213. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Tafallako Udalean zeremonia zibilak arautzen
dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2018ko uztailaren 31n egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Tafallako Udalean zeremonia zibilak arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2018ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 23an, baita Tafallako Udaleko iragarki-taulan ere.

Jendaurrean egoteko epea bukatu ondoren, eta hasiera batean onetsitako testuari alegaziorik inork aurkeztu ez dionez, behin betiko onetsi da Tafallako Udalean zeremonia zibilak arautzen dituen ordenantzaren testua; Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako ordenantza honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuz, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tafallan, 2018ko urriaren 8an.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.

TAFALLAKO UDALEKO ZEREMONIA ZIBILAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak xedatzen duenez “espainiarrak legearen arabera berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal edo sozialak aintzat hartuta”.

Bestalde, Konstituzioaren testuaren 16. artikuluak ideologia, erlijio eta kultu askatasuna ematen ditu.

Tafallako Udalak, herritarren eskubideak zaintzeko agindua betez, herritarrei aukera ematen die, aniztasunari eta tolerantziari begira, egokiak iruditzen zaizkien erritu eta zeremonia zibilak hautatzeko, ikusirik gure gizartearen dibertsitate ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala, gure gizartea askotarikoa baita eta gure artean etengabe eraldatzen baitira ohituren eta ekitaldi sozialen adierazpenak.

Estatu akonfesional eta demokratiko batean, toki administrazioek, beren eskumenen esparruan, pertsonen eskubideak eta askatasunak egiazki bermatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko neurriak hartu behar dituzte, eta herritarren eskura jarri Udalaren esku dauden baliabideak ospakizun laikoak egiteko, Tafallako herritarren bizitza sozialeko ekitaldi zibil garrantzitsuetarako duina den ingurune batean, horrela familia eta gizarte arloko konpromiso eta betebehar zibilen adierazpen publikoa egin dadin, eta ordenantza honen asmoa da neurri horiek bete daitezen.

Toki araudiak, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legeak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak ezartzen dutenez, toki entitateek erregelamenduzko eskumena dute beren araudia onesteko, jarduerak eta zerbitzuak emateari eta/edo beren titulartasuneko egoitzak erabiltzeari dagokionez.

Hori horrela, Tafallako Udalak, bere eskumena erabiliz, herritarrek eskatzen dituzten zeremonia zibilak egiteko beharrezko protokoloa eta prozedura ezartzen ditu.

HITZAURREA

2010. urtean, Udalaren osoko bilkurak Hilberrien aldeko agur zibilak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen.

Ordutik eta gaurdaino Tafalla Kulturgune berria erabiltzen da, behar berriak sortu dira eta aurreikustekoa da udal arauak Tafallako gizarte modernoaren egungo errekerimenduetara egokitu behar direla epe laburrera.

Harrera zibilak balio sinboliko eta soziala baizik ez du; haur bati harrera publikoa egiten zaio, gizartean eskubide osoko herritarra den aldetik, eta gurasoek edo legezko tutoreek konpromisoa hartzen dute haurra printzipio eta balore demokratikoetan eta herritarren eskubide eta betebeharren eremuan hezteko.

Harrera zibila zeremonia edo instituzio erabat zibil, laiko eta publikoa da eta, beraz, haur jaioberriei harrera egiteko beste edozein zeremonia pribaturekin bateragarria, erlijiosoa izan ala ez, beste zeremonia zibil batzuekin gertatzen den bezalaxe; esate baterako, ezkontza.

Hildakoen aldeko agur zibilak sortu dira gizarteak duen behar baten ondorioz, hau da, modu duin eta pertsonal batean agurtzea beren pentsaera eta bizimoduaren arabera agur zibila nahi izan zuten herritarrak eta hil berriek komunitateari egindako ekarpenak edo haien balio etikoak eta giza-balioak aitortzea.

Ezkontza zibilen kasuan, oinarria da ezkontza zibilak egiteko alkateak baimentzearen arloan 35/1994 Legeak Kode Zibilean egindako aldaketa eta alkateek ezkontza zibila baimentzearen gainean Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak 1995eko urtarrilaren 26an emandako jarraibidearen edukia.

I. TITULUA

Harrera zibilak

1. artikulua. Oro har, harrera zibila egiteko agintari eskuduna alkatea edo haren ordezko zinegotzia izango da. Dena dela, interesdunek izendatzen duten udaletik kanpoko edozein pertsonak ere har dezake ekitaldiaren ardura, nahi izanez gero.

2. artikulua. Aipatu Harrera zibileko zeremonia horietan, udal agintaritzak komunitateko kide gisa hartzen du adingabea, Tafallako Udalean erroldatuta egon behar duena, eta Nazio Batuen Erakundeak onetsitako Haurren Eskubideen Adierazpenaren eta Espainiako Konstituzioaren artikulu batzuk irakurtzen ditu, horrelaxe azalduz haurra komunitate demokratikoan eskubide osoko kide gisa sartu dela.

Ekitaldi publikoan, adingabearen gurasoek edo legezko tutoreek eta lekukoek konpromisoa hartuko dute hura zaintzeko eta printzipio eta balore demokratikoetan eta herritarren eskubide eta betebeharren eremuan hezteko.

3. artikulua. Areto erabilgarriak.

Tafallako familien baitan jaiotzen, adoptatzen edo aldian behingoa ez den araubidean hartzen diren pertsonen harrera zibilak egiteko, Udalaren honako areto hauek gaituko dira:

–Udaletxeko osoko bilkuren aretoa, astelehenetik larunbatera 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; gehieneko edukiera 111 pertsona da.

–Kultur Etxeko ekitaldi aretoa, astelehenetik ostiralera 15:00etatik 22:00etara; gehieneko edukiera 210 pertsona da.

4. artikulua. Horretarako erabiliko diren aretoak txukun egongo dira, behar bezain duin bertan egingo diren ekitaldietarako. Familiak edo hurbilekoek aretoa modu berezian egokitu edo apaindu nahi badute, edo megafonia edo bestelako ikus-entzunezko baliabideak erabili nahi badituzte, erreserba eskabidean adierazi behar dute eta, baimena ematen bazaie, udal eragileek aretoa ikuskatu ahalko dute, eta eskatzaileak ordainduko ditu sortzen diren aparteko gastuak.

5. artikulua. Hautatzen den aretoa erreserbatzeko eskaera, harrera egin nahi den eguna baino zazpi egun natural lehenago egin beharko da gutxienez. Aurreikusitako egunean aretoaren erabilera ezin bada baimendu, zergatia azalduko da eta beste data batzuk edo erabilgarri dagoen beste areto bat proposatuko dira.

Oro har, eta ekitaldia ahalik eta hobekien gauzatu ahal izateko, egun bakoitzeko ez da aretoaren erreserba bat baino gehiago egingo.

6. artikulua. Eskaera, I. eranskineko ereduaren araberakoa, udal erregistroko sarreran aurkeztu beharko da, eta harekin batera honako hauek erantsiko dira: aretoa erabiltzeko urtero ezartzen diren tasak ordaindu izanaren frogagiria, jaiotza-ziurtagiria, familia liburua, gurasoen NANaren kopia eta haien guztien erroldatze-ziurtagiriak.

Erreserba Alkatetzari zuzenduko zaio eta zerbitzu orokorren alorrak eta/edo Alkatetzaren idazkariak tramitatuko du. Harrera zibilak baimenduko dira, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez edo hark esleitutako eskumenak dituen organoaren bidez.

7. artikulua. Lagatzeko baldintzak.

Udal organoak ematen duen baimenean zehaztuko dira, eta bermea eskatu ahalko da lagatako instalazioa jasotzen den baldintza berdinetan itzultzeko.

Aretoaren izaeragatik, horretarako erabiliko den aretoa ezin izango da utzi ekitaldi erlijiosoetarako edo areto horren helburua desitxuratu dezaketen beste erabilera batzuetarako.

Ekitaldia ordubete eta erdikoa izango da gehienez ere, eta denbora horretan sartzen da bertaratuak sartu eta beren lekuetan jartzeko behar dena eta aretoa hustu eta beste erabilera edo ekitaldi batzuetarako libre uzteko behar dena.

Nolanahi ere, udal arduradunek agintzen dituzten jarribideak bete beharko dira, horretarako emandako baimenak betetzeko.

8. artikulua. Ekitaldia.

Alkatea edo hark eskuordetzen duen zinegotzia izango da ekitaldiaren buru. Hala ere, eskatzaileek hala izendatuta, udaletik kanpoko edonor ere izaten ahalko da harrera zibilaren buru, nahi izanez gero.

Zeremoniaren buru izango denak, eskatzaileei edo interesdunei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izango du zeremonia nola gauzatuko den finkatzeko, ordenantza honetan ezarritakoa betetzen badu, zeremonia egiten den esparruaren akonfesionaltasunari dagokionez; udal ordezkari bat bertan egongo da beti, dela alkatea dela zinegotzi eskuordetua edo dela udal langile bat, zeremonia era egokian egiten dela begiratzeko.

Horretarako prestatuko den mahaia osatuko dute alkateak edo zinegotzi eskuordetuak edo eskatzaileak izendatutako pertsonak, gurasoek eta herritar berriak.

Zeremonian lekukoek parte hartuko dute, bitik laura bitarte, eta mahaitik hurbil jarriko dira.

Ekitaldiko gonbidatuak, aretoaren gehieneko edukieraren muga inolaz ere gaindituko ez dutenak, aldez aurretik jarriko dira gonbidatuendako erreserbaturiko lekuan.

9. artikulua. Ekitaldiaren garapena.

Lehenik alkatea edo zinegotzi eskuordetua sartuko da, edo interesdunek izendatutako pertsona, eta mahaira iritsitakoan, jaioberriari eta guraso eta lekukoei deituko die, mahaira hurbil daitezen.

Zeremoniaren eduki akonfesional nagusia nahieran antolatu ondoren, buruak ekitaldiari bukaera emateko hitzak esango ditu, eta horiek agiri honen bidez formalizatuko dira: “Herritar berriari ongi etorria emateko eta harrera eskubide osoz egiteko akta”.

Azkenik, akta izenpetuko da gurasoek, lekukoek eta buruak bi ale sinatuta, eta ondorio bakar baterako.

Buruak aktaren kopia bat emango die gurasoei, eta beste bat erabiliko da udalean egiten diren zeremonia zibilen erregistroan inskribatzeko, kasu honetan harrera zibilen atalean, zerbitzu orokorren alorrak kudeatuko duena.

II. TITULUA

Agur zibilak

10. artikulua. Aretoa erreserbatzeko eskaera eta agurraren ekitaldia egitean, egoera horrek eskatzen duen berehalakotasun printzipioari jarraikiz jokatuko da.

11. artikulua. I. eranskineko ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko da, eta harekin batera erantsiko dira dagozkion tasak ordaindu izanaren frogagiria, heriotza-ziurtagiria, hildakoaren azken erroldatze-ziurtagiria eta eskatzailearen erroldatze-ziurtagiria eta NANa (Udalak kudeatu ahalko du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuz eta betez). Eskabidea jaso eta berehala Alkatetzara igorriko da, eskatzen den aretoa erabiltzeko baimenari buruzko ebazpena eman dezan, eta ezin bada erabilera eman, arrazoia jusitifikatuko da eta egun edo areto alternatiboak proposatuko dira.

Ezarritako baldintzak ez badira eskabidean jasotzen, Udala saiatuko da bere parte-hartze telematikoko bitartekoen bidez horiek lortzen, eta horietakoren bat lortzea ezinezkoa bada, eskatzaileari eskatuko zaio berehala aurkez dezan, zeremonia egin aurretik.

12. artikulua. Areto erabilgarriak.

Hildakoen aldeko agur ekitaldiak egiteko egokiak direlakoan, Udalaren honako areto hauek gaituko dira:

–Tafalla Kulturguneko diziplina anitzeko aretoa, honako ordutegi eta gehieneko edukierekin:

  • Astelehenetik ostiralera, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 22:15era.
  • Larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:30era.
  • Igandean: 11:30etik 14:00etara.
  • Gehieneko edukiera 340 pertsona da.

–Kultur Etxeko ekitaldi aretoa, astelehenetik ostiralera 15:00etatik 22:00etara; gehieneko edukiera 210 pertsona da.

–Hilerriaren sarrerako gela, astelehenetik igandera, hilerriko ordutegian, 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, eta ordutegi horretatik kanpo giltzarekin sartu behar da kanpotik. Giltza hori hiriko edozein tanatoriotan eskuratuko da, eta gelaren gehieneko edukiera 20 pertsona da.

13. artikulua. Horretarako erabiliko diren aretoak txukun egongo dira, behar bezain duin bertan egingo diren ekitaldietarako. Familiak edo hurbilekoek aretoa modu berezian egokitu edo apaindu nahi badute, edo megafonia edo bestelako ikus-entzunezko baliabideak erabili nahi badituzte, erreserba eskabidean adierazi behar dute eta, baimena ematen bazaie, udal eragileek aretoa ikuskatu ahalko dute, eta eskatzaileak ordainduko ditu sortzen diren aparteko gastuak.

14. artikulua. Lagatzeko baldintzak.

Udal organoak ematen duen baimenean zehaztuko dira, eta bermea eskatu ahalko da lagatako instalazioa jasotzen den baldintza berdinetan itzultzeko.

Aretoaren izaeragatik, horretarako erabiliko den aretoa ezin izango da utzi ekitaldi erlijiosoetarako edo areto horren helburua desitxuratu dezaketen beste erabilera batzuetarako.

Ekitaldia ordubete eta erdikoa izango da gehienez ere, eta denbora horretan sartzen da bertaratuak sartu eta beren lekuetan jartzeko behar dena eta aretoa hustu eta beste erabilera edo ekitaldi batzuetarako libre uzteko behar dena.

Ezin izango da ekitaldia egin hildakoaren gorputza bertan dagoela, hilerriaren sarrerako gelan izan ezik; hala ere, ahalko da errauts-kutxatila bertan dagoela.

Nolanahi, udal arduradunek agintzen dituzten jarribideak bete beharko dira, horretarako emandako baimenak betetzeko.

15. artikulua. Buruak aktaren kopia bat emango die familiako kideei, eta beste bat erabiliko da udalean egiten diren zeremonia zibilen erregistro-liburuan inskribatzeko, kasu honetan zerbitzu orokorren alorrak kudeatuko duen hildakoen aldeko agur zibilen atalean.

III. TITULUA

Ezkontza zibilak

16. artikulua. Areto erabilgarriak.

Ezkontza zibilak egiteko egokiak direlakoan, Udalaren honako areto hauek gaituko dira:

–Udaletxeko ekitaldi aretoa, astelehenetik larunbatera 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, gehieneko edukiera 111 pertsona da.

–Kultur Etxeko ekitaldi aretoa, astelehenetik ostiralera 15:00etatik 22:00etara; gehieneko edukiera 210 pertsona da.

17. artikulua. Horretarako erabiliko diren aretoak txukun egongo dira, behar bezain duin bertan egingo diren ekitaldietarako. Familiak edo hurbilekoek aretoa modu berezian egokitu edo apaindu nahi badute, edo megafonia edo bestelako ikus-entzunezko baliabideak erabili nahi badituzte, bai eta Nafarroako plazara ibilgailuarekin sartu nahi badute ere, erreserba eskabidean adierazi behar dute eta, baimena ematen bazaie, udal eragileek aretoa ikuskatu ahalko dute, eta eskatzaileak ordainduko ditu sortzen diren aparteko gastuak.

18. artikulua. Ezkontza zibilaren espedientea tramitatu ondoren, eta ezkonduko direnek ezkontza udal honetan baimentzea nahi dutela adierazi ondoren, sarrerako erregistro orokorrean jasoko da idazpena, sarrera data eta zeremoniaren data jaso daitezen.

19. artikulua. Udalean espedientea irekitzen denean, dagokion tasa ordainduko da; indarrean den ordenantza fiskalaren araberakoa. Subjektu pasiboari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik aretoa erabiltzen ez bada, ez da jarritako dirua itzuliko.

20. artikulua. Eskaerak ikusirik (ezkontzaren espedientean egindako agerraldia jotzen da eskaeratzat), datak eta orduak finkatuko dira, ahal dela interesdunekin ados jarrita, eta eskatzaile gehiago izanez gero, lehentasuna ezarriko da espedientea jasotzen den dataren arabera. Ondorio guztietarako, modu irmoan esleituriko data eta orduen zerrenda jendearen eskura egongo da beti.

21. artikulua. Ezkontza baimenduko duen pertsonak (alkatea edo zinegotzi eskuordetua), ezkonduko direnei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izango du zeremonia nola garatuko den finkatzeko.

Aurrekoa gorabehera, zeremonia gidatzen duen pertsonak akonfesionaltasunari dagokionez, ordenantza honetan ezarritakoa bete beharko du beti, zeremonia hori egiten den esparruan, eta udal ordezkari bat bertan egongo da beti, zeremonia era egokian egiten dela begiratzeko.

Gainera, ezkontza zibilak legeak ematen dizkion ondorioak izan ditzan, nahitaezkoa izango da Kode Zibileko artikulu aginduzkoak eta ezkontzaren formula irakurtzea, hori guztia bi lekuko gutxienez bertan daudela.

Egintza jasoa gera dadin, ezkontzen direnek, bi lekukoek eta baimena ematen duenak, alkateak edo zinegotzi eskuordetuak, ezkontza egin izanaren akta sinatuko dute.

22. artikulua. Kontuan hartuz egintzaren garrantzia eta ekitaldi horretarako egokitzen diren espazioen ordezkagarritasuna, erabat debeku da aretoak dauden eraikinen barruan eta haien inguruan jaurtitzea arroza, antzeko gaiak edo objektuak, halakoek arriskua baitakarte pertsonen ohiko joan-etorrietarako.

Debeku hori errespetatzen ez bada, Udalak ez du betebehar horretatik etor daitekeen ondorioen gaineko erantzukizunik bere gain hartuko. Hortaz, horren ondorioz gerta daitekeen edozein istripu edo antzeko egoeraren erantzukizuna, kasu bakoitzean ezkontza egitea eskatu dutenena izango da.

Horregatik, Udalak emango dien inprimaki batean ezkontideek idatziz jasota utziko dute arau horiek ezagutzen dituztela eta horiek betetzeko konpromisoa hartzen dutela, eta agiri hori aurkeztu beharko dute hautaturiko aretoa erabiltzeko baimenaren ebazpena eman aurretik.

Zeremoniara bertaratzen diren pertsona kopuruari dagokionez, inolaz ere ez du gaindituko baimendutako aretoaren gehieneko edukiera.

23. artikulua. Ezkontza zibila egiteko tasa fiskala ordaindu behar da, bai eta fidantza ere, aretoan eta ingurunean gerta daitezkeen kalteak zuzendu eta behar bezalako garbitasun baldintzetan geratzen direla bermatzeko, hala ezartzen bada dagokion ordenantzan. Hala, betetzen ez bada, espedientea egin ondoren, egoera zuzentzeko egin beharreko lanak fidantzaren kargura egingo dira.

24. artikulua. Tabako Kontsumoaren Prebentzioari buruzko 6/2003 Foru Legearekin bat, debekatuta dago udal aretoetan erretzea.

25. artikulua. Zeremonia zibilen ekitaldiak egin bitartean, ahal dela Tafallako udaltzainak egongo dira kanpoan, ekitaldiak zor zaien bikaintasunez egiten direla bermatzeko.

26. artikulua. Ordenantza honetan jasotzen ez diren kasuetan, udal arduradunen jarraibideei jarraituko zaie eta jasotzen diren egintzetarako bai estatuan bai erkidegoan aplikagarria den araudi orokorra aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Honako ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta espresuki aldatu edo indargabetu arte egongo da indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera, indarrik gabe uzten dira Tafallan hilberrien aldeko agur zibilak arautzen dituen ordenantza eta Tafallako Udalean ezkontza zibilak egitea arautzen duen ordenantza.

ERANSKINA

Eskabide orria (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1812337