208. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

HITZARMENA, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuen artean, Enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko Gobernuaren eta sindikatuen 2018ko martxoaren 9ko II. Akordioaren lehen atalak ezartzen duena aplikatzeari buruzkoa.

2018ko martxoaren 26ko Estatuko Aldizkari Ofizialean, Funtzio Publikorako Estatu Idazkaritzaren 2018ko martxoaren 22ko Ebazpena argitaratu zen, zeinaren bidez Gobernuaren eta sindikatuen arteko enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko II. Akordioa onesten baita. Aipatu akordio hartan, soldata igoera finko baterako urte anitzeko esparru bat ezartzen da sektore publikoaren zerbitzuan ari diren langileentzat, baita ekonomiaren hazkundeari lotutako igoera-ehuneko aldakor bat ere, kalkulatuko dena 2018-2020 aldiko BPG errealaren igoeraren arabera.

Beraz, aurreikusten da 2018ko, 2019ko eta 2020ko ekitaldietan funts gehigarri batzuk egongo direla, eta funts horiek, negoziazio kolektiboaren ondoren, bideratzen ahal direla produktibitatea edo efizientzia hobetzeko planak edo proiektuak ezartzera, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri espezifikoak berraztertzera, destinoko osagarriak homologatzera edo pentsio planei ekarpenak egitera, besteak beste. Aipatu akordioak aurreikusten du 2018an soldata-masaren %0,20 horretarako bideratuko dela, 2019an %0,25 eta 2020an %0,30. Halaber, ezartzen du aurrekontuko superabita daukaten administrazioek urtero, gehienez ere, soldata-masaren %0,30 bideratzen ahalko dutela zeregin horietarako. Gainera, 2021ean soldata-masaren %0,55eko igoera gehigarria egiteko aukera ezartzen du, baldin eta 2020an aurrekontu-egonkortasunaren helburuak (defizit publikoa) betetzen badira.

Bestalde, 2018ko aurrekontuari dagokionez, Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 18. bi artikuluak ezartzen du soldata-masa beste %0,2 igotzea baimendu daitekeela, produktibitatea edo efizientzia hobetzea helburu duten planak edo proiektuak ezartzeko, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri espezifikoak berrikusteko, destinoko osagarriak homologatzeko edota pentsio planetara ekarpenak egiteko, besteak beste; halaber ezartzen du 2017ko ekitaldian aurrekontu superabita daukaten administrazio publikoetan, igoera osagarri hau ehuneko 0,30era irits daitekeela.

Honi dagokionez, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak 2018ko apirilaren 13an egindako aurrekontuaren egonkortasunaren, zor publikoaren eta 2017ko ekitaldiko gastu arauaren betetzeari buruzko txostenak baieztatu du Nafarroako Foru Komunitateak bete duela bere aurrekontuaren egonkortasunaren helburua aipatu ekitaldian.

Honetan guztian oinarrituta, urte anitzeko hitzarmen honen xedea da zehaztea, 2018. eta 2021. urteen arteko aldirako, lehenagoko paragrafoetan zerrendatu diren igoerak nola banatuko diren, kontuan harturik izenpetzen den hitzarmenak biltzen dituen aurreikuspenak burutzen ahalko direla baldin eta Nafarroako Foru Komunitateari eta bere erakunde autonomoei horretarako eskumena ematen bazaie helburu horrekin garatzen den araudian.

Hitzarmen honen edukia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Orokorrak 2018ko urriaren 1ean egin zuen bileran onetsi zen, LAB, CCOO eta UGT erakunde sindikalen aldeko jarrerarekin eta ELA sindikatuaren abstentzioarekin. Lehen hiru sindikatuek mahai horretan daukaten ordezkaritza ehuneko 75,15 da.

Egun berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunen enpresaz gaindiko Hitzarmen Kolektiboaren Negoziazio Batzordeak egindako bileran, hitzarmen honen edukia eztabaidatu eta bozkatu zen, eta bozketaren emaitzek erakutsi zuten LAB, CCOO eta UGT erakunde sindikalek, aipatu negoziazio batzordean ehuneko 44,83ko ordezkaritza daukatenek, aldeko jarrera zeukatela. ELA sindikatua abstenitu zen eta SMN eta ANPE sindikatuek aurkako botoa eman zuten.

1.–APLIKAZIO EREMUA

Hitzarmen hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei aplikatuko zaie, bertan ematen zaion idazketaren arabera.

2.–INDARRALDIA

Hitzarmenaren iraunaldia eta bertan biltzen diren neurriak 2018. urtetik 2021. urtera doan tarterako dira. Tarte horretan gauzatuko dira hitzarmenean biltzen diren neurriak, bertan ematen zaion idazketaren arabera. Edonola delarik ere, hitzarmenean biltzen diren konpromisoak une bakoitzean indarrean dauden legeak errespetatuz gauzatuko dira.

3.–XEDEA

Hitzarmen honen xedea da Enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko II. Akordioa, 2018ko martxoaren 26an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, nola aplikatuko den zehaztea, 2018., 2019. eta 2020. urteetan aurreikusten diren funts osagarriei eta 2021eko ekitaldiko %0,55eko soldata-masari dagokienez.

Adostutako neurriak 2018tik 2021era doan urte anitzeko aldi baten esparruan sartzen dira.

I) 2018. urtea

2018. urtean beteko diren neurrien eragin ekonomikoak urte bereko urtarrilaren 1etik aurrerako atzerako eraginarekin aplikatuko dira.

1.–Administrari laguntzaileak. C maila/taldean integratzea.

Hitzartu da administrari laguntzaile izendapena daukaten langileak D maila/taldetik C maila/taldera pasatzea. Langile horiek administrari izendapena lortuko dute, baita lanpostu horri dagozkion ordainketak ere.

Neurri hau 2018tik 2020ra doan urte anitzeko aldi baterako proiektatzen da. Aldi hori amaitzean maila/taldean sartzeko prozesua burututa egongo da, baita izendapen aldaketa ere, aipatu aldian ordainsarien parekatzea lortu eta gero, zeinetarako adostu baitira hitzarmen honetan biltzen diren hurrenez hurreneko ekintzak.

Parekatze prozesuari hasiera emateko, 2018an aurreikusten da administrari laguntzaileei osagarri berri bat, integrazio osagarri iragankorra, esleitzea. Osagarri horrek gaurko maila/taldearen ordainketaren %7,91 egingo du.

2.–SOSeko operadoreak.

SOSeko operadore laguntzaile lanpostua eta SOSeko operadore ofizial lanpostuak parekatzea ordainketari dagokionez, operadore laguntzaileen lanpostuko osagarria %4,06 igoz.

3.–SOSeko gelako burua.

Hitzartu da SOSeko gelako buru lanpostuaren ordainsaria (B maila/taldea) parekatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen B mailako lanpostu hauen ordainsariekin: %35eko bateraezintasuneko osagarria eta %6,73ko lanpostuko osagarria dituztenekin.

4.–Basozaintza.

Hitzartu da basozaintzari ematen zaion arrisku bereziko osagarria %5 igotzea dagokion maila/taldearen gainetik, eta horrela, ordainketa hori dela-eta lortuko duen ehunekoa %10 izango da.

5.–Errepideetako zaintzaileak.

Hitzartu da errepideetako zaintzaile lanpostua C maila/taldean sartzea, lanpostu horrek gaur egun Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen plantilla organikoak esleituta dituen ordainsari osagarrien ehunekoak mantenduz.

6.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erdi mailako tituludunak.

Hitzartu da gaur egun Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Programen Jarraipenerako Atalari organikoki atxikiak dauden prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituludunen hiru lanpostuei %5eko arrisku bereziko osagarria bat esleitzea maila/taldeak daukanaren gainetik. Lanpostu horiek zenbaki hauek dauzkate plantilla organikoan: 9660, 10537 eta 10538.

7.–E maila/taldea.

Hitzartu da E maila/taldeko langile guztiak D maila/taldean sartzea.

Prozesua gauzatzeko gaur egun E maila/taldean dauden lanpostu guztiak bateratuko dira, eta D maila/taldeko kategoria berri baten barruan sailkatuko dira. Kategoria horretan bi lanpostu mota egongo dira, izen hauekin: zerbitzu orokorrak eta zeladoreak. Bi lanpostu horietan sartzeko, orain arte E maila/taldeko lanpostuak hornitzeko eskatzen zen titulazio berdina eskatuko da. Halaber, bi lanpostu horien arteko mugikortasunerako aukerari eusten zaio, lanpostuak hornitzeko dagozkion prozesuetan parte hartuz, gaur egun E maila/taldean sartuta dauden lanpostuetatik mugitzeko egiten den bezala.

Hitzartutako integrazio prozesua gauzatzeko, 2018ko ordainsarien igoera honela kalkulatuko da: D mailako hasierako soldataren gainean norberaren ordainsariak aplikatuko dira, arrisku bereziko eta lanaldiaren luzapeneko osagarrien kaltetan gabe, eta horretarako dagozkion lanpostuko osagarrien ehunekoak doituko dira.

8.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua.

Hitzartu da ondoren aipatzen diren Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari atxikitako lanpostuei arrisku bereziko osagarria esleitzea. Lanpostu horien zenbakiak eta aipatu osagarriaren ehunekoak ondoren agertzen direnak dira:

–10213 zenbakidun lanpostua, zerbitzu orokorretako arduraduna, D maila/taldea, Arrantza Kudeatzeko Bulegoari atxikia, %5eko arrisku bereziko osagarria.

–10340 zenbakidun lanpostua, zerbitzu orokorrak, E maila/taldea, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalari atxikia, %8ko arrisku bereziko osagarria.

–10212 zenbakidun lanpostua, zerbitzu orokorretako arduraduna, D maila/taldea, Mahastizaintzako Bulegoari atxikia, %8ko arrisku bereziko osagarria.

9.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko logopeda.

Hitzartu da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko logopeda lanpostuaren ordainsariak Administrazio Erroari atxikita lanpostu berdinean ari direnen ordainsariekin parekatzea.

II) 2019. urtea

1.–Administrari laguntzaileak. C maila/taldean sartzea.

2019an integrazio osagarri iragankorra %14,95eraino igoko da.

2.–Haur-hezitzaileak.

Hitzartu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen plantilla organikoan gaur egun haur-hezitzaileei esleitzen zaien lanpostuko osagarria %10 igotzea, dagokion maila/taldearen oinarrizko soldataren %18,52raino iritsi arte.

3.–Zeladoreak eta zerbitzu orokorretakoak.

2018an hasi zen E maila/taldeko langile horien sustapen prozesua, D maila/taldean sartzeko; prozesu horren barruan, hitzartu da 2019an zeladore lanpostuaren lanpostuko osagarria %1,73 igotzea, eta zerbitzu orokorretako lanpostuaren lanpostu osagarria %2 igotzea.

4.–Zerbitzu orokorretako arduradunak.

Hitzartu da zerbitzu orokorretako arduradun lanpostuaren lanpostuko osagarria %5 igotzea, halako moldez non lanpostuaren ordainketa osagarriak %23,35era iritsiko baitira.

5.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko gidaria.

Hitzartu da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuari atxikitako gidari lanpostua C maila/taldean sartzea. Lanpostu horrek 6169 zenbakia dauka Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen plantilla organikoan, eta hemendik aurrera gidari lanpostuaren osagarriak jasoko ditu (C maila).

6.–Konpentsazio ekonomikoa, jaiegunetan lan egiteagatik.

Hitzartu da C, D eta E maila/taldeek jaiegunetan lan egiteagatik jasotzen dituzten konpentsazio ekonomikoen zenbatekoak igotzea, kontzeptu horregatik maila/talde guztietan jasotzen diren zenbatekoen arteko desberdintasuna murrizteko, eta hurrenez hurren berdintzeko A eta B maila/taldeek jasotzen duten zenbatekora arte iristeko; izan ere, A eta B taldeek, gaur egun, jaieguneko ordu bakoitzeko, 0,69 euro gehiago jasotzen dute C mailakoek baino, eta 1,44 euro gehiago D eta E mailakoek baino.

Neurri hau aurrera eramateak 2019an C maila/taldearentzat 0,16 euro/ordu igotzea dakar, eta 0,33 euro/ordu D eta E maila/taldearentzat.

Alabaina, atal honetan jasotzen den neurria gauzatzeko baldintza izango da Enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko II. Akordioak jasotzen duen betebeharra betetzea, 2019rako baimendutako soldata-masaren %0,05i dagokionez, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aurrekontu superabita badauka.

7.–Konpentsazio ekonomikoa, gauez lan egiteagatik.

Hitzartu da C, D eta E maila/taldeek gauez lan egiteagatik jasotzen dituzten konpentsazio ekonomikoen zenbatekoak igotzea, A eta B maila/taldeek jasotzen duten zenbatekora iristeko; izan ere, A eta B taldeek, gaur egun, gaueko ordu bakoitzeko, 0,69 euro gehiago jasotzen dute C mailakoek baino, eta 1,44 euro gehiago D eta E mailakoek baino.

Neurri hau aurrera eramateak C maila/taldearentzat 0,16 euro/ordu igotzea dakar, eta 0,25 euro/ordu D eta E maila/taldearentzat.

Alabaina, atal honetan jasotzen den neurria gauzatzeko baldintza izango da Enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko II. Akordioak jasotzen duen betebeharra betetzea, 2019rako baimendutako soldata-masaren %0,05i dagokionez, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aurrekontu superabita badauka.

III) 2020. urtea

1.–Administrari laguntzaileak. C maila/taldean integratzea.

2020rako aurreikusi da maila/taldearen sustapen prozesua amaitzea, eta administrari laguntzaile lanpostuak administrari lanpostuetan integratzea, maila/taldearen igoera erabat gauzatuz. Horren ondorioz, plantillatik desagertuko dira D mailako lanpostuak, eta bi lanpostuen arteko osagarrien ehunekoak homologatuko dira.

2.–Hezkuntza Departamentuari atxikitako zaintzaile lanpostua.

Hitzartu da 2020an Hezkuntza Departamentuari atxikitako zaintzaile lanpostua C maila/taldera sustatzea. Horretarako, 2019an zehar Hezkuntza Departamentuak zaintzaile lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioa aztertu beharko du, lanpostu horretarako behar diren gaitasun profesionalak kontuan hartuta.

C maila/taldean sartzea, gaur egun Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen plantilla organikoan zaintzaile lanpostuak esleituta dituen ordainketa osagarrien ehunekoak mantenduz gauzatuko da.

3.–Zeladoreak eta zerbitzu orokorretakoak.

E maila/taldea D maila/taldean sartzeko prozesua bururatzeko, hitzartu da zerbitzu orokorretako lanpostuetan %3,32 igotzea lanpostuko osagarria, baita zeladore lanpostuetan 1 indizeko destinoko osagarria esleitzea ere.

4.–Zuzendaritza lanpostuko osagarria eta burutzak.

Hitzartu da zuzendaritza lanpostuko osagarriaren erreferentzia A maila/taldearen oinarrizkoa soldata izatea, burutza betetzen duen pertsonaren maila/taldea zein den alde batera utzita.

5.–“Gizarte-langilea”, “Gizart-hezitzailea” eta “Psikomotrizista” lanpostuen ordainsari igoera.

Gizarte-langilea, Gizarte-hezitzailea eta Psikomotrizista lanpostuen ordainsariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan B maila/taldekoekin, %35eko bateraezintasun osagarria eta %6,73 lanpostuko osagarria dituztenekin parekatzeko, hitzartu da aipatu lanpostu horien lanpostuko osagarria %2,88 igotzea.

IV) 2021. urtea

Baldin eta 2020. urtean aurrekontuaren egonkortasunaren helburua betetzen bada (defizit publikoa), Enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko II. Akordioak ezartzen dituen terminoetan, 2021. urterako %0,55eko igoera gehigarri bat aurreikusten da. Igoera horren kostua 7.000.000 euro izango dela jotzen da.

Aurreko paragrafoan aurreikusten den kasuan, kopuru horren kontura eta esan den kontzeptuarengatik, urte horretan ondoren aipatzen diren neurriak gauzatuko dira:

1.–“Gizarte-langilea”, “Gizarte-hezitzailea” eta “Psikomotrizista” lanpostuen ordainsarien igoera.

Hitzartu da 2020an Gizarte-langilea, Gizarte-hezitzailea eta Psikomotrizista lanpostuen osagarriak parekatzeko asmoz hasitako prozesua amaitzea. Lanpostu horiek B maila/taldekoekin parekatuko dira, %35eko bateraezintasun osagarria eta %6,73 lanpostuko osagarria dituztenekin.

2.–Telefonistak.

Hitzartu da telefonista izendapena duten eta D mailan sartuta dauden langileen sustapena, eta aipatu lanpostu hori telefonista-ofizialen lanpostuetan sartzea (C maila), azken lanpostu honi dagozkion osagarriak esleituz. Horren ondorioz, telefonista lanpostua (D maila) desagertuko da plantillatik.

3.–Antzinatasun saria.

Hitzartu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langile guztien bosturteko zenbatekoaren hurrenez hurreneko igoera, D maila/taldeari dagokion oinarrizko soldata erreferentziatzat hartzeko asmoz, 2021ean gaurko zenbatekoaren %2,75ean zehaztuko den gehikuntza baten bidez.

4.–Erreferentzia D maila/taldean daukan familia laguntzaren ordainketa.

Hitzartu da 2021ean familia laguntza langile guztiei ordaintzea D maila/taldearen soldata erreferentziatzat hartuta.

5.–Konpentsazio ekonomikoa, txandaka lan egiteagatik.

Hitzartu da indarreko araudian txandaka lan egiteagatik aurreikusten den konpentsazio ekonomikoa parekatzea. Horretarako, langile guztiei kopuru berdina ordainduko zaie, A maila/taldearen oinarrizko soldata erreferentziatzat hartuta, langileen maila/taldea edozein izanik ere. Talderen baten kasuan, kontzeptu hau ordaintzeko dagoeneko araudi espezifikoa badago, talde hori neurri honetatik salbuetsita geratuko da.

6.–Konpentsazio ekonomikoa, jaiegunetan lan egiteagatik.

Hitzartu da C, D eta E maila/taldeek gaur egun jaiegunetan lan egiteagatik jasotzen dituzten konpentsazio ekonomikoen zenbatekoak igotzea, kontzeptu horregatik jasotzen den konpentsazio ekonomikoa A eta B maila/taldeek jasotzen dituzten zenbatekoekin berdintzeko. Neurri hau gauzatzeak ekarriko du 0,53 euro/ordu igotzea C maila/taldearentzat, eta 1,11 euro/ordu D eta E maila/taldeentzat.

Baldin eta neurri hau gauzatzen hasi bada 2019an, konpentsazio ekonomikoa jaiegunetan lan egiteagatik igotzen bada ekitaldi horretan superabiteko egoera egon delako, eta horregatik dagokion partean, atal honetan aurreikusten den igoerarekin amaituko da parekatze prozesua.

7.–Konpentsazio ekonomikoa, gauez lan egiteagatik.

Hitzartu da C, D eta E maila/taldeek gaur egun jaiegunetan lan egiteagatik jasotzen dituzten konpentsazio ekonomikoen zenbatekoak igotzea, kontzeptu horregatik jasotzen den konpentsazio ekonomikoa A eta B maila/taldeek jasotzen dituzten zenbatekoekin berdintzeko. Neurri hau gauzatzeak ekarriko du 0,53 euro/ordu igotzea C maila/taldearentzat, eta 0,82 euro/ordu D eta E maila/taldeentzat.

Baldin eta neurri hau gauzatzen hasi bada 2019an, konpentsazio ekonomikoa gaueko ordutegian lan egiteagatik igotzen bada ekitaldi horretan superabiteko egoera egon delako, eta horregatik dagokion partean, atal honetan aurreikusten den igoerarekin amaituko da parekatze prozesua.

4.–FORMALIZATZEA ETA ARGITARATZEA

Administrazioak arau maila emango dio hitzarmen honetako edukiari, formalki onetsi eta indarra har dezan.

Aurrekoa galarazi gabe, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila hitzartu da, orok jakin dezan.

5.–JARRAIPEN BATZORDEA, HITZARMEN HONETAKO NEURRIAK BETETZEN DIRELA ZIURTATZEKO

Hitzarmen hau betetzearren, argitaratu eta ondoko hilabetean Batzorde Paritario bat eratuko da, hura sinatzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta sindikatuen ordezkariek osatua, hitzarmenaren edukia interpretatu, jarraitu, zaindu eta garatzeko eginkizunak izango dituena.

Neurri hauen aplikazioak langileen arloko gastu orokor txikiagoa ekarriz gero Nafarroako Foru Administrazioari eta bere erakunde autonomoei, aldea erabiliko da hurrengo urteetarako aurreikusitako neurriak aurreratzeko, hala badagokio, edo beste neurri batzuk ezartzeko.

Iruñean, 2018ko urriaren 4an.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen izenean, M.ª José Beaumont Aristu.

LAB sindikatua, CCOO sindikatua, UGT sindikatua

Iragarkiaren kodea: F1812474