214. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

804E/2018 EBAZPENA, urriaren 18koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Azkoiengo Hirigintzako Udal Plana 9B sektoreari dagokionez (industriarako lurzoru urbanizagarria) aldatzearen aurkako ingurumen adierazpen estrategikoa ematen duena. Félix Barcos Alonso da aldaketaren sustatzailea.

2018ko uztailaren 16an, Azkoiengo Hirigintzako Udal Plana 9B sektoreari dagokionez (industriarako lurzoru urbanizagarria) aldatzeari buruzko dokumentazioa igorri zion Azkoiengo Udalak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Félix Barcos Alonsok sustatuta.

Aurkeztutako dokumentazioa aldaketaren memoria da, ingurumen ondorioen azterketa (2018ko martxokoa) eta udal txostena jasotzen dituena.

Abenduaren 9ko ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 6. artikuluan eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, lurzoru urbanizaezina ukitzen duten aldaketek ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen adierazpen estrategikoa behar dituzte, plana onetsi baino lehen edo horrekin batera.

2018ko ekainaren 27an eman zitzaion hasierako onespena Azkoiengo Udal Planaren aldaketari, eta jendaurrean jarri zen 2018ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 19koan, argitaratutako iragarki baten bidez. Jesús Martinez Garcíak aurkeztutako alegazioak jaso dira, jarduketaren eremuan jabetza publikoko bideak eta ureztatzaile batzordearen jabetzako ubideak daudela azpimarratzen dutenak. Jaso dira, baita ere, Alfonso Martinez Basartek eta Antonia Martinez Basartek aurkeztutako alegazioak, jarduketa eremuan dagoen lurzati baten jabe diren heinean, aldaketarekin bat ez datozela adierazten dutenak. Laburbilduz, aurkeztutako alegazioen edukiek ez dute loturarik ingurumenarekin.

Aldaketaren xedea da 9. Sektorearen inguruan (La Ribera eremua) industriarako lurzorua handitzea, bertan dauden instalazioak hedatu ahal izateko, eta 9B sektore izeneko lurzoru urbanizagarriko sektore berri bat zehaztea. Aldaketak lurzatien sailkapena aldatzea dakar, lurzoru ez urbanizagarri izatetik industria erabilerarako eta zerbitzuetarako lurzoru urbanizagarri izatera.

Aldaketaren eraginpean dagoen eremuak 11. poligonoko 18., 19., 20., 21., 22., 23., 24., 25., 26., 27., 28., 41., 42., 43., 44., 45., 46., 48., 49. eta 50. lurzatiei eragiten die, 9. Sektorearen ekialdean daudenei, eta 6,3 hektarea inguruko azalera hartzen du. Gaur egun, nekazaritzarako erabiltzen dira lurzati horiek. Topografia nahiko laua dute, eta eraikuntzak eta azpiegiturak daude han-hemenka, hala nola ureztapenerako ubideak edo 11. poligonoko 46. lurzatian dagoen transformadorea.

Aldaketaren eremuarekin zerikusia duten aurrekariei eta lurralde ukipenei dagokienez, kontuan hartu behar da eremu osoa uholde arrisku handiko gunean dagoela, eta Arga ibaiaren Lehentasunezko Fluxu Gunean. Azkoienen, uholdeak izateko arriskua eta horren ondorioak ezaugarri erabakigarria dira udalerriaren lurralde ereduan; hori horrela, proiektuaren eraginpeko guneak babestutako lurzorutzat jo dira Azkoiengo Udalaren Plan Orokorrean (azaroaren 7ko 390/2016 Foru Aginduaren bidez onetsitakoa), arriskuak prebenitzeko xedez. Hortaz, arrisku handia dagoela kontuan hartuta, proposatutako aldaketa ez da bateragarria lurzoru industrial bihurtzearekin, PN4 Eranskinetik ondorioztatzen den eran; “Ebroren Ardatza LAP 5eko arrisku naturalen babeserako lurzorua”.

Beste alde batetik, aurkeztutako dokumentazioan, eta Ingurumen Azterketa Estrategikoan bereziki (ingurumen ondorioen azterketa), ez da jasotzen proposatutako aldaketaz bestelako aukeren ingurumen azterketarik, ez eta proposatutako neurrien ingurumen baloraziorik ere. Proposatuko neurri horiek dira, zehazki, lur azalaren maila goratzea 1,6 m-an laborantza mailaren gainetik eta erreten sare berri bat diseinatzea izpi funtzioekin. Proiektuak hidrologian eta hidrogeologian eta uholdeak izateko arriskuan izanen dituen eraginei buruz, azterlanak ondorioztatzen du eragina bateragarria dela, baina ez du informazio zehatzik ematen aipatutako neurriak aplikatu ostean inguru horretan uholdeak izateko arrisku baldintzetan gertatzen ahal diren eraginei buruz.

Espedientean jasota daude Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren txostenak eta Babes Zibilaren txostena:

Babes Zibilaren txostenak, 2018ko irailaren 17koak, adierazten du proposamena, ezarri nahi diren erabilera berriei eta aurreikusitako egiturazko neurriei (lurrazalaren maila 1,6 m-an goratzea) dagokienez, ez dela onargarria lurralde antolamenduko prebentzio neurriak ordezteko, eta ez dela egokitzen “Foru Komunitateko Uholde Arriskuen aurreko Larrialdietarako Plan Berezira”, Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 7ko erabakiaren bidez onetsi zuenera.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko urriaren 3an emandako txostenak ondorioztatzen du, uholde arriskuaren ikuspegitik, jarduera bateraezina dela eremu horrek duen uholde arriskua kontuan hartuta, 0,8 eta 1,2 m arteko etorrerak baititu 10 urteko errepikatze denboraz, eta 2 m-tik gorakoak 100 urteko errepikatze denboraz; hori horrela, kontrako txostena eman du.

Espedientean jasotako dokumentazioa aztertu dugu, eta proposatutako aldaketa eremu horren uholde arriskuarekin bateragarria ez dela ikusita, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jakinarazten du Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta kontrako txostena ematen duela.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Félix Barcos Alonsok 9. sektorerako sustatutako Azkoiengo Hirigintzako Udal Planaren aldaketaren aurkako ingurumen adierazpen estrategikoa ematea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Azkoiengo Udalari eta sustatzaileari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 18an.–Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoko zuzendaria, Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren zuzendari nagusiaren ordezkoa (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak 2015eko abenduaren 23an eman eta 2016ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8koan, argitaratutako 316/2015 Foru Aginduaz baliatuz), Félix Armendáriz Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1812484