204. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

483/2018 EBAZPENA, irailaren 20koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna arautzeko 2018-2019 ikasturtean.

Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuaren bidez (haren bidez egokitu zen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua) ezarri ziren Nafarroan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko curriculumak.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2018-2019 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketak eta jardunak 2018-2019 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (http://www.educacion.navarra.es/portal/) argitaratzea. https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/instrucciones-de-inicio-de-curso.

4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, eta Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko irailaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialen antolaketa
eta jarduna 2018-2019 ikasturtean arautzeko jarraibideak

I.–Ikastetxeko urteko programazio orokorra.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako zuzendaritza taldeek urteko programazio orokorra prestatuko dute, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lanerako planak aintzat hartuta. Programazio horrek bermatuko du hezkuntza-jarduera guztiak modu koordinatuan betetzen direla, eskumenak behar bezala baliatzen direla eta eskola-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

1. Urteko programazio orokorrean honakoak sartuko dira:

1.1. Ikastetxeko ordutegi orokorra.

Ikastetxeko ordutegi orokorrak, zuzendaritza taldeak prestatu behar duenak, bermatuko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak betetzea, bai irakaskuntzakoak bai osagarriak.

Ikastetxeak goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin egonen dira zabalik eskola-komunitatearentzat. Eskola-oporraldietan, behar diren bitartekoak jarriko dira ikastetxeak goizez zabalik egon daitezen.

Horrez gain, ikastetxeko ordutegi orokorrean eskola-egunetako orduen banaketa jasoko da, eskola-egutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz egina:

a) Irakaskuntza arautua. Eskola-ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, biak barne, goiz eta arratsaldeko txandetan.

Oro har, kurtso presentzialak izanen dira, zehazki, astean bi ordu eta 15 minutuko bi saio, hau da, 4,5 ordu astean talde bakoitzarentzat. Horrez gain, hizkuntza eskolek ezarriko dute zenbat ostiral izan beharko diren eskola-egun, talde bakoitzak 134 ikastordu izan ditzan. Ostiraleko eskola-saioak 2 ordukoak izanen dira.

Salbuespen gisa, eta matrikularen egoeraren arabera, baimena ematen ahalko da irailean kurtso semipresentzialak egiteko. Edonola ere, taldeen ratioa eta irakasleen ordutegiko eskola-orduen zenbaketa talde presentzialenen parekoak izanen dira.

b) Matrikulako datuak zein diren, Hizkuntza Eskola Ofizialek baimena eskatzen ahalko dute espezializazio kurtsoak emateko.

Ikasketaburuak ikasleen eta irakasleen ordutegiak prestatuko ditu, urteko programazio orokorrean ezarritako irizpideak errespetatuz betiere.

1.2. Planifikatzeko irizpideak.

a) Ikastetxeak ekitatez planifikatuko ditu txandak eta ordutegiak hizkuntza guztietarako, eta bermatuko du, ahal delarik, maila guztietan goiz eta arratsaldeko txandak egotea.

b) Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek ikaspostu kopuru bat erreserbatuko dute, ekaineko deialdian “gai” kalifikazioarekin ikasketak bukatzen dituzten ikasleentzat, dela bigarren hezkuntzako ikastetxeen eta NUHEOren arteko lankidetza programaren bidez dela That’s English programan.

2018-2019 ikasturterako erreserbatutako ikaspostuen banaketa hauxe izanen da:

–Ingelesa:

  • 1. maila aurreratua Iruñeko HEOan: 30 ikaspostu.
  • 1. maila aurreratua Tuterako HEOan: 10 ikaspostu.
  • C1 maila, Iruñeko HEOan: 10 ikaspostu.
  • C1 maila, Tuterako HEOan: 10 ikaspostu.

–Euskara:

  • 1. maila aurreratua Iruñeko HEOan: 16 ikaspostu.
  • 1. maila aurreratua Tuterako HEOan: 10 ikaspostu.
  • C1 maila, Iruñeko HEOan: 25 ikaspostu.
  • C1 maila, Tuterako HEOan: 10 ikaspostu.

1.3. Hobekuntza plana.

a) Hobekuntza planak, ikastetxearen egoeraren azterketatik abitatuta, ikuspegi orokor eta integratzaile batetik aurreikusitako hobekuntza helburuak lortzera zuzendutako jarduketa batzuk ezarriko ditu urtero, kontuan hartuta aurrera begira jarraitutasuna izan behar dutela.

b) Ikastetxeek errendimenduaren eta eskolako jardunaren hobekuntzarekin lotura handiena duten helburuak hautatuko dituzte, ikastetxearen diagnostikoaren arabera (emaitza akademikoak, departamentuko bilerak, klaustroaren erabakiak, etab.) hala ikusten direnak.

c) Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.

d) Hezkuntza Departamentuaren SGC 2013 Arauari jarraitzen dioten kalitate programetan parte hartzen duten eskolek hobekuntza planaren helburuak sartuko dituzte urteko planean. Arau hori uztailaren 5eko 63/2013 Foru Aginduan (otsailaren 5eko 10/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua) zehazten da. Eskola horien dokumentazioa beren kalitate planean bildutakoa izanen da, bidezkotzat jotzen dutenean hura osatzeko aukera galarazi gabe.

1.3.1. Autoebaluazioa eta hobekuntza plana.

Indarreko araudian jasotako ebaluazioaren esparruaren barnean, ikastetxeek 2017-2018 ikasturtean egindako autoebaluazioa eta horren ondorioz ezartzen duten diagnostikoa oinarri izanen dira ikastetxeko autoebaluazio txostenak prestatzeko.

Txosten horiek Irakaslanaren Biurteko Hobekuntza Plana prestatzeko informazio iturri izanen dira. Plan hori 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan garatuko da, eta ikastetxeek urteko programazio orokorrean sartu beharko dute.

Bai autoebaluazio prozesua bai horri lotutako irakaslanaren txostenen eta hobekuntza planen aurkezpena 2018-2019 ikasturtearen lehen hiruhilekoaren amaierara arte luzatzen ahalko dira, dagokion ikuskatzailearekin koordinatuta.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakaslanaren biurteko hobekuntza planen garapena eta ezarpena ikuskatuko ditu.

1.3.2. Proben zuzenketaren autoebaluazioa C1 mailan.

Idazmenaren eta mintzamenaren zatiak zuzentzeko irizpideak aplikatzeari buruzko datu objektiboak biltzeko, bi eskoletako departamentu bakoitzak erregistratuko ditu ebaluatzaile bakoitzaren C1 mailako kalifikazioak, 2019ko ekaineko eta iraileko deialdietakoak.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak datu horiek jasoko ditu estatistikoki aztertzeko, eta ondorioak dagozkien eskoletako zuzendaritzekin partekatuko dira.

1.4. Departamentuen jarduketa-plana eta programazioak.

a) Departamentu bakoitzak, irailean zehar, 2018-2019 ikasturterako jarduketa-plana prestatuko du, barnean direla departamentuko edo mailako bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak, hala nola, kurtso eta maila guztietako ebaluazio probak egitea, ziurtapenekoak barne, kontuan harturik Hezkuntza Departamentuak ezarritakoa, eta hizkuntza bakoitza balidatzeko ardura dutenekin elkarlanean.

Zuzendaritza taldeak, departamentuetako buruekin koordinatuta, eskolako departamentu guztien jarduketa planifikatuko du, ziurtapen probak prestatzeko. Proba horien pilotajerako, gure proba bateratuek izanen dute lehentasuna. Era berean, Nafarroatik kanpoko eskoletako proben pilotajea erraztu eta lagunduko du, ahal den neurrian.

Horrekin batera, zuzendaritza taldeak bi hizkuntza eskoletako zuzendaritzekin lan eginen du mailetako estandarizazio eta trebatze saioetan, horretarako xedatutakoaren arabera.

Gainera, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko alemaneko eta ingeleseko departamentuak izanen dira ziurtapen proba bateratuak balidatzearen arduradunak. Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko frantseseko departamentua izanen da frantseseko ziurtapen proba bateratuak balidatzearen arduraduna. Probak balidatzearen ardura duen irakasle bakoitzak gehienez 5 ordu emanen ditu astean lan horretarako.

b) Departamentuetako programazioa prestatzeko arduradun nagusiak departamentuetako buruak izanen dira. Programazioan honako alderdi hauek jasoko dira: helburuak, edukiak, denbora banaketa, alderdi metodologikoak eta ebaluazio eta kalifikaziorako irizpideak.

Departamentu bakoitzaren programazioaren ale bat ikastetxeko zuzendariari emanen zaio, ezartzen den epearen barnean, ikastetxeko urteko programazio orokorrean sar dezan. Programazioek zuzendaritzaren “ontzat emana” jaso beharko dute.

Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata kide anitzeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura. Gainera, ale bana emanen zaio departamentuko kide bakoitzari.

1.5. Ikastetxeko prestakuntza plana.

Nahitaezko prestakuntzarako urtero 35 ordu ezartzen dira, eta bi multzotan sailkatuko dira: ikastetxearen prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Alde horretatik, eskolek prestakuntza instituzionalerako programa bat ezarriko dute, ikastetxeko irakasle guztientzat, urtean gutxienez 12 ordukoa, hobekuntza planak atzemandako beharrei erantzunen diena. Programa horren edukia eta ikasturteko ordu banaketa ikastetxeko prestakuntza planean agertuko dira.

Bi prestakuntza motak bi ikasturteko epean egiten ahalko dira, betiere ikasturteko prestakuntzarako batez besteko ordu kopuruak aurreko lerroaldean ezarritakoa betetzen badu.

Zuzendaritza taldeak, departamentuko buruekin koordinatuta, ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, haien beharren eta hobekuntza planen arabera, betiere kontuan hartuta hizkuntza eskolen antolaketaren eta jardunaren berezko ezaugarriak. Nolanahi ere, ikastetxeko prestakuntza premiek lehentasuna izanen dute banakakoen interesen aldean.

1.6. Jarduera osagarriak.

Zuzendaritza taldeak, departamentuen eta Eskola Kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko du.

1.7. Memoria administratiboa.

2018ko urriaren 19a baino lehen, zuzendaritza taldeak memoria administratiboa prestatuko du, eta, horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da.

2. Urteko programazio orokorra onetsi eta ebaluatzea.

Eskola Kontseiluak onetsi eta ebaluatu beharko du urteko programazio orokorra eta ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Ondoriorik aipagarrienak ikasturte bukaerako memorian jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da 2019ko uztailaren 3a baino lehen.

Urteko programazio orokorra, beranduenik, 2018ko urriaren 31n aurkeztuko da. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da; beste ale bat ikastetxeko idazkaritzan jasoko da, irakasleek eta Eskola Kontseiluko kideek aztertu ahal izateko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

1.8. Aniztasunari erantzutea.

a) Antolaketari dagozkion alderdiak.

Ikastetxearen lan partekatua da aniztasunari erantzutea. Neurri metodologikoak eta antolakuntzakoak aplikatuz, ikasleen premia desberdinei emanen zaie erantzuna.

Hizkuntza eskola ofizialetan, derrigorrezkoen ondoko irakaskuntzak izanik, bi arreta mota bereiz daitezke: ikasgelan ematen dena eta azterketetan ematen dena.

Ikastetxeak behar den arreta emanen du ikasgelan, metodologiari eta baliabide teknikoei dagokienez (entzungailuak, mahai lagungarriak, toki handiagoa, etab.). Behin ohiko baliabide horiek inklusiboki antolatu ondoren, gerta daiteke ikastetxearen irismenetik kanpo dauden beste neurri batzuk aurreikustea, esaterako ikasgelan espezialistak izatea (zeinu hizkuntzako interprete bat, esaterako). Kasu horietan, baimendu daiteke pertsona hori ohiko ikasgelan egotea, ikuspegi inklusiboz, eta, hala, helburu batzuk sendotzeaz gain, ahalbidetuko da ikasleak ikaskuntza prozesuan parte hartzea. Salbuespenez aukera hori justifikatzen denean, zehaztuko da zenbat denboraz aurreikusten den esku-hartze hori. Ikasle eskatzaileak ekarriko du kanpoko espezialista hori, eta hark ez dio trabarik ekarriko ikasgelako ikasleen ikaskuntza prozesuari.

Azterketen kudeaketan arreta emateari dagokionez, inklusiorako antolakuntza neurriak aplikatuko dituzte eskolek, eta ikasleei baliabide tekniko puntualak jarriko dizkiete azterketak egiteko.

Nolanahi ere, ebaluazioari eta ziurtapenari dagokienez, ebaluaziorako araudi oinarrizkoak ezartzen duenari jarraituko diote hizkuntza eskola ofizialek.

Ikastetxeko zuzendaritzak behar diren bideak jarriko ditu ikasleek baliabideak eta bitartekoak egokitu daitezela eska dezaten, justifikazio ofizialarekin betiere.

Ikastetxe bakoitzeko Aniztasunari Erantzuteko Planak ikastetxe horren irizpideak eta baliabideen eta neurrien antolaketa jasoko ditu.

b) Aniztasunari Erantzuteko Nafarroako Plan Estrategikoaren ezarpena.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak autoebaluazio tresna jarri du ikastetxeen eskura, ahalbidetuko duena, besteak beste, aniztasunerako erantzunari buruzko analisi bat egitea. Tresna horrek oinarri du ikastetxeetako partaidetza-prozedura bat, irakasle guztiak bilduko dituena, eta, aldi berean, honako arlo hauei buruzko informazioa emanen dio ikastetxeari: ikasleak hartzea eta premiak antzematea, erakundearen erantzuna, baliabide materialak eta pertsonalak, hezkuntza neurriak eta programak, programazioa, irakatsi eta ikasteko prozesua, eta ikasleen ebaluazioa, jarraipena eta emaitzak.

II.–Irakasleak.

1. Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua.

2018ko lanaldia Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak abenduaren 20an emandako 138/2017 Foru Aginduan zehaztua dago.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori banatuko da eskola-orduetan, astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan eta urtean zenbatu beharreko orduetan.

Gainerako orduak, ikastetxean bete beharrekoak ez direnak, erabiliko dira prestakuntzan, irakaslanak prestatzen eta batzorde, epaimahai edo antzekoetan parte hartzeko, azken horietan aritzeko izendatuz gero.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei, salbu eta lanaldi zatituetan programatutako jarduerak. Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, berek egiteko programatutako egutegiaren arabera egokitu beharko dute beren ordutegia.

2. Orduen banaketa.

Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean asteko eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak jasoko dira, 25 osotara, nahitaez ikastetxean egon beharrekoak. Asteko beste 5 orduak, urtean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.

2.1. Eskola-ordutegia.

Lanaldi osoko irakasleek 20 eskola-ordu izanen dituzte astean. Horien artean sartuko dira zuzeneko irakaskuntzakoak eta eskola-ordu gisa zenbatzen direnak.

Nolanahi ere, irakasleen eskola-orduen kopuruak bermatu beharko du kurtso arautuetako eta espezializazio kurtsoetako talde bakoitzak zuzeneko 134 irakastordu izatea.

Honako hauek hartuko dira eskola-ordutzat:

a) Zuzendaritza taldea.

Eskolara bertaratu beharreko ikasleen matrikula kopurua ikusirik, zuzendaritza taldeek ondokoak izanen dituzte:

–Iruñeko HEO: astean 65 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 15 ordu, ikasketaburuak 15 ordu, idazkariak 15 ordu, zuzendariordeak 15 ordu eta ikasketaburu albokoak 5 ordu.

–Tuterako HEO: astean 40 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 10 ordu, ikasketaburuak 10 ordu, idazkariak 10 ordu eta zuzendariordeak 10 ordu.

Zuzendaritza taldeko kide guztiek gutxienez talde bateko irakasle izan beharko dute.

b) Departamentuburuak eta departamentuko koordinatzaileak.

Kargu horietan aritzen diren pertsonek talde bati astean dagozkion eskola-orduen kopurua erabiltzen ahalko dute eginkizun horietarako.

c) Ziurtapen probak balidatzeko 5 ordu gehienez.

2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat ikasleei arreta emateko.

c) Bi ordu, gehienez, ziurtapen probak eta ebaluaziokoak egiteko eta pilotatzeko.

d) Ordu bat Eskola Kontseiluko kideentzat.

e) Bertan egoteko orduak.

f) Ordu bat koordinazio didaktikorako.

2.3. Urtean zenbatu beharreko orduak.

Astean egin beharreko 30 orduak betetzeko kontuan hartzen diren asteko 5 ordu urtean zenbatzeko ordu osagarriak dira. Ordu horiek, irakasle guztiek egin beharrekoak, honelako lanetarako erabiliko dira:

–Klaustroak.

–Ikasle libreen azterketak aplikatzea eta zuzentzea.

–Ikastetxean ezarritako beste edozein proba prestatzea, aplikatzea eta zuzentzea.

–Proben emaitzak aztertzea.

–Departamentuei dagozkien unean uneko lanak, programazio didaktikoetan sartuta daudenak.

–Plangintza instituzionalerako tresnak prestatu edo berrikustearekin lotutako zereginak, bai eta irakasten den hizkuntzarekin lotutako prestakuntza jarduerak ere.

3. Ordutegien prestaketa eta onespena.

Ordutegiak prestatzeko, ikasketaburuak departamentuburuei jakinaraziko die zenbat talde, txanda eta ordutegi dauden maila bakoitzean, eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak. Departamentuburuak ordu-tarte orekatutan banatuko ditu taldeak, ikasketaburuaren jarraibideen arabera.

Irakasleen eskola-ordutegia asteko egun guztietan banatuko dira, salbu eskolarik gabeko ostiraletan.

Ikasturtea bukatutakoan, departamentuek bilera berezi bat eginen dute hurrengo ikasturteko ordu-tarteak kideen artean banatzeko, jarraibide hauetan jasotako irizpideak errespetatuz betiere.

3.1. Txanden eta taldeen banaketa.

Eskola goiz eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.

Ezinezkoa bada ordutegia betetzea aukeratzen den txandan, beste txandan bete beharko da.

Txandak hautatu ondoren, erabakiko da ordu-tarteak nola banatu.

Ordu-tarteak banatzerakoan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honela aukeratuko dira taldeak:

Departamentuko kide bakoitzak talde bat hautatuko du, ekitaldian agertzen diren departamentuko irakasle guztiekin txanda oso bat egin arte.

Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, eskola-ordutegi indibidual guztiak osatu arte edo talde guztiak esleitu arte.

Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.

Ordu-tarteak banatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; akta horren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio berehala.

3.2. Hautatzeko ordena.

Ordena honi jarraikiz eginen da hautaketa:

a) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

b) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa ez dutenak.

c) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

d) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.

e) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleak, praktikaldian daudenak.

f) Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak, zerbitzu eginkizunetan daudenak.

g) Funtzionarioak eta lan kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.

h) Administrazio edo lan araubidean dauden aldi baterako kontratudunak.

Arestiko a), b), c), d) eta f) ataletan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentzietako denbora kontuan hartu gabe), eta antzinatasuna berdina baldin bada, atal bakoitzaren lehentasun hurrenkera ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

–Ikastetxean antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan sartzeko hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

Aurreko e) atalari dagokionez, prozesua gainditu zuten oposiziogileen zerrendak onesteko ebazpenetan agertzen den hurrenkerak ezarriko du taldeak hautatzeko lehentasun hurrenkera.

Aurreko g) eta h) ataletan, ordea, lehentasun hurrenkera ezartzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuan ageri diren zerrendetan egokitu zaien tokiari segituko zaio.

3.3. Zaintzak.

Ikasketaburuak ezarri eta gainbegiratuko ditu ikastetxeko zaintzak, kontuan hartuta eskola-ordu guztietan egon behar dela zaintzako irakasleren bat ikastetxean.

Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarriak, zaintza lana ohiz kanpoko kasu eta egoera bereziak bideratzeko izanen da.

Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Beren zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

b) Irakasleen puntualtasunaren eta asistentziaren berri ematea.

Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak zilegi izanen du irakasle batzuk eskatzea zaintza-ordu horiek betetzeko.

3.4. Irakasleen ordutegi pertsonala.

Irakasleek beren asteko ordutegian jaso beharko dituzte ikastetxean nahitaez bete beharreko 25 orduak, eranskin honen 2. puntuan adierazitako jarraibideekin bat.

Halaber, ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko ordu batzuk, gutxienez 5 ordu, eta hori zuzeneko irakaskuntzarik ez dagoen ostiral goizetan izanen da.

Zuzendaritza taldeko kide diren irakasleen orduak txanda bakoitzean gutxienez kide baten presentzia ziurtatzeko moduan banatu beharko dira.

Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, haiek egiteko programatutako egutegiaren arabera egokitu beharko dute beren ordutegia.

3.5. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.

Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du haren gaineko edozein erreklamazio.

Ongi ikusteko moduko toki batean paratuko da irakasle guztien ordutegiari eta lantokiari buruzko informazioa: eskola-orduak, zaintza-orduak, departamentuko bilerak eta abar.

3.6. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orriak.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan edo administrazio araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal.

Baja partea Hezkuntza Departamentuan aurkeztuz gero, nahitaezkoa izanen da horren kopia bat ahal den lasterren lantokian aurkeztu edo bertara bidaltzea, lantokian alta eta baja datak zehazki jakin ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

Irakaslea agertzen ez bada, hutsegiteen egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Hutsegiteen egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Asistentzia orrietako eredu horietan ikastetxean nahitaez egon beharreko orduetan gertatutako absentzien eta atzerapenen berri emanen da, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.

Nolanahi ere, asistentzia orrietan honako arau hauek beteko dira:

–“Hutsegitearen arrazoia” izeneko laukia ez da inoiz hutsik utziko, eta, hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

–Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira, salbuespenik gabe.

–“Hutsegitearen arrazoia” izeneko laukian “Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentzia” jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari lizentzia emana izatea.

Asistentzia orriaren kopia bat irakasle gelan paratuko da ikusgai, hilaren 5a baino lehen. Beste kopia bat Eskola Kontseiluaren eskura utziko da.

Irakasleen hutsegiteen egiaztagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta, gero, asistentzia orrietan jasoko dira.

III.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

1. Departamentuak.

1.1. Departamentuak lantaldeak dira, eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuko buruari dagozkio, eta, hori ez badago, ikasketaburuari.

1.2. Hizkuntza eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza arautu bakoitzeko.

Ikastetxeko irakasle guztiak, zein hizkuntzatan ematen duten ordu gehien, hizkuntza horri dagokion departamentuari atxikirik egonen dira, eta departamentu horretan antolatzen diren bileretara joan beharko dute.

1.3. Departamentuen eginkizunak hauexek izanen dira:

a) Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa prestatzea, jarraibide hauetan xedatutakoarekin bat.

b) Departamentuaren jarduketa-plana prestatzea, urteko programazio orokorrari buruzko I. ataleko 2.3 puntuak aipatzen duena, eta, orobat, jardueren egutegia.

c) Ebaluazioko proba idatziak prestatzea, bai ziurtapenekoak bai ebaluazio arruntekoak.

d) Ikasturte bukaerako memoria prestatzea, emaitzen balorazioa barne, talde eta kurtsoen araberako kalifikazioen estatistikak eta ikasketa errendimenduaren azterketa erabiliz horretarako; era berean, ikasleen ebaluazioan erabilitako irizpideen, prozeduren eta jardueren balorazioa, ikasle libreentzako probak barne.

Era berean, programazioan jasotako alderdi guztien garapenaren balorazioaren ondorioz proposatzen diren hobekuntzak jasoko dira.

Departamentuburuak ikasturte bukaerako memoriaren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, zuzendaritzak ezartzen duen epean eta, betiere, ekainaren 30a baino lehen.

e) Beste eginkizun batzuk.

Departamentuen zeregina da, halaber, hezkuntza arloko ikerketa eta kideen trebakuntza zientifiko eta didaktikoa bultzatzea.

1.4. Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean ordu bat utziko da gutxienez, batez beste, departamentuko kide guztiak bil daitezen. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztiak ere.

Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, jarduketa-plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko, gero azken memorian sartzeko.

Egindako bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuburuak eginen du, eta departamentuan artxibatuko da.

1.5. Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.

2. Departamentuko burutza.

2.1. Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialen Katedradunen Kidegoko irakasle batek beteko du.

Katedradunik ez badago, departamentuko burua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.

Hautagai horiek aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.

Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.

Departamentuko burutza bateraezina izanen da zuzendaritzako beste edozein kargurekin.

2.2. Departamentuko buruak eginkizun hauek ditu:

–Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

–Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Horiek akten liburuan/artxiboan bilduko dira nahitaez.

–Programazioaren eta ikasturte bukaerako memoriaren prestaketa lana koordinatzea, eta programazioa betetzen den begiratzea edukiei eta eskatzen diren gutxieneko mailei dagokienez.

–Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.

–Azterketak kudeatzeko zereginen banaketa koordinatzea.

–Ikasleen ebaluazioari buruzko erreklamazioak egiteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

–Material inbentariagarriaren zerrenda eguneratzea.

–Ikasleen balorazioa egiteko erabiltzen diren proba eta dokumentuak gordetzea.

–Departamentuan atzematen den edozein akatsen berri zuzendaritzari eta ikasketaburuari ematea.

–Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, bilerak prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

–Departamentuko kideen artean banatzea ziurtapen eta ebaluazio probetarako lanak, baita balidatzeko lanak ere.

3. Departamentuko koordinazioa.

Irakaskuntza arautuko kurtsoetan 27 talde baino gehiago dituzten departamentuetako buruek departamentuko kide bat proposatu dezakete koordinatzaile lanak egin ditzan, betiere erabaki horrek plantilla handitzea ez badakar.

Irakaskuntza arautuko kurtsoetan 60 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, beste koordinatzaile bat izendatzen ahalko da.

Departamentuetako koordinatzaileek departamentuburuak esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, departamentuko kideen proposamenak kontuan hartuta.

4. Teknologia berrien koordinazioa.

4.1. Eskolek teknologia berrietarako koordinatzaile bat izendatu dezakete klaustroko kideen artean, ikasturte baterako, betiere horretarako gai den langileren bat baldin badago.

4.2. Koordinazio lan horretan aritzen denak ohiko talde baterako adina denbora izanen du zeregin horretarako.

4.3. Koordinatzailearen eginkizunak hauek izanen dira:

–Ikastetxeko zuzendaritzak eskuordeturik, teknologia berrien arlorako mintzakidea izatea Hezkuntza Departamentuarekin.

–Zuzendaritza taldeari eta departamentuei aholku ematea baliabide eta material informatikoen erabileran eta erosketan.

–Ikastetxeko zuzendaritzari proposatzea baliabide informatikoei erabilera didaktiko berriak emateko irizpideak.

–Baliabide informatikoak egoera onean daudela zaintzea eta instalazio eta ekipo informatikoak gainbegiratzea eta programak erabiltzeko moduan daudela ziurtatzea.

–Teknologia berrien arloan dagoen informazioa zabaltzea eta horren gaineko dokumentazioa erabiltzeko bidea erraztea.

–Ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea baliabide informatikoen inbentarioak eguneratzen eta arlo horretarako dauden aurrekontuak kudeatzen.

5. Kalitate Programaren arduraduna.

5.1. Hezkuntza Departamentuaren SGC 2013 Arauari jarraikiz kalitate programetan parte hartzen duten eskolek programa horretarako irakasle arduradun bat izendatu dezakete klaustroko kideen artetik.

5.2. Arduradun horrek ohiko talde baterako adina denbora izanen du programaren garapenarekin lotutako eginkizun guztiak betetzeko.

6. Unitateko koordinatzailea.

Unitateko koordinatzailearen helburua da unitate horretan irakasleren bat duten departamentuen jarduera akademikoa ahalik eta hobekien garatzen dela bermatzea. Bere lana aurrera eramateko erreferentzia nagusia ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta urteko programazio orokorrean ezarritakoa izanen da; izan ere, agiri horietan argi eta garbi zehazten dira hizkuntza eskola ofizialaren arau eta helburuak. Ikasketaburuarekin koordinaturik jardun beharko du, hura baita agiri horietan ezarritakoa betetzearen arduradunetako bat.

6.1. Lizarrako unitateko koordinatzailearen eginkizunak.

–Eskolarik gabeko ostiraletan eta deitzen zaion guztietan, zuzendaritza taldeko kideekin biltzera joatea.

–Programazioak betetzen direla begiratzea.

–Zuzendariari irakasleen hutsegiteen eta horren zergatien berri ematea.

–Atzerapenak eta ordutegiaren inguruko gorabeherak apuntatzea eta zuzendariari horren berri ematea, ikasturte hasierako jarraibideak betez.

–Zuzendaritza taldeak igortzen dion informazioa ikasleei eta irakasleei garaiz jakinaraztea.

–Tierra Estella BHIko zuzendaritzarekin koordinatzea ikasgelen mantentze-lanen eta ekipamenduaren kudeaketa, baita eskola-egutegia eta azterketen egutegia ere.

7. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.

Praktiketako jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea. Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana egiaztatuko da. Lekualdaketa-lehiaketetan merezimendutzat joko da.

–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da; gehienez ere, 35 ordu. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.

–Ziurtagiria: praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, irakasleek jardueraren datuak jakinaraziko dizkiote Hezkuntza Departamentuari, ekainaren 1a baino lehen, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/practicas.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak: praktiketan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasle tutoreak eta zuzendaritza taldea Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak defendatzeko antolatzen dituen aurrez aurreko saio batzuetara joaten ahalko dira.

Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.

Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza horren betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenaren barnean dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari, praktikak hasi baino lehen.

8. Ikastetxeetako ikerketa.

Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako unibertsitate zentroen artean horretarako egindako hitzarmenean ezarri bezala gauzatuko da funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako ikerketa jarduera. Hitzarmen horrek barnean du ikastetxe laguntzaileek unibertsitateetan sortzen den jakintza zientifikoa helarazteko saioak jasotzeko duten eskubidea, besteak beste. Horren gaineko informazioa hemen eskuratu daiteke: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actividad-investigadora.

IV.–Ikasleak.

1. Ikasle ofizialen asistentzia.

1.1. Ikasle ofizialen eskubide eta betebeharra da eskolara joatea, eta inoiz ez da zilegi izanen borondatezko asistentzia duen sistemarik ezartzea.

Ikasleei gutxienez %70eko asistentzia eskatuko zaie hizkuntza horretan ikaspostua erreserbaturik edukitzeko eskubidea izateko. Bestela, eskubide hori galduko da.

1.2. Hori helburu, irakasle guztiek egunero kontrolatuko dute ikasleak eskolara joaten diren, hutsegiteak jasotzeko asistentzia-orri bat betez; orri hori ikasketaburuari emanen zaio hurrengo hilabeteko lehen eskola-egunean. Eskolak hasten direnetik azaroaren 16ra bitarte, justifikatu gabeko absentziak 14 ordu edo gehiago badira, ikasle ofizialaren izaera galduko da, baina ez azterketa egiteko eskubidea. Zuzendaritza taldeak ikasturte hasierako absentziak kudeatuko ditu, eta kasuan kasuko ziurtagiriak eskatuko ditu, ikaspostu hutsak badira matrikula berriei esleitzeko.

1.3. Ikastetxeko zuzendaritzak ikasleei absentzien kopurua jakinaraziko die, hiru hilabetean behin.

1.4. Hala ere, zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, ikasleek osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dituzte, behar bezala justifikatuak, Eskola Kontseiluak balora ditzan. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, honako hauek ere onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo erakundeetan aritzeko bekak edo kontratuak eta unibertsitateko eta Lanbide Heziketako heziketa zikloetako lan praktikaldiak), laneko oporrak, ezkontzagatiko lan baimena, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.

Ikastetxeetako barne araudiak atal honetan zehaztutakoa garatuko du.

Nolanahi ere, kasuan kasuko araudian aurreikusitako kasuetan, zilegi da matrikulari uko egitea.

2. Matrikulazioa.

2.1. Ikasleek, matrikulatzeko, araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzarako indarreko araudian ezarritako tarifak ordainduko dituzte.

2.2. Matrikulari uko egiteko epeak eta baldintzak uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduan eta irailaren 11ko 149/2008 Foru Aginduan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2.3. Matrikula deuseztatzeak ez du berarekin ekarriko ordaindutako tasak itzultzea eskolak hasi ondoren eskatzen bada.

Matrikula ikasturtea hasi baino lehen deuseztatu eta tasak itzultzen badira, 10,10 euro atxikiko dira, zerbitzu orokorrengatik.

2.4. Tokirik baldin badago, hizkuntza eskola ofizialek martxoaren 31ra arte onartuko dituzte matrikula eskaera berriak.

3. Erreklamazioak.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, gurasoek edo legezko tutoreek, eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko. Ikastetxeek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren beren agirietan.

V.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. ECOEDUCA kontabilitate sistema.

1. Educako koordinazioa: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.

Zuzendaritza taldeak bideak ezarri beharko ditu ikasturtean zehar laneratzen diren eta kudeaketa eginkizunak dituzten pertsonei Educaren gaineko jakintza eta erabilera bermatzeko. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei Educa plataformaren berri emateko. Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari buruzko atalaren barnean, jarraibideak eta bideotutorialak argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, funtzionaltasun berriak (GLPI-Educa tresna) eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura adierazten da.

Gainera, 2018-2019 ikasturtean komunikazio sistema berri bat abiaraziko da, eskola-elkarte osoari hedatzen zaiona eta berehalako jakinarazpenak bilduko dituena. Ohartarazten da irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituztela bai tutoretzan bai beren harreman profesionaletan. Ikasleen kontuei dagokienez, geroko lan administratiboa errazteko asmoz, ikastetxeei eskatzen zaie matrikula prozesuetan baimena eska diezaietela ikasleei edo familiei ikasleen kontu horiek sortu eta erabiltzeko (jadanik sortu ez badira) eta “in situ” aktibatzeko. Baimen hori kontua lehenbizikoz sortu eta aktibatzen denean eskatu behar da bakarrik. Hori eginda, kontua aktibaturik egonen da ikaslearen eskola bizitza osoan.

Bestetik, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalari eskatu behar zaio ikastetxeko kontuak berariazko eginkizunetarako sortzeko.

Zuzendariak berrikusiko ditu Educa-tik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua - Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurki ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea.

2. ECOEDUCA kontabilitate sistema:

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko guztiek ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute kudeaketa-kontuaren diru-sarrerei eta gastuei lotutako eragiketak kontabilizatzeko. Eragiketa horiek aurrekontua betearazteari lotuta daude, eta beharrezkoak dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko. ECOEDUCA ezarri baino lehen, programa erabiltzeko behar diren prestakuntza saioak antolatuko dira. Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da. Gastuei lotutako eragiketek haien justifikazioa frogatzen duten bidezko dokumentu euskarria izanen dute beti, nagusiki ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.

VI.–Antolaketari dagozkion alderdiak.

1. Laneko arriskuen prebentzioa.

Ikasturtearen amaierako memorian Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak proposatu dituen eta benetan ezarri diren prebentziozko neurriak islatuko dira, arriskuen ebaluazioak egin baldin badira, eta egin ez diren eta iraungitako gauzatze-epea duten neurriak arrazoituko dira.

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileetako bati erasotzen zaionean.

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion.

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive, etab.

Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.

2. Alkoholari eta tabakoari buruzko arauak.

Ikastetxeek giro higieniko eta osasungarria bultzatu beharko dute, eta, hala, ohitura eta jarrera osasuntsuak sustatu beharko dituzte hezkuntza-komunitatearen barrenean. Hori helburu, Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legea betetzeko:

a) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan tabakoa saltzea.

b) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan erretzea.

Ikastetxeetako eskola kontseiluek behar diren neurriak hartuko dituzte, indarreko araudiari jarraikiz, ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko barne araudia prestatzean.

Iragarkiaren kodea: F1811734