216. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

735/2018 EBAZPENA, urriaren 24koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Hezkuntza Departamentuan 2018ko aurrekontuetan erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsaziorako dagoen diru-izendapena banatzeko baimena ematen duena.

Konstituzioaren 7. artikuluak adierazten du erakunde sindikalek lan egiten dutela beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko, eta Zuzenbide Estatu sozial eta demokratikoaren funtsezko zutabeetako bat direla, gehienbat langileen eskubideen defentsan.

Horrenbestez, erakunde sindikalek betetzen dituzten jarduerak interes orokorrekotzat hartzen dira, eta, hala, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, Hezkuntza Departamentuaren partidetan, berariazko zuzkidura bat dago aurreikusirik erakunde sindikalek langileen eskubideak defendatu eta sustatzeko egiten dituzten jardueren gastuak konpentsatzeko.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina onesten duenak, 82.8.d) artikuluan xedatzen du Langile Batzordeek beren lanak betetzeko behar duten materiala izan beharko dutela.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 4. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, erakunde sindikalek egindako kontratu publikoak Lege horren mende egonen dira. Horrenbestez, arauaren arabera egoki den kasuan kasuko kontratazio prozedura bete beharko da, barne direla, batez ere, 88.2 j artikuluak aipatzen dituen gardentasun betebeharrak.

Aurrekontu Orokorretan ezarritako diru kopurua banatzeko formulari dagokionez, funtzionarioen, estatutupeko langileen eta lan-kontratudunen negoziaziorako mahai orokorretako batzorde paritarioen bileretan egondako sindikatuekin 1997ko ekainaren 18an gehiengoz erabaki zenaren arabera, erakunde sindikalen funtzionamendurako beharrezkoak diren gastuei dagokien aurrekontu-kontsignazioa banatzeko orduan, kontuan hartuko da azken hauteskunde sindikaletan erakunde sindikal bakoitzak eskuratutako boto kopurua.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Baimena ematea, hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraikiz, erakunde sindikalen funtzionamendu gastuak konpentsatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak ordezkatzeko organoetarako azken hauteskundeetan, irakasleen esparrukoetan, lortu zituzten botoen kopuruaren arabera.

2. Hogeita hemezortzi mila bostehun eta laurogei euroko gastua baimentzea, gehienez ere, Nafarroako 2018ko gastuen aurrekontu orokorrean “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izenarekin jaso den 410005-41700-4819-321100 partidaren kargura finantzatuko dena.

3. Ondotik aipatzen diren erakunde sindikalek izandako funtzionamendu gastuak konpentsatzeko dagozkien diru-kopuruak Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak esleituko dituela ebazpen bidez, Hezkuntza Departamentuko irakasleen esparruan 2015eko maiatzaren 20ko hauteskunde sindikaletan lortutako boto kopuruaren arabera:

IFZ

SINDIKATUA

G31171937

AFAPNA

G78248630

ANPE

G31922446

APS

G31734965

CCOO

G79514378

CSIF

G48090096

ELA

G31137482

LAB

G31118326

STEILAS

G79493060

UGT

4. Erakunde sindikalek konpentsatu gogo dituzten funtzionamendu gastu guztiak Hezkuntza Departamentuko irakasleen interes ekonomiko eta sozialak defendatu eta sustatzeko jarduera sindikalaren ondorioz eginak izan beharko dira, 2018ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte.

Beraz, gastu hauek konpentsatzen ahalko dira, besteak beste:

a) Erakunde sindikalek Hezkuntza Departamentuko irakasleentzat sortutako informazioari dagozkion gastuak.

b) Langile horiek ordezkatzeko lanak eragindako joan-etorrien gastuak.

c) Langile horiei zuzendutako jardunaldi, mintegi, topaketa, hitzaldi eta antzeko jarduerei dagozkien gastuak.

d) Prestakuntza sindikalak sortutako gastuak, barne direla joan-etorriak, monitoreak, askotariko materialak, lokalen alokairua eta antzeko gastuak.

e) Komunikazioen (telefonoak, fotokopiagailuak, posta, etab.), ekipamenduen, zerbitzuen eta askotariko hornigaien arloko gastuak.

f) Langile horiei aholkularitza juridikoa emateko gastuak.

Edozein modutara ere, konpentsazio horiek ez dira bateragarriak izanen erakunde sindikalek beste administrazio edo erakunde publiko batzuetatik, gastu berberengatik, jaso ditzaketen bestelako laguntza edo prestazioekin.

5. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, erakunde sindikalek egindako kontratu publikoak Lege horren mende egonen dira. Horrenbestez, arauaren arabera egoki den kasuan kasuko kontratazio prozedura bete beharko da, barne direla, batez ere, 88.2 j artikuluak aipatzen dituen gardentasun betebeharrak.

6. Erakunde sindikalek 2018ko azaroaren 20tik abenduaren 1era bitarteko epea dute gastuak justifikatzeko, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusian fakturak eta ordainagiriak (jatorrizkoak eta fotokopiak) aurkeztuz, eta, haiekin batera, aurkibidea eta zerrenda, zenbakitua eta ordenatua.

Gastuen ordainagarien aurkezpenean atzeratutako egun baliodun bakoitzeko %10 murriztuko da esleitutako eta behar bezala frogatutako zenbatekoa.

7. Aipatutako gastuak konpentsatu ahal izateko, erakunde sindikalek, aurreko lerroaldean aipatutako dokumentazioarekin batera, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren eta Gizarte Segurantzaren diruzaintza orokorraren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela frogatzen dutenak, fakturak eta ziurtagiriak aurkezteko epea amaitu aurreko bi hilabeteetan emanak, gehienez ere.

Orobat, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, konpentsatu nahi diren gastu berberengatik beste laguntza, konpentsazio edo diru-laguntza publikorik ez dela jaso adierazteko.

8. Funtzionamendu gastuen ordainketa Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez eginen da 2018ko abenduan, erakunde sindikalek gastu horiek ezarritako epean justifikatu ondoren, eta 5. apartatuan ezarritakoarekin bat. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuko irakasleen interes ekonomiko eta sozialen defentsan eta sustapenean betetako jarduera sindikalek eragindako gastuak ordainduko dira soilik, eta, betiere, ebazpen honen 3. apartatuan aipatzen diren erakunde sindikaletako bakoitzarentzat ezarritako gehieneko kopurua, apartatu horrek berak aipatzen duen ebazpenean ezarriko dena.

9. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Kontu-hartzailetza Delegatura, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordezkaritza organoetarako azken hauteskundeetan botoak eskuratu zituzten sindikatuei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

11. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluekin bat.

Iruñean, 2018ko urriaren 24an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

Iragarkiaren kodea: F1812846