216. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52/2018 FORU AGINDUA, urriaren 24koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2019ko BERDINNA Sariaren deialdia egin eta hura emateko oinarriak ezartzen dituena.

Urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko BERDINNA Saria sortu zen, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokabidea azpimarratu eta publikoki aintzatesteko asmoz. Foru dekretu horretan ezarri zen sariaren deialdia urtero eginen dela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez.

Hori horrela, xedatutakoa betetzeko asmoz, bidezkoa da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2019ko BERDINNA Sariaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2019ko BERDINNA Sariaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Hiru mila euroko (3.000 euro) gastua baimentzea 2019ko Gastuen Aurrekontuko “BERDINNA Saria” izeneko B40001 B4200 4809 232300 partidaren kargura, edo 2018ko Aurrekontuetako partida horren baliokidea den beste baten kargura, betiere horretarako kreditu aski baldin badago.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. 5. Foru agindu hau epaimahaiko kideei, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 24an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Nafarroako Gobernuak 2019ko BERDINNA Sariaren deialdia egin du, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona edo erakundeen ibilbidea aintzatesteko asmoz. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–BERDINNA 2019 sariaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera azpimarratu eta publikoki aintzatestea da BERDINNA Sariaren xedea.

2.–Sariaren zuzkidura.

BERDINNA sariak hiru mila euroko diru-zuzkidura du, 2019ko Gastuen Aurrekontuko “BERDINNA Saria” izeneko B40001 B4200 4809 232300 partidaren kargura ordainduko dena, edo haren baliokidea den beste baten kargura, betiere kreditu aski baldin badago.

Gainera, Nafarroako Gobernuak esker ona adieraziko dio saridunari jendaurreko ekitaldi batean.

3.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Hautagaitzak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezten ahal dira, edo aurrez aurre Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Erregistroan (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, 31002 Iruña).

Helbide elektronikoaren bidez ere aurkezten ahal dira hautagaitzak (gestionrecursosinai@navarra.es).

3.2. Hautagaitzak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.3. Sarirako hautagaiak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.–Saria emateko irizpideak.

Erabakia hartzearren, epaimahaiak aurkezten diren hautagaien balorazioa eginen du, irizpide hauen arabera, hautagai bakoitzarekin ponderazio berbera erabiliz:

a) Proposatutako pertsonak edo erakundeak, nork bere jarduera eremuan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan izan duen ibilbidea.

b) Emakumeen lana edo haien ahalduntzea aintzatesteko edo emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeko asmoz egindako jarduketen, ekintzen, lanen edo proiektuen berezko garrantzia.

c) Jarduketak, ekintzek, lanek edo proiektuek edo proposatutako pertsonaren ibilbideak gizartean duten oihartzuna eta eragina.

d) Hautagaiak Nafarroako Foru Komunitatearekin duen lotura.

5.–Dokumentazioa.

Interesa duten erakunde edo pertsonek, hautagaitza aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Hautagaitza aurkezteko inprimakia, horretarako prestatu den ereduaren arabera, hautagaitzaren xedeko pertsona fisikoaren edo juridikoaren izena eta harremanetarako datuak azalduko dituena. Inprimaki hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren web-orrian jaso daiteke.

b) Azalpen memoria (1.000 hitz gehienez), delako pertsona edo entitatea aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena, baita egokitzat jotzen den gainontzeko informazioa ere, saria eskuratzeko kontuan hartzen diren merezimenduen frogagarri.

c) Hautagaitza lan edo proiektu baterako bada, lan edo proiektu horrek deialdiaren aurreko azken bi urteetan egina izan behar du, eta lana edo proiektua bera erantsi beharko da.

d) Nahi izanez gero, hautagaitzaren aldeko gutunak aurkezten ahal dira.

e) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.

6.–Hautagaitzetan egindako akatsen zuzenketa.

Hautagaitzak goitik behera beteak aurkezten ez badira, edo behar den dokumentazio guztia eransten ez bada, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak interesdunari errekerimendua eginen dio hamar egun naturaleko epean akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak gehitu ditzan, eta adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ondorioztatuko dela, aurretik behar den ebazpena emanik.

7.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

7.1. Sariaren epaimahaia honako pertsona hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Ana Ollo Hualde andrea, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria.

Epaimahaiburuordea: Mertxe Leránoz Goñi andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Epaimahaikideak:

–Nerea Álvarez Arruti andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintzaren eta Programen zuzendariordea.

–Magdalena Margarita Hernández Salazar andrea, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren izenean.

–Trinidad Díez Muñoz andrea, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren izenean.

–Pablo Azcona Molinet jauna, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatuz.

–Blanca Fernández Viguera andrea, 2018ko Berdinna Sariaren irabazlea.

Idazkaria:

–María Alba Fernández García andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Kudeaketaren eta Baliabideen Ataleko burua.

7.2. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzak aztertuko ditu, eta bakoitzaren merezimendu aipagarriak baloratuko, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Epaimahaiak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Bilkuraren batera joaterik ez badute, epaimahaiko kideek ordezkari bidezko botoa erabiltzen ahalko dute. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa erabiliz. Idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta deialdi honetan saria emateko jasotako irizpideei jarraikiz hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak agertu beharko dira bertan. Epaimahaiak saria nori eman proposatuko du, eta proposamen hori Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, saria eman dezan.

7.3. Erabakia jendaurrean jakinaraziko da; horren bidez, aditzera emanen da saria zein entitate eta pertsonari eman zaion, edo, kasua bada, saria eman gabe gelditu dela.

7.4. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.

7.5. Saria Nafarroako Gobernuko lehendakariak entregatuko du, 2019ko martxoaren 8ko ospakizuna dela-eta horretarako propio antolatuko den jendaurreko ekitaldi batean.

7.6. Diru-saria ordainketa bakarrean ordainduko zaio saridunari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen erabaki baten bidez, saria entregatu eta gero.

8.–Errekurtsoak.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2019ko BERDINNA Sariaren deialdiaren oinarrien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1812873