219. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

383/2018 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez sortzen baita “Biziberri Navarra Rehabilita” saria eta onesten baitira oinarri arautzaileak.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Administrazio Publikoek, nork bere eskumenen esparruan, etxebizitzen zaharberritzea sustatuko dute, eraikinetako elementuak berritu, finkatu, ordeztu edo handitzeko lanen bitartez, eraikinen okupatzaileen beharretara moldatzeko, baina bakoitzaren balio arkitektonikoa, historikoa edo kulturala galarazi gabe, irisgarritasun unibertsalaren eta ororentzako diseinuaren irizpideak kontuan izanda.

Aurrekoarekin bat, Nafarroako Gobernuak eginahal handia egiten du etxebizitzen birgaitzea sustatzeko eta bultzatzeko, eta horretarako lehentasuneko ardatz bat da Etxebizitzen 2018-2028ko Plana. Hala, Nafarroako Gobernuak baditu laguntza lerro garrantzitsuak etxebizitzak birgaitzen laguntzeko: obra txikiak egiteko (2.000 euroko aurrekontua, gutxienez) edo eraikinean egin beharreko erreforma handiak egiteko (inguratzaile termikoak, berokuntzako sistema zentralizatuak, igogailuak). Diru-laguntzak bi motatakoak izan daitezke: norbanakoari edo jabe elkarteari emandakoak (aurrekontu babesgarriaren %50erainokoak eta etxebizitza bakoitzeko 25.000 euro bitartekoak). Eta diru-laguntza horiek izapidetzen laguntzeko, bada birgaikuntza bulegoen sare bat, non profesionalek, adituek eta langile kualifikatuek baitihardute. Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko bederatzi Bulego daude Nafarroako osoan.

Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuaren eginkizuna ez da bakarrik laguntza lerro garrantzitsuak ezartzea, baizik horiei zabalkundea ematea ere bai, sustatzeko eta hedatzeko ekintzen bidez.

Eginkizun horretan aurrera egiten jarraitzeko, “Biziberri Navarra Rehabilita” saria jaio da, jardunbide egokiak aitortzeko tresna gisa, eta hura arautzeko oinarriak onetsi dira.

Sariaren helburua da birgaitze babestu nabarmenenak aitortzea, hain zuzen ere honako hauengatik nabarmendu direnak: eraikina mantentzen egindako ekarpenarengatik; gauzatzearen kalitatearengatik; arkitektura arduratsua ezartzeagatik, ingurumenarekin konprometiturik; edo dauden eraikuntzak kontserbatzeagatik horiek berrinterpretatuz eta egungo beharretara egokituz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Biziberri Navarra Rehabilita” saria sortzea, eta hura arautzen duten oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Foru agindu hau igortzea Etxebizitza Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 18an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Izena eta xedea.

Birgaitze babestuko proiektuak saritu nahi dira Nafarroako Foru Komunitateko esparruan, “Biziberri Navarra Rehabilita” izeneko saria emanez.

2.–Periodikotasuna eta departamentu eskuduna.

Gutxienez ere bi urtetik behin emanen da. Etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuak izanen du saria izapidetzeko, antolatzeko eta entregatzeko departamentua.

3.–Hartzaileak.

Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Zerbitzuak izapidetutako birgaitze babestuko espediente guztiek hartuko dute parte, betiere behin betiko kalifikazio eskaera aurkeztu bada gutxienez saria entregatzeko aurreikusitako data baino hiru hilabete lehenago.

Aurrekoen artean, behin-behineko proiektu finalista batzuk aukeratuko dira, bost eta bederatzi bitarte. Behin betiko finalista gisa deklaratu aurretik, espedienteko titularrak diren pertsona fisikoek edo juridikoek parte hartzeko adostasuna eman beharko dute.

4.–Saria.

Ohorezko sari bat emanen da, zuzkidura ekonomikorik gabekoa.

5.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia osatuko duten kideak:

–Burua: Etxebizitza Zerbitzuko burua.

–Kideak: Nafarroako Foru Komunitatean dagoen Etxebizitzak Birgaitzeko Bulego bakoitzeko ordezkari bat.

Etxebizitza Zerbitzuan birgaitze espedienteak izapidetzeko ardura duen arkitekto teknikoa.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Ataleko burua, idazkari ere ariko dena.

Epaimahaiaren osaera jendaurrean jarriko da epaimahaiak hartutako erabakiarekin batera.

5.2. Epaimahaiaren funtzionamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluaren arauei jarraituko die.

5.3. Epaimahaiak beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei, eta eraikin birgaituak “in situ” bisitatzen ahalko ditu.

5.4. Bidezko baderitzo, epaimahaiak aholkulari teknikoei deitzen ahalko die.

5.5. Epaimahaiak proposa dezake, egokitzat jotzen badu, ohorezko aipamen bat edo batzuk aitortzea. Halaber, saria hutsik geratzea proposatzen ahalko du.

5.6. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da. Gainera, bere ditu oinarriak interpretatzeko eta funtzionamendu arauak zehazteko ahalmenak.

6.–Balorazio irizpideak.

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan saria emateko:

a) Proiektuaren kalitate arkitektonikoa.

b) Hartutako konponbide arkitektonikoa.

c) Eragileen arteko lankidetza, birgaitzearekin bilatutako xedeak lortzeko.

d) Demografikoki ahulak diren eskualdeak biziberritzea.

7.–Sariaren publizitatea.

Jendaurreko ekitaldi batean entregatuko da saria, ahal bada behar den urteko azken hiruhilekoan, eta sarrera doan izanen da.

Eskubide Sozialetako Departamentuko titularrak emanen du ofizialki saria, foru agindu baten bidez. Saridunei jakinarazi eginen zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Etxebizitzaren arloan eskudun den departamentua arduratuko da saria eta proiektu sariduna zabaltzeaz hedabide arrunt eta espezializatuetan.

8.–Administrazioaren konpromisoak.

Sariketaren prozesuan parte hartzen dutenek isiltasuna gorde beharko dute haren nondik norakoez.

Etxebizitza Zerbitzuak emanen du oinarri arautzaileei buruzko informazioa eta horiei buruzko argibideak, bai telefonoz bai posta elektronikoz.

9.–Gorabeherak eta ustekabeak.

Etxebizitza Zerbitzuko buruak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherez eta oinarriotan ezartzen ez diren kasuez.

10.–Errekurtsoak.

Foru agindu honen kontra eta sariaren gaineko ebazpena ematen duen foru aginduaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F1813235