204. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

465E/2018 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2018ko deialdia. DDBN identifikazioa: 418526.

Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Nafarroan industriaren pisua handia da BPGd-ean eta enpleguaren egituran, eta halako eskualde eta herrialdeetan hobeki jasan da ziklo ekonomiko txarra, arrazoi hauengatik: enplegua neurri apalagoan suntsitu da, esportazioak handitu dira eta, horren ondorioz, barne eskaeraren beherakadaren eragina arindu da.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuan kudeatzen ziren inbertsioa laguntzeko neurrien osagarri (industriako ETEek egiten dituzten inbertsioetarako laguntzak eta nekazaritzako elikagaien industrietarako laguntzak), 2016. eta 2017. urteetan, onetsi ziren industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzak, 2.500.000 euro denera.

Neurri horri jarraipena emateko, 2018ko deialdi hau onetsi nahi da. Horretarako, Nafarroako Gobernuak, 2018ko uztailaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman du urte anitzeko gastu konpromiso bat hartzeko 2019. urtean, 2.500.000 eurokoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2018ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. I. eranskinean ageri dira.

3. 2.500.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Enpresa handietan inbertsioak egiteko diru-laguntza” izeneko 810007 81210 7701 422207 partidaren kargura, baldin eta krediturik bada.

Zenbateko hori 1.000.000 euro arte handitzen ahalko da, aurkezten diren eskaera guztiei erantzuteko aski ez bada, betiere aurrekontuan horretarako dirua izanez gero.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko urriaren 5ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako enpresa handiek ekoizpen arloko inbertsio proiektuak egitea sustatzea, lehiatzeko egoera hobean egon daitezen.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Nafarroan establezimendu bat izatea edo gero batean izatea.

b) Enpresa handia izatea, ez dituztelako betetzen ETEa izateko ezarritako irizpideak, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera. Aipatutako erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

c) Jarduera hauetako batean aritzea:

–Manufaktura-industriak (2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala: C sektorea), salbu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskineko nekazaritzako elikagaien industriak.

–Lurrunaren eta aire girotuaren hornidura (EJSN-2009: D ataleko 35.3).

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009: E ataleko 38.2, 38.3 eta 39).

–Informazio jarduerak eta komunikazioak (EJSN-2009: J sektorea).

–Logistikako jarduerak, hala nola gordetzea eta biltzea, salgaiak maneiatzea eta garraioari lotutako bestelako jarduerak (EJSN-2009: H ataleko 52.1, 52.24 eta 52.29).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (EJSN-2009: M ataleko 71.12 eta 71.20).

–Ikerketa eta garapena (EJSN-2009: M ataleko 72).

–Diseinu espezializatuko jarduerak (EJSN 2009: M ataleko 74.10).

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera. (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

e) 250 langile baino gehiagoko enpresek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izan beharko dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren IV. tituluko III. kapituluan ezarritako irismenarekin eta edukiarekin egina eta aplikatua, eta lan arloko legerian adierazitako moduan negoziatua.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Ezin izanen dira diru-laguntza hauen onuradun izan:

a) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mendeko enpresak, baldin Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.

b) Aurreko urtebetean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta, zehapen irmo bat jaso duten enpresak laneko arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste astun bat egiteagatik.

c) Ingurumen arloan aurreko bi urteetan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmo bat jaso duten enpresak, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik kontatzen hasita, egiaztatzen baldin bada, zehapen organoaren txosten baten arabera, neurri horiek ez direla gauzatu edo aplikatzeko egutegia ez dela bete.

d) Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak.

3. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da oinarri honen 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta adierazpen hori eskabideari erantsiko zaio.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Enpresa handiek aktibo material eta immaterialetan Nafarroan egiten dituzten inbertsio proiektuak dira diruz lagungarriak, bai eta inbertsioarekin lotutako prestakuntza ere, haien helburua hauetako bat bada:

a) Establezimendu berri bat sortzea.

b) Lehendik dagoen establezimendu batean ekoizpena dibertsifikatzea, betiere horren ondorioz enpresaren jarduera ekonomikoak handitzen badira eta inbertsioa egin aurreko jarduerei dagokien 2009ko EJSNaren 4. digitua eta jarduera berriena ezberdinak badira.

c) Ekoizpena zabaltzea edo handitzea produktu berriak sartuz edo bezero zein merkatu geografiko edo sektorial berriak sartuz.

d) Enpresak gaur egun dituen merkatu eta produktuak aldatu gabe, ekoizpena zabaltzea edo handitzea.

e) Industria prozesuen eraginkortasuna hobetzea.

2. Diru-laguntza jaso dezakeen gutxieneko aurrekontua 300.000 eurokoa da enpresa bakoitzeko.

3. Proiektuak laguntza eskatzen den egunetik 2019ko abuztuaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten gastuak dira diruz lagungarriak:

a) Honako xede hauek dituzten gastuak:

I) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, betiere gastua ez bada inbertsio diruz lagungarri osoaren %10 baino handiagoa.

II) Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

III) Beste aktibo material batzuk erostea edo erosteko aukerarekin errentan hartzea. Halako ondasunak erosten badira, oinarri honen 2. eta 3. atalei jarraituko zaie.

IV) Aktibo immaterialak erostea, betiere horren gastuak gainditzen ez badu gastu diruz lagungarri osoaren %50.

V) Inbertsio proiektuarekin lotutako enpresako langileak trebatzeko gastuak, proiektua gauzatzeko ezinbestekoak direnak.

b) Nafarroan egitea, eta laguntza jasotzen duen establezimenduan erabiltzea, salbu molde eta trokelen kasuan, Nafarroako beste industria establezimendu batzuetan erabiltzen ahalko baitira, eta langileak trebatzeko gastuak, ez baitute baldintza hau bete beharko.

c) Proiektuan planteatzen den helburua lortzen laguntzea zuzenean. Helburu hori 3.1 oinarrian aipatuetako bat izanen da.

d) Eskaera egunetik 2019ko abuztuaren 31ra bitarte egin beharko dira gastu diruz lagungarriak. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena, salbu finantza-errentamenduaren bidez finantzatutakoa, kasu horretan hurrengo 2. atalean eta 11.2 oinarrian xedatutakoari jarraituko baitzaio.

e) Behar bezala kontabilizatuta egotea, inbertsio gisa edo langileak trebatzeko gastu gisa.

f) Kostuen moderazioari buruz ezarritakoa betetzea. Horretarako, inbertsio diruz lagungarriaren gastu bat, BEZa kanpo, 12.000 eurotik gorakoa bada (arkitektura eta ingeniaritza enpresek ekipo-ondasunen hornidura egiten dutenean edo zerbitzuak ematen dituztenean) edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, eta gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, 9. oinarrian aipatutako moduan.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntzen kudeatzailea den organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

Azkenean hautatzen den hornitzailea ez bada laguntzak eskatzean aurreikusitako bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

Honako kasu hauetan onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar:

I) Justifikatzen duenean, merkatuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta, merkatuan ez dagoela behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

II) Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin lotutako aktiboak direnean, frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

III) Gastua hornitzaile horrekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

Nolanahi ere, enpresak hiru eskaintzak ez aurkezteko erabakia modu fede-emailean justifikatu beharko du aipatu inprimakian. Bestela, inbertsioko elementu horrek ez du diru-laguntza jasoko.

2. Finantza-errentamenduaren bidez aktiboak eskuratzea diruz lagungarria izanen da baldin eta eragiketak oinarri honen 1. ataleko d) letran adierazitako aldian egiten bada, eta haren xedea aktibo finko berriak eskuratzea bada.

Kasu horretan, enpresak konpromisoa hartu behar du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du. Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

3. Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko gastuak ez dira diruz lagungarriak, salbu eta establezimendu berri bat erosten denean, eta betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko diru-laguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Ondasun horiek desmuntatu, lekualdatu, muntatu eta egokitzeko kostuak diruz lagungarriak izanen dira.

4. Ez dira diruz lagunduko:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzen organo kudeatzailearen iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Diruz lagunduriko jarduerarekin bat ez datozenak.

d) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

e) Establezimendu berri bat sortzeko edo lehengo establezimendu baten produkzioa dibertsifikatzeko helburua duten proiektuen eskaera-eguna baino lehen ordainketa aurreratuak dituzten aktiboak, eskualdeko laguntzen 2014-2020 maparen barreneko eremuan kokatuta badaude.

f) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

g) Aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak.

h) Ibilgailuak, salbu barnean erabiltzekoak, esaterako orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

i) Zorraren interesak eta BEZa.

j) Lurrak eta eraikinak eskuratzea, betiere deialdi honen argitalpen egunaren aurreko 5 urtean diru-laguntzaren bat jaso badute.

k) Prestakuntza arloan nahitaezkoak diren arau nazionalak betetzeko enpresek ematen duten prestakuntzaren gastuak.

l) Prestakuntzarako langileen barne gastuak.

m) Prestakuntza jasotzen duten langileen ostatu gastuak.

5. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzaren zenbatekoa aurrekontu diruz lagungarriaren %10 adinakoa izanen da, prestakuntzako gastuak kenduta. Gehieneko diru-muga hauek ezarri dira:

PROIEKTU MOTA

ESKUALDEKO LAGUNTZEN 2014-2020 MAPAN SARTUTAKO EREMUA*

MAPAN SARTUTA
EZ DAGOEN EREMUA*

Establezimendu berria

1.000.000 euro

200.000 euro

Dibertsifikazioa

500.000 euro

200.000 euro

Zabaldu edo handitzea

200.000 euro

200.000 euro

(*) Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartuta dauden udalerrien zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) kontsulta daiteke.

2. Langileen prestakuntza gastuetarako, diru-laguntza %50ekoa izanen da, eta kontzeptu honen kontura gehieneko zenbatekoa 300.000 eurokoa.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitaratu eta hilabete geroago bukatuko, egun berean.

2. Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 12. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematika zein aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen eskabidea.

b) Enpresa eta inbertsioko proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Onuradun izateko baldintzak (2. oinarrikoak) betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

d) 2.1.e) oinarriak aipatzen duen emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plana.

e) Hala bada, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehazten dena).

4. Goiko 3. atalean adierazitako dokumentazioa aurkeztu ezean, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

5. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen badu, interesdunari eskatzen ahalko dio behar diren azalpenak egin ditzala hamar egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera ukatuko zaiola.

7. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

2.1. Enpresak Nafarroan duen batez besteko plantilla 2017. urtean:

a. 100 langile baino gutxiago: 3 puntu.

b. 100 langiletik 250 langilera bitarte: 2 puntu.

c. 250 langile baino gehiago: 1 puntu.

2.2. Proiektu mota:

–Establezimendu berri bat sortzea (3.a oinarria): 6 puntu.

–Lehendik dagoen establezimendu batean ekoizpena dibertsifikatzea, betiere horren ondorioz enpresaren jarduera ekonomikoak handitzen badira eta inbertsioa egin aurreko jarduerei dagokien 2009ko EJSNaren 4. digitua eta jarduera berriena ezberdinak badira (3.b oinarria): 4 puntu.

–Ekoizpena zabaltzea edo handitzea produktu berriak sartuz edo bezero zein merkatu geografiko edo sektorial berriak sartuz (3.c oinarria): 3 puntu.

–Enpresak gaur egun dituen merkatu eta produktuak aldatu gabe, ekoizpena zabaltzea edo handitzea. (3.d oinarria): 2 puntu.

–Industria prozesuen eraginkortasuna hobetzea (3.e oinarria): 1 puntu.

2.3. Ekonomia sozialeko enpresak (Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluko baldintzak):

EKONOMIA SOZIALEKO ENPRESAK

PUNTUAZIOA

Ekonomia sozialeko enpresak

2

Enplegurako zentro bereziak

3

2.4. Proiektua bideratzea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (RIS3) lehentasunezko arloetako batean: 2 puntu.

–Automobila eta mekatronika.

–Elikakatea.

–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

–Osasuna.

–Turismo integrala.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

2.5. Industriako enpresa handien inbertsioetarako laguntzen 2017ko deialdian laguntzarik lortu ez duten enpresak: 2 puntu.

2.6. Enpresa nagusiaren helbide soziala Nafarroan izatea: 2 puntu.

2.7. “Foru intereseko proiektuaren” aitortza izatea, Nafarroako Gobernuak hala deklaratuta: 3 puntu.

2.8. Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN %

PUNTUAZIOA

≥%25 eta <%50

1

≥%50 eta <%75

2

≥%75

3

3. Aurreko irizpideak aplikatzearen ondorioz puntuazioan berdinketa gertatuz gero, hura hausteko, lehentasuna emanen zaio 2.2 irizpidean puntuazio altuena lortzen duenari, eta horren ondotik, 2.6 irizpideko puntuazioari. Horrela ere hausten ez bada berdinketa, 2017an Nafarroan zeukan batez besteko plantillari begiratuko zaio, handienetik txikienera.

8. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Enpresa onuradunek beranduenez 2019ko abuztuaren 31n justifikatu beharko dute inbertsioa egin izana.

Horretarako, honako hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntza fitxen bidez:

a) Fakturak, horien kopiak eta ordainketen frogagiriak.

b) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia, eta, hala bada, 4.1.f) oinarrian eskatzen den kostuen moderazioa frogatzen duten eskaintzak.

c) Proiektua egin izanaren memoria, zehaztuta hasierako aurreikuspenekiko izandako desbideraketak eta proiektuaren helburuarekiko duten loturaren justifikazioa.

d) Dokumentazio kontablea: 2017ko urteko kontuen kopia, ibilgetuaren liburu nagusia (2. taldea) eta batuketen eta saldoen balantzea.

e) Behar denean, salerosketaren eskritura edo obra berriaren adierazpena.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

c) Diru-laguntza lortzen duen inbertsioa atxikita mantentzea enpresak Nafarroan duen jarduera ekonomikoari, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta bost urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean diru-laguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

e) Jasotako diru-laguntzaren berri ematea modu egokian, enpresaren webgunean, ageriko lekuan honako esaldi hau paratuz: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat jaso du, industriako enpresa handietan inbertsioak egiteko laguntzen 2018ko deialdian”.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere egokitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoa, organo kudeatzaileak frogagiriak egiaztatu ondoren, diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako inbertsioaren %70etik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoa onartutako inbertsioaren %40etik beherakoa bada, esleitutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Murrizketa horiek ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen jakinarazten badu egin beharreko inbertsioa murriztuko dela. Telematika bidez jakinaraziko du, laguntzen fitxaren bidez.

4. Kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela frogatuko dute.

2. Diru-laguntza ordaindu aurretik:

a) Inbertsioaren egiaztapen materiala eginen da diru-laguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa denean.

b) Finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, egiaztatuko da onuradunak eragiketaren kapitala amortizatu duela, gutxienez diru-laguntzaren zenbatekoa adinako kapitala.

3. Ordainketa agintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

13. oinarria.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio edo gastu beretarako ematen duen best edozein laguntzarekin.

Hala ere, bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten laguntzekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

14. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntzak.

Badira laguntza batzuk Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpena egin beharretik salbuetsita daudenak, ezarritako baldintzak bete dituztelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluko 14. artikuluaren arabera (“Inbertsiorako eskualdeko laguntzak”) eta 31. artikuluaren arabera (“Prestakuntzarako laguntzak”); izan ere, erregelamendu horren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntza-kategoria batzuk ezartzen dira, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Hauek dira salbuetsita dauden laguntza horiek:

a) Hasierako inbertsiorako eskualdeko laguntzak jarduera berri baterako (3.1 oinarria, a) eta b) letrak), Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartuta dagoen eremuko enpresa handiei emandakoak (udalerri horien zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian kontsultatu daiteke: www.navarra.es).

b) Enpresa handiek inbertsioei lotuta egiten duten prestakuntzarako laguntzak, enpresa horiek laguntzapeko eremuan egon ala ez.

15. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

1. Ondotik aipatzen diren laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat (erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da):

a) Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartuta ez dagoen eremuko udalerrietan dauden enpresa handientzako laguntzak.

b) Nafarroan lehendik dagoen enpresa handi bat zabaltzeko edo handitzeko proiektuetarako laguntzak (3.1.c oinarria).

2. Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

16. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1812220