219. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

392/2018 FORU AGINDUA, urriaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, herritarren parte-hartze prozesu bat abiatzen duena, Nafarroan, 2019rako, etxebizitza babestuak eta haien eranskinak saltzeko eta alokatzeko gehieneko prezioak finkatu aitzin.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du etxebizitzaren arloan eskumena duen kontseilariari dagokiola babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak saltzeko ateratzeko gehieneko prezioa finkatzea, foru lege horretan aurreikusitakoarekin bat. Horretarako, adierazten du, halaber, kasuan kasuko foru aginduan justifikatu behar direla 10. artikuluan bertan jasotzen den formulako aldagaien balioak.

Zehazki, horri dagokionez, 1.d) apartatuak xedatzen du moduluak urtero eguneratuko direla, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera ondorioak izateko, babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) salmentarako gehieneko balioa kalkulatuz formula honen bidez:

VMu = ((1.27 + H/100) x PEMu) / (0.755-(F + Co + B)/100)

Azalpena:

VMu = gehieneko salmenta-balioa, babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

H = Proiektuaren eta obra zuzendaritzaren ordainsari teknikoen kostua, exekuzio materialaren aurrekontuaren ehunekotan adierazia. Kostu horren balio normala % 7koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

PEMu = Exekuzio materialaren aurrekontua, eurotan, metro koadro erabilgarri bakoitzeko. Hori kalkulatzeko, sustapen baten guztizko azalera erabilgarritzat joko da etxebizitzetarako eta garajeetarako den guztizko azalera erabilgarria gehi trasteleku eta lokaletarakoen %40.

F = Sustatzailearen finantza kostuak, salmentarako gehieneko prezioaren (VM) gaineko ehunekotan adieraziak. Kostu horren balio normala %4koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

Co = Merkaturatzearen kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak (VM). Kostu horren balio normala %2koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

B = Sustatzailearen etekina, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adierazia (VM). Kostu horren balio normala %11koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

Aldagai horiek zehazteko, lehentasunez hartuko dira kontuan babes ofizialeko etxebizitzen sustapen publikoak. Era berean, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuan kalifikazioa jasotzeko aurkezten diren babes ofizialeko etxebizitzen sustapenei buruzko datuak ere erabil daitezke. Horretarako, departamentu horrek sustatzaileei eskatzen ahalko die aurkez dezatela obra amaierako ziurtagiria, edo formulan aurreikusitako aldagaiak kalkulatzeko interesekoak izan daitezkeen beste datu batzuk.

5.1. Modulu ponderatua.

Babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko balioa zehaztu ondoren, modulu ponderatua kalkulatuko da balio hori zatituz babes ofizialeko etxebizitzen eta haien eranskinen metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko salmenta-prezioak zehazteko ezarritako koefizientearekin.

5.2. Ponderatu gabeko modulua.

Ponderatu gabeko moduluaren balioa modulu ponderatuaren balioaren ehuneko 96koa izanen da.

Bestalde, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatu horrek ezartzen du parte-hartze sozialaren prozesu bat garatu behar dela onetsi aurretik, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean aurreikusi bezala.

Horretarako, foru agindu honen bidez herritarren parte-hartzearen prozesua abiatzen da, herritarren parte-hartzea eta elkarlana arautzen dituen 11/2012 Foru Legearen IV. tituluan aurreikusitakoaren arabera. Hori helburu, ondotik ematen dira babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak Nafarroan 2018an saltzeko gehieneko prezioak finkatzeko proposamenerako kontuan hartutako elementuak, maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluko 1.d) apartatuarekin bat.

Alde horretatik, adierazi behar da urte natural batean salmentarako diren babes ofizialeko etxebizitzen espedienteak hartu direla, betiere behin-behineko kalifikazio eskaera ukatua edo deuseztatua ez dutenenak, eta zehazki, 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra bitartekoak (kontuan izanik moduluaren aldaketak urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera dituela ondorioak, eta, onetsi aurretik, parte-hartze sozialaren prozedura bat ireki behar dela).

Epe horretan, behin-behineko kalifikazioa eskatzen duen espediente bakar bat aurkeztu da, NASUVINSA-Nafarroa Lurzoruak eta Etxebizitzak SAk sutatua. Hortaz, aipatutako testuari jarraikiz, non sustapen publikoei lehentasuna ematea gomendatzen baita, horixe da hautatuko den espedientea. Sustapen horrek 50 etxebizitza aurreikusten ditu Iruñean, eta, espedientean jasotako datuen arabera, exekuzio materialaren aurrekontua, metro koadro erabilgarri bakoitzeko, 680,11 eurokoa da.

Bestalde, ez da arrazoi teknikorik ikusten foru legean koefiziente aldakorretarako aurreikusten den balioa aldatzeko (puntu bat handitu edo murrizten ahal da balio hori, justifikazio teknikorik badago). Hona hemen balio horiek:

H: obra-proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren lansari teknikoen kostua, exekuzio materialaren aurrekontuaren gaineko ehunekotan adierazia. Balioa = %7.

F: sustatzailearen finantza kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak. Balioa = %4.

Co: merkaturatze-kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak. Balioa = %2.

B: sustatzailearen etekina, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adierazia. Balioa = %11.

Aurreko guztiaren ondorioz ateratzen den exekuzio materialaren aurrekontua 680,11 eurokoa da metro koadro erabilgarri bakoitzeko, eta horri legean zehaztutako formula aplikatuko zaio:

Aplikatu beharreko balioak:

H = %7

F = %4

Co = %2

B = %11

PEMu = 680,11 euro m² bakoitzeko

Formula:

VMu = ((1.27+H/100) x PEMu) / (0.755-(F + Co + B) /100) = 1.557,86 euro

Modulu ponderatua:

M* = VMu / 1.3 = 1.557,86 / 1.3 = 1.198,35 euro

Beraz, ondoriozko moduluaren balioa 1.198,35 euro da 2019rako; horrek dakar balioa %4,15 goratzea, 2017ko moduluaren aldean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Herritarren parte-hartze prozesu bat abiatzea, Nafarroan, 2019rako, etxebizitza babestuak eta haien eranskinak saltzeko gehieneko prezioak finkatu aitzin.

2. Mugaegun 2018ko abenduaren 1a finkatzea ekarpenak eta iradokizunak egiteko, foru agindu honen azalpen zatian egindako proposamenari dagokionez.

3. Foru agindu honen azalpen zatian egindako proposamenari dagozkion ekarpenak eta iradokizunak igortzeko, participacion@navarra.es helbide elektronikoa gaitzea baliabide osagarri gisa.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Etxebizitza Kontseiluari eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, etxebizitzaren arloko webgune informatiboan (www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/) eta Gobernu Irekiaren atarian (www.gobiernoabierto.navarra.es/eu) argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 25ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1813233