213. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ARROITZ

Deialdia, mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako arduradun lanpostu bat, C mailakoa, lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, plantillako lanpostu kopurua handitu gabe

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako arduradun lanpostu bat betetzea Arroizko Udaleko D mailako funtzionarioen arteko oposizio murriztuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluaren babesean. Arroizko Udalaren plantilla organikoan jasotzen da aipatu lanpostua.

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaia C mailakoa izanen da lanpostuaz jabetzen denetik aurrera, eta ordura arte zeukan lanpostua besterik gabe ezabatuko da.

1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du zerbitzu horren gaineko arrazoiengatik.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Izendatua gertatzen denak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

–Langileen arduradun zuzena izanen da, zerbitzu anitzetako alorreko lanei eta orotariko mantentze-lanetako obrei atxikitako langileena alegia, horiek finkoak nahiz aldi baterakoak edo azpikontratatuak izan, honako hauetan aritzen direnak barne: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekiko lankidetzan egindako deialdiak, enplegu sozial babestua, gizarteratze programak eta abar.

–Bere ardurapeko langile guztien lan eta zeregin denak antolatu, banatu eta kontrolatuko ditu, baita ordutegiak eta lan egutegia ere.

–Udal instalazioetako Udalaren menpeko langileen lanak eta funtzionamendua kontrolatuko ditu, eta Udalaren zerbitzuak emateko kontrataturiko enpresen funtzionamendua gainbegiratuko du.

–Festa, kultura, kirola eta antzeko arloetako ekitaldien ardura izanen du, horiek prestatzean, garatzean eta burutzean.

–Eratzen ahal diren lantalde guztiak koordinatuko ditu, zerbitzua hobeki kudeatu eta eraginkorrago izan dadin.

–Bere ardurapeko langileak garaiz etortzen nahiz lanera agertzen ote diren kontrolatuko du, eta ikusitako hutsen berri emanen dio arduradunari.

–Hirigintza eta obren arduradunarekin bat etorrita, egin beharreko lanen hurrenkera ezarriko du.

–Bere zerbitzuko makineria guztiak, erremintak, ibilgailuak eta abar zaindu eta kontrolatuko ditu.

–Materialak, lan egiteko arropa eta abar erosteko txartelak sinatu eta kontrolatzeko ardura izanen du.

–Zerbitzu anitzetako langileei dagozkien lanak gainbegiratu, antolatu eta kontrolatuko ditu, eta bere mailaren eta kategoriaren barrenean agintzen zaizkion eginkizun guztiak eginen ditu.

–Langile aski ote dagoen kontrolatuko du, eta kontratazioak proposatuko ditu oporretarako, bajetarako eta iraupen jakineko lan berezietarako.

–Bandoak hedatuko ditu, eta komunikazioak herritarrei banatu. Halaber, administrazio antolamenduan laguntzeko bestelako lan batzuk eginen ditu.

–Herriko kaleen eta Udaleko eraikin eta instalazioen garbiketa lanak eginen ditu.

–Mantentze-lanak eginen ditu kale, pasealeku eta espazio edo finka publikoetako lorategietan eta arboladietan.

–Igeltserotza, zurgintza, pintura, iturgintza, elektrizitate eta bestelako lanak eginen ditu, konplexutasun teknikoa edo bitartekoena eskatzen ez dutenean.

–Hilerriaren kontrola eta mantentze-lanak eginen ditu.

–Honako hauek zaindu eta ikuskatuko ditu udal-mugartean: trafikoaren antolamendua, aparkalekuak, obrak-lizentziak, kaleko argiteria, eremu publikoaren okupazioa, landazaintza eta abar.

–Laneko arriskuak prebenitzeko udal plana betetzen ote den begiratuko du, bere ardurapean dauden mantentze-lanetako langileei dagokienez.

–Laneko segurtasun eta higiene arauak betetzen ote diren begiratuko du.

–Tokiko erregelamendu, ordenantza, bando, ebazpen eta gainerako xedapen eta egintzak betetzen ote diren begiratuko du.

–Bere mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion guztiak.

3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Arroizko Udalaren zerbitzuko D mailako funtzionarioa izatea.

b) Zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu baterako izendatua edo esleitua izatea.

c) Eskola-graduatuaren titulua, lehen mailako lanbide heziketakoa edo baliokideren bat izatea, eta bost urteko antzinatasuna administrazio publikoetan onartua izatea. Bestela, Arroizko Udalean zortzi urtez zerbitzua eman izana frogatzea.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako gidabaimena izatea.

g) Bere eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

3.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko ditu gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean betetzen direla ulertuko da, baita hautapen prozedurak dirauen bitartean eta izendatu arte ere.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Arroizko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aipatu eskabideek I. eranskinean azaltzen den ereduari jarraitu beharko diote.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Antonio Ángel Moleón Segura, Arroizko Udaleko alkate udalburua. Epaimahaiburuaren ordezkoa: Javier Alegría Barbarin, Arroizko Udaleko alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Javier Martínez Echeverría, Arroizko Udaleko zinegotzia. Ordezkoa: Miguel Ángel Pascual Iturralde, Arroizko Udaleko zinegotzia.

–2. epaimahaikidea: Mario Amézqueta Ugarte, elektrizitateko teknikaria. Ordezkoa: Nicolás Amézqueta Ugarte, elektrizitateko teknikaria.

–3. epaimahaikidea: Martín José Lacalle Lacalle, Deikazteluko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna. Ordezkoa: Roberto Lana Ortigosa, nekazaritzako ingeniaria.

–Epaimahaikide idazkaria: Arroizko Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Alloko Udaleko idazkaria.

Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratzen ez bada.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren gainean izan daitezkeen gai guztiak.

7. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

7.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa.–Epaimahaiak zehaztuko dituen ariketa praktikoak izanen dira, honako gai hauei buruzkoak: igeltserotza, elektrizitatea, iturgintza, lorezaintza eta eraikin eta instalazioen mantentze-lanak. Gehienez ere 15 puntu lortzen ahal dira. Ariketa hau egiteko 120 minutu emanen dira gehienez.

b) Bigarren ariketa.–Proba teoriko bat izanen da, honako gai hauei buruzkoa: igeltserotza, elektrizitatea, iturgintza, lorezaintza eta eraikin eta instalazioen mantentze-lanak. Gehienez ere 10 puntu lortzen ahal dira. Ariketa hau egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

c) Hirugarren ariketa.–Elkarrizketa pertsonala epaimahaiaren aurrean, honako gai hauei buruz: Arroizko udal-mugarteko toponimia, kale izendegia, geografia eta historia, eta bete beharreko eginkizunak eta lanak. Gehienez ere 5 puntu lortzen ahal dira.

7.2. Oposizioko ariketen balorazioan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira, jarraian azaltzen den moduan banaturik, eta ariketak baztertzaileak izanen dira:

Lehen ariketa.–Gehienez 15 puntu emanen dira, eta gutxienez 7 puntu beharko dira ariketa gainditzeko. Gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak baztertuko dira.

Bigarren ariketa.–Gehienez 10 puntu emanen dira, eta gutxienez 5 puntu beharko dira ariketa gainditzeko. Gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak baztertuko dira.

Hirugarren ariketa.–Gehienez 5 puntu emanen dira, eta gutxienez 2,5 puntu beharko dira ariketa gainditzeko.

7.3. Epaimahaikideek banaka emanen dituzte kalifikazioak, bakoitzak berea. Kalifikazio guztien batezbesteko aritmetikoa izanen da ariketako atal bakoitzaren puntuazioa.

7.4. Probak plika itxien sistemaren bidez eginen dira eta deialdi bakarra izanen da. Agertzen ez diren izangaiak baztertuko dira.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatu eta gero, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda emanen du argitara, izangai bakoitzak erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran. Alkateari igorriko dio zerrenda hori, baita puntu gehien lortu dituen izangaia izendatzeko proposamena ere. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Arroizko Udalaren bulegoetan, kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun naturaleko epean:

a) Jaiotza-aktaren ziurtagiria edo Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo kopia, behar bezala konpultsatua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, edo Arroizko Udalerako zerbitzuan emandako urteen ziurtagiria.

c) Mediku-ziurtagiria edo txostena, interesdunak karguan aritzeko traba izan daitekeen gaixotasunik edo akats fisikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu eta defendatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

8.3. Epe horretan, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatuko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

8.4. Aurreko apartatuan jasotakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

9. oinarria.–Izendapena.

9.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, eta izangaiak 8.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko alkateak Arroizko Udaleko C mailako funtzionario izendatuko du hura. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du izendapena jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean. Izendatua ez bada epe horretan lanpostuaz jabetzen, ezinbestekoa izan ezik, Arroizko Udaleko C mailako funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

d) Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

Arroitzen, 2018ko urriaren 11n.–Alkate udalburua, Antonio Ángel Moleón Segura.

I. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1812343