Iragarkia
214. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, 2018ko irailaren 24koa, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluarena, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendu arauak onesteko.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 63. artikuluak ematen duen definizioaren arabera, Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua da Nafarroako Foru Komunitatean gardentasuna kontrolatzeko dagoen organo independentea, eta haren helburua da publizitate aktiboko betebeharrak betetzen direla zaintzea eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatzea.
Foru lege horren VI. tituluak arautzen ditu kide anitzeko organo honen funtzioak eta osaera.
67.1 artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua arautuko dira organo horrek berak onesten duen erregelamenduan, eta erregelamendu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
Bertze alde batetik, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari aplikatzekoak dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era bitarteko artikuluak, Administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarri baitira. 15.2 artikulu horrek xedatzen duenez, kide anitzeko organoek beren funtzionamendu arauak ezartzen edo osatzen ahalko dituzte, bertan parte hartzen dutenean Administrazio publiko edo interes sozialak ordezkatzen dituzten erakunde desberdinetako ordezkariek.
Antolaketa eta Funtzionamendu Arauen proposamena 2018ko abuztuaren 27an aurkeztu zitzaion Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari, eta herritarren parte-hartzearen aztergai jarri zen abuztuaren 28tik irailaren 18ra, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak Gobernu Irekiaren atarian duen webgunean.
Horrenbertzez, bere lehendakariak proposaturik, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak, 2018ko irailaren 24an egin bilkuran,
ERABAKI DU:
1. Onestea Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendu arauak. Erabaki honen eranskinean agertzen dira. Arau hauek indargabetu eta ordezkatu egiten dituzte Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak 2017ko ekainaren 26an onetsitakoak.
2. Xedatzea erabaki hau eta Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendu arauak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, baita Kontseiluaren webgunean ere, orok jakin dezan.
ERANSKINA
Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren Antolaketa eta funtzionamendu arauak
TITULUA
Antolaketa
I. KAPITULUA
Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
1. artikulua. Eginkizunak.
1. Hauek dira Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizunak:
a) Erreklamazioak aurkezten direnean Administrazio Publikoek eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikuluan aipatzen diren entitateek informazio publikoa eskuratzearen arloan ematen dituzten ebazpen esanbidezko edo ustezkoen kontra, haien berri izatea, foru lege horren zazpigarren xedapen gehigarriarekin bat.
b) Bere baitatik nahiz bertze norbaiten salaketa edo erreklamazioaren ondorioz, zuzentzeko errekerimenduak egitea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean publizitate aktibo nahiz pasiboaren arloan ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean.
c) Aginduzko txostenak ematea Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea gardentasunaren arloan garatzeko edo arlo horrekin loturiko arauen proiektuei buruz.
d) Gardentasun betebeharrak dituzten entitate eta erakundeek horiek noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatzea; betebehar horiek hobeki betetzeko gomendioak ere egiten ahalko ditu.
e) Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren betebeharrak beti berdin interpretatzeko irizpideak hartzea.
f) Publizitate aktiboaren eta informazioa eskuratzeko eskubidearen arloan horretarako betebeharra duten entitate eta instituzioek egindako kontsultak ebaztea.
g) Urtero oroitidazki bat egitea, entitateek eta erakundeek gardentasunaren arloko betebeharrak betetzen dituztela zaintzeko egindako lanari buruzkoa, eta ondoren Nafarroako Parlamentuan aurkeztea. Oroitidazki horretan, Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari dagokion atal berariazkoa ez ezik, jasoko dira, halaber, tramitatutako erreklamazioak eta kontsultak, Kontseiluaren iritziz egokiak zirelako egindako gomendioak edo errekerimenduak, eta, diziplina espedienteak edo zehapen espedienteak irekitzeko eskaera egin bada, horien aipamena ere.
h) Diziplina edo zehapen espedienteak irekitzeko eskatzea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen V. tituluko aurreikuspenei jarraikiz.
i) Prestakuntzako eta sentsibilizazioko jarduerak sustatzea.
j) Antzeko izaera duten organoekin elkarlanean aritzea berezkoak dituen gaietan.
k) Bere egintza edo ebazpenak egiazki betetzen direla zaintzea eta, beharrezkoa izanez gero, xedatzea nork zein neurri bete behar dituen, eta betetzearen ondoriozko gorabeherak ebaztea.
l) Bere eskumenen esparruan emandako egintza edo ebazpenen bat ez dela betetzen sumatuz gero, errekerimendua egitea dagokien agintari, entitate, enplegatu publiko edo partikularrei, bete dezaten finkatzen zaien epean, eta horren berri eman dezaten. Hala egiten ez bada, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 69.4 artikuluak jasotzen dituen neurriak hartzen ahalko ditu, hertsapen-isunak ezartzea barne.
m) Administrazioen edo botere publikoen laguntza eskatzea, bere ebazpenak eraginkorrak izatea bermatu beharrez. Horiek lehentasunez eta lehenbailehen emanen diote laguntza hori.
n) Lege edo erregelamendu mailako arauen bidez haren eskutan uzten diren gainerako eginkizunak.
2. Bere eskumenetan aritzean, Kontseiluak jokatuko du objektibotasunez, profesionaltasunez, ordenamendu juridikoa errespetatuz, autonomiaz eta erabateko independentziaz administrazio publikoen aldera.
2. artikulua. Atxikipena.
Bere eginkizunetan aritzeko sostengu juridiko, tekniko eta administratiboari dagokionez, Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua organikoki atxikiko zaio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari, mendekotasun hierarkikorik gabe eta funtzionatzeko autonomia izanda.
Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak Departamentuaren baliabide pertsonal eta materialak erabiliko ditu, beharrezkoak dituelarik gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzearen arloko betebeharretan aritzean.
II. KAPITULUA
Lehendakaria
3. artikulua. Eginkizunak.
Lehendakariak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren ordezkaria izatea eta harremana izatea Kontseilura jotzen duten herritarrekin eta antzeko izaera duten autonomia erkidegoetako edo estatuko organoetako titularrekin.
b) Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean jasotako betebeharrak betetzen direla zaintzea, eta betetzen ez direla uste izanez gero, horren berri ematea organo eskudunari, eta, kasua bada, diziplina edo zehapen espedienteak irekitzeko eskatzea foru legearen V. tituluan aurreikusitakoarekin bat.
c) Bilkura arrunt eta berezietarako deialdia egitea erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako, kontuan izanen ditu gainerako kideek behar bezainbateko denboraz aurkeztutako eskaerak.
d) Bilkuretan buru egitea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, bilkurak bertan behera uztea.
e) Bere kalitatezko botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.
f) Herritarrek informazio publikoa eskuratzearen gainean egiten dituzten erreklamazioak ebazteko Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak hartzen dituen erabakiak sinatzea, Idazkaritzak interesdunei jakinaraz diezazkien.
g) Kontseiluak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.
h) Kontseiluaren eskumeneko gaien bideratze egokirako komenigarriak diren barne araubideko jarraibide guztiak ematea.
i) Legeak betetzen direla bermatzea eta herritarrek Kontseiluari zuzentzen dizkioten gai eta erreklamazioen gainean konfidentzialtasuna eta diskrezioa zaintzea.
j) Nafarroako Parlamentuari aurkeztea foru legeak aurreikusten duen oroitidazkia, Osoko Bilkurak izendatzen dituen kideekin batera.
k) Lankidetzan aritzea antzeko izaera duten organoekin, estatukoak edo autonomia erkidegokoak izan.
l) Lehendakari izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.
4. artikulua. Ordeztea.
Kargua hutsik dagoenean, edo bera kanpoan edo eri dagoenean edo legezko bertze arrazoi bat dagoenean, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide zaharrena arituko da lehendakariaren ordez, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 65.4 artikuluan ezarritako bateraezintasun araubidea betetzen badu.
III. KAPITULUA
Idazkaritza
5. artikulua. Eginkizunak.
1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak, Osoko Bilkuran batzartuta, bere kide bat izendatzen ahalko du idazkari.
2. Kontseiluko idazkariaren eginkizunak honako hauek dira:
a) Bileretan parte hartzea, hizpidea eta botoa dituela.
b) Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, lehendakariak hala aginduta, eta kideendako zitazioak egitea.
c) Kideak eta Kontseilua elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo haren ezagutza behar duten bertzelako idazki guztiak.
d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea eta bilkuretako aktak idaztea.
e) Kontseiluaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta erregelak errespetatzen direla bermatuz.
f) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.
g) Kontseiluaren jakinaren gainean jarritako prozedurak ahalik eta hobekien instruitzeko beharrezkotzat hartzen diren txosten eta dokumentuak eskatzea eta, bereziki, txostenak, espedienteak eta agiriak eskatzea, baita, hala behar badu, zuzenketa, alegazioak edo interesdunen entzutea eskatzea ere, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen arloko erreklamazioei dagokienez.
h) Kontseiluaren erabakiak jakinaraztea informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen arloko ebazpenen kontrako erreklamazioak aurkeztu dituzten pertsonei.
i) Kontseiluaren administrazio jarduerak kudeatzea; horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barnean gardentasunaren arloan eskumena duen departamentuaren zerbitzuetara jotzen ahalko du, haren laguntza logistikoa eskatu beharrez.
j) Kontseiluaren erabakiak igortzea.
k) Oroitidazkiaren proiektua idaztea Kontseiluak aurreko urtean egindako jarduerez eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailaz.
l) Lehendakariari laguntzea Kontseiluaren bilkuretan, hark edo Osoko Bilkurak manatzen dizkioten eginkizunak betez.
m) Karguari dagozkion gainerako eginkizunak.
3. Kargua hutsik dagoenean, edo bera kanpoan edo eri dagoenean edo legezko bertze arrazoi bat dagoenean, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide gazteena edo Osoko Bilkurrak horretarako hautatzen duena arituko da idazkariaren ordez.
IV. KAPITULUA
Kideak
6. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak.
1. Kontseiluko kideei ondokoak dagozkie:
a) Bilkuretako deialdia eta eguneko gai-zerrenda gutxienez ere lau egun lehenago jasotzea. Gai-zerrendako gaien gainean deialdiarekin batera bidaltzen ez den informazioa kideen eskura egonen da, epe berean, horretarako zehazten den lekuan.
b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere.
d) Galderak eta eskaerak.
e) Esleituak dituzten eginkizunak betetzeko behar den informazioa eskuratzea.
f) Kontseiluari zuzentzen dizkioten gai eta erreklamazioen gainean behar den konfidentzialtasuna eta diskrezioa zaintzea.
g) Karguari dagozkion gainerako eginkizun guztiak betetzea.
2. Kontseiluko kideek ezin izanen dituzte beretako hartu Kontseiluaren ordezkarien eginkizunak, non ez zaizkien berariaz esleitzen arau baten bidez edo Osoko Bilkurak edo lehendakariak kasu zehatz bakoitzerako modu baliozkoan hartutako erabakiaren ondorioz.
3. Kontselukide titularrak kanpoan edo eri daudenean edo aldi baterako ezintasuna dutenetan, ordezko kideak arituko dira haien ordez.
II. TITULUA
Funtzionamendua
I. KAPITULUA
Osoko Bilkura eta lantaldeak
7. artikulua. Osoko bilkura.
1. Nafarroako Kontseilua Osoko Bilkuran arituko da.
2. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide guztiek osatzen dute Osoko Bilkura.
8. artikulua. Lantaldeak eta txostengileak.
1. Osoko Bilkurak erabakitzen ahalko du lantalde berariazkoen eraketa edo txostengile baten izendapena, komenigarri iruditzen bazaio halako gai batzuetarako.
2. Lantaldeak osatzeko erabakian zehaztuko da talde horiek osatuko dituzten kontseilukideak, eta haien eginkizunak.
3. Lantaldeak sortzeko erabakian zer xedatzen den, horren arabera bilduko dira. Osoko Bilkurak funtzionatzeko dituen arau berberei lotuko zaie haien funtzionamendua.
4. Lantaldeak osatzeko erabakia Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren webgunean argitaratuko da.
5. Osoko Bilkurak lantalde bat eratuko du edo txostengile bat izendatuko, informazio publikoa eskuratzearen arloko ebazpenen kontra aurkezten diren erreklamazioak aztertzeko. Haiek lantzen dituzten erabaki proposamenak Osoko Bilkurara eramanen dira, azter daitezen.
9. artikulua. Adituak agertzeko eskaerak.
Lehendakariak, bere baitatik edo kontseilukideek galdatuta, eskatzen ahalko du komenigarria iruditzen zaizkion pertsonak Kontseiluaren Osoko Bilkurara edo lantaldeen bileretara etortzeko, hizpidea dutela baina botorik ez, kasuan kasuko saioan erabiliko diren gaien gainean duten ezagutza dela bide, eta eztabaidatu beharreko gai zehatzerako.
II. KAPITULUA
Bilkuren araubidea
10. artikulua. Bilkura arruntak eta bereziak.
1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak bi hilabetetik behin eginen du, gutxienez ere, bilkura arrunta; bilkura bereziak, berriz, lehendakariaren ekimenez edo gutxienez ere kontseilukideen heren batek eskatuta deialdia egiten den aldiro.
2. Hala ere, Kontseilua balio osoz eratutzat joko da, bilera berezian eta deialdirik gabe, kide guztiak elkartu badira eta aho batez erabakitzen badute eztabaidatu eta akordioak hartzea.
11. artikulua. Deialdiak.
1. Deialdiak idatziz eginen dira, gutxienez ere lau egun lehenago, bereziak izan ezik, horiek bi egun lehenago bidaltzen ahalko baitira.
2. Deialdiak betiere posta elektronikoaren bidez eginen dira, kontseilukideek ezagutarazi dituzten helbide elektronikoez baliatuta.
3. Deialdiarekin batera eguneko gai-zerrenda igorriko da, baita, posible denean, eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioa ere.
4. Aitzineko bilkuraren edo bilkuren aktaren onespena eta galde-eskeetarako atal bat sartuko da deialdi arrunten gai-zerrendan.
5. Ezin izanen da eztabaidatu edo erabaki eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu eta, osoko bilkurako kide guztiak bildurik daudela, gaia presakoa deklaratzen bada Kontseiluko kide gehienek horren aldeko botoa emanda.
12. artikulua. Eraketa.
1. Lehen deialdian, Kontseilua modu baliozkoan geldituko da eraturik eta, beraz, erabakiak hartzen ahalko ditu, bertan daudelarik lehendakaria eta idazkaria, edo legez ordezkatzen dituztenak, gehi kideen erdiak gutxienez.
2. Bigarren deialdian, Kontseilua modu baliozkoan eratutzat joko da bertan daudelarik lehendakaria eta idazkaria, edo legez ordezkatzen dituztenak, gehi kideen herenak gutxienez. Lehenbiziko deialditik bigarrenera ordu erdi bat iraganen da gutxienez.
13. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko bilkurak.
Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak bilkurak urrutitik egiten ahalko ditu, kide guztiak edo batzuk toki desberdinetan daudenean, betiere baliabide elektronikoen bidez (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak ere) bermatzen bada kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea eta kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean eta bilkurak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egonen direla. Bertzeak bertze, baliabide elektroniko baliodunak izanen dira, konparaziorako, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.
III. KAPITULUA
Erabakiak nola hartu
14. artikulua. Gehiengoaren erregelak eta bertze erregela batzuk.
1. Erabakiak agertutako kideen gehiengo soilez hartuko dira.
2. Lehendakariak berdinketak ebatziko ditu kalitatezko botoaren bidez. Orobat, bere baitatik edo edozein kidek eskatuta, erabakiko du bidezkoa den edo ez gairen bat gai-zerrendatik ateratzea edo, bertzenaz, mahai gainean uztea, gehiago aztertzeko.
3. Gehiengoaren erabakiarekin ados ez dauden kideek boto partikularra ematen ahal dute idatziz, berrogeita zortzi orduko epean, eta erabakiari erantsiko zaio.
4. Kontseilukideek kontrako botoa eman edo abstenituz gero, ez dute erabakiaren ondoriozko erantzukizunik izanen.
5. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko buruari eta kideei aplikatzekoak zaizkio Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezartzen diren abstentzio eta errekusazio arrazoiak.
Abstentzio arrazoiak dituzten kontseilukideen jarduketak ez du nahitaez eta kasu guztietan berekin ekarriko haien esku-hartzea izan duten egintzen baliogabetasuna, deusetan ukatu gabe izan daitekeen erantzunbeharra.
Errekusazioaren gaineko ebazpena Osoko Bilkurari dagokio. Errekusazioari buruz ematen diren ebazpenen kontra ez da errekurtsorik aurkezterik.
15. artikulua. Erabaki proposamenak.
1. Kontseilukideek proposamen erabakiak aurkezten ahalko dituzte idatziz, eta horiek Kontseiluak egiten duen lehen bilkuraren gai-zerrendan sartuko dira, betiere lehendakariak hura baino zazpi egun lehenago jaso baditu.
2. Hala ere, lehendakariari ez bazaio komenigarria iruditzen proposamena gai-zerrendan sartzea, horren arrazoiak azaldu beharko dizkio Kontseiluari, eta honek, aitzinetik, sartu edo ez sartu eztabaidatuko du.
3. Kontseilukideek, halaber, zuzenketak aurkezten ahalko dizkiete erabaki proposamenei, bilkuran eztabaida eta bozka daitezen.
16. artikulua. Erabakien tokia.
Bilkura urrutitik egiten bada, erabakiak kide anitzeko organoaren egoitza dagoen lekuan hartu direla ulertuko da, eta, halakorik ez badago, lehendakaria dagoen tokian.
17. artikulua. Aktak.
1. Idazkariak akta jasoko du Kontseiluak egiten duen bilkura bakoitzetik.
2. Aktan nahitaez zehaztu beharko da parte hartu duten pertsonak, bileraren gai-zerrenda, noiz eta non egin den, eztabaiden puntu nagusiak eta hartutako erabakien edukiak.
3. Aktan adieraziko dira, Kontseiluko kideek eskatuta, hartutako erabakiaren kontrako botoa, abstentzioa eta horren zergatiak, edo aldeko botoaren esanahia. Orobat, edozein kidek eskubidea du bere mintzaldia edo proposamena osorik transkriba dadin eskatzeko, baldin eta bertan edo lehendakariak dioen epean aurkezten badu bere mintzaldia zuzen islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo, bertzenaz, haren kopia erantsiko da.
4. Aktak hurrengo bilkuran onetsiko dira. Idazkariak, hala ere, ziurtagiria ematen ahalko du hartu diren erabaki berariazkoen gainean, aktaren geroko onespena deusetan ukatu gabe, eta ziurtagirian jasota akta ez dela oraino onetsi.
5. Idazkariak lehendakariaren oniritziarekin eginen du akta, eta bide elektronikoen bitartez bidaliko die Kontseiluko kideei. Kide horiek bide bera erabil dezakete testuarekiko adostasuna edo eragozpenak adierazteko, haren onespenaren ondorioetarako.
18. artikulua. Bilkuren grabazioa.
1. Osoko Bilkurak erabakiz gero grabatzen ahalko dira Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren bilkurak. Bilkura-aktarekin batera paratzen ahalko dira grabazioaren ondoriozko fitxategia, grabazioaren autentikotasunari eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bilkuraren dokumentu gisa euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak, eztabaiden puntu nagusiak aktan jasotzeko premiarik izan gabe.
2. Bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko dokumentuak erabiltzea hautatu bada, kontserbatu egin beharko dira fitxategi horien osotasuna eta autentikotasuna bermatzeko maneran, baita Kontseiluko kideek horiek eskura izateko maneran ere.
19. artikulua. Ziurtagiriak
Interes bidezkoa egiaztatzen duten pertsonek idazkariarengana jotzen ahalko dute erabakien ziurtagiria eman diezaien. Ziurtagiria baliabide elektronikoen bidez emanen zaio, non ez duen interesdunak espresuki kontrakoa eskatzen.
IV. KAPITULUA
Urteko oroitidazkia
20. artikulua. Prestaketa, onespena eta aurkezpena.
1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko idazkariak oroitidazki proposamen bat idatziko du aitzineko urtean egindako jarduerez eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailaz.
2. Kontseiluaren Osoko Bilkurak oroitidazkia eztabaidatu eta onetsita, lehendakariak Nafarroako Parlamentura igorriko du.
3. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakariari dagokio oroitidazkia Nafarroako Parlamentuari aurkeztea. Osoko Bilkurak hautatzen dituen kontseilukideek lagunduta joaten ahalko da Parlamentura.
4. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak igorriko du oroitidazkia Nafarroako Parlamentura, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin, bidezkoa bada.
V. KAPITULUA
Webgunea
21. artikulua. Edukia.
1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak webgune bat izanen du, bertan aldian behin eta modu eguneratuan informazioa argitara emateko, haren ezagutza garrantzitsua bada jarduketa publikoaren funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturik egiten duen jardueraren gardentasuna bermatzeko.
2. Betiere, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren webgunean argitaratuko dira egindako bilkuren aktak, hartutako erabakiak, onartutako irizpideak eta aitzineko artikuluan aurreikusitako oroitidazkia.
Iragarkiaren kodea: F1812766
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
