211. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

815/2018 EBAZPENA, urriaren 19koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Berriobeitiko eta Xulapaingo udalerrietako muga jurisdikzionaleko marra berreskuratzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko lanei hasiera ematea xedatzen duena.

Departamentu honetako Herri-lurren Atalak 2017ko urriaren 11n egindako txosten bat igorri zuen Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusira, Berriobeitiko eta Xulapaingo udalerrien arteko mugak ezartzeko eskatuz, 1991n egindako 60. fazeriaren zatiketa berrikusi aurretik. Fazeria horren titularrak Xulapaingo Gartziariaingo Kontzejua eta Berriobeitiko Añezkarko, Oteitzako eta Elkarteko kontzejuak izan ziren.

Bestalde, Toki Antolamendurako Zerbitzuak lan programa bat garatzen du Nafarroako udalerrien arteko muga jurisdikzionalen marren zuzenketa eta hobekuntza geografikoa egiteko; labur esanda, programa horren xedea da marra horiei dagokienez bi kartografia desberdin egoteak dakarren arazoa konpontzea, bat ez datozelako. Kartografietako bat indarra duten mugaketa akta historikoek osatzen dute, Institutu Geografiko Nazionalaren Kartografiako Erregistro Zentralean daudenek; beste kartografiak, berriz, Nafarroako Katastroetan du jatorria, eta Nafarroako Lurralde Informazioaren Sisteman dago.

Espediente honen kasuan, Toki Antolamendurako Zerbitzuko teknikariek aldez aurreko lan batzuk egin dituzte, bulegokoak nahiz tokian tokikoak, bai eta zenbait bilera ere marra horrekin zerikusia duten udalerri eta kontzejuetako alkateekin. Lan horiei esker egiaztatu da, lehenik, agerikoa dela Nafarroako Katastroek ematen duten udal mugaketa eta 1930eko ekainaren 7ko aktan deskribatutakoa ez datozela bat (“Antsoaingo Zendearen -gaur egun, Berriobeiti- eta Xulapaingo ibarraren arteko mugaren marra egiaztatzeko eta bi dermioak ukitzen dituzten mugarriak seinalatzeko egindako lanaren akta”); bigarrenik, aurrekoaren osagarri den akta proposamen bat egin da, 1930ean egiaztatu eta deskribatutako marraren zuinketa zehaztasunez egiten duena, egun indarra duen marra jurisdikzionalarena alegia.

Bi udalak ados daudenez akta horrekin, berehalakoan ebatziko da bien helburua, hau da, bi udalerrien arteko mugak zehatz-mehatz ezartzea administrazio publiko desberdinetan dauden erregistro juridiko eta tekniko guztietan.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera ematea Xulapaingo eta Berriobeitiko udalerrien arteko muga jurisdikzionaleko marra berreskuratzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko lanen izapidetzeari (marra-kodea: 31136-31902-00).

2. Xulapaingo eta Berriobeitiko udalei eskatzea tokian tokiko udal batzordeak izenda ditzatela, aipatutako lanak egiten lagundu eta berrets ditzaten. Batzorde bakoitzak kide hauek izanen ditu: alkatea, hiru zinegotzi, udal idazkaria eta udalak peritu lanak egiteko izendatzen duen pertsona.

3. Era berean, Ezkabarteko eta Itzako udalei eskatzea beren udal batzordeak izenda ditzatela, ebazpen honen xede den marra jurisdikzionaleko 3 dermioko mugarriekin ados daudela adierazteko. Batzorde bakoitzak kide hauek izanen ditu: alkatea, hiru zinegotzi, udal idazkaria eta udalak peritu lanak egiteko izendatzen duen pertsona.

4. Toki Antolamendurako Zerbitzuak lan tekniko eta administratiboen egoeraren berri eman diezaiela ukitutako udalei modu egokian, egun indarra duten aktak osatu eta gaurkotuko dituztenak formalizatzeko.

5. Entzunaldia ematea Añezkarko (Berriobeiti), Elkarteko (Berriobeiti), Gartziariaingo (Xulapain) eta Oteitzako (Berriobeiti) kontzejuei, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalarekin batera, 60. fazeria zenaz hartu beharreko erabakiak koordinatzeari begira.

6. Jendaurrean jartzea hilabetez 1. puntuan adierazitako marra jurisdikzionalaren zuzenketa eta hobekuntzari dagokion “Baterako akta osagarria” delakoaren zirriborroa, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, informazioa eman edo ekarpenak egiteko. Horretarako, espedientea aztergai egonen da Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Arrieta kalea, 12, 3. solairua) eta Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian (https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak).

7. NAOn argitaratzea ebazpen hau, eta igortzea Berriobeitiko, Ezkabarteko, Itzako eta Xulapaingo udaletara; Añezkarko (Berriobeiti), Elkarteko (Berriobeiti), Gartziariaingo (Xulapain) eta Oteitzako kontzejuetara (Berriobeiti); Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalera; Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Zerbitzura; Garapen Ekonomikorako Departamentuko Kartografia Atalera; Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atalera; eta Institutu Geografiko Nazionaleko Eskualde Zerbitzura.

Iruñean, 2018ko urriaren 19an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1812751