1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
624/2018 EBAZPENA, urriaren 24koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, hazkunde enpresariala sustatzeko 2018ko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 420669.
Espezializazio adimentsuaren estrategiak (S3) erregio mailako garapenari buruzko epe luzeko ikuspegi bat dakar berekin, 5 ardatz handitan oinarrituta: Nafarroa osasuntsua, jasangarria, industriala, lehiakorra eta kohesionatua. Estrategian berean erronka zehatz bat jaso da (13. zenbakia) enpresen batez besteko tamaina handitzeari begira. Haren xedea hau da: “Enpresen batez besteko tamaina hazten laguntzea espezializazio adimentsuko arlo industrialetan, hazkunderako lege oztopoak ezabatuz eta lankidetza indartuz”.
Enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna beren tamainari zuzenean loturik daude. Zenbat eta handiago izan enpresen tamaina, orduan eta gehiago handitzen da beren produktibitatea, eta lehiatzeko egoera ere nabarmen hobetzen da. Bestalde, hazkunde enpresariala lortzea erronka zailenetako bat da, eta horri gehitu behar zaio gaur egun ez dagoela hura lortzeko nahikoa neurririk.
Har daitezkeen neurrietako bat hazkundearen dinamizazioa da, enpresen tamainaren hazkundean azkartasun eta jasangarritasun handiagoa lortzeko diseinatutako berariazko metodologiak ezarriz. Bestalde, uste dugu dinamizazio lan hau enpresei zerbitzuak ematen dizkieten irabazi-asmorik gabeko entitate edo elkarteen bidez egin litekeela.
Adierazitako arrazoiengatik, laguntzen deialdi hau onesten da hazkunde enpresariala sustatzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Hazkunde enpresariala sustatzeko 2018ko laguntzen deialdia onestea.
2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
810008 81200 4819 000000 Hazkunde enpresarialaren sustapena | 2018 | 300.000 |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2018ko urriaren 24an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen helburua hazkunde enpresariala dinamizatzea eta sustatzea da (S3, espezializazio adimentsuaren estrategiaren 13. erronka), hazkunde-prozesua bizkortzeko behar diren palankei eraginen dieten neurrien bidez.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Betebehar hauek betetzen dituzten entitateek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
a) Enpresei laguntza zerbitzua ematen dieten erakundeak izan beharko dute, eta berezko nortasun juridikoa eduki beharko dute.
b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatzen ahal da hori.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.
2. Betebehar horiek 5. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta diru-laguntzaren xede diren jarduerak bukatu arte bete beharko dituzte.
3. oinarria–Proiektuen baldintzak.
Hazkunde enpresariala dinamizatzeko eta sustatzeko proiektuak egitea izanen da laguntzaren xedea. Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jarduketaren onuradun gisa gutxienez 5 enpresak parte hartzea, sektore hauetakoak: manufaktura-industria, logistika, 4.0 industria, ekonomia zirkularra edo S3ren edozein arlo ekonomiko estrategiko.
Enpresa onuraduntzat hauek hartzen dira: proiektuaren barruan planteatzen diren hazkundea sustatzeko ekintzen xede diren enpresak.
Enpresa onuradunek erabiltzen dituzten hautatzeko prozesuek argiak eta gardenak beharko dute izan.
b) 2018ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egitea, azken egun horretan bukatuko baita proiektua 9. oinarrian adierazitako moduan justifikatzeko epea.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Gastu diruz lagungarriak 2018ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egin beharko dira. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa eta ordainketa epe horren barnean egiten badira.
Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:
a) Zerbitzu espezializatuak ematen dituzten kanpoko enpresa laguntzaileen gastuak: aholkularitza etxeak, kontsulta etxeak, etab.
b) Alokairuak eta proiektuarekin lotutako kanpoko beste gastu batzuk.
c) Laguntza eskatzen duen entitateko langileen barne gastuak.
a) eta b) letretako gastuak kostu guztien %100 adinakoak izaten ahalko dira.
2. Gastu diruz lagungarri baten aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.
Ez da beharrezkoa izanen hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatzea baldin eta merkatuan jarduketa diruz lagungarrien hornitzailea den edo haiek ematen dituzten behar adina enpresarik ez badago.
3. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:
a) Inbertsioak.
b) Proiektuarekin zuzeneko loturarik ez duten gastuak.
c) Zeharkako kostuak.
4. Diru-laguntza proiektuaren kostuaren %100era artekoa izanen da. Proposamenean enpresa onuradunek beren gain hartzen duten jarduketaren kostuaren zatia adierazi beharko da. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 150.000 eurokoa izanen da proiektu bakoitzeko.
5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 11. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematika zein aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
3. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin:
a) Eskaeraren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.
b) Proiektuaren memoria xehatua, honako informazio hau dakarrena:
–Helburua.
–Proiektuaren xede diren enpresen tipologia.
–Erabilitako metodologia.
–Espero den eragina.
–Aurreikusitako kofinantzaketa sistema.
–Kostuen deskribapena eta proiektuarekin duten lotura.
–Kanpoko enpresa laguntzaileak eta haiek hautatzeko prozesuaren azalpena.
–Enpresa onuradunak hautatzeko prozesuen azalpena.
–Aipatu metodologiarekin egindako aurreko esperientziak.
–Espero diren emaitzak.
c) Eskatzaileak proiektua baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiri guztiak.
4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
6. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
2. Hauek dira proiektuak baloratzeko irizpideak:
a) Proposamenaren heldutasuna: 5 puntu arte.
b) Erabilitako metodologia: 5 puntu arte.
c) Espero den eragina: 5 puntu arte.
d) Enpresa onuradunen kofinantzaketa: 5 puntu arte.
3. Lortutako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, lehenetsiko dira c) irizpidean puntu gehien lortu dituzten proiektuak, eta, berdinketak badirau, d) irizpidean puntu gehien lortu dituztenak.
7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.
Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
8. oinarria.–Proiektuak aldatzea.
Entitate onuradunak baimena eskatzen ahalko du diruz lagundutako proiektuan aurreikusi gabeko ekintzak egiteko edo bertan daudenak aldatzeko. Proiektua aldatu izanagatik ere, diru-laguntza ezin izanen da, inola ere, hasiera batean emandakoa baino handiagoa izan.
Eskaera laguntzen fitxaren bidez aurkeztu beharko da, jarduerak hasi baino lehen eta 5.3 oinarrian aipatutako dokumentazioarekin batera.
Laguntzen organo kudeatzaileak baimendu beharko ditu aldaketak, 15 egun balioduneko epean gehienez ere.
9. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.
1. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea 2018ko azaroaren 30ean bukatuko da, egun hori barne; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da telematika bidez, laguntzen fitxatik abiatuta:
a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak.
b) Langileen barne gastuen frogagiriak.
c) Zeharkako kostuen egozpenaren justifikazioa.
Fakturak, haiek ordaindu izanaren egiaztagiriak eta langileen barne kostuei dagozkienak 2018ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartekoak izan beharko dira.
2. Frogagiriak aztertuta, laguntzen kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana (10.1 oinarria, a) letra).
3. Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena 2 hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
4. Entitate onuradunak eskatzen ahal du emandako diru-laguntzaren konturako ordainketa bat egitea. Horrela, entitateak exekuzio memoria tekniko baten bidez eta ordura arte egindako gastuen fakturen bidez justifikatzen duen zenbatekoa ordainduko da.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.
Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.
b) Diruz lagundutako proiektua egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.
c) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuen inguruan prestatzen duen dokumentazioan.
d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.
11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.
Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.
12. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.
13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.
1. Proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei ematen zaizkien diru-laguntzak ez dira “de minimis” laguntzatzat hartuko.
Diruz laguntzen diren proiektuen enpresa onuradunen kasuan, “de minimis” laguntzatzat joko da enpresa bakoitzari banaka egozten ahal zaion proiektuaren kostuaren zatia (adibidez, aholkularitzako gastuak).
2. Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 eta 1408/2013 Erregelamenduetan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamenduak) enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Lehen sektoreko enpresen kasuan, gehieneko diru-muga 15.000 eurokoa izanen da.
Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.
14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Informazio hori, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, laguntzen fitxan.
15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F1812909