207. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 10ean hartua, zeinaren bidez tramitatzen hasten baita “Ablitasko Parke Eolikoa” Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, haize-sorgailuak birkokatu eta beren kopurua murrizteari buruzkoa, Eólica Navarra SL enpresak sustatua.

I.–Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2012ko urriaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, “Ablitasko Parke Eolikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen. Eólica Navarra, SLU enpresak sustatu zuen. (2012ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2012ko urriaren 29koa).

Proiektuaren xedea da 7 haize-sorgailu eta 14 MW-eko potentzia edukiko dituen parke eoliko baten ezarpena arautzea, Ablitasko “La Degollada” izeneko tokian. Planteatzen da NA-3042 (Ribaforada) errepideko 11,70 kilometroan izan dadila sarbidea, oraingo “Camino de Monterrey” eta “Camino de Ablitas” izeneko bideetatik. Parkean ekoizten den elektrizitatea ateratzeko, 66 kV-eko linea elektrikoa egitea proiektatzen da, zirkuitu sinplekoa, 2,8 km luze. Linea hori parkeko azpiestaziotik abiatuko da, eta bukatuko da Gamesa Energía, SAUk sustatu duen “Nafarroako G10X Proiektua” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren barnean dagoen etorkizuneko Cortesko TAE - Tuterako TAE - La Sernako TAE goi tentsioko aireko linean. UPSa Nafarroako Gobernuak 2010eko azaroaren 8an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen (2010eko 19. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 19koa).

Duela gutxi, eta sustatzaile berak sustatua, Ablitas II parke eolikoa onetsi da Ablitas I parke eolikoen inguruetan (Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakia, zeinaren bidez onesten baita “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Eólica Navarra SLU enpresak sustatua, Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2018/02/16). Parke horretan 3,465 MW-eko Gamesa G132 ereduko 8 haize-sorgailu instalatu nahi dira eta elektrizitatea ebakuatu nahi da Ablitas I parke eolikoko azpiestazioaren eta 66 kV-eko linea elektrikoaren bidez.

Bi parkeok egin gabe daude.

II.–Aldaketaren xedea eta justifikazioa.

Denboraldi honetan izan diren aurrerakuntza teknologikoak direla-eta, enpresa sustatzaileak aldaketa hau aurkeztu du. Aldaketa honen arabera, parke eolikoaren 14 MW-eko guztizko potentziari eusten zaio, baina haize-sorgailuaren ereduaren potentzia handiagotzen da, 2 MW-etik 3,465 MW-era. Horrek beste hainbat aldaketa dakartza:

II.1. Haize-sorgailuaren eredua aldatzea.

V90 2MW eredua kendu, eta G132 3,465MW eredua jarriko da, edo lehiatzaileen antzeko eredua. Haize-sorgailuaren eredua aldatzean, 67, 78 eta 100 metroko altuerako abatza eta 2 MW-ko potentzia duten haize-sorgailuak kenduko dira, eta 84, 114 eta 120 metroko abatza eta 3,465 MW-ko potentzia duten haize-sorgailuak instalatuko dira.

II.2. Haize-sorgailu kopurua eta euren kokapena aldatzea.

Haize-sorgailu kopurua aldatuko da, eta 7 izatetik 4 izatera pasatuko dira, toki hauetan kokatuak:

II.3. Parke eolikoaren poligonalaren aldaketa.

Parke eolikoaren poligonalaren edo UPSaren arau-esparruaren D erpina aldatuko da, 7B haize-sorgailua onetsi den poligonaletik kanpo geratzen delako. Aipatu poligonalaren azalera ere aldatzen da, 147,53 hektareatik 149,91 hektareara. Eragindako lur berriak herri-lurrak dira, eta Ablitas II parke eolikoaren poligonalaren barruan daude.

II.4. Barne zirkuituko tentsioa eta eta azpiestazioa aldatzea.

Parke eolikoaren tentsio ertaineko sarea 66/20 kV-etik 66/30 kV-era pasatzea proposatzen da. Horren ondorioz, azpiestazioaren potentzia ere aldatzea proposatzen da, 66/20 kV 45 MVA-tik 66/30 kV 45 MVA-ra.

Haize-sorgailuen kokapenak aldatzearen ondorioz, onetsitako tentsio ertaineko sareko 2 zirkuituetatik 1 baino ez da geratuko.

II.5. Sartzeko bideak aldatzea.

Haize-sorgailuen osagaiak handiagoak izatea proposatzen denez, beharrezkoa da parkera sartzeko trazadura aldatzea, eta bideen zabalera handiagotzea, garraioa errazteko. Parkera sartzeko bideen zabalera 5 metrotik 6 metrora handiagotzea proposatzen da. Halaber, ezponden distribuzioa ere aldatzea proposatzen da, 1H/1V distribuziotik 2H/1V distribuziora pasatuz, H eta V norabide horizontalak eta bertikalak izanik, eta zenbakiak ezponden dimentsioak.

Dauden bideen luzera 2.800 m-tik 4.038,8 m-ra pasatuko da, eta bide berrien luzera 2.423 m-tik 1.569 m-ra pasatuko da.

Parkeko barne bideetarako, zortasun-eremua 5 m-tik 8 m-ra pasatzea proposatzen da, hau da, 4 m ardatzaren alde bakoitzetik.

II.6. Dokumentazioa eguneratzea.

Lehen esandako aldaketak direla-eta, ondoko dokumentu hauek gaurkotuko dira:

–Ukituen zerrenda.

–Erabileren erregulazioaren taula. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak ezartzen duenaren arabera egokituko dela seinalatzen da, baina ez da erantsi.

–Ekoizpenaren azterketak.

–Aurrekontua.

–Aztarnategi arkeologikoen zerrenda. Esaten da onetsi den dokumentuan “La degollada I” aztarnategi arkeologikoa aipatzen dela, eta dokumentu berrian, aldiz, hiru: La degollada I”, “La degollada II” eta “La degollada III”.

III.–Kontuan hartu beharrekoak.

III.1. Lurralde antolamenduko planak eta hirigintzako udal planeamenduak parke eolikoen ezarpena arautzen duen 125/1996 Foru Dekretuari egokitzea.

Atal honetan baloratzen da ea haize-sorgailuentzat proposatzen diren tokiak egokiak zaizkion Nafarroako Foru Komunitatean parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuak (2. artikulua), lurralde antolamenduko planek eta hirigintzako udal planeamenduek ezartzen dutenari. Gainerako afekzio sektorialen balorazioa egiten da, kasu bakoitzean, erabiltzen ari den gaian eskuduna den organoen txostenetan, eta erabaki honen ondorengo ataletan biltzen da (IV.Txosten sektorialak eta V. Ingurumen arloko tramitazioa).

Haize-sorgailuentzat orain ematen diren kokapenak gaur egun indarrean dagoen hirigintza planeamenduan (2015eko Ablitasko UPOa) horrela daude sailkatuta: natura aldetik ustiatzeko babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa, nekazaritza eta abeltzaintza aldetik ustiatzeko balio ertaina duena, natura aldetik ustiatzeko gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa, nekazaritza eta abeltzaintza aldetik ustiatzeko balio ertaina duena, eta jardun berezietarako - haize-sorgailua/Parke eolikoa gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa.

Goian aipatutako 125/1996 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, kategoria horietako lurzoru urbanizaezinak kokaleku egokiak dira parke eolikoak ezartzeko. Beste alde batetik, proposatzen diren instalazioak ez dira bateraezinak aipatu UPOaren “Lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabileren bateragarritasunen taula”rekin.

Lurralde antolamenduko planei dagokienez, Ebroko Ardatza LAP-5 bereziki, kokapenek ez diete eragiten tresna horrek babesten dituen lurzoruei edo zedarritzen dituen babes bereziko eremuei.

III.2. Beste arrazoi batzuk.

Dokumentuak erabilerak arautzeko taula egokitzen dela esaten badu ere, taula egokitua ez da bidali. Hala ere, parke eolikoaren inguruan Ablitas II izeneko beste bat berriki onetsi denez, sustatzaile berberak sustatua, koherenteagotzat jotzen da bi UPSen edo parke eolikoen (Ablitas I eta Ablitas II) araudia berbera izan dadin. Hori dela-eta, araudia aldatu eta”Plan Eoliko Estrategiko” UPSkoari egokituko zaio 2018/02/16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenari, berriago eta, beraz, gaurkotuagoa delako.

Aipatu araudi horretan jasotzen da parke eolikoko bideetarako zortasun eremua 5 m-koa izango dela (2,5 m ardatzaren alde bakoitzean). Parkeko barne bideetarako, zortasun-eremua 5 m-tik 8 m-ra pasatzea proposatzen da, hau da, 4 m ardatzaren alde bakoitzetik.

Zortasunaren handiagotze hau justifikatu beharko da, eta hala badagokio ondoko parke eolikoari (Ablitas II) eta ondorioz “Plan eoliko estrategikoa” UPSari planteatu.

Aztarnategi arkeologikoen zerrendari dagokionez, Arkeologiako Atalak adierazten duenari egingo zaio kasu.

Azkenik, sustatzaileak jakinarazi du AP-68 autopistaren gaineko zubia Ablitas II parke eolikoaren tentsio ertaineko sarearen tarte bat finkatzeko erabiltzearen aurkako txosten bat duela. Horregatik Ablitas I parke eolikoaren ebakuazio-linearen trazadura erabiltzea proiektatzen du; horrek esan nahi du aipatu linea horren 1. eta 2. bermeen egitura aldatu behar dela, beste zirkuitu bat egin behar dela Ablitas I parke eolikoaren goi tentsioko linearako, eta beste zirkuitu bat Ablitas II tentsio ertaineko sarerako. Aldaketa hauek “Plan Eoliko Estrategiko” UPSaren aldaketa espedientean ere sartu dira. Egun espediente hori tramitatzen ari da. Aldaketa honen helburua kontuan hartuta, hau da, Ablitas II parke eolikoaren ebakuaziorako instalazioak aldatzea, hori ezin da sartu aldaketa espediente honetan, eta “Plan Eoliko Estrategikoa” UPSaren aldaketa espediente batean hartu behar da aintzat.

IV.–Txosten sektorialak.

Espedientean ondoren aipatzen diren txostenak daude. Txostenak eskatu zaizkie, halaber, Arkeologia Atalari eta Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, “Nafarroako Ubidearen 2. faseko eremu ureztagarriak” ukitzen ote dituen. Txosten horien ondorioak kontuan hartuko dira espedienteari buruzko ebazpenean.

IV.1. Azpiegitura Energetikoen Ataleko txostena.

Eólica Navarra, SLU enpresak aurkeztu duen dokumentuak instalatu beharreko haize-sorgailuen kopuruaren murrizketa dakar, besteak beste. 2012ko urrian onetsi zen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean agertzen ziren 7 haize-sorgailuak kendu, eta haien ordez 3,465 MW-eko G132 ereduko edo antzeko ereduko 4 haize-sorgailu jarri nahi dira. Dokumentu hori ikusita, Azpiegitura Energetikoen Atalak honako hau esan nahi du:

–2018ko apirilaren 24an, Eólica Navarra, SLU enpresak Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari eskatu zizkiola aldez aurreko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa Ablitas I parke eolikoarentzat, bere azpiestazioarentzat eta ebakuaziorako linea elektrikoarentzat.

–Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duela “ezin izango dela sorkuntzarako instalazioetako administrazio baimenik eman titularrak aldez aurretik ez baditu lortu banaketa edo garraio sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak”.

–2017ko azaroaren 16an sustatzaile batzuek era koordinatuan eskatu dutela beren instalazioak La Serna azpiestazioko 400 kV-eko sisteman sartu eta konektatzeko. Instalazio hauen potentzia, guztira, 670,46 MW da.

Proiektuen kasuistika kontuan hartuta, bi konexio-fase behar dira sustatzaileen exekuzio-konpromisoak betetzeko; hartara, beharrezkoa da parke eolikoetakoren batek behin-behineko baimena izatea sartu eta konektatzeko 220 kV-eko sisteman, 400 kV-eko behin betikoa garatzen den arte.

Horregatik, 2017ko azaroaren 16an, sustatzaile horiek, 400 kV-eko sisteman sartu eta konektatzeko baimena eskatzeaz gain, Red Eléctrica de España, SAUri jakinarazi diote instalazioetako batzuek sortzen duten energia, aldi baterako, 220 kV-eko sistematik ebakuatu behar dutela. Zehatz esateko, lehenagoko taulan “F1 fasea” izenpean aipatzen diren parkeak izango dira aldi batez beren energia 220 kV-eko sistematik ebakuatuko dutenak. Instalazio hauen potentzia, guztira, 337,76 MW da.

–2018ko urtarrilaren 30ean, Red Eléctrica de España, SAUk txosten bat argitaratu duela (erreferentzia: DDS.DAR.18–142), zeinak esaten baitu lehenagoko taulan biltzen den La Serna 400 kV-eko korapilotik ebakuatzea “teknikoki bideragarria dela”, sartu eta konektatzeko baimena ez bada ere. La Serna 220 kV-en aurreikusitako behin-behineko konexiorako (“1. Fasea”), garraio sarearen kudeatzaileak ere esaten du “teknikoki bideragarria dela”.

IV.2. Herri-lurren Atalaren txostena.

Atal honek, 2018ko maiatzaren 7an, hau adierazi zuen: “aurkeztu den dokumentazioan ez da esaten Empresa Eólica Navarra, SLU enpresak nola jokatzeko asmoa duen obrek ukitzen dituzten lurretan sartzeko. Nahitaezko desjabetze bidea hartzen bada ez da beharrezkoa izanen inolako baimenik eskatzea atal honi. Horrela ez balitz, parkea instalatuko den lurren desafektazioa adostu beharko litzateke, eta ebakuaziorako linea elektrikoak ukitutako lursailen okupazioa baimendu beharko litzateke, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. eta 172. artikuluekin bat. Beraz, bigarren kasu honetarako, Ablitasko Udalari bidaltzen zaion txostenean (bera baita ukitutako herri-lurren titularra), honako hau sartu beharko litzateke: ‘Eólica Navarra, SLU enpresak egin behar duen jarduerak herri-lurrak ukitzen dituenez, batetik Ablitasko Udalak Ablitas 1 parke eolikoa instalatu nahi den herri-lurraren desafektazioa, eta bestetik, parke horren ebakuaziorako linea elektrikoa joango den herri-lurra okupatzeko baimena lortu beharko lituzke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, beharrezkoak diren tramiteen egiaztagiriak eta espedienteak ukitzen dituen lur-zatien zerrenda aurkeztu beharko lituzke, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. eta 172. artikuluek ezartzen dutenarekin bat etorriz’.

IV.3. Abiazio Zibilaren Zuzendaritzaren txostena.

Abiltasko aerodromoa erlatiboki hurbil dagoenez gero, txostena eskatu zaio zuzendaritza horri. Zuzendaritza horrek, 2018ko apirilaren 23an, adierazi zuen Ablitasko (Nafarroa) udal-mugartean ez dagoela interes orokorrekoa den ezein aireporturen zerbitzu-eremurik, eta proiektuak ez duela ukitzen hegazkin instalazio zibilen zortasun aeronautikoei lotutako espaziorik, eta beraz, zuzendaritza horrek ez duela eskumenik txostena egiteko “Ablitasko parke eolikoaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren Aldaketa” proiektuari buruz.

Hala ere, gogorarazten du 584/72 Dekretuaren 8. artikuluaren gaur egungo testuaren arabera, edozein eraikuntza edo egitura (zutabeak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne– eta abar) jartzeko eta haiek eraikitzeko beharrezko baliabideak (eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne) instalatzeko, baldin lurretik gora (edo itsas mailatik gora, ur jurisdikzionalen barrenean) 100 metro baino gehiago altxatzen bada, Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziak (AESA) aldez aurretik hartu beharko duela erabakia aireko eragiketetako segurtasunean duten eraginari buruz.

V.–Ingurumen arloko tramitazioa.

Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoak, 2018ko abuztuaren 1ean, adierazi du “Espedientean dagoen dokumentazioan badagoela ‘aldaketa proposamenaren ingurumen afekzioak biltzen dituen dokumentua’, baita proiektatu diren aldaketak biltzen dituzten planoak eta dokumentu tekniko bat. Horrenbestez, bidezkoa da dokumentazio hau guztia jendaurrean jartzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 51. artikuluan aurreikusitako ondorioak izan ditzan”.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2018ko irailaren 19ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Ablitasko Parke Eolikoa” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea, haize-sorgailuak birkokatu eta beren kopurua murrizteari buruzkoa, Eólica Navarra SL enpresak sustatua.

2. Adieraztea espedientea ebazten denean erabaki honetan eta honi dagozkion txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dela.

3. Espedientea jendaurrean jartzea hogeita hamar egunez, eta, aldi berean, entzunaldiko tramitea ematea ukitzen dituen udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, 31005 Iruña). Aipatu epean egoki jotzen diren alegazioak aurkezten ahalko dira, idatziz.

Dokumentua, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

4. Era berean, jendaurrean jartzea espedientea, epe berean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 51. artikuluan aurreikusitako ondorioak izan ditzan.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Herri-lurren Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, eta jakinaraztea Abiazio Zibilaren Zuzendaritzari Ablitasko eta Ribaforadako udalei eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1812334