Iragarkia
204. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
487/2018 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna arautzeko 2018-2019 ikasturtean.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, bi helbururekin: alde batetik, araubide bereziko irakaskuntzak urrutiko modalitatean emateko eta, bestetik, Bigarren Hezkuntzako hizkuntzen curriculuma araubide bereziko irakaskuntzen curriculumarekin bateratzen duten ikastetxeetan lankidetza programa garatzeko. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin egiten den lankidetzak Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialari izaera estrategikoa ematen dio irakasleek prestakuntza eta ziurtagiria lortzeko, baita unibertsitateko ikasleen ziurtagiriei buruz aholku emateko ere.
Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuaren bidez (haren bidez egokitu zen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua) ezarri ziren Nafarroan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko curriculumak.
Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2018-2019 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketak eta jardunak 2018-2019 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratzea: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/instrucciones-de-inicio-de-curso.
4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialera, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2018ko irailaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
ERANSKINA
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2018-2019 ikasturtean arautzeko jarraibideak
I.–Urrutiko irakaskuntza: That’s English! ikastaroa
1. Irakaskuntzak.
1.1. That’s English! ikastaroaren barnean, hizkuntza eskola ofizialen mailaketaren araberako oinarrizko eta tarteko mailetako ingeles ikasketak ematen dira, urrutiko modalitatean irakasteko behar diren curriculum-egokitzapenak eginda.
1.2. 2018-2019 ikasturtean, kurtsoak egitura hau izanen du:
–A1 oinarrizko maila: 1. eta 2. moduluak.
–A2 oinarrizko maila: 3., 4. eta 5. moduluak.
–B1 tarteko maila: 6., 7. eta 8. moduluak.
–B2.1 tarteko maila: 9. eta 10. moduluak.
–B2.2 tarteko maila: 11. eta 12. moduluak.
1.3. Ziurtapena duten mailak gainditzeko probak (A2 oinarrizko maila, B1 tarteko maila eta B2 tarteko maila) bat etorriko dira Nafarroako hizkuntza eskola ofizial guztiek maila horien ziurtagiria lortzeko ezartzen dituztenekin.
2. Ikasleak onartzeko irizpideak.
2.1. Urrutiko irakaskuntza hauetan sartzeko, ezinbestekoa izanen da hamasei urte beterik izatea ikasketak hasten diren urtean.
2.2. Oinarrizko mailako bigarren kurtsoan sartzeko eta tarteko B2 eta B1 mailetan sartzeko, irakaskuntza hauetarako baldintza orokorrez gain, honako baldintza hauetako bat bete eta frogatu beharko da:
2.2.1. A2 oinarrizko mailan sartzeko betebeharrak:
–Irakaskuntza hauetako lehen ikasmaila gainditua izatea, bertaratzeko modalitatean nahiz urrutikoan.
–Oinarrizko mailako 1. modulua gainditurik izatea. Kasu horretan, abenduko deialdian 2. modulua gainditu beharko da mailako bigarren ikasmailako moduluetan ebaluatua izateko.
–Dagokion mailan sartzeko sarrera proba gainditzea.
2.2.2. B1 tarteko mailan sartzeko betebeharrak:
–A2 oinarrizko maila gainditua izatea, bertaratzeko modalitatean nahiz urrutikoan.
–Batxilergoko titulua izatea, bertan ingelesa ikasi bada atzerriko lehen hizkuntza gisa.
–That’s English! ikastaroko 1-5 moduluak gaindituak izatea.
–Dagokion mailan sartzeko sarrera proba gainditzea.
2.2.3. B2.1 tarteko mailan sartzeko betebeharrak:
–B1 tarteko maila gainditua izatea, bertaratzeko modalitatean nahiz urrutikoan.
–That’s English! ikastaroko 6-8 moduluak gaindituak izatea.
–Dagokion mailan sartzeko sarrera proba gainditzea.
2.2.4. B2.2 tarteko mailan sartzeko betebeharrak:
–B2.1 tarteko maila gainditua izatea, bertaratzeko modalitatean nahiz urrutikoan.
–That’s English! ikastaroko 9-10 moduluak gaindituak izatea.
–Dagokion mailan sartzeko sarrera proba gainditzea.
–Batxilergoko titulua izatea, bertan ingelesa ikasi bada atzerriko lehen hizkuntza gisa.
Mailaketa proba uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan aurrez ikusita dago, eta honako hauentzat da: aurretik ingelesa jakinik, aurreko mailak gainditu gabe oinarrizko mailako bigarren kurtsoan edo tarteko mailan sartu nahi duten pertsonentzat. Aipatu proba ikasturtearen hasieran eginen da.
Mailaketa proba gainditzeak ez du ondorio akademikorik sortuko, eta 2018-2019 ikasturterako izanen du balioa.
Mailako proba bat gainditu ezean, ikasturte berean ezin izanen da goragoko mailan sartzeko probarik egin.
Hori hala izanik ere, ingeleseko departamentuak kontuan izan ditzake, ikasle berri bat kokatzeko, ikasle horrek alegatutako gaitasunak, abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak adierazi bezala (3.4 artikulua).
That’s English! programa Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren mailekin bateragarri egiten duen ingeles ikastaro batean matrikulatzen dira That’s English! ikastaroko ikasleak. Hala ere, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasle ofizialtzat joko dira, eta ezin izanen dira aldi beran hizkuntza berean matrikulatu beste hizkuntza eskola ofizial batean, ez ikasle ofizial gisa ez ikasle libre gisa.
2.3. Beren ingeles mailaren ziurtagiri ofiziala lortzen ez duten edo lortu nahi ez duten ikasleak, 5. edo 8. modulua gainditu eta gero, goragoko mailan matrikulatzen ahalko dira, hots, 6 edo 9. moduluan. Horrela, ikasleen jarraipena ziurtatuko da, nahiz eta ziurtagiririk ez izan.
3. Matrikulazioa eta deialdi kopuruaren muga.
That’s English! ikastaroan matrikulatzeko epea 2018ko urriaren 31n bukatuko da. Bere webgunean argitaratuko ditu Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak egoitza bakoitzerako matrikulazio-epeak.
Matrikulatzeko epe orokorraren barnean, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak epe berariazkoak ezarriko ditu aurreko urtean matrikulatutako ikasleentzat, lehenbiziko mailako ikasle berrientzat eta gainerako ikasleentzat.
Eskaintzen diren ikaspostuen kopurua mugatua denez, matrikularen hurrenkeraren arabera esleituko dira. Horri dagokionez, matrikularen inprimakia aurkeztu eta banketxeak balioztatutako ordainketa egiten denean joko da erabat egintzat matrikula.
Material didaktikoa Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen da, matrikula formalizatu ondoren betiere.
Aurreinskripzioa Internet bidez egiten ahalko da.
Izena aurrenekoz ematen duten ikasleek, dagozkion tasen ordainagiriaz gainera, nortasun agiri nazionalaren fotokopia eta bi argazki erantsiko dizkiote matrikula orriari.
Mailakatze proba egitea eskatzen duenak ez du matrikula egiterik izanen emaitza jakin arte.
2018-2019 ikasturterako ezarritako kostua honako hau da:
Zerbitzu orokorrak | 10,10 euro |
Lehen inskripzioa | 23,80 euro |
Matrikula | 45,00 euro |
Material didaktikoa eta tutoretza Pack osoa maila bakoitzeko | 182,00 euro |
Maila errepikatzen duten ikasleak Jardueren koadernoa eta gida | 91,00 euro |
Familia unitate bateko ikasleak (gurasoak eta seme-alabak, anai-arrebak, ezkontideak eta izatezko bikoteko kideak) | 91,00 euro |
Familia ugaria, 1. kategoriakoa Pack osoa maila bakoitzeko | 91,00 euro |
Familia ugaria, 2. kategoriakoa Pack osoa maila bakoitzeko | 0,00 euro |
Araubide orokorreko edo bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetan lanean ari diren langileak Pack osoa maila bakoitzeko | 91,00 euro |
%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten ikasleak Pack osoa maila bakoitzeko | 0,00 euro |
Terrorismoaren biktimak | 0,00 euro |
Aurrenekoz matrikulatzen den ikasleak 23,80 euro ordaindu beharko ditu espedientea ireki eta kudeatzeko gastuetarako, 182 euro tutoretza eta bitarteko didaktikoak ordaintzeko, eta 45 euro matrikularako.
Kasu bakar batean itzul liteke material didaktikoagatik eta tutoretzagatik ordaindutakoa: matrikula interesdunari ezin lepora dakizkiokeen arrazoiengatik baliogabetzen denean. Itzulketa eskatzeko epea 2018ko abenduaren 15ean bukatuko da.
Matrikularako ordaindutako 45 euroak ez dira itzuliko baldin eta deuseztatzeko eskaera 2018ko irailaren 25etik aurrera aurkezten bada, egun horretan hasiko baitira eskolak.
Espedientea ireki eta kudeatzeko gastuengatik ordaintzen diren zenbatekoak ez dira itzuliko matrikula deuseztatzen bada.
Ikasleak bizilekua aldatzen duenean espedientearen lekualdaketa egiteko eskaerak jatorrizko ikastetxearen bidez tramitatuko dira, interesdunak eskaturik, destinoko ikastetxean ikasposturik badela berretsi eta gero.
4. Tutoretzarako ikastetxeak.
2018-2019 ikasturtean tutoretzarako ikastetxe hauek izanen dira:
IKASTETXEA | HERRIA | MAILAK |
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren egoitza | Iruña | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
Alhama BHI | Corella | A1, A2, B1 |
Tierra Estella BHI | Lizarra | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
Sierra de Leyre BHI | Zangoza | A1, A2, B1, B2.1 |
Mendaur DBHI | Doneztebe | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
Tafallako IBP | Tafalla | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
Valle del Ebro BHI | Tutera | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
Ribera del Arga BHI | Azkoien | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
Altsasu BHI | Altsasu | A1, A2, B1 |
El Camino DBHI | Viana | A1, A2, B1, B2.1, B2.2 |
5. That’s English! ikastaroa ematen duten irakasle tutoreak.
That’s English! ikastaroa ematen duten irakasleak Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen edo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoak izanen dira. Eskualdeetarako ezarritako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako plantillako irakasleek emanen dute, beren ohiko ordutegian, ikasturte osorako eskaintza horretan ariko direla konpromisoa hartuta, bai ikasleen tutoretzari bai ebaluazioari dagokien guztian.
Irakasle tutoreak, bere ordutegiaren barrenean, astero ordubete eginen du talde bakoitzarekin ahozko praktikako saioa egiteko, oinarrizko mailen kasuan, eta bi ordu erdiko mailan. Horretaz aparte, behar adinako denbora ere hartuko du idatzizko jarduerak eta moduluko probak zuzentzeko, idatzizko azterketak zaintzeko eta zuzentzeko, eta ahozko proben epaimahaietan esku hartzeko. Deitutako koordinazio-bileretara ere joan beharko dute.
6. Tutoretzako arreta.
Ikasleek, ikasturtean zehar, ordubeteko saioa izanen dute astean tutorearekin A1 eta A2 mailetan, eta bi ordukoa B1, B2.1 eta B2.2 mailetan. Saioak taldeetan eginen dira, eta borondatezkoa izanen da haietara joatea. Dena dela, hilabeteko kontrola eginen da ikasleak ikastaroan duten asistentzia aztertzeko.
7. Material didaktikoak.
Urrutiko Hezkuntzaren Berrikuntzarako eta Garapenerako Zentroak eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak zuzendu eta koordinatuko dute material didaktikoen banaketa.
Ikasle berriak matrikulatu den ikasmailaren material guztia jasoko du (testuliburuak, material osagarriak eta ikus-entzunezko materiala), eta, horrekin batera, jarraibide osagarriak.
Maila errepikatzen duten ikasleek matrikulatu diren ikasmailari dagozkion ariketa koadernoa eta gidaliburu osagarria jasoko dituzte.
8. Ebaluazioa.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala arduratuko da modulu guztien ebaluazio proben antolaketaz, aplikazioaz eta zuzenketaz.
Kurtso bateko edozein modulu gainditzeak, automatikoki, ikasmaila bereko aurrekoak gainditzea dakar berarekin. Edonola ere, ikasmaila bat gainditzeko maila horretako azken modulua gainditu behar da.
Ikasturtean zehar idatzizko ebaluazio proba batzuk eginen dira A1, A2, B1, B2.1 eta B2.2 mailetan, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak ezartzen duen egutegiaren arabera.
Modulu bakoitza gainditzeak akreditazio bat lortzea dakar. Akreditazio horrek, hezkuntza mota honen ondorioetarako, gainditutako proben balio iraunkorra bermatuko du.
9. Erreklamazioak.
Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat, ikasleek eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko. Ikastetxeek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren beren agirietan.
II.–Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko lankidetza programa.
1. Lankidetzaren xede diren irakaskuntzak eta hizkuntzak.
1.1. Ezaugarriak.
Hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntzak bere ezaugarriak ditu araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetan eta beste batzuk Bigarren Hezkuntzakoetan. Nolanahi ere, biek dituzte hizkuntza helburu eta eduki komun batzuk, ikaskuntza bateragarri bihurtzen dutenak. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lankidetzan aritzeko programari esker, Bigarren Hezkuntzako ikasleek ikasten dituzten hizkuntzen ziurtapen ofizialak izan ditzakete. Maila jakin batzuetako ziurtapenak lortzeko, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proba gainditzea.
2018-2019 ikasturtean lankidetzaren barrenean sartzen diren hizkuntzak frantsesa, ingelesa, euskara eta alemana izanen dira.
Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuan ezartzen dira araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzetako curriculumak.
Irakaskuntza horiek kasuan kasuko hizkuntzaren ohiko ordutegian jasoko dituzte ikasleek, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako irakasleek emanik.
Programa honetarako laguntza klaserik antolatzen bada, borondatezkoak izanen dira ikasleentzat.
1.2. Mailen egokitzapena.
1.2.1. Oro har, araubide bateko eta besteko ikasketak batera eginez gero, mailen egokitzapen hauek ezarriko dira:
Alemana Atz. Hizk. 2 | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
Oinarrizko A2 maila | DBHko 3. eta 4. mailak |
Tarteko B1 maila | DBHko 4. maila / Batxilergoa |
Frantsesa AH2 | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
Oinarrizko A2 maila | DBHko 3. eta 4. mailak |
Tarteko B1 maila | DBHko 4. maila / Batxilergoa |
Tarteko B2 maila | Batxilergoa |
Euskara. A eredua | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
Oinarrizko A2 maila | DBHko 3. eta 4. mailak |
Tarteko B1 maila | DBHko 4. maila / Batxilergoa |
Tarteko B2 maila | Batxilergoa |
Euskara. D eredua | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
Tarteko B2 maila | DBHko 4. maila |
C1 Maila Aurreratua | Batxilergoa |
Ingelesa | |
NUHEOko maila | Bigarren Hezkuntzako maila |
Tarteko B1 maila | DBHko 4. maila / Batxilergoa / LH |
Tarteko B2 maila | Batxilergoa / LH DBHko 4. maila (Programa eleaniztuna) |
Aurrekoa gorabehera, ikasle baten hizkuntza biografiak frogatzen badu goragoko maila bateko ziurtatze batera pasa daitekeela, ikasle horrek aukera du alemanaren, euskararen, frantsesaren eta ingelesaren B1, B2 eta C1 mailak ziurtatzeko.
1.2.2. Lanbide Heziketako zentroetako ikasleak NUHEOko Bigarren Hezkuntzako Lankidetza Programan matrikulatzen ahalko dira.
Ikastetxe bakoitzaren espezialitateen arabera aztertuko dira egokitzapenak.
2. Beste jarraibide batzuk.
2.1. “Ez gai” kalifikazioa jasotzen duten ikasleek maila errepikatzen ahal dute, betiere Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren ikastetxe laguntzaile batean jarraitzen badu.
2.2. NUHEOko lankidetza programarekin lehendabiziko aldiz bat egiten duten ikasleak kasuan kasuko mailan matrikula daitezke, indarra duten egokitzapenen arabera, HEOko aurreko maila frogatu beharrik gabe. Aurrekoa gorabehera, “ez gai” kalifikazioa eman zaion ikaslea ezin izanen da pasatu goragoko mailara hurrengo deialdian.
2.3. Ikasturte bat atzerrian eginen duten ikastetxe baimendu bateko ikasleek berdin egin beharko dute matrikula, eta ezarritako baldintza orokorrak bete.
3. Ikastetxe laguntzaileentzako baimena.
Programan parte hartu nahi duten ikastetxeek Hezkuntza Departamentuari eskatu beharko diote baimena, urriaren 18ko 583/1995 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz. Eskaera ikastetxeko zuzendariak egin behar du, Eskola Kontseiluaren oniritziarekin betiere.
Hezkuntza Departamentuak horri buruzko ebazpena emanen du, eta, horretarako, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak hartuko ditu kontuan.
Lankidetzan hasirik dauden ikastetxe eta institutuek konpromisoari eutsi beharko diote, programan hasi eta hizkuntza ikasten ari diren ikasleek ikastetxeari baimendu zaion heziketa amaitu arte behintzat, betiere ikasleek modu egokian aurreratzen badute.
4. Ikasleak.
4.1. Onarpena eta matrikulazioa.
a) Hezkuntza Departamentuaren baimena duten Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleentzat borondatezkoa da programa honetan parte hartzea.
b) Ikastetxeek behar diren neurriak ezarriko dituzte programan sartzen diren ikasle berriak modu egokian kokatzeko. Neurri horiek ez dute inola ere ondoriorik izanen ikasketetan, eta ez zaizkie aplikatuko kasuan kasuko urteko azterketaren probak gainditu ez dituztenei.
c) Ikasleek, haien ikastetxeko irakasleen bidez, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean tramitatu beharko dute matrikula, eta, horretarako, Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza horietarako ezartzen dituen tarifak ordaindu beharko dituzte.
d) Zerbitzu orokorretarako edo aurreneko izen-ematerako ordaindutako tasak ez dira itzuliko.
e) Matrikulari uko egiteko epe eta baldintzei dagokien guztia uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan eta irailaren 11ko 149/2008 Foru Aginduan ezarritakoari lotuko zaio.
f) Edozein kasutan, matrikula deuseztatzeak ez du berarekin ekarriko ordaindutako tasak itzultzea baldin eta eskaera eskolak behin hasita daudenean egiten bada.
g) Ikasleak ezin izanen dira matrikulatu hizkuntza horrexetan aldi berean (urte berean) beste hizkuntza eskola ofizial batean.
4.2. Bateratzeak.
Ikastetxe laguntzaile bakoitzak erabakiko du zein den barne antolamendurako formula aproposena bere plantillaren ezaugarri eta aukeretarako.
5. Ebaluazioa.
5.1. Eskualdekatzea, azterketak egin ahal izateko.
Programako ikastetxeak hainbeste direnez eta hain sakabanaturik daudenez, eskualdeak sortuko dira azterketak egiteko (idatzizkoak eta ahozkoak). Hori dela eta, hizkuntza bakoitzerako eskualdeburutzat jotzen diren ikastetxeetara joan beharko dute ikasle-irakasleek.
Ahozko probak ikastetxean bertan eginen dira. Dena dela, ebaluatu beharreko ikasle kopurua hamarretik beherakoa bada, ikaslearen jatorrizko ikastetxea ez den beste batean egitea erabaki daiteke.
5.2. Proben antolaketa eta aplikazioa.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleek antolatuko, aplikatuko eta zuzenduko dituzte idatzizko probak. Idatzizko azterketak zuzentzen eta ahozko probarako epaimahaiak eratzen parte hartuko dute Bigarren Hezkuntzako irakasle laguntzaileak, koordinatuta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko behar den departamentuarekin.
Idatzizko azken probak deialdi bateratuan eginen dira, egun berean eta ordu berean. Ikastetxe laguntzaile bat baino gehiago dagoen herrietan, modu zentralizatuan eginen dira, denak ikastetxe batean.
Ahozko proba egiteko epaimahai mistoak eratuko dira, eta, haietan, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle bat edo eskualdeko irakasle koordinatzaile bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle bat egonen dira. Salbuespen gisa, epaimahaian Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko bi irakasle egon litezke, edo Hezkuntza Departamentuak baimendutako irakasle funtzionarioak. Azkeneko kalifikazioaren erantzukizuna Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko kasuan kasuko departamentu didaktikoari dagokio.
Idatzizko probak egiteko, NUHEOko zuzendaritzak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe laguntzaileei eskatzen ahalko die laguntza, baita irakasle ez diren laguntzako langileei ere.
5.3. Erreklamazioak.
Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, gurasoek edo legezko tutoreek, eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko.
Ikastetxeek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren beren agirietan.
6. Bigarren Hezkuntzako programa koordinatzea.
Jarduketa-plan bat ezarri da Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta programako ikastetxe laguntzaileen arteko koordinaziorako:
6.1. Koordinazio lanak.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak ezarriko ditu Bigarren Hezkuntzako irakasle laguntzaileekin koordinatzeko lanak eta egutegia. Horretarako, bitarteko elektronikoak erabiliko dira lehentasunez, eta, ahal dela, joan-etorriak saihestuko dira.
Koordinazioak, besteak beste, lan hauei helduko die:
–Programazioaren jarraipena eta gauzatzearen balorazioa.
–Trebetasunak hartzeko erabilitako materialen eta jardueren egokitasunaren balorazioa.
–Ebaluazio irizpideen azterketa eta balorazioa.
–Proba-saioen azterketa eta balorazioa (esaterako, ahozko azterketen simulazioak edo hiruhilekoko idatzizko probak).
–Ahozko adierazpena ebaluatzeko probak egiteko euskarrien azterketa.
6.2. Eskualdeetako koordinazioa.
Bigarren Hezkuntzako lankidetza programako eskualdeekin koordinatzeko, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak eskualdeko koordinatzaile bat izanen du. Koordinatzailea bere destinoko ikastetxetik arituko da lanean, eta ikasturte akademiko osoarekin lotutako jarduketetarako izendatuko da, iraileko azterketen deialdia barnean dela.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren lanak deszentralizatzea eta irakasle laguntzaileei programa gauzatzeko erraztasunak ematea izanen da eskualdeetako koordinazioaren helburua.
2018-2019 ikasturterako, ikastetxe hauetatik eginen da eskualdeko koordinazioa:
HIZKUNTZA | BHI | HERRIA |
EUSKARA | Lekaroz | Lekaroz |
Sierra de Leyre | Zangoza | |
Aralarko San Migel | Altsasu | |
INGELESA | Mendaur DBHI | Doneztebe |
Tierra Estella | Lizarra | |
Valle del Ebro | Tutera | |
Ribera del Arga | Azkoien | |
FRANTSESA | Toki Ona | Bera |
Tierra Estella | Lizarra |
Iruñerriko ikastetxeetako koordinazioa Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren egoitzatik eginen da.
6.3. Eskualdeko koordinatzailearen eginkizunak hauexek dira:
Irailaren 1etik iraileko deialdi bereziaren ebaluazioa bukatzen den arte, eskualdeetako koordinatzaileek honako eginkizun hauek beteko dituzte:
–Programa koordinatzea bere eskualdeko ikastetxeetako irakasle laguntzaileekin, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko kasuko departamentuko buruaren jarraibideekin bat.
–Informazioa kudeatzea eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta programako irakasle laguntzaileen arteko lotura gisa lan egitea.
–Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzea bere eskualdean programa betetzearekin zerikusia duten alderdietan.
–Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lankidetzan aritzea matrikula kudeatzen eta programaren antolaketa eta logistika lanetan.
–Txostenak eta hobekuntzarako proposamenak egitea prestatuko duten azken memoria baten bidez.
–Ikasleen ebaluazioa egiten laguntzea.
Ebaluazio prozesuarekin loturiko eginkizunak hauek dira:
–Ahozko azken azterketen egutegia eta ordutegiak antolatzea.
–Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala ordezkatzea ahozko azterketetarako epaimahaietan.
–Idatzizko azterketak administratzea bere eskumeneko ikastetxeetan.
–Bere koordinaziopeko eskualdean idatzizko azterketen lehen zuzenketa kudeatzea eta bertan parte hartzea, kasuan kasuko departamentuaren jarraibideekin bat.
–Eskola bakoitzak deituriko estandarizazio bileretara joatea.
–Estandarizazio saioak antolatzea irakasle laguntzaileentzat.
–Bere eremuko proba orientagarriak edo proba-saioak kudeatzea, idatzizkoak zein ahozkoak izan.
–Probak berrikusteko eskaerei erantzutea, zuzenketarako erabilitako deskribatzaileak azalduz.
Eskualdeko irakasle laguntzaileekin koordinatzeko, bitarteko birtualak erabiltzeko ahalegina eginen da, komunikazioa errazteko eta joan-etorriak ahalik eta gutxien izan daitezen.
7. Irakasle laguntzaileak.
Irakasle laguntzaileak Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko lankidetza programa Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dutenak dira.
7.1. Irakasle laguntzaileek eginkizun eta betebehar hauek izanen dituzte:
–Programan matrikulatutako ikasleak prestatzea kasuan kasuko hizkuntza irakaskuntzen ziurtagiria lortzeko.
–Koordinazio jardueretan parte hartzea eta programatutako estandarizazio lanak egitea.
–Ikasleen ebaluazioan parte hartzea, bai proba orientagarrietan (idatzizkoak eta ahozkoak), bai ziurtagiria lortzeko probetan (zaintza, idatzizko proben zuzenketa eta ahozko probetarako epaimahaiak).
–Ikasleei matrikulazio eta ebaluazio prozesuetan informazioa emateko lanean laguntzea.
7.2. Programa honetan laguntzaile izateagatik konpentsazio hauek jasoko dira:
7.2.1. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren lankidetzaren xede diren hizkuntza departamentuei irakastordu bat emanen zaie programan matrikulatutako 25 ikasleko.
Irakastordu bat esleituko da mailako, ikasle kopurua 10etik gorakoa bada.
Hizkuntza batean bi hizkuntza-maila baino gehiago badaude, bi irakastordu esleituko dira, gutxienez.
7.2.2. Diru-ordaina emanen zaie irakasle laguntzaileei honako lan hauek betetzeagatik, betiere irakasleen ohiko ordutegitik kanpo egiten badituzte:
–Ziurtagiria lortzeko azterketetan zainketa lana egitea.
–Idatzizko azterketak zuzentzea.
–Ahozko probetarako epaimahaiak.
Aurreko 7.2.1. puntuan aipatzen den ordu-konpentsazioa duten irakasle laguntzaile guztiek urtean 5 lanordu eman beharko dituzte NUHEOren ebaluazioan (zaintza-lana ziurtagiria lortzeko azterketetan, idatzizko azterketen zuzenketa eta ahozko proben epaimahaiko lana) bakoitzari konpentsatutako eskola-ordu bakoitzeko.
Kalkulu horren gainetik dauden orduak ekonomikoki konpentsatuko dira.
NUHEOren departamentuko bakoitzeko buruek bere irizpidearen arabera esleituko dituzte zereginak.
III.–Ingeleseko irakasleak akreditatzeko programak.
Atzerriko hizkuntzak irakasteko behar diren hizkuntza egiaztapena eta ziurtapena errazteko asmoz eta irakasleek hizkuntza gaitasuna hobetzea sustatzeko helburuz, Hezkuntza Departamentuak B2 tarteko mailako eta C1 maila aurreratuko hizkuntzen ikastaroen deialdia egin du Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko ikastetxe publiko eta itunduetan jarduten duten irakasleei zuzenduta, baita UHUNek Nafarroan dituen zentroetako irakasleei ere.
1. Ikastaro motak eta ezaugarriak.
Ikastaroek bi saio izanen dituzte astean, bertaratu beharrekoak eta ordu eta erdikoak, eta irakasleek beste bi orduko online arretarekin osatuko dituzte, 2018ko irailetik 2019ko maiatzera bitarte.
1.1. Akreditazio ikastaroak, NUHEOko egoitzan.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleek irakatsiko eta ziurtatuko dituzte B2.1, B2.2 eta C1 ikasmailak, banaketa honekin:
MAILA | POSTU KOP. |
B2.1 | 25 |
B2.2 | 25 |
C1 | 50 |
1.2. Eskualdeetan Irakasleen Hizkuntza Gaitasuna Egiaztatzeko Programa.
Ingeles ikastaroak antolatuko dira B2.2 eta C1 mailak ziurtatzeko, Nafarroako ILZekin elkarlanean. 2018-2019 ikasturterako eskainitako taldeak eta mailak tokian tokiko eskariaren arabera ezarriko dira. Hezkuntza Departamentua arduratuko da ikastaro horiek antolatzeaz eta emateaz. NUHEOk eginen ditu ikasle horien matrikula eta ziurtapen probak.
2. Ziurtapena.
Bi deialdi ezartzen dira (maiatza-ekaina eta iraila) kasuan kasuko maila ziurtatzeko proba gainditzeko. Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen ziurtapen proba bateratuen egunetan eta moduan izanen dira.
3. Erreklamazioak.
Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, gurasoek edo legezko tutoreek, eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko. Ikastetxeek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren beren agirietan.
4. Asistentzia.
Ikastaro horietako ikasleek, ikastaroa errepikatzeko eskubidea izateko, asistentziaren %80ko betebeharra konplitu behar dute, bai eta bi deialdietan aurkeztu ere (ekaina eta iraila). Hizkuntza eskola ofizialek behar den prozedura zehaztuko dute asistentziaren kontrola egiteko.
5. Parte hartzeko baldintzak.
5.1. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako mailetako irakasle izatea, jardunean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko ikastetxe publikoetan edo itunduetan, edo NUPeko unibertsitate-irakaslea, edo UHUNek Nafarroan dituen zentro batekoa.
Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du irakaslea jardunean dagoela ikastetxe publikoen kasuan. Ikastetxe itunduetako irakasleek beren ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute matrikula egitean.
5.2. Kasuan kasuko aurreko maila gainditurik izatea. Kasuan kasuko maila ziurtagiriarekin frogatu beharko da betebehar hori. Hori hala izanik ere, ingeleseko departamentuak kontuan izan ditzake, ikasle berri bat kokatzeko, ikasle horrek alegatutako gaitasunak, abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak adierazi bezala (3.4 artikulua). Maisu-maistren kidegoko ingeleseko irakasleek ez dute zertan frogatu hizkuntza maila C1 mailan sartzeko.
IV.–Lankidetza hitzarmenak unibertsitateekin.
Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren bidez, alemaneko, euskarako, frantseseko eta ingeleseko B2ko eta C1eko ziurtagiri ofizialak eskuratzeko prozesua erraztuko die Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko ikasleei.
Programa honi heltzen dioten bi unibertsitateetako ikasleek eskubidea izanen dute Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen ziurtapen proba bateratuen bidez azterketa egiteko, hizkuntza eskoletako ikasleen modu berean.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak online arreta pertsonalizatua emanen die matrikulatutako ikasleei. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren plataforma birtualera sartzeko aukera izanen dute ikasle horiek.
Horri dagokionez, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak azterketarako aholkuak eta sostengua emanen dizkie, kostu ekonomikorik gabe, unibertsitateetako irakasleei, betiere bidezko denean horretarako egokiro ezarriko den bezala. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren plataforma birtualera sartzea izanen dute irakasle horiek.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak antolaketari buruzko kontuak koordinatuko ditu unibertsitateekin, matrikulari, koordinazioari eta proben aplikazioari dagokienez.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala arduratuko da, unibertsitateekin elkarlanean, ikasle horien matrikula eta ziurtapen probak antolatzeaz. Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen ziurtatze proba bateratuen egunetan eta moduan izanen dira.
V.–Ikastetxeko urteko programazio orokorra (UPO).
Zuzendaritza taldeak urteko programazio orokorra eginen du, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lan planak aintzat hartuta. Hezkuntza jarduerak modu koordinatuan gauzatzen direla bermatuko du programa horrek, eta hauek jasoko ditu:
1. Ikastetxeko ordutegi orokorra.
Ikastetxeko ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, eta kontuan hartuko du ikastetxearen jarduna astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen dela, goiz eta arratsaldeko txandekin.
Eskola-oporraldietan, behar diren bitartekoak jarriko dira ikastetxea goizez zabalik egon dadin.
Irakasleen hizkuntza egiaztapenetarako Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean ematen diren prestakuntza ikastaroak dagokien deialdian xedatutakoaren arabera arautuko dira. Ikasketaburuak eginen ditu ikasle horien ordutegiak eta kurtsoak ematen dituzten irakasleenak, Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen dituen jarraibideak betez.
2. Hobekuntza plana.
Hobekuntza planak, ikastetxearen egoeraren azterketatik abitatuta, ikuspegi orokor eta integratzaile batetik aurreikusitako hobekuntza helburuak lortzera zuzendutako jarduketa batzuk ezarriko ditu urtero, kontuan hartuta aurrera begira jarraitutasuna izan behar dutela.
Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak errendimenduaren eta eskolako jardunaren hobekuntzarekin lotura handiena duten helburuak hautatuko ditu, ikastetxearen diagnostikoaren arabera (emaitza akademikoak, departamentuko bilerak, klaustroaren erabakiak, etab.) hala ikusten direnak.
Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.
2.1. Autoebaluazioa eta hobekuntza plana.
Indarreko araudian jasotako ebaluazioaren esparruaren barnean, ikastetxeek 2017-2018 ikasturtean egindako autoebaluazioa eta horren ondorioz ezartzen duten diagnostikoa oinarri izanen dira ikastetxeko autoebaluazio txostenak prestatzeko.
Txosten horiek Irakaslanaren Biurteko Hobekuntza Plana prestatzeko informazio iturri izanen dira. Plan hori 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan garatuko da, eta ikastetxeek urteko programazio orokorrean sartu beharko dute.
Bai autoebaluazio prozesua bai horri lotutako irakaslanaren txostenen eta hobekuntza planen aurkezpena 2018-2019 ikasturtearen lehen hiruhilekoaren amaierara arte luzatzen ahalko dira, dagokion ikuskatzailearekin koordinatuta.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakaslanaren biurteko hobekuntza planen garapena eta ezarpena ikuskatuko ditu.
2.2. Proben zuzenketaren autoebaluazioa C1 mailan.
Idazmenaren eta mintzamenaren zatiak zuzentzeko irizpideak aplikatzeari buruzko datu objektiboak biltzeko, departamentu bakoitzak erregistratuko ditu ebaluatzaile bakoitzaren C1 mailako kalifikazioak, 2019ko ekaineko eta iraileko deialdietakoak.
Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak datu horiek jasoko ditu estatistikoki aztertzeko, eta ondorioak dagozkien eskoletako zuzendaritzekin partekatuko dira.
3. Departamentuen jarduketa-plana eta programazioak.
Departamentu bakoitzak, irailean, jarduketa-plan bat eginen du 2018-2019 ikasturterako, eta honako hauek izanen ditu bere barrenean:
a) Departamentuko bilerak, koordinazioko bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak.
b) Ziurtagiria lortzeko proben estandarizazio eta balidazio plana, euskarako departamentuaren kasuan, kontuan harturik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak horretarako ezartzen duena.
c) Atzerriko hizkuntzak unibertsitateko (Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea) ikasleei akreditatzeko plana, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren jarraibideei jarraikiz.
d) Gainera, ingeleseko departamentuak irakasleen maila ziurtatzeko ikastaro semipresentzialen programazio didaktikoa sartuko du (helburuak, edukiak, denboraren banaketa, metodologia eta ebaluatzeko eta kalifikatzeko irizpideak).
Programazioek zuzendaritzaren “ontzat emana” beharko dute, eta zuzendaritzaren eta departamentuko kideen eskura egonen dira.
4. Ikastetxeko prestakuntza plana.
Nahitaezko prestakuntzarako urtero 35 ordu ezartzen dira, eta bi multzotan sailkatuko dira: ikastetxearen prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Alde horretatik, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak prestakuntza instituzionalerako programa bat ezarriko du, ikastetxeko irakasle guztientzat, urtean gutxienez 12 ordukoa, hobekuntza planak atzemandako beharrei erantzunen diena. Programa horren edukia eta ikasturteko ordu banaketa ikastetxeko prestakuntza planean agertuko dira.
Bi prestakuntza motak bi ikasturteko epean egiten ahalko dira, betiere ikasturteko prestakuntzarako batez besteko ordu kopuruak aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen badu.
Zuzendaritza taldeak, departamentuko buruekin koordinatuta, ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, haien beharren eta hobekuntza planen arabera, betiere kontuan hartuta hizkuntza eskolen antolaketaren eta jardunaren berezko ezaugarriak. Nolanahi ere, ikastetxeko prestakuntza premiek lehentasuna izanen dute banakakoen interesen aldean.
5. Memoria administratiboa.
Urriaren 26a baino lehen, zuzendaritza taldeak memoria administratiboa prestatuko du, eta, horretan, besteak beste, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da.
Urteko programazio orokorra Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari emanen zaie 2018ko urriaren 30a baino lehen, onetsi eta ebaluatzeko.
Apirilaren 26a baino lehen, eskolak ekaineko jardueren behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, eta ekainaren 30a baino lehen, irailekoena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, eta baita horiei buruzko kontsultak egiteko aldia ere.
Ondoriorik aipagarrienak ikasturte bukaerako memorian jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da 2019ko uztailaren 3a baino lehen.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du eskolaren jardunbidea ikuspuntu pedagogikotik eta antolaketaren aldetik, eta egiaztatuko du urteko programazio orokorra bat datorrela jarraibide hauetan ezarritakoarekin. Bestetik, bidezkoak diren aldaketak adieraziko ditu.
6. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. ECOEDUCA kontabilitate sistema.
6.1. Educako koordinazioa:
Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.
Zuzendaritza taldeak bideak ezarri beharko ditu ikasturtean zehar laneratzen diren eta kudeaketa eginkizunak dituzten pertsonei Educaren gaineko jakintza eta erabilera bermatzeko. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta AZLri Educa plataformaren berri emateko. Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari buruzko atalaren barnean, jarraibideak eta bideotutorialak argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, funtzionaltasun berriak (GLPI-Educa tresna) eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura adierazten da.
“Ikasgelako koadernoa” moduluaren irudiarekin koherenteak izateko, Educa kudeaketa sistema bere itxura aldatzen joanen da pixkanaka, menuak eta funtzionaltasunak egokituz Nafarroako Gobernuarekin bat egiten duen bere irudi korporatibo berria sortze aldera. Gainera, bide horretan, funtzionaltasun edo hobekuntza berriak garatzeko lan eginen du, ikasturte honetan ezarriko direnak eta ikastetxeen kudeaketa integralean aurrera egitea ahalbidetuko dutenak.
Gainera, 2018-2019 ikasturtean komunikazio sistema berri bat abiaraziko da, eskola-elkarte osoari hedatzen zaiona eta berehalako jakinarazpenak bilduko dituena. Ohartarazten da irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituztela bai tutoretzan bai beren harreman profesionaletan. Ikasleen kontuei dagokienez, geroko lan administratiboa errazteko asmoz, ikastetxeei eskatzen zaie matrikula prozesuetan ikasleen kontu horiek sortu eta erabiltzeko (jadanik sortu ez badira) eta “in situ” aktibatzeko baimena eska diezaietela familiei. Baimen hori kontua lehenbizikoz sortu eta aktibatzen denean eskatu behar da bakarrik. Hori eginda, kontua aktibaturik izanen da ikaslearen eskola bizitza osoan.
Bestetik, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalari eskatu behar zaio ikastetxeko kontuak berariazko eginkizunetarako sortzeko.
Zuzendariak Educa-tik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua-Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea) berrikusiko ditu, eta antzeman ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea.
6.2. ECOEDUCA kontabilitate sistema:
2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko guztiek ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute kudeaketa-kontuaren diru-sarrerei eta gastuei lotutako eragiketak kontabilizatzeko. Eragiketa horiek aurrekontua betearazteari lotuta daude, eta beharrezkoak dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko.
ECOEDUCA ezarri baino lehen, programa erabiltzeko behar diren prestakuntza saioak antolatuko dira. Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da. Gastuei lotutako eragiketek haien justifikazioa frogatzen duten bidezko dokumentu euskarria izanen dute beti, nagusiki ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.
7. Aniztasunari erantzutea.
7.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxearen lan partekatua da aniztasunari erantzutea. Neurri metodologikoak eta antolakuntzakoak aplikatuz, ikasleen premia desberdinei emanen zaie erantzuna.
Hizkuntza eskola ofizialetan, derrigorrezkoen ondoko irakaskuntzak izanik, bi arreta mota bereiz daitezke: ikasgelan ematen dena eta azterketetan ematen dena.
Ikastetxeak behar den arreta emanen du ikasgelan, metodologiari eta baliabide teknikoei dagokienez (entzungailuak, mahai lagungarriak, toki handiagoa, etab.). Behin ohiko baliabide horiek inklusiboki antolatu ondoren, gerta daiteke ikastetxearen irismenetik kanpo dauden beste neurri batzuk aurreikustea, esaterako ikasgelan espezialistak izatea (zeinu hizkuntzako interprete bat, esatera). Kasu horietan, baimendu daiteke pertsona hori ohiko ikasgelan egotea, ikuspegi inklusiboz, eta, hala, helburu batzuk sendotzeaz gain, ahalbidetuko da ikasleak ikaskuntza prozesuan parte hartzea. Salbuespenez aukera hori justifikatzen denean, zehaztuko da zenbat denboraz aurreikusten den esku-hartze hori. Ikasle eskatzaileak ekarriko du kanpoko espezialista hori, eta hark ez dio trabarik ekarriko ikasgelako ikasleen ikaskuntza prozesuari.
Azterketen kudeaketan arreta emateari dagokionez, inklusiorako antolakuntza neurriak aplikatuko dituzte eskolek, eta ikasleei baliabide tekniko puntualak jarriko dizkiete azterketak egiteko.
Nolanahi ere, ebaluazioari eta ziurtapenari dagokienez, ebaluaziorako araudi oinarrizkoak ezartzen duenari jarraituk diote hizkuntza eskola ofizialek.
Ikastetxeko zuzendaritzak behar diren bideak jarriko ditu ikasleek baliabideak eta bitartekoak egokitu daitezela eska dezaten, justifikazio ofizialarekin betiere.
Ikastetxe bakoitzeko Aniztasunari Erantzuteko Planak ikastetxe horren irizpideak eta baliabideen eta neurrien antolaketa jasoko ditu.
7.2. Aniztasunari Erantzuteko Nafarroako Plan Estrategikoaren ezarpena.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak autoebaluazio tresna jarri du ikastetxeen eskura, ahalbidetuko duena, besteak beste, aniztasunerako erantzunari buruzko analisi bat egitea. Tresna horrek oinarri du ikastetxeetako partaidetza-prozedura bat, irakasle guztiak bilduko dituena, eta, aldi berean, honako arlo hauei buruzko informazioa emanen diona ikastetxeari: ikasleak hartzea eta premiak antzematea, erakundearen erantzuna, baliabide materialak eta pertsonalak, hezkuntza neurriak eta programak, programazioa, irakatsi eta ikasteko prozesua, eta ikasleen ebaluazioa, jarraipena eta emaitzak.
V.–Irakasleak.
1. Lanaldia eta ordutegia.
–225/1998 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (irakasleen lanaldia eta ordutegia), irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
–2018ko lanaldia Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak abenduaren 20an emandako 138/2017 Foru Aginduan zehaztua dago.
2. Ordutegiaren banaketa eta taldeen esleipena.
2.1. Oro har, irakasle bakoitzak astean 30 ordu izanen ditu bere ordutegian ikastetxeko jardueretarako, honela banatuak: 25 ordu ikastetxean nahitaez egin beharrekoak, eta 5 ordu osagarri, urtean zenbatzekoak.
2.2. Ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko ordu batzuk, gutxienez 5 ordu, eta hori zuzeneko irakaskuntza ez dagoen ostiral goizetan izanen da.
2.3. Zuzendaritza taldeko kide diren irakasleen orduak txanda bakoitzean gutxienez kide baten presentzia ziurtatzeko moduan banatu beharko dira.
2.4. Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, haiek egiteko programatutako egutegiaren arabera egokitu beharko dute beren ordutegia.
2.5. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle bakoitzak, eskola-ordurik baldin badu, bai That’s English ikastaroan bai irakasleentzako ingeles kurtsoetan, asteko eskola-orduen kopurua ohartaraziko du bere ordutegian, gehienez ere 20. Horretarako, honakoa hartuko da kontuan:
–That’s English! ikastaroa: zuzeneko irakastordu bat ezartzen da A mailako talde bakoitzeko, eta bi ordukoa, berriz, B mailetako talde bakoitzeko.
–Irakasleentzako ingeles kurtsoak: ikasleentzako zuzeneko 3 irakastordu izanen dira, ordu eta erdiko bi saiotan, eta, osagarri, irakasleentzako online arretako bi ordu.
2.6. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleen ordutegian jasoko da zenbat ordu erabiltzen diren departamentuko bileretarako, klaustroetarako eta koordinazio didaktikorako, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritakoari jarraikiz.
2.7. Ziurtagiria lortzeko probak balidatzeko ardura duten euskarako departamentuko irakasle bakoitzak gehienez ere 5 ordu izanen ditu astean maila bakoitzeko zeregin horietarako.
2.8. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleek tokiz mugitzeko prest egon behar dute ikasleen koordinaziorako eta ebaluaziorako lanak egiteko.
2.9. Zuzendaritza taldeak, karguari dagozkion eginkizunak betetzeko, astean 40 ordu izanen ditu gehienez.
2.10. Departamentuetako buruek astean 5 ordu izanen dituzte gehienez ere karguari dagozkion lanak betetzeko.
3. Urtean zenbatu beharreko orduak.
3.1. Atal honen 2.1 puntuan aipatzen diren asteko 5 ordu osagarriak, urtean zenbatu beharrekoak, irakasle guztiek nahitaez bete beharreko lanetarako erabiliko dira, hala nola, ekaineko eta iraileko deialdietan azterketak prestatu, administratu eta zuzentzea, plangintza instituzionala egiteko tresnak prestatu edo berrikustea, prestakuntza jarduerak eta departamentuei dagozkien beste zeregin batzuk.
3.2. Azkeneko azterketak egiteko, irakasleek beren ordutegia moldatuko dute, baina horrek ez du banakako ordutegian ondoriorik izanen; izan ere, urtean zenbatu beharreko ordutegia da.
4. Ordutegien prestaketa eta onespena.
Ikasketaburuak That’s English! ikastaroko irakasleen ordutegiak eginen ditu, baita irakasleen ziurtagirietarako ikastaroetarako ere, betiere ebazpen honetan ezarritako jarraibideak eta urteko programazio orokorrean ezarritako irizpideak kontuan izanik.
Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du haren gaineko edozein erreklamazio.
5. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orriak.
Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean daudela kontrolatuko du, eta, halaber, kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, aldi baterako lan edo administrazio kontratua dutenak zer egunetan hasten diren lanean.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal.
Baja partea Departamentuan aurkeztuz gero, nahitaezkoa izanen da horren kopia bat ahal den lasterren lantokian aurkeztu edo bertara bidaltzea, lantokian alta eta baja datak zehazki jakin ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.
Irakaslea agertzen ez bada, hutsegiteen egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Hutsegiteen egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.
Nolanahi ere, asistentzia orri horietan honakoa hartuko da kontuan:
–“Hutsegitearen arrazoia” izeneko laukia ez da inoiz hutsik utziko, eta, hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.
–Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira, salbuespenik gabe.
–“Hutsegitearen arrazoia” izeneko laukian “Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentzia” jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari lizentzia emana izatea.
Asistentzia orriaren kopia bat irakasle gelan paratuko da ikusgai, hilaren 5a baino lehen.
Irakasleen hutsegiteen ziurtagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.
Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta, gero, asistentzia orrietan jasoko dira.
6. Ziurtapen probak prestatzea eta balidatzea.
Euskarako departamentuak bere gain hartuko du behar den ziurtagiria lortzeko proben balidatzea. Alemaneko, frantseseko eta ingeleseko departamentuetako irakasleek beren gain hartuko dituzte proba bateratuak idazteko zereginak, betiere Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ematen dituen jarraibide berariazkoetan adierazitako banaketaren arabera. Nolanahi ere, proben kalitateari eusteko, bai proba idazten dutenek bai balidatzaileek kontuan hartuko dute beharrezkoa dela gainerako hizkuntza eskola ofizialekin koordinatzea probak prestatzeko, pilotatzeko eta estandarizatzeko prozesua.
7. Zereginen banaketa.
7.1. Departamentuei adituta, zuzendaritzak zereginen banaketa orekatua proposatuko du.
7.2. Ingeleseko departamentua.
7.2.1. Ingeleseko Departamentuko irakasleen artean irakastorduak dituzten taldeak eta zereginak esleitzeko honakoa hartuko da aintzat:
a) Ahal den neurrian, zerbitzu eginkizunetan dauden irakasleek hartuko dute beren gain That’s English! ikastaroaren irakaskuntza Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren egoitzan.
b) Irakasleen maila ziurtatzeko ikastaroak, Hizkuntza Eskola Ofizialei dagozkien irakaskuntzak direnez, kidego horretako irakasle horiek emanen dituzte nagusiki.
7.2.2. Taldeak eta zereginak aukeratzeko, plantillarentzako honako modulu eta dedikazioak ezartzen dira:
B1 modulua: oro har, maila horri dagozkion zeregin eta eskola jarduerak ditu.
–Bigarren Hezkuntzarekiko lankidetza programa.
–Atzerrian dauden ikasleentzako laguntza.
–That’s English! ikastaroa
B2 modulua: oro har, maila horri dagozkion zeregin eta eskola jarduerak ditu.
–Irakasleen eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen maila ziurtatzeko ikastaroak.
–Bigarren Hezkuntzarekiko lankidetza programa.
–Atzerrian dauden ikasleentzako laguntza, egokitzapen aurreratuetarakoa eta unibertsitateekiko lankidetza programa (Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea).
–That’s English! ikastaroa
C1 modulua: oro har, maila horri dagozkion zeregin eta eskola jarduerak ditu.
–Irakasleen eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen maila ziurtatzeko ikastaroak.
–Atzerrian dauden ikasleentzako laguntza, egokitzapen aurreratuetarakoa eta unibertsitateekiko lankidetza programa (Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea).
Ulertu behar da modulu bakoitzerako langileentzat ezartzen den dedikazioa hasierako gutxi gorabeherako kalkulua dela; zuzendaritzak aldatu egin dezake une zehatz batzuetan, edo inguruabarrengatik komeni bada, betiere zereginen eta helburuen hobe beharrez.
7.3. Modulu bakoitzaren barnean moduluak eta zereginak aukeratzeko, ordena honi jarraituko zaio:
a) Hizkuntza eskola ofizialetako kidegoetako irakasleak.
b) Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.
c) Funtzionarioak eta lan-kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.
d) Administrazio edo lan araubidean dauden aldi baterako kontratudunak.
Aurreko a), b) eta c) ataletan, katedradun izateak eta kidegoan duten antzinatasunak ezarriko dute hautatzeko lehentasuna (borondatezko eszedentziak alde batera utzita). Antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:
–Ikastetxean antzinatasun handiena izatea.
–Kidegoan antzinatasun handiena izatea.
–Kidegoan sartzeko hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.
Hizkuntza eskola ofizialen kidegoko irakasleen kasuan, lehentasun ordena ezartzeko, prozesua gainditu zuten oposiziogileen ebazpenetan agertzen den hurrenkerari segituko zaio.
Moduluak eta taldeak banatzerakoan adostasunik ez badago, honela eginen da aukeraketa:
Irakasle bakoitzak, lehenik, modulu bat aukeratuko du. Modulu horren barnean, eskola-jardueren kasuan zeregin edo talde bat aukeratuko da, egintza horretan dauden departamentuko irakasleen txanda bat osatu arte.
Lehen txanda hori bukatutakoan, beste batzuk eginen dira, ordutegi indibidual guztiak osatu arte.
Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.
Zereginak hautatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; akta horren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio berehala.
VI.–Irakaslana koordinatzeko organoak.
1. Departamentuak.
1.1. Departamentuak lantaldeak dira, eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuko buruari dagozkio, eta, hori ez badago, ikasketaburuari.
1.2. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak frantses, ingeles eta euskarako departamentuak ditu.
1.3. Departamentuen eginkizunak.
–Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa, lan plana eta jardueren egutegia prestatzea.
–Ziurtagiria lortzeko probak eta entsegukoak prestatzea.
–Ahozko adierazpena ebaluatzeko probak egiteko behar diren euskarriak prestatzea.
–Hizkuntza gaitasunak lantzeko material eta jarduera didaktikoak prestatzea, mailen eta helburuen arabera.
–2017-2018 ikasturteko proben emaitzak aztertzea, eta horiek aplikatzeko erabilitako irizpide eta prozedurak baloratzea; orobat, beharrezkoak diren aldaketak edo egokitzapenak egitea.
–Maila bakoitzeko zehaztasunak berrikustea.
–Ziurtagiriak emateko proben ebaluazio irizpideak estandarizatzeko saioetan parte hartzea.
–Hizkuntza eskola guztietako irakasleek ikasgela birtualean parte hartzeko erraztasunak ematea eta lan hori antolatzea.
–Bigarren Hezkuntzako irakasleekin eta eskualdeko irakasle koordinatzaileekin koordinatzeko bilerak antolatu eta gidatzea.
–Ikasturte bukaerako memoria egitea.
–Euskarako departamentuaren kasuan, Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen ziurtapen probak balidatzea, eta ebaluazio proben pilotajearen kontrolean eta analisian parte hartzea.
–Ziurtapen proba bateratuak prestatzea.
1.4. Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean batez beste ordu bat gordeko da, gutxienez, departamentuko kide guztiak bil daitezen. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztiak ere.
Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, jarduketa-plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko, gero azken memorian sartzeko.
Egindako bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuburuak eginen du, eta departamentuan artxibatuko da.
1.5. Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.
2. Departamentuko burutza.
2.1. Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialen Katedradunen Kidegoko irakasle batek beteko du.
Katedradunik ez badago, departamentuko burua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.
Hautagai horiek aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.
Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.
Departamentuko burutza bateraezina izanen da zuzendaritzako beste edozein kargurekin, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
2.2. Departamentuburuaren eginkizunak.
–Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.
–Eskualdeko irakasle koordinatzailearen jarduna koordinatu eta gainbegiratzea.
–Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Aktak akten liburuan bilduko dira nahitaez.
–Programazio didaktikoa erredaktatzea eta prestaketa koordinatzea, bertan sartuz helburuak, edukiak, metodologia eta formatua eta ebaluazio irizpideak, proba-saioetarako eta ziurtagiria lortzeko probetarako.
–Programazio didaktikoa zuzendaritzari eman eta departamentuaren esku uztea, eta betetzen dela begiratzea.
–Ikasturte bukaerako memoria erredaktatzea eta prestaketa koordinatzea; bertan jasoko da lan plana noraino bete den, eskualdeko irakasle koordinatzaileen ekarpenak, proben emaitzak eta balorazioa, bai eta hurrengo ikasturterako hobekuntza proposamenak.
–Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.
–Azken proben antolamendua eta prestakuntza koordinatu eta zuzentzea.
–Ebaluazio proben ebaluazio irizpideak estandarizatzeko saioak antolatu eta zuzentzea.
–Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.
–Material inbentariagarria eguneratzea.
–Ikasleen balorazioa egiteko erabiltzen diren probak eta dokumentuak gordetzea.
–Departamentuan atzematen den edozein gorabeheraren berri zuzendaritzari eta ikasketaburuari ematea.
–Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, aldian behin egiten diren bilerak departamentuko kideen prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.
VII.–Antolaketari dagozkion alderdiak.
1. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Praktiketako jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea. Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdaketa-lehiaketetan merezimendutzat joko da.
–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da; gehienez ere, 35 ordu. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.
–Ziurtagiria: praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, irakasleek jardueraren datuak jakinaraziko dizkiote Hezkuntza Departamentuari, ekainaren 1a baino lehen, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/practicas.
–Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak: praktiketan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasle tutoreak eta zuzendaritza taldea Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak defendatzeko antolatzen dituen aurrez aurreko saio batzuetara joaten ahalko dira.
Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza horren betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenaren barnean dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari, praktikak hasi baino lehen.
2. Ikastetxeetako ikerketa.
Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako unibertsitate zentroen artean horretarako egindako hitzarmenean ezarri bezala gauzatuko da funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako ikerketa jarduera. Hitzarmen horrek barnean du ikastetxe laguntzaileek unibertsitateetan sortzen den jakintza zientifikoa helarazteko saioak jasotzeko duten eskubidea, besteak beste. Horren gaineko informazioa hemen eskuratu daiteke: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actividad-investigadora.
3. Laneko arriskuen prebentzioa.
Ikasturtearen amaierako memorian Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak proposatu dituen eta benetan ezarri diren prebentziozko neurriak islatuko dira, arriskuen ebaluazioak egin baldin badira, eta egin ez diren eta iraungitako gauzatze-epea duten neurriak arrazoituko dira.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileetako bati erasotzen zaionean.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive, etab.
Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.
Iragarkiaren kodea: F1811735
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
