 16ko 676/2016 Errege Dekretuaren (Zaldi espezieko animaliak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema arautzen duena) 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua. Zaldien ustiaketa liburua.

1. Ustiaketa liburuak (formatu elektronikoan ere izaten ahal da) ekainaren 10eko 804/2011 Errege Dekretuaren (zaldi ustiategien antolamendu zooteknikoa, sanitarioa eta animalia ongizateari dagokiona arautzen duena eta zaldientzako plan sanitarioa ezartzen duena) IV. eranskinean adierazitako gutxieneko datuak jaso beharko ditu.

2. Edukiera txikiko zaldien ustiategiak, 804/2011 Errege Dekretuaren 2.3 artikuluan zehazten diren moduan, ustiaketa liburu bat izateko beharrizanetik salbuesten dira. Kasu horretan, ordea, ustiategiek liburu sinplifikatu bat eduki beharko dute eta bertan jasoko dira, gutxienez, datu hauek: titularrari buruzko datuak, animalien identifikazioari buruzkoak, eta animalien jaiotzei eta heriotzei buruzkoak.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Foru agindu honetan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzeak zehapena ekarriko du, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean xedatutakoari eta animalien osasunaren arloan indarrean dauden gainerako xedapenei jarraikiz.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratu da 163/2012 Foru Agindua, urriaren 5ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean abereak identifikatzeko eta zaldi azienda lekualdatzeko baldintza bereziak ezartzen dituena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urriaren 18an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1812572