1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
370/2018 EBAZPENA, urriaren 16koa, Aurrekontuaren zuzendari nagusiak emana, prozedura hasten duena Nafarroako Foru Komunitatea Emiliano Maisterra González jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko. (GP 2017126).
Iruñeko San Juan de Dios ospitaleko zuzendaritzak Emiliano Maisterra González jaunaren heriotzaren berri eman dio Ondare Zerbitzuari. Maisterra González jaunak ez dauka jaraunsle ezagunik.
Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluan xedatzen denez, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza foru lege horrek, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauek eta aplikatzekoak diren arau osagarriek edo erregelamenduzkoek zuzenduko dute.
Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko indarreko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. legeak adierazten duenez, legezko oinordetza gauzatzen da noiz eta jarauntsi osoa edo zati bat baliozkotasunez xedatzen ez den, dela testamentu bidez dela oinordetza-itunen bidez, dela, konpilazio honekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko beste formetatik edozein erabiliz.
Foru Berriaren 304. legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkaleko ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta azken paragrafoan ezartzen denez, “halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. legearekin bat etorriz”.
Emiliano Maisterra González jauna 1940ko abuztuaren 9an jaio zen Pedregalen (Las Omañas), Leongo probintzian, eta Iruñean zendu zen 2017ko abuztuaren 17an. Iruñeko Uharte kaleko 32an, 2. ezkerra, izan zuen azken helbide ezaguna.
Hona hemen orain arte identifikatu diren eta hildakoari egozten zaizkion ondasunak (alde batera utzi gabe hemendik aurrera ere ager litezkeenak):
–Etxebizitza bat Iruñeko Uharte kaleko 32an, 2. ezkerra, kokatua.
–Banku-kontu bat Banco Santanderren, Iruñeko Nafarroako Gorteak kaleko 5. zenbakiko sukurtsalean.
–Banku-kontu bat Caixabank SAn, Iruñeko San Kristobal etorbideko sukurtsalean.
Espedientean daude kausatzailearen jaiotza-ziurtagiria, heriotza-ziurtagiria eta Azken Nahien Erregistroarena; azken horretatik ondorioztatu da ez zuela testamenturik egin. Hori horrela izanik, ezein ahaideren berririk ez dagoenez, bidezkoa da prozedura hastea Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko.
Horrenbestez, eta Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren oinarrizko egitura orokorra ezartzen duen abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren 9. artikuluak esleitutako eskumena erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Prozedura hastea Nafarroako Foru Komunitatea Emiliano Maisterra González jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko.
2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko Udalera igortzea bertako iragarki taulan jar dadin hilabeteko epean.
3. Hilabeteko epea irekitzea, epe horretan interesdun orok alegazioak aurkez ditzan, edo egokitzat jotzen dituen agiriak edo beste datu batzuk.
4. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Kudeaketa Juridikoaren Atalera.
Iruñean, 2018ko urriaren 16an.–Aurrekontuaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.
Iragarkiaren kodea: F1812527