1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2318/2018 EBAZPENA, urriaren 8koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako erakunde sindikalen funtzionamendu gastuak konpentsatzen dituena, alde batera utzita Hezkuntza Departamentuko irakaskuntza arlokoak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak.
Konstituzioaren 7. artikuluak aitortzen du erakunde sindikalek langileen eskubideak defenditu eta sustatzeko egiten duten lana. Horregatik, zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren oinarrizko zutabe dira.
Bere aldetik, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginak arautzen du administrazio publikoko langileen parte-hartzea beren lan baldintzak zehazteko orduan, unitateetako ordezkaritza organoen bidez, eta ezartzen du beroriek beren egitekoak betetzeko behar duten materiala eduki behar dutela. Halaber, negoziazio kolektiboa eta lan baldintzen zehaztapena ere arautzen ditu, erakunde sindikalen bidez.
Sindikatuek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako ordezkaritza-funtzioak betetzeko egiten dituzten jarduerak direla-eta, Nafarroako aurrekontu orokorrek biltzen dute, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak dituen partiden artean, berariazko zuzkidura bat, sindikatuek jarduera hauek aurrera eramateko egiten dituzten gastuak konpentsatzeko. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Orokorreko Batzorde Paritarioaren 1997ko ekainaren 18an sindikatuekin egin zen bileran hartu zen erabakiaren bidez, finkatu zen diru kopuru berariazko horiek erakunde sindikal bakoitzak azken hauteskunde sindikaletan lortutako botoen arabera banatzea. Horri dagokionez, azken hauteskundeak 2015eko maiatzean egin ziren.
Adierazitakoarekin bat, eta ikusirik Lan Harremanen Atalak egindako txostena eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna, irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1.–Konpentsatzea, hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak ordezkatzeko organoetarako azken hauteskundeetan parte hartu zuten erakunde sindikalen funtzionamendu gastuak, aipatu hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera. Alde batera uzten dira Hezkuntza Departamentuko irakasleen eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen eremuak, horretarako aurrekontu-partida berariazkoak dituztelako.
2.–Horretarako, 71.772 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2018ko gastuen aurrekontuan “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izena duen 020000-04000-4819-921302 partidaren kargura finantzatuko dena.
3.–Sindikatu bakoitzarentzat behean zehazten diren gehieneko diru kopuruak xedatzea, izandako funtzionamendu gastuen konpentsazio gisa. Diru hori sindikatu bakoitzak azken hauteskunde sindikaletan esparru bakoitzean lortutako boto kopuruen arabera banatu da, alde batera utzita Hezkuntza Departamentuko irakasleen esparrua eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileena.
SINDIKATUA | IFZ | ORDAINDU BEHARREKOA |
(AFAPNA | G31171937 | 6.949,84 |
ANPE | G78248630 | 1.209,37 |
APF | G31921331 | 4.514,98 |
CCOO | G85699460 | 11.271,32 |
CSI-F | G79514378 | 3.692,61 |
ELA | G48090096 | 13.335,31 |
ESK | G01038918 | 274,12 |
LAB | G31137482 | 18.221,15 |
SMN | G31132384 | 564,37 |
SPA | G31850001 | 3.660,36 |
STAJ | G60971439 | 1.273,87 |
UGT | G78085149 | 5.288,97 |
USAE | G49105620 | 499,87 |
USO | G31108582 | 1.015,86 |
GUZTIRA | 71.772 euro |
4.–Sindikatuek konpentsatu nahi dituzten funtzionamendu gastu guztiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defenditu eta sustatzeko egindako jarduera sindikalari lotuak egon beharko dira, alde batera utzita Hezkuntza Departamentuko irakasleen esparrua eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileena, eta 2017ko azaroaren 16tik 2018ko azaroaren 15era bitarte eginak izan beharko dira.
Besteak beste, honako gastu hauek konpentsatzen ahalko dira:
a) Erakunde sindikalek langileentzat sortutako informazioari dagozkion gastuak (propaganda, publizitatea, argitalpenak, etab.).
b) Langileak ordezkatzeko lanak eragindako joan-etorrien gastuak.
c) Langile horiei zuzendutako jardunaldi, mintegi, topaketa, hitzaldi eta antzeko jarduerei dagozkien gastuak.
d) Prestakuntza sindikalak sortutako gastuak, barne direla joan-etorriak, monitoreak, askotariko materialak, lokalen alokairua eta antzeko gastuak.
e) Komunikazioen (telefonoak, fotokopiagailuak, posta, etab.), ekipamenduen, zerbitzuen eta askotariko hornigaien arloko gastuak.
f) Langileei aholkularitza juridikoa emateko gastuak.
g) Bestelako gastuak.
5.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
Aipatutako gastuak konpentsatu ahal izateko, erakunde sindikalek aurkeztu beharko dute ondoren esaten den dokumentazioa, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita eta 2018ko azaroaren 20ra arte, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:
5.1. Behar bezala betetako eskabidea, I. eranskineko ereduari jarraikiz.
5.2. Gastuen aurkibide kontua, II. eranskineko ereduari jarraikiz. Gastuen zerrenda bat da, 4. apartatuan adierazitako kategorien arabera ordenatua. Agiri hori formatu elektronikoan ere aurkeztu behar da, hots, Excel, OpenOffice Calc edo LibreOffice Calc formatuan, helbide elektroniko honetara igorrita: funcionpublica@navarra.es.
5.3. Fakturen eta ordainketak frogatzeko agirien fotokopiak. Faktura bakoitzarekin dagokion ordainketa egin dela frogatzeko agiria aurkeztu beharko da. Fakturen zerrenda gastuen aurkibide kontuan ezarritako ordenaren arabera prestatuko da.
Fakturak fakturazio betebeharren gaineko araudian ezarritakoaren arabera eginen dira. Ez da erreziborik edo tiketik onartuko.
Fakturarik behar ez duten gastuen kasuan, gastuen aurkibide kontuan “Ez dago faktura egiteko betebeharrik” berariaz adierazi behar da, eta gastua zein ordainketa egin dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da.
Aurkeztutako dokumentazioaren gainean sortzen diren zalantzak argitzeko behar den informazioa emateko prest egon beharko dute sindikatuek, kasuan kasuko gastua konpentsatzen ahal dela egiaztatzearren. Hori dela-eta, eskatzen ahalko zaie argitzeko edo zuzentzeko, posta elektronikoaren bidez eta 5 egun balioduneko epean.
Kopia gisa aurkezten diren agirien jatorrizkoak gorde beharko dira, haien benetakotasuna, eduki oso-osoa eta irakurgarritasuna bermatzeko moduko baliabideren bat erabiliz, baita Administrazioak ikusi ahal izateko moduren batean ere, behar diren egiaztapen eta kontrol jarduketak egin ditzan.
5.4. Beren zerga betebeharrak, ordainketak eta Gizarte Segurantzakoak bete dituztela egiaztatzeko agiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino bi hilabete lehenagotik eginak, beranduenez.
Eskaera aurkezteak oniritzia dakar Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak egiaztagiriok emateko eskudunak diren administrazioei eskatu ahal izateko. Salbuespenez, organo kudeatzaileak ezin baditu egiaztagiriak lortu, sindikatu bakoitzari berariaz eskatuko dio aurkezteko.
6.–Ordainketa.
Funtzionamendu gastuen konpentsazioaren ordainketa Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez eginen da 2018ko abenduan, erakunde sindikalek gastuak justifikatu ondoren. Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defenditu eta sustatzeko egindako jarduera sindikalari lotutako gastuak baizik ez dira ordainduko, alde batera utzita Hezkuntza Departamentuko irakasleen esparrua eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileena, eta betiere ebazpen honen 3. apartatuan erakunde sindikal bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga gainditu gabe.
7.–Bateraezintasunak.
Ebazpen honen babesean konpentsatzen diren gastuak ezin izango zaizkie inola ere egotzi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza, konpentsazio edo diru-laguntza batzuei. Erakunde sindikalek horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute, ebazpen honen III. eranskin gisa agertzen dena.
8.–Ebazpen hau Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura igortzea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordezkaritza organoetarako azken hauteskundeetan botoak eskuratu zituzten sindikatuei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
9.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
10.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.
Iruñean, 2018ko urriaren 8an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Gastuen aurkibide kontua (PDFa).
III. ERANSKINA
Konpentsatutako gastuak beste laguntzei, konpentsazioei edo diru-laguntzei egotzi ez zaizkielako aitorpena (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1812342