206. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

417E/2018 EBAZPENA, irailaren 13koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita 2019ko deialdia diru-laguntza publikoak emateko lehentasunez langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 418337.

Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak biltzen ditu, lanbide prestakuntzaren ekimenen barrenean, kontratazio konpromisoa duten prestakuntza programak, langabeei zuzendutakoak (8.1.c artikulua), eta xedatzen du haiek finantzatzeko diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emanen direla.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 4an emandako 49E/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan lehentasunez langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntza publikoen deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi dira.

Lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren onespenak beharrezkoa egin zuen aipatu deialdiaren oinarri arautzaileak arau horretara egokitzea. Aldaketa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 15eko 256E/2017 Ebazpenaren bidez egin zen.

Aipatutako diru-laguntzak kudeatutako diru-laguntzak dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzea, berriz, beste administrazio publiko batzuei.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Bidezkoa da, beraz, gastua baimentzea 2019an Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan diru-laguntzak emateko lehentasunez langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzen finantziaziorako.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2019ko deialdia onestea diru-laguntza publikoak emateko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan lehentasunez langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzen finantziaziorako.

2. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen edo beste partida baliokide baten kargura: “Enplegu konpromisoa duten eta hainbat taldetarako diren prestakuntza ekintzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002 96200 4709 242104 partida. Horretarako, edonola ere, aurrekontuan dirua egon behar du.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko irailaren 13an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1812183