204. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3an hartua, zeinaren bidez onesten baita “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala. Agrowind Navarra 2013 SL da sustatzailea.

I. AURREKARIAK

Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, “Nafarraoko proiektu eolikoa”, San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos, Corraliza de Paulino eta El Rasoko parke eolikoek osatua eta Agrowind Navarra 2013 SLk sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

Erabaki hori 2016ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 25ekoan, jendaurrean jartzeagatik.

Hasieran proposatutako konfigurazioari dagokionez, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial (hemendik aurrera, UPS) honen xedea zen sei parke eoliko (San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos, Corraliza de Paulino eta El Raso) ezartzea Nafarroako Erdialdean, goi tentsioko aireko linea baten bidez konektaturik, Red Eléctrica de Españak (REE, aurrerantzean) Erriberrin duen 66/220V-ko azpiestazioan osorik ebakuatu arte.

Ondoren, herritarren partaidetza zabala bermatzeko asmoz, Nafarroako Gobernuaren 2016ko apirilaren 6ko Erabakiaren bidez, jendaurrean jartzeko eta entzutea emateko epe berri bat ireki zen UPSak ukitutako udalentzat. Erabaki hori 2016ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 21ekoan.

Jendaurreko epea amaituta, aipatutako erabakiak, aurkeztutako alegazio-idazkiak eta espedientean dauden txosten sektorialak oinarri hartuta, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen, lehen aurkeztutakoa partez aldatzeko.

Dokumentazio berrian proposatutako aldaketak hasierako proposamenaren funtsezko aldaketatzat jotzen direnez (aldaketa horietako batek uko egiten dio El Raso parkeari), Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, espedientea berriz jarri zen jendaurrean eta berriz eman zitzaien entzunaldia ukitutako udalei, ingurumen eta lurralde ondorioetarako. Erabaki hori 2017ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 19koan.

Sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuenez, 2017ko abuztuaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez jarri zen jendaurrean espediente osoa.

2018ko ekainaren 1ean, sustatzaileak “Agrowind Navarra 2013 SLk Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako ingurumen eraginaren adierazpen proposamenari erantzuteko txostena” izeneko dokumentazio berria aurkeztu zuen. Txosten horrek aldaketa ez-funtsezkoak zekartzan jendaurrean jarritako azken dokumentuaren aldean.

2018ko ekainaren 18an, sustatzaileari eskatu zitzaion honako hauek biltzen zituen dokumentu berria aurkez zezan:

–“Agrowind Navarra 2013 SLk Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako ingurumen eraginaren adierazpen proposamenari erantzuteko txostena” izeneko dokumentazioaren barneko informazioa. Bereziki, separata bat, Nafarroako Gobernuaren 2017ko maiatzaren 3ko Erabakiaren bidez jendaurrean jarri zen dokumentuaren aldean proposatzen diren aldaketa guztiak azaltzen dituena. Halaber, eta hala badagokio, ukitutako jabeen zerrenda eguneratzeko dokumentua.

–Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak 2017ko ekainaren 7ko txostenean jasotako baldintzak.

–Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2015eko azaroaren 19ko txostenaren oharrak eta idazkian zerrendatzen direnak kontuan hartuta proposatzen den araudia.

2018ko uztailaren 17an, sustatzaileak eskatzen zen abala, 601.012,10 eurokoa, aurkeztu zuen Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiko Diruzaintza Atalean.

2018ko abuztuaren 24an, sustatzaileak euskarri digitaleko dokumentu bat aurkeztu zuen, eskaeraren gainerako puntuei erantzuten ziena baina Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera egokitutako parkeen proposamena edo konfigurazioa jasota (ebazpen haren bidez egin zen ingurumen eraginaren adierazpena).

Dokumentu hori azterturik, dokumentazioa zuzentzeko eta hobetzeko hainbat eskaera egin ziren, eta sustatzaileak horiei erantzun zien 2018ko irailaren 4an eta 20an.

II. XEDEA

Proiektuari buruz egindako ingurumen eraginaren adierazpenarekin bat aurkeztu den azken dokumentazioaren arabera, UPSaren xedea lau parke eoliko edo kokagune (San Marcos I, San Marcos II, Linte eta Jenáriz) ezartzea da Nafarroako Erdialdean, goi tentsioko aireko linea baten bidez konektaturik, Red Eléctrica de Españak (REE, aurrerantzean) Erriberrin duen 66/220V-ko azpiestazioan ebakuatu arte.

Hona hemen azken proposamenaren aldaketa nabarmenenak: bi parke eoliko (Tres Hermanos eta Corraliza Paulino) kentzea, haize-sorgailuen kopurua 85etik 33ra murriztea, horietako batzuen kokagunea aldatzea, haize-sorgailuen eredua aldatzea (azkenean 3,465 MW-eko potentzia duena aukeratu da), eta, energia ateratzeko sistemari dagokionez, energia ateratzeko linearen tarte batzuk lurperatzea, eta horren tentsioa handitzea 66 kV-etik 132 kV-era. Horrez gain, azpiestazioak eta Erriberriko sarearekiko konexioa ere handituko dira: lehenengoetan parke bakoitzeko transformadoreak 20/ kV-etik 30/132 kV-era pasatuko dira, eta bestea, berriz, 66/220 kV-etik 132/220 kV-era.

Parke bakoitzerako pentsatutako azpiestazio bakoitzetik 132 kV-eko energia ateratzeko linea bat aterako da, parke eoliko bakoitza Erriberriko 220 kV-eko TAEko energia emateko punturaino konektatzea ahalbidetzen duena. Horrela, parke eolikoa Red Eléctrica de Españaren Garraio Nazionaleko Sarearekin konektatuko da. Erriberriko 220 kV-eko egungo TAEren ondoan, sustatzaileak REEren 220 kV-eko TAEri atxikitako azpiestazio bat eraikiko du potentzia 220 kV-eraino handitzeko. Energia ateratzeko instalazioak bi motatakoak dira: energia ateratzeko linea nagusia eta energia ateratzeko linea elektrikoak. Energia ateratzeko linea nagusiak, San Marcos TAtik Erriberriko 220 kV-eko TAraino doanak, 28.819 m-ko luzera du, eta horietatik 17.667 m lur azpikoak izanen dira. Jenáriz eta Linte parkeak linea nagusiari lotzeko diren energia ateratzeko linea elektrikoek 2.865 m-ko luzera dute, eta airekoak izanen dira.

Parke bakoitzean parkea eraikitzeko eta ondoren funtzionatu eta mantentzeko behar den obra zibila garatuko da. Horren barnean aipatzekoak dira bideak –bai sarbide nagusiak, bai zerbitzuetakoak–, lur azpiko zirkuitu elektrikoak gordetzen dituzten zangak, lurreko sareak eta komunikazioen sistema.

Parke eoliko bakoitzean baliabide eolikoa neurtzeko estazio bat instalatzea proposatzen da.

Honako taula honetan jaso dira UPSean aurreikusitako instalazioek ukitzen dituzten udalerriak:

SAN MARCOS I

SAN MARCOS II

JENÁRIZ

LINTE

Haize-sorgailuak

Lerin eta Oteitza

Larraga

Miranda Arga

Larraga eta Berbintzana

Sarbidea

Larraga eta Lerin

Larraga eta Lerin (San Marcos I parke eolikoarekin azpiegiturak partekatzeagatik)

Miranda Arga

Larraga, Berbintzana eta Miranda Arga

Kanalizazio elektrikoak

Lerin, Oteitza eta Larraga

Larraga

Miranda Arga

Larraga, Berbintzana eta Miranda Arga

Azpiestazio elektrikoa

Larraga

Larraga (San Marcos I parke eolikoarekin azpiegiturak partekatzeagatik)

Miranda Arga

Miranda Arga

Energia ateratzeko linea elektrikoa

Larraga, Berbintzana, Miranda Arga, Faltzes, Tafalla eta Erriberri

III. JENDAURREAN JARTZEA

Proiektua jendaurrean jartzeko tramiteak eta aurkeztutako alegazioei emandako erantzuna Gobernuaren erabaki honi gehitu zaizkio I. eranskin gisa.

IV. 2017KO MAIATZAREN 3KO ERABAKIARI
BURUZKO GOGOETAK

Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zen. Erabaki horretan xedatzen zen enpresa sustatzaileak, espedientea ebatzi baino lehen, espedientea osatu behar zuela “Dokumentazioa” izeneko II. atalean adierazitakoari jarraikiz, eta hirigintzari eta lurraldeari buruz kontuan hartu beharrekoak (III. atalekoak) aintzat hartu behar zituela. Halaber, enpresa sustatzaileak txosten sektorialetan xedatutakoa bete behar zuela adierazten zen.

Hirigintzari eta lurraldeari buruz kontuan hartu beharrekoak ondoren garatu ziren espedientea berriro ere jendaurrean jarri zuen 2017ko maiatzaren 3ko Erabakian. Erabaki honen hurrengo ataletan bai gogoeta horiei bai txosten sektorialei heltzen zaie.

“Dokumentazioa” izeneko II. atala oinarri hartuta, sustatzaileak abal bat aurkeztu du UPSaren betetze egokiaren berme gisa (aurkeztutako azken dokumentuaren 2. eranskina), eta, IEArekin batera, “hori erabiliko da, bermatzeko konpondu edo minimizatzen direla proiektua gauzatzeak eragin litzakeen ingurumen kalteak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoarekin bat”.

Halaber, lege ordezkariak sinaturiko konpromisoa aurkeztu du, natur baliabideen antolamendu planek ezartzen dituzten determinazioak onartzeko, eta Planaren ondorioz parke eolikoan egin beharreko aldaketetatik ondorioztatzen ahal den kalte-ordainari berariaz uko egiteko (aurkeztutako azken dokumentuaren 10. eranskina).

Banaketa sarean sartzeko baimenari dagokionez, sustatzaileak (“Sarean sartzeko dokumentazioa” izeneko 3. eranskina) adierazi du 2018ko maiatzaren 16an eta uztailaren 27an sarean sartzeko bi eskaera egin dituela (horietako azkenean nodoko solaskide aritu da), eta beste hiru entitate eskatzaile gehitu ditu; guztira, 614,6 MW daude.

Aurrekoari lotuta, sustatzaileak esan du, akordioa lortzea ezinezkoa izan denez, horren berri emanen diela REEri eta Nafarroako Gobernuari, jakin dezaten eta ondorio egokiak izan ditzan.

Nafarroako Gobernuaren 2017ko maiatzaren 3ko Erabakiaren bidez, proiektuaren dokumentazio berria jendaurrean jarri zen, lehen aurkeztutakoa partez aldatzen duena. Erabaki horrek ezartzen zuen, espedientea ebatzi baino lehen, sustatzaileak bai erabaki horretan bai espedienteari buruzko txosten sektorialetan jasotako alderdiak berrikusi beharko zituela, eta, hala bazegokion, proiektu sektorialean horiek gehitu. Erabaki honen III. eranskinean heltzen zaie txosten sektorialei, eta ondoren, aipatutako erabakian jasotako alderdiei.

Aurkeztutako azken proposamenaren arabera haize-sorgailuen kokaguneetako lurzoru urbanizaezineko kategoriak berrikusi ondoren, Linte parke eolikoko LI07, LI06 eta LI05 haize-sorgailuak desegokitzat jo behar dira, nekazaritzako produktibitate handiko lurzoruak ukitzen jarraitzen baitute.

Aurrekoa kontuan hartuta, Linte parke eolikoko LI07, LI06 eta LI05 haize-sorgailuak ezin dira baimendu.

–“Aurkeztutako dokumentazio berriak ez du aldaketarik sartzen jendaurrean egondako dokumentazioan proposatzen zen babesari, erabilerei eta jarduerei buruzko araudian. Hori dela eta, aintzat hartu beharko da Nafarroako Gobernuaren 2016ko otsailaren 16ko Erabakiaren “III.5.–Proposatutako araudia” atalean jasotakoa”.

Araudi hori memoriaren “Babesari, erabilerei eta jarduerei buruzko araudia” izeneko 9. puntuan jasotzen da, 2018ko abuztuaren 24an aurkeztutako dokumentazioan. Horri dagokionez, jarraian gogoeta batzuk egiten dira.

Arlo sektorial eskudunen (Herri-lurren Atala eta Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia) berariazko eskaerak alde batera utzita, aplikatzeko orduan nahasketarik egon ez dadin, xedapen orokorrak aipatzen dituzten edo indarreko legedi sektorialaren errepikapenak zein zuzenean aplikatu beharreko manuak diren artikuluak edo testuak kendu behar dira, baliabidea jaso zein ez. Araudi horrek aplikazio-eremuaren arauketari eta eremu horretako erabilera onartu, baimengarri eta debekatuei buruzkoa izan behar du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren arabera (110., 111. eta 113. artikuluak).

Halaber, 4. artikulua kendu behar da, haize-sorgailuen arteko lerrokaduretako distantziari buruzkoa dena, horrek proiektuaren dokumentazio grafikoan (zehatz-mehatz, 2018ko abuztuaren 24an aurkeztutako dokumentazioan) agertzen dena izan behar baitu.

Horrez gain, proposatzen den arau testuak jasotzen du “araudi honen 4.a) artikuluan zehaztutako eremuaren zerrenden barnean kokatzen ahalko direla eta horrek ez dakarrela funtsezko aldaketarik UPSerako”. Testu hori kendu egin behar da, haize-sorgailu bati kokagune berria emateak aldaketak baitakartza berekin UPSaren eremuan edo arau eremuan eta aldaketa hori egituratzailetzat jo behar baita. Hirigintza determinazioen izaera edo maila Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean arautzen da; horrenbestez, ez da egokia UPS baten esparruan arautzea. Arrazoi horrexegatik “Aldaketa” izeneko 12. artikulua ere kendu behar da.

UPSaren eremuari dagokionez, proposatzen den arau testuan eremu aldakor eta zehaztugabe bat adierazten da “Bideen ukipen eremu”rako edo bide tarte berrietarako, baita “Bideekin paralelo ez doazen zangen ukipen eremu”rako. Eremu hori planoetan marrazten da. Hori dela eta, “aldakor eta zehaztugabe” dioen definizioa aldatu, eta planoetara bidali behar da.

Zortasun aeronautikoei dagokienez, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko ekainaren 7ko txostenean aipatutako arau testua gehitu behar da.

Erabileren arauketari buruzko artikulua Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. artikulura egokitu behar da; alde horretatik, ezin dira jarduera onartutzat jo manu horrek baimengarritzat jotzen dituenak eta alderantziz, ezta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean araututako erabilerei eta jarduerei buruzkoak ez diren jarduketak ere, adibidez, parkeetako kontserbazioa, funtzionamendua edo mantentze-lanak edo ingurumen zaintzako planen garapena (hala badagokio, derrigorrezkoak izanen dira, ingurumen organo eskudunak horrela ezarriz gero). Bestalde, erabileren jarraipena dagoeneko araututa dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean, eta, horrenbestez, ez da egokia bestela arautzea.

Ezarpen eremurako arauketari buruzko artikulua kendu behar da, ez baitu arauketarik ezartzen. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren erabilera onartu, baimengarri eta debekatuen definizioa kopiatu besterik ez du egiten, eta adierazten du aplikatzekoak direla legedi sektoriala, lurraldea antolatzeko tresnak eta hirigintzako udal planeamendua, nahiz eta testu nahasia duen. Gainera, lurzoru edo eremu horiek ez dira UPSaren eremu gisa jasotzen; beraz, inkoherentea da.

Bideen ukipen eremuko erabileren eta jardueren arauketan, 1. atala kendu behar da, existitzen ez den 4.b.1) artikuluan ezarritako araubidera bidaltzen duena (4. artikulua haize-sorgailuen arteko distantziari buruzkoa da, eta ez du atalik). Horrez gain, arauketa hori bide pribatuei buruzkoa baino ezin da izan, bide publikoek beren arauketa berariazkoa baitute. Era berean, ez da justifikatutzat jotzen bide batzuek, UPSaren arau esparrua zeharkatzen duten beste bide batzuen antzeko distantzian daudenek, arauketa ezberdinik izatea.

Nahasketarik egon ez dadin, “Erabilera eta jardueren arauketa UPSaren eremuaren barneko lurzatietan” izeneko artikuluaren izena aldatu, eta “Erabilera eta jardueren arauketa UPSaren eremuan” jarri behar da.

Araudia UPSaren eremu gisa sailkatutako lurzoruei buruzkoa baino ezin da izan, edo horietan bakarrik aplikatu. Horregatik, UPSaren eremutik kanpoko lurzoruei buruzko arauketa guztiak kendu behar dira.

Bestalde, ez da justifikatzen baimengarriak izatea parke eolikoari lotutako 120 m²-tik beherako eraikinak eta beste erabilera batzuk dituztenak edo handiagoak direnak, batez ere kontuan hartuta haize-sorgailuak proposatzen direla UPSaren eremuaren barnean dauden abeltzaintza edo nekazaritza erabilerako eraikinen ondoan. Kontsultatu ondoren, sustatzaileak ez du eragozpenik hori kentzeko, bi erabilerak eta eraikinak bateragarriak izan daitezkeela kontuan hartuta.

Erabilera eta jarduera debekatuei dagokienez, honako hau adierazten da: “Gainerako guztiak, eta bereziki: ...”. Gainerako guztiak debekatuta daudenez, ez da beharrezkoa “berezien“ zerrenda jasotzea. Are gehiago: kaltegarritzat jo liteke, nahasketa sor lezakeelako eta uler daitekeelako “berezi“ gisa zerrendatutakoak baino ez direla debekatutakoak.

UPSaren eremuari dagokionez, mugaketa grafikoa zuzendu, eta araudira (“UPSaren eremua” izeneko 1. artikulua) egokitu behar da, bereziki Linte parke eolikoko LI05 haize-sorgailuaren inguruan mugatutako eremuari dagokionez. Mugaketa horretarako ez da kontuan hartu behar haizeak neurtzeko proposatu den estazioa.

Energia ateratzeko instalazio osagarrietarako, guztira 100 metroko zabalera duen arau esparrua ezartzen da, instalazio horien trazaduran erdiratzen dena. Ez da araubide bat ezartzen instalazio horietarako, eta aplikatu beharreko legedi sektorialera bidaltzen da. Hori dela eta, ez da egokia eremu hori, batez ere legedi horrekin bat ez datorrelako. Aurrekoa gorabehera, komenigarritzat jotzen da eremu horri eustea aldi baterako, instalazio horien eraikuntza proiektuak onetsi arte, instalazio horien exekuzio materialak eska ditzakeen trazadura egokitzapenak ahalbidetzeko ondorioetarako. Instalazio horien exekuzio materialak eska ditzakeen trazadura egokitzapenak aintzat hartuta, horien trazadura proiektatzen ahalko da zerrenda edo eremu horren barnean, UPSa aldatu behar izan gabe. Instalazio horien eraikuntza proiektuak onetsi eta gero, eremu horrek eraginkorra izateari utziko dio.

Aurreko gogoeten arabera zuzendutako testua erabaki honen II. eranskin gisa jasotzen da. UPSaren eremurako zehaztutako lurzoruaren erabilerari eta babesari buruzko araudia aplikatzen ahal diren gainerako arauen gainean egonen da, aplikatzen ahal diren arau sektorialei eta lurraldearen eta hirigintzaren antolamenduko tresnei jarraikiz.

“Memoria orokorra” izeneko 1. dokumentuko “AWNren Nafarroako Proiektu Eolikoaren eraikuntza kronograma. 013” izeneko 4.2 puntuan, kronograma bat jasotzen da, eta bertan adierazten da parke eta horiei lotutako instalazio guztien eraikuntza bi urtera edo 24 hilabetera amaituko dela. Horregatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluarekin bat, Nafarroako Gobernuak, ofizioz edo alderdi batek hala eskatuta, erabaki dezake proiektu hau iraungitzea, baldin bi urte igaro badira behin betiko onetsi zenetik exekuzioari ekin gabe edo, hori hasita ere, bi urtetik gora eteten denean ezinbesteko arrazoi justifikaturik izan gabe.

“Administrazio izapideak” izeneko 4. eranskina kendu behar da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak UPS baterako eskatzen dituen edukien artean baitago eta ez baitator bat bideratutako administrazio izapideekin.

Parke eoliko bakoitzerako, neurtzeko estazio bat proposatzen da aurkeztutako azken dokumentuan. Instalazio horiek baztertu behar dira, aurreko dokumentazioan jasotzen ez zirelako eta, bereziki, ez direlako bete jendaurrean egoteko eta udalei entzunaldia emateko izapideak, eta ingurumen eraginaren adierazpenak (IEA) horiek babesten ez dituelako. Gainera, horri dagokionez, honako hau adierazi behar da:

–Jenáriz parke eolikoko neurtzeko estazioa IEAn kontrako txostena jaso duen haize-sorgailu baten kokagunean kokatzen da. Bi instalazioek antzeko ingurumen ukipenak sortzen dituztenez abifaunan eta paisaiaren gaineko inpaktuan, estazio hori ezin izanen litzateke onartu.

–San Marcos I eta II parke eolikoetako neurtzeko estazioak UPSaren arau esparrutik kanpo kokatzen dira, eta horien kokaguneak ez dira aipatzen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111. artikuluaren arabera, UPSean aurreikusitako edozein instalaziok errespetatu beharko du berariazko araudian zortasun eremua mugaturik ez duten bide publikoetarako eta ibilbide interesgarrietarako (adibidez, abelbideak edo Donejakue bidea) ezarritako zortasun eremua; zortasun eremu hori hiru metrokoa izanen da, bide horien kanpoko ertzetik neurtuta.

Linte parke eolikoko LI10 haize-sorgailua lehendik dagoen eraikin baten gainean proposatzen da. Bai aldaketa horretarako bai IEAtik eta baimentzeko bidezko tramiteetatik datozen beste batzuetarako, beharrezkoa izanen da aldez aurretik hori jakinaraztea ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duten organoei. Haiek baloratuko dute ea aldaketa horiek ingurumeneko eta/edo hirigintzako tramite bat behar ote duten.

Amaitzeko, abelbideen ukipenari dagokionez, adierazi behar da UPSa garatzeko prestatzen diren eraikuntza proiektuek Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren txostena beharko dutela.

V. TXOSTEN SEKTORIALAK

Ingurumen arloko tramitean (haren ebazpena aparteko atal batean lantzen da) emandako txostenak eta, aurkeztutako alegazio-idazkiei dagokienez, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Azpiegitura Energetikoen Atalak emandakoak alde batera utzita, III. eranskinean jasotzen diren txosten sektorialak eskatu dira, eta espedientean daude.

VI. INGURUMEN ARLOKO TRAMITEA

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 14an emandako 400E/2018 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Plan Eolikoaren barruan dauden San Marcos l, San Marcos ll, Linte, Jenáriz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino izeneko parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpena egin da, Agrowind Navarra 2013k sustaturik. Hona hemen edukia:

–Linte parke eolikoaren aldeko txostena ematen da LI-1 zenbakitik LI-11 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioaren arabera, betiere LI-05, LI-06 eta LI-07 haize-sorgailuak bateragarriak baldin badira hirigintza aldetik.

–San Marcos I parke eolikoaren aldeko txostena ematen da SM1-01 zenbakitik SM1-8 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, eta San Marcos II parke eolikoaren SM2-03 zenbakitik SM2-10 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioaren arabera; SM1-9 eta SM1-10 eta SM2-01 eta SM2-02 haize-sorgailuentzat kontrako txostena ematen da, azalpen zatian adierazitako arrazoiengatik.

–Corraliza Paulino parke eolikoaren kontrako txostena ematen da, arrazoi hauengatik: inguruan abifauna mehatxatua dagoelako, instalazioekin talka egiteko arrisku handia dagoelako, hegazti horiei beren ziklo biologikoaren fase batzuetan eragiten ahal zaizkien eragozpenengatik, estepako abifaunaren eta hegazti urtarren joan-etorrietarako izan dezakeen hesi-efektuagatik, energia garraiatu eta banatzeko hurbil dauden beste instalazio eoliko batzuekin batera sor dezakeen eragin metatuagatik, paisaiaren gaineko ukipenengatik eta Monte Plano lekunearen apartekotasun ekologikoagatik.

–Tres Hermanos parke eolikoaren kontrako txostena ematen da, arrazoi hauengatik: estepako abifaunaren kontserbaziorako interesekoak diren guneen artean kokatzen delako, inguruan dagoen abifauna mehatxatuarentzat hesi-efektua sortzen duelako, hegaztiek instalazioarekin talka egiteko arrisku handia dagoelako, hegazti horiei beren ziklo biologikoaren fase batzuetan eragiten ahal zaizkien eragozpenengatik eta paisaiaren gainean ukipen nabarmena eraginen duelako parke eolikoen aprobetxamendu handia dagoen eremu batean.

–Jenariz parke eolikoaren aldeko txostena ematen da, 2018ko ekainaren 1ean aurkeztutako dokumentazioaren arabera, JE-07 zenbakitik JE-12 zenbakira bitarteko haize-sorgailuei dagokienez, lerrokadura bakarrean jarriz gero, eta kontrako txostena, berriz, JE-01 zenbakitik JE-06 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, faunaren gain eraginen lukeen ukipen kritikoagatik, hesi-efektua sortuko lukeelako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzitsuak diren eremuen artean kokatzen den alde batean.

Gainera, ebazpen horrek neurri zuzentzaile batzuk ezartzen ditu, baita ingurumen jarraipeneko batzuk ere; hona hemen nabarmenenak:

–Obrak hasi aurretik, Berbintzanako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian zarataren arloko legedi indarduna beteko dela bermatzen duen azterketa bat aurkeztu beharko da.

–Erriberriko TAraino proposatzen den energia elektrikoa ateratzeko sistemari dagokionez, hori hausnartu behar da berriro baldintza batzuk kontuan hartuta; horien artean, lur azpian sartzea Aicaenas inguruan. Horretarako idazten den proiektuak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko du.

Halaber, adierazten du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 55. artikuluan xedaturikoarekin bat, galzorian dagoen fauna mehatxatu katalogatuari eragiten dioten zenbait gorabehera larri hautemanez gero, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak sustatzaileari eskatzen ahalko diola inplikaturiko haize-sorgailuak kentzeko, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izan gabe.

Halaber, ezartzen da haize-sorgailuetatik 1.000 metro baino hurbilago dauden eremuak, aurrerantzean, ez direla animalien gorpuak uzteko eremu egokitzat hartuko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez, basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzeko modua arautu zen.

Adierazpen horretan ezarritako ingurumen jarraipeneko neurriak aintzat hartu ote diren egiaztatzeko eta bidezko ingurumen jarraipena egiteko, obrak hasi baino lehen, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu IEAren arabera: zarata arloan indarrean dagoen legedia Berbintzanako herriko hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian betetzen dela bermatzen duen azterlana, funtzionamendu faseko jarraipen eta zaintza plana, eta proposamen bat, aldeko txostena jaso duten parkeen eremuan abifaunak espazioaz egiten duen erabileraren azterketa egitekoa dena; horrez gain, zenbait proiektu aurkeztu beharko ditu, UPSean jasotzen diren eta, hala denean, aldeko txostena jasotzen duten jarduketak garatzen dituztenak.

IEAri dagokionez, ekainaren 18an Agrowind Navarra 2013 SLk dokumentu bat aurkeztu du, honako izen hau daukana: “Azalpena, Nafarroako Proiektu Eolikoaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren ingurumen eraginaren adierazpena egiteko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 14an emandako 400E/2018 Ebazpenarena”. Dokumentu horretan, Agrowindek adierazi du ekainaren 14ko IEAren erabakiak onartzen dituela, eta aldaketak proposatu ditu haize-sorgailuen kokapenean eta kopuruan, besteak beste.

Eskaera horri dagokionez, ingurumen organoak, 2018ko uztailaren 26ko ofizioaren bidez, honako hau jakinarazi dio sustatzaileari: “haize-sorgailu berri horien gehikuntzak proiektuaren ezaugarriak aldatzea dakar, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan ezarri bezala. Zehatz-mehatz, sustatzaileak aurkeztu den dokumentazioan aipatu dituen aldaketetarako, nahikoa izanen litzateke ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatua tramitatzea, ezertan eragotzi gabe aurretik aipatutako 7. artikuluko 1.d) atalean adierazitakoa”.

Ondoren, aurkeztutako azken dokumentuarekin batera, sustatzaileak IEAren baldintza bat argitzeko eskatu du, zehazki abifaunaren jarraipenari buruzkoa. Eskaera hori aintzat hartuta, IEA partez aldatu da (Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpena), 2. puntuan, abifaunaren jarraipen baldintzen barnean, hain zuzen, a) letra aldatuz honako testu hau emateko:

“Obrak hasi baino lehen, eta urtebetez, aldeko txostena jaso duten parkeen eremuan azterketa bat eginen da abifaunak espazio horretaz egiten duen erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa horren proposamen bat aurkeztu beharko du, metodologia eta hasiera data adierazita, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak oniritzia eman beharko dio. Sustatzaileak hala eskatuta, urtebete igaro baino lehen eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldez aurretik aldeko txostena emanda, obrak egiten hasten ahalko dira, egindako azterketen arabera ez dagoenean IEA egin zenean ezagutzen ez zen ingurumen mailako inguruabar esanguratsurik”.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2018ko irailaren 28ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Agrowind Navarra 2013 SLk sustatutako “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea 2018ko abuztuaren 24an aurkeztutako dokumentazioaren arabera, honako determinazio hauekin:

a) Linte parke eolikoko LI07, LI06 eta LI05 haize-sorgailuak ukatzea, Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2. artikuluan adierazitakoa oinarri hartuta eta artikulu horren ondorioetarako.

b) Espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzen arabera eta San Marcos I, San Marcos II, Linte, Jenáriz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpena egiteko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 14an emandako 400E/2018 Ebazpenean ezarritakoen arabera garatuko dira San Marcos I, San Marcos II, Linte eta Jenáriz parkeak eta horiei lotutako instalazioak.

c) Mugaketa grafikoak UPSaren araudira egokitu beharko du, bereziki “UPSaren eremua” izeneko 1. artikulura. Linte parke eolikoko LI05 haize-sorgailuaren inguruan mugatutako eremuak ez du kontuan hartu behar haizeak neurtzeko proposatzen den estazioa.

3. Aurreikusitako kronogramarekin eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluarekin bat, Nafarroako Gobernuak, ofizioz edo alderdi batek hala eskatuta, erabaki dezake proiektu hau iraungitzea, baldin bi urte igaro badira behin betiko onetsi zenetik exekuzioari ekin gabe edo, hori hasita ere, bi urtetik gora eteten denean ezinbesteko arrazoi justifikaturik izan gabe.

4. UPSa garatzen duen proiektu teknikoa egin eta horri dagozkion obrak gauzatzeko orduan, espedientearen tramitazioan emandako txosten sektorialetan eta ingurumen eraginaren adierazpenean xedatutakoa bete beharko da. Gogorarazi behar da, UPSa garatzen duen proiektu teknikoan UPSaren inguruan sor daitezkeen aldaketetarako, beharrezkoa izanen dela aldez aurretik hori jakinaraztea ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duten organoei. Haiek baloratuko dute ea aldaketa horiek ingurumeneko eta/edo hirigintzako tramite bat behar ote duten.

5. Parke eolikoetako obrek beste azpiegitura eta elementu batzuetan (errepideak, ibilgu publikoak edo beste batzuk) sortzen dituzten edo sor ditzaketen ukipenei dagokienez, sustatzaileari oroitarazten zaio kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko dituela. Halaber, azpiegituretako batzuk herri-lurrak okupatuz garatzen direnez, obra-lizentzia eman baino lehen, dena delako toki entitateak lur horiek desafektatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, ondoren horien erabilera lagatzeko, zergapetzeko edo okupatzeko, eta derrigorrezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, 6/1990 Foru Legearen 140.1 eta 172. artikuluek eta 280/1990 Foru Dekretuaren 143. eta 215. artikuluek ezarritakoaren arabera.

6. Erabaki hau eta bere eranskin guztiak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 29.2 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

7. Erabaki hau eta bere eranskin guztiak igortzea Energiaren eta Meategien Atalari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Arkitektonikoaren Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Herri-lurren Atalari eta Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari.

8. Erabaki hau eta bere eranskin guztiak jakinaraztea Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Red Eléctrica de Españari, Leringo, Oteitzako, Larragako, Miranda Argako, Berbintzanako, Faltzesko, Tafallako eta Erriberriko udalei, sustatzaileari eta alegazio-egileei, behar diren ondorioak izan ditzaten, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko urriaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

I. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko tramitearen emaitza

UPS hau jendaurrean egondako epeetan, guztira 277 alegazio-idazki aurkeztu dira 56 eskabidetan. Ondotik, idazki horiek laburbildu eta erantzuna eman zaie; dena dela, argitu beharra dago batera erantzun zaiela eduki bera edo antzekoa duten idazki guztiei eta, ingurumenari buruzko alegazioei erantzuteko, oro har, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen dela, haren bidez egin baitzen proiektu honen ingurumen eraginaren adierazpena.

1.–Erriberriko Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

Corraliza Paulino izeneko parke eolikoari dagokionez, alegazioak egin dituen entitateak uste du zenbait alderdi berrikusi beharko liratekeela. Zehatz-mehatz, kontuan hartuta eremu horretan N-113 errepidearekiko eta AP-15 autobiarekiko paralelo doazen aireko linea elektriko asko daudela, parke eolikoko azpiestaziotik energia ateratzeko linea orokorrekiko lotuneraino (4,5 kilometro luze, gutxi gorabehera) linea elektrikoa lurperatzekoa eskatu du. Gainera, eskatu du, linea orokorrak lehendik dauden linea elektrikoak asetzea eragin dezakeen puntuei dagokienez, linea nagusia lurperatzeko aukera edo lehendik daudenak egokitzekoa berrikusteko. Halaber, sarbide berrietan ingurumen arloko neurri konpontzaileak hartzeko eskatu du, adibidez, bertako espezieak landatzea bi aldeetan. Amaitzeko, uste du proposamen horrek kalte ekonomikoak ekarriko lizkiokeela ukitutako lurzatietan garatzen den nekazaritza jarduerari eta, hori dela eta, jabeei banan-banan jakinarazi beharko litzaiekeela eta ordaina eman.

–Erantzuna:

66 kV-eko linea lurperatzeari dagokionez, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak adierazi du, parkeko energia ateratzeko azpiegituren artean, honako hauek bereiz daitezkeela:

–Parke eolikoko berezko zirkuituak (lur azpiko 20 kV-eko lineak), haize-sorgailuak eta parkeko bereko azpiestazioa lotzen dituztenak; eta

–Parke eolikoko energia ateratzeko linea (aireko 66 kV-eko linea), zeinak parkeko azpiestazioa Erriberriko 220 kV-eko transformazio azpiestazioarekin lotzen duen.

Linea horrek betetzen baldin badu Goi tentsioko linea elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta jarraibide tekniko osagarriak (ITC-LAT 01etik 09ra bitarte) onesten dituen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa, erantzuna ematen duen zerbitzuak ezin du lur azpiko trazadurarik exijitu. Baina azpimarratu behar da linea elektriko bat lurperatzeak kostuak nabarmen handitzea dakarrela berekin. Beraz, askotan proiektuak ez dira bideragarriak ekonomikoki.

Eremuan lehendik dauden lineei dagokienez (Acciona Energía SArenak eta Iberdrola Distribución Eléctrica SAUrenak dira), egokia da jakinaraztea ez dagoela zirkuitu librerik, aurreikusi bezala energia ateratzeko erabil daitekeenik.

Aurrekoa gorabehera, ingurumen eta lurralde arrazoiengatik, debeku edo mugengatik, edo lege edo erregelamendu xedapenen bidez berariaz ezarritako zortasun publikoak egoteagatik, azpiegitura elektriko bat lurperatzea egokia den ala ez hausnar liteke. Alegatutako kasuan ez da horrelako baloraziorik egin, ingurumen eraginaren adierazpenean kontrako txostena eman baitzaio Corraliza Paulino parke eolikoari eta, horrenbestez, lotutako haren instalazioei ere bai.

Bestalde, hala denean partikularrei eman behar zaien ordaina ez da berez UPS baten xedea, eta desjabetzerako egin beharreko espedientean heldu beharko zaio gai horri, eta/edo ukitutakoek eta sustatzaileak egiten dituzten akordioetan, hala eginez gero.

Amaitzeko, gainerako alegatuen erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

2.–Larragako Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

Udal interesdunak adierazten du Altos de San Marcos alderdian energia eolikoko parke publiko bat sortzeko tramiteak egiten ari dela 2003tik, hori Agrowind Navarra 2013 enpresak aipatutako kokaguneetako bat dela. Udalak 2004ko apirilean hasieran onetsi zuen Plan Berezia izapidetzeari lotutako administrazio jarduketak adierazi ditu; honako hauek, besteak beste: Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak abuztuaren 2an emandako 48/2012 Ebazpena, espedientea iraungitzat jo zuena; aurretiazko errekerimendua, Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakiaren bidez ezetsi zena; eta geroko administrazioarekiko auzi-errekurtso bat. Halaber, adierazi du parke eoliko publiko horri buruzko espedientean badaudela Iberdrolak eta Red Eléctrica de Españak emandako aldeko txostenak, linea elektrikoen konexioei eta sarbideei buruzkoak.

Altos de San Marcos alderdiko parke eolikoari dagokionez, adierazi du proiektu hori jasota dagoela Nafarroako III. Energia Planean eta behin-behinean onesteko fasean dagoen Larragako Udalaren Hirigintza Planak ere parke eoliko hori jasotzen duela.

Uste du alegazioak jaso dituen proiektua erabat bateraezina dela udalak sustatzen dituen jarduketa publikoekin.

Eskatu du Larragako Udalaren ekimen publikoko eskubideak babes daitezela, bereziki San Marcos parke eolikoarenak, kontuan hartuta ekimen horren gainbalioak eta onurak komunitatearentzat izanen direla eta hori oso garrantzitsua dela tokiko interes publikorako, eta ez dakiola irabazi azkarreko iguripenik sorraraz sustatzaile pribatu bati, sustatutako jarduketa gauzatzeko beharbada behar beste baldintza, baliabide eta betekizun ez duenari.

Bestalde, entitate interesdunak argudiatu du Agrowind Navarra 2013k eskatutako potentzia osoa autonomia erkidegoaren eskumen muga baino handiagoa dela.

Energia ateratzeko sistemari dagokionez, argudiatu du ez dela erantsi inolako dokumentu teknikorik, Erriberriko 220 kV-eko transformazio azpiestaziorako aurreikusitako energia ateratzeko aukera babesten duenik, azpiegitura horren korridoreak eta ukipenak udalaren proiektu eolikoaren barnean proiektatuta eta programatuta daudela, eta, beraz, energia ezin dela atera proposatu den bezala.

Toki entitateak uste du aurkeztutako neurketa eolikoaren datuak gutxi direla eta ez direla zehatzak; San Marcos parkekoek, udalak aurkeztu dituenek, berriz, neurtzeko dorreak izan zituzten.

Adierazi du espedientean Agrowind Navarra 2013k ez duela agertzen proiektua eraiki ahal izateko gaitasunik, ezta bideragarritasun ekonomikorik ere, eta azpian badagoela maniobra espekulatibo bat, proiektuak ez baitu neurketarik, konektatzeko baimenik, finantzatzeko gaitasun ekonomikorik... Zalantzan jarri du UPSaren bideragarritasun ekonomikoaren datuak, enpresaren kapitalari buruzkoak, ez baitatoz bat Merkataritza Erregistroan daudenekin.

Espedientearen dokumentazioari dagokionez, argudiatu da hori osatugabea dela, zenbait artxibo ez daudela edo ezin direla ireki, eta uste du dokumentu batzuk modu zehatz batean sinatuta egon beharko liratekeela.

Larragako Udalak gauzatu diren tramite guztien erabateko deuseztasuna argudiatu du, haren ustez enpresa sustatzailea eratuta egon gabe egin zirelako.

Horrez gain, uste du dokumentazioa baliogabea dela merkataritzaren ikuspuntutik, proiektuaren idazkietako baten batean Agrowindek adierazi baitu administratzaile solidarioa dela eta, hala ere, Nafarroako Merkataritza Erregistroan inskribatutako administrazio organoa mankomunatua da.

Gainera, udalak uste du sustatzaileak ez duela frogatu proiektua gauzatzeko duen gaitasun ekonomikoa, eta adierazi du ez dagoela ados San Marcos parke eolikoko jasangarritasun ekonomikoko memoriarekin. Dena den, azken horri dagokionez –eta bereziki, zerga likidazioei eta desjabetzeagatiko ukipenei dagokienez–, adierazi du sortzapenaren unean udalak egiten duenari lotuko zaiola.

Interesdunak uste du, horretaz aparte, bateraezintasuna dagoela dokumentuak prestatu dituzten pertsonentzat; izan ere, Nafarroako Gobernurako lan egin dute 2030erako Nafarroako Energia Planean eta, horren ondorioz, informazio pribilegiatua eskuratu dute. Informazioa eskatu da jakiteko zein izan den Moderna Fundazioak Nafarroako Proiektu Eolikoari eman dion laguntza. Aipatu da sustatzaileak ez duela proiektua gauzatzeko gaitasun teknikorik, eta, hori justifikatzeko, Gamesa Eólica SLUrekin 2015eko otsailaren 20an sinatutako hitzarmena aurkeztu du, haren gaitasun teknikoa frogatzen ez duena.

Horrez gain, Larragako Udalak argudiatu du sustatzaileak ez dituela gordailatu proiektua izapidetzeko behar diren abalak Red Eléctricaren aurrean, ez Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren arabera, ez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera.

Idazkiarekin batera, Larragako Udalak 2030erako Nafarroako Energia Planaren tramiteak direla-eta aurkeztu dituen alegazioak aurkeztu ditu, eta zuzenbidearen aurkako edozein tramite eteteko eskatu du, adibidez, izapide honen xede den espedienteari buruzkoa, haren balorazioaren arabera.

Horrenbestez, toki entitate honek eskatu du bere alegazioak kontuan hartzeko, bereziki proiektuaren balizko espekulazio izaerari lotutakoak, eta, interes publikoa defendatzearren, zalantzan jartzeko bai proposatutako jarduketak bai haien ondorioak, baita Larragako Udalaren ekimen publikoko eskubideak defendatzeko ere, kontuan hartuta gainbalioak eta onurak komunitatearentzat izanen direla eta ez dakiola irabazi azkarreko iguripenik sorraraz sustatzaile pribatu bati, sustatutako jarduketa gauzatzeko beharbada behar beste baldintza, baliabide eta betekizun ez duenari.

–Erantzuna:

Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 2ko 48/2012 Ebazpenaren bidez, espedientea iraungi zela deklaratu zen, sustatzailearen jarduterik eza ikusita, eta, Larragako Udalak sustaturik, Larragako udal-mugartean “Altos de San Marcos” alderdian energia eolikoko parke publikoa ezartzeko unera arte egindako jarduketak artxibatzea ebatzi zen.

Egintza horren aurka, udalak aurretiazko errekerimendua, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa eta kasazio-errekurtsoa aurkeztu zituen; horiek guztiak ezetsi ziren edo ez ziren onartu Nafarroako Gobernuaren 2012ko azaroaren 28ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2016ko ekainaren 2ko Epaiaren bidez (000268/2016 zenbakikoa) eta Administrazioarekiko Auzien Salaren 2017ko uztailaren 19ko Epaiaren bidez (1326/2017 zenbakikoa), hurrenez hurren.

Larragako “Altos de San Marcos” alderdiko parke eolikoaren proiektuari lotutako administrazio jarduketa guztiak artxibatutzat jo behar dira, espedientea iraungi dela deklaratu baita. Horregatik, proiektu horri lotuta gauzatu nahi den edozein jarduketak proiektu hori berriro izapidetzeko eskatzen du, eta haren edukiak ezin dira aplikagarritzat jo. Horrenbestez, eduki horiek ezin dituzte lurralde-eremu berean edo jarduera berari lotuta proposatzen diren beste jarduketa batzuk baldintzatu edo lotu.

Tramitatzen ari den udalerriko Plan Orokorrari dagokionez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena dago. Bertan honako hau adierazten da, parke eoliko gisa identifikatutako lurzoruei dagokienez: “Lur horien kategoria, azpikategoria edo azpiko azpikategoria haien ezaugarri edafikoei dagokiena izan behar da, eta udalak lur zehatz horietan parke eoliko bat jartzea eskatzeko espediente bat abiarazteko aukera jasotzea proposatzen badu, orientagarri gisa egin dezake, baina besterik ez. Izan ere, aukera horren aurretik beharrezkoa da, alde batetik, justifikatzea zergatik aukeratu diren lur horiek eta ez beste batzuk, eta, beste aldetik, arrazoi objektiboen bidez (haizearen baliabidea, ingurumen eta paisaia arloko ukipenak, energia sarera ateratzea eta abar) argudiatzea; arrazoi horiek frogatu behar dute lur horiek aukeratu direla parke eoliko bat jartzeko egokienak izateagatik, beste batzuen aldean, baina horrek ez du ekarriko edo bermatuko inolako eskubiderik hirigintza baimena lortzeko edo tresna onesteko”.

Horrez gain, Larragako Udalak sustatuko parke eoliko horri dagokionez, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak adierazi du energia elektrikoa ekoizteko instalazioen araubide bereziari heltzeko eskabidea badagoela, 2009ko urriaren 30ekoa. Eskaera hori maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egin zen. Uztailaren 12ko 9/2013 Errege Lege-dekretuaren 2.a) xedapen indargabetzaile bakarrak indargabetu zuen aipatutako errege dekretua. Hori dela eta, alegazioan aipatzen den figura (araubide berezia, hain zuzen) desagertu egin da.

Aipatutako espedientea alde batera utzita, adierazi behar da lurraldearen eta ukipenen azterketa udalez gaindiko ikuspegitik egin dela, udalerrien mugak kontuan hartu gabe, ezta horietako bakoitzak izanen dituen ondorio ekonomikoak ere. Nabarmentzekoa da ezen, espedientearen ebazpenean, autonomia erkidegoko Administrazioak lehenik udalez gaindiko interesari edo interes orokorrari erantzun behar diola, interes partikularraren edo tokiko interesaren aurretik.

Horrez gain, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresaren ekimen librea aitortzen du energia elektrikoa sortzeko jardueran aritzeko. Beraz, 2020rako Nafarroako Energia Planean edo 2030erako Nafarroako Energia Planean ezarritakoa alde batera utzita, Agrowind Navarra 2013 SLren proiektuak aplikatu beharreko araudia betetzen duen heinean, ezin zaio dagokion baimena ukatu.

Larragako Udalak gauzatu diren tramite guztien erabateko deuseztasuna argudiatu du, haren ustez enpresa sustatzailea eratuta egon gabe egin zirelako. Horri dagokionez, esan behar da enpresa sustatzailea 2013ko abenduan eratu zela, eta hizpide dugun UPSa tramitatzen hasteko eskaera ondoren, 2015eko martxoaren 6an, hain zuzen, aurkeztu zela garai hartako Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiko erregistroan (erregistro zk.: 2015/121581).

Haizearen neurketei dagokienez, enpresa sustatzaileak erantzun du horiek egiteko modua justifikatu duela.

Haizeari buruzko txostenak prestatzeko, Barlovento Recursos Naturales SL enpresak ‘in situ’ lortutako neurketak eta datu birtualen bidezko modelizazioak erabili ditu, baliabide eolikoaren kudeaketan diharduten enpresa guztiek gaur egun egiten duten bezala; eta, horrez gain, baliabide eolikoari buruzko txostenak idatzi ditu.”

Parke eoliko bakoitzeko haizeari buruzko txostenak “Baliabide eolikoaren ikasketak” izenarekin biltzen dira 6. eranskin gisa, aurkeztutako azken dokumentazioan.

Garraio sarearen energia ateratzeko gaitasunari dagokionez, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak jakinarazi du Ministroen Kontseiluak 2015eko urriaren 16an onetsitako “Planifikazio energetikoa: energia elektrikoa garraiatzeko sarearen garapen plana, 2015-2020” izeneko dokumentuan jada jasotzen dela Erriberriko azpiestazioa 220 kV-eraino handitzea eta horrek aukera emanen duela egin gogo diren instalazioek sortutako energia ateratzeko. Parke eolikoen energia ateratzeko bermeari dagokionez, 2018ko uztailaren 17an zerbitzu horrek txosten bat egin du, erabaki honen V. atalean (“Txosten sektorialak”) laburbiltzen dena.

Aurrekoa gorabehera, Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuak eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak honako hauek jotzen dituzte ekimen partikularreko UPS eoliko baten eduki edo dokumentaziotzat: bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoari buruzko azterketa; parkea instalatzeko aurreikuspen ekonomikoak, zehaztuta zenbat gastu diren ekipoetarako, instalazio elektrikoetarako, obra zibilerako eta ingurumeneko ukipenak zuzentzeko neurrietarako; eta ekoizpen teknikoaren justifikazio teknikoa, tokian bertan egindako neurketak gehituta eta korrelazio metodoak erantsita. Halaber, foru dekretuak ezartzen du espedientea tramitatzen den bitartean Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuaren txostena eskatzen ahalko dela planaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren inguruko ebaluazioari buruz.

Horri dagokionez, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak txostena egin zuen 2017ko urriaren 20an, eta bertan adierazi zuen Sektore Elektrikoko legeriak ezartzen duela, sektore horretako instalazioak baimentzeko, sustatzaileak frogatu beharko dituela gaitasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa. Aurrekoa ikusita, zuzendari horrek uste du horri buruzko iritzia eman beharko duela sustatzaileak aldez aurreko administrazio baimena eskatzen duen unean, eta, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/200 Errege Dekretua aintzat hartuta, bi egoera egon daitezkeela:

–Sustatzaileak aurretik ere ekoizpenean aritzea; akreditazioak aurkeztetik salbuetsi daitezke orduan.

–Aurretik ekoizpenean aritu ez diren sustatzaileak; horiei, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak akreditazioak eskatuko dizkie.

Bestalde, 125/1996 Foru Dekretuaren 7.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, sustatzaileak espedientea osatu du bankuko 601.012,10 euroko abala gordailatu izanaren frogagiri batekin, UPSa behar bezala exekutatuko duela ziurtatzeko. Gainera, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/200 Errege Dekretuaren 59.bis artikulua betetzeko, Agrowind Navarra 2013 SLk garraio sarean sartzeko eta konektatzeko prozedurak abiaraztetik datozen betebeharrei erantzuteko 2.146.000 euroko berme ekonomikoak gordailatu izanaren frogagiria aurkeztu du Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuan. Red Eléctricaren aurrean aurkeztu beharreko abalak konpainia horrek eskatu beharko ditu.

Nolanahi ere, aipatutako araudiaren eskakizunak bermatu behar dira, eta, horregatik, proiektu honen xede diren instalazioak eraikitzen dituena proiektuaren sustatzailea ez den entitatea edo pertsona izanez gero, obrak hasi baino lehen, bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoen inguruan eskatzen diren baldintzak frogatu beharko ditu.

Espedientearen gainerako dokumentuei buruz alegatutakoa orokorregia da, eta ezin zaio erantzunik eman.

Amaitzeko, instalazioa baimentzeko eskumena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio, parke eolikoetako bakoitza 50 MW-etik beherako potentzia unitarioa duen instalazio independentetzat jotzen baita. Instalazio independentetzat jo daitezke, bakoitzak bere energia ateratzeko transformadorea baitu; gainera, ez dago jarraitutasunik parke eolikoen artean (jarraitutasun hori Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren arabera definitu da).

3.–Honako jaun-andre hauek aurkeztutako alegazio-idazkiak: Gabriel Fernandez Perez jauna, Xabier Les Perujo jauna, Koldobike Perez de Iriarte jauna, Pedro A. Vazquez Hernández jauna, Juan Pablo Eslava Urío jauna eta 16 pertsona gehiago, Amares Basarte Lopez jauna eta 87 pertsona gehiago, Conrado García Napal jauna eta 115 pertsona gehiago, Juan Andrés Ramírez Erro jauna, Jacinto Goñi Irigaray jauna, Teresa Villar Zabaleta andrea, Cristina Arconada Armendáriz andrea, Juan Pablo Eslava Urío jauna eta 3 pertsona gehiago, Emilio José Fernandez Sanz jauna eta Pedro Leralta Piñan jauna.

–Edukia:

Alegazio-egileek uste dute justifikaezina dela parke eoliko berriak eraikitzea jada eraikitakoak berritu gabe, Nafarroako III. Energia Planak ezartzen zuen bezala. Gainera, une horretan Energia Plan berria tramitatzen ari zen. Hori dela eta, proiektuaren garapena eten beharko litzateke, plan berria amaitu arte.

Interesdunen ustez, proiektuko parke eolikoak haize-sorgailuz beteriko eremu batean daude, eta dagoeneko sinergia txarrak eragiten dituzte haize-sorgailu horiek Erriberako, Erdialdeko eta Lizarraldeko faunaren eta paisaien gainean. Parke berriek ondorio horiek areagotuko lituzkete, eta zenbait naturagunetan dagoen berariazko fauna larriki kaltetuko lukete, adibidez, “Estellerriko Erriberako igeltsuak” BILeko estepetan, Monte Planon eta Juncaleko aintziran; beste azpiegitura batzuek ere ukitzen dituzte horiek.

Haien iritziz, ez dago justifikaturik instalazio horiek eraikitzea benetako premien ikuspegitik, Nafarroa soberakinduna baita energia elektrikoaren ekoizpenean. Horregatik, defendatu dute Nafarroan ez dela proiektu eoliko berririk egin behar aldez aurretik honako ekintza hauek gauzatu gabe: Castejongo zentral termikoen behin betiko itxiera, kontsumoaren murrizketaren sustapena, eta Nafarroako egungo ekoizpen energetikoaren berrantolamendua, banaketan galerak murrizte aldera kontsumo guneetatik gertu dauden instalazio asko eraikitzearen bidezkoa.

Horregatik guztiagatik, “Nafarroako Proiektu Eolikoa” UPS deklaratzeko Nafarroako Gobernuak hartu zuen Erabakia zuzenbidearen kontrakotzat eta, beraz, baliogabetzat jotzeko eskatu dute.

–Erantzuna:

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresaren ekimen librea aitortzen du energia elektrikoa sortzeko jardueran aritzeko. Beraz, 2020rako Nafarroako Energia Planean edo 2030erako Nafarroako Energia Planean ezarritakoa alde batera utzita, Agrowind Navarra 2013 SLren proiektuak aplikatu beharreko araudia betetzen duen heinean, ezin zaio dagokion baimena ukatu.

Idazki honetako gainerako alegatuen erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

4.–Conrado García Napal jaunak aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

Interesdunak argudiatu du UPSa ez dela onetsi behar espedientea osorik egon arte. Uste du proiektua ez dela bideragarria eta ez duela banaketa sarerako sarbiderik. Hori kontuan hartuta, linea elektrikoa gaizki diseinatuta dago.

Bere ustez, espedientea abiarazteko erabakiak sustatzailearen iguripenak areagotu baino ez ditu egin, baina sustatzaileak ez du dokumentazioa behar bezala aurkeztu eta, horregatik, baztertu behar da. Gauzak horrela, gainbalio pribatua sorrarazi zaio erabaki publiko baten kontura.

Uste du proiektu eolikoa ingurumen arloko izapideen mende jarri behar dela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta lege hori garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, bi arauen 2. eranskinean egoteagatik. Halaber, harrigarria iruditzen zaio Nafarroako Gobernuak UPSa onesten duen Erabakia onetsi izana ingurumen arloko tramiteen emaitzari buruz ezer jakin gabe.

Era berean, argudiatu du aurkeztutako proiektuak ez duela betetzen Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua, bereziki, justifikazio teknikoari, sustatzaileak proiektuari heltzeko duen gaitasun ekonomikoari, bankuko abalari eta abarri buruzkoa; halaber, ez dago baliabide eolikoari buruzko ebaluaziorik.

Alegazio-egileak uste du ez dagoela ekoizpen energetikoaren justifikazio teknikorik, kokagunean bertan lortutako neurketak eta korrelazio metodoak aurkezten dituenik, bere ustez sustatzaileak ez baitzituen baimenduta eta instalatuta haizea neurtzeko dorreak, eta aurkeztutako datuak asmatuak baitira.

Ez du ulertzen nola lortu duen 2013ko abenduan eratutako enpresa batek parke batzuk ezartze aldera espedientearen tramiteak abiaraztea eta haizea aztertzea 2009an, hau da, existitzen ez zenean. Era berean, adierazi du Larragako Udalak gabezia horren berri eman zuela ingurumen arloko aurretiko kontsulten fasean, baina ez zela kontuan hartu.

Esan du sustatzaileak 80 m-ko altuera duen neurketa-dorre bat baino ez duela Lerinen, eta ezarri nahi dituen haize-sorgailuek 125 m-ko altuera dutela. Horrenbestez, ez du gaitasunik baliabide eolikoa behar bezala aztertzeko.

Ulertezina iruditzen zaio foru dekretu hori aldatu ez izana onetsi zenetik, nahiz eta bi energia plan berri onetsi eta estatuko zein Europako araudia aldatu den. Uste du foru dekretu hori ez dela nahikoa parke eolikoen ezarpena arautzeko.

Interesdunak uste du aipatutako erabaki horrek ontzat jotzen duela haren ustez sustatzaileak egin beharreko gaitasun ekonomikoaren justifikazioa, nahiz eta hasierako dokumentutik ez den horrelakorik egon, besteak beste, sustatzailea ez baitzen existitzen. Bere ustez, justifikazio horretan ez dira aipatu hainbat alderdi, adibidez, honako hauei lotutakoak: proiektuaren finantzaketa, sustatzailearen ondare egoera, zorpetzea, funts berekiak....; halaber, ez da aurkeztu hori bankuko txostentzat jotzen duen daturik. Hori dela eta, zalantzan jarri ditu, adierazitakoaren arabera, erabaki publikoen bidez eta partikular pribatu ezezagunen onerako baimentzen ari diren jarduketak; izan ere, partikular horiek sozietate gainjarriak dituzte, baita bazkide ezezagunak ere, eta Nafarroako gainbalioak hartzen dituzte beraientzat, herritar guztien kaltetan.

Hirugarren alegazio-idazkian interesdunak azaldu du jendaurrean jarritako dokumentuak ez duela aurreko alegazioetako bat ere zuzentzen eta oraindik ere agertzen direla aurreko alegazioetan aipatutako deuseztasun, dokumentuen faltsutasun, bideragarritasun ekonomikorik ez eta abarren arrazoiak. Hori dela eta, uste du Nafarroako Gobernuak proiektua ezetsi behar duela.

Lehenbiziko idazkiarekin batera txosten bat aurkeztu du; alegazio-egileak dio sustatzaileak egin duela hori eta inbertsio-egileei eskaini zaiela giltza eskura erako proiektu gisa. Horregatik, uste du parkea ez dela ustiatuko, eta zalantzazkoak izan daitezkeen diru-irabaziak lortzea baino ez dela asmoa.

Alegazio-egileak uste du sustatzaileak arinago aurkeztu zuela dokumentazioa gobernua aldatzeko zegoen garaian, ez baitzekien nola hartuko zuen gobernu berriak proiektu hori. Harrigarria iruditzen zaio dokumentuak Moderna Fundazioaren zigilua izatea, eta uste du, fundazio hori Nafarroako Gobernuarena zenez, zigilu hori eman zitzaiola sinesgarritasuna emateagatik zalantzazkoak izan daitezkeen diru-irabazi horiei.

Aipatu du EIN Navarra Consultoría y Gestión SL kontsulta-etxeak ingurumen eraginaren ebaluazioaren tramiteak abiarazi zituela proiektuaren aurretiazko kontsulten eskaerarekin batera, eta enpresa horrek berorrek aholkulari parte hartzen zuela 2030erako Nafarroako Energia Plana idazteko orduan. Halaber, adierazi du EINen arduraduna Agrowindeko administratzaile mankomunatua dela, eta, 2030erako Nafarroako Energia Planaren tramiteetan aurkeztutako bi eskabideren bidez, alegazio-egileak eskatu du Nafarroako Gobernuak sortutako Ustelkeriaren kontrako Bulegoari horren berri emateko.

Era berean, azaldu du proiektua 2020rako Nafarroako III. Energia Planaren kontrakoa dela eta parke eolikoen diseinuak Red Eléctrica de Españak eraikiko lukeen eta Lizarraldeari zerbitzua emanen liokeen 400 kV-eko linea baten eraikuntza ukitzen duela.

Alegazio-egileak uste du parkeek ekoitzitako energia ezin izanen dela atera, Enpresako zuzendari nagusiaren abuztuaren 22ko 4223/2007 Ebazpenaren arabera Tafallako lotunea saturatuta baitzegoen.

Aipatu du Larragako Udala parke eoliko bat sustatzen ari dela bere udal-mugartean eta hori gailendu beharko litzatekeela Agrowind Navarra 2013ren proiektuaren aurrean, publikoa eta ez pribatua izateagatik.

Espedientea jendaurrean jartzeko prozesuari dagokionez, argudiatu du eskabide bat aurkeztu zuela eta bertan aipatu zuela informazio bektorialeko karpetako dokumentuak ezin zirela ikusi edo irakurtezinak zirela. Halaber, adierazi du teknikariek ez dituztela dokumentuetako batzuk sinatu, ikus-onetsi eta idatzi.

Nafarroako Gobernuak parke eolikoen tramiteetan agertu duen jarrera zalantzan jarri du, batez ere udal sustapeneko parkeen tramiteetan, baliogabetzat jotako foru dekretu bat aintzat hartuta ezetsi direlako, baita Nafarroako Gobernuak EHNn dituen akzioak eta Accionari saldu izana ere, eta eskatu du Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzorde bat eratu dadila energia berriztagarrien inguruan. Aipatu du 2030erako Nafarroako Energia Planak etengabeko legezkontrakotasunaren egoera juridikoa indartzen duela berriro ere Nafarroako energia berriztagarriei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, proiektua ezesteko eta bere alegazioak Nafarroako Gobernuko Ustelkeriaren kontrako Bulegoari igortzeko eskatu du.

Gainera, interesdunak argudiatu du Nafarroako Gobernuak “Nafarroako Proiektu Eolikoa” UPS deklaratzeko hartu zuen Erabakiak Nafarroaren eskumen titulua urratzen duela, Foru Eraentza Hobetzeari buruzko Legean jasotzen dena, Sektore Elektrikoari buruzko indarreko Legearen arabera 50 MW-etik gorako tramitazioak estatuak tramitatu behar dituelako. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuaren Erabakia erabat deuseza da.

Amaitzeko, eskatu du alegazioak eta proiektuaren espekulazio izaera kontuan hartzeko eta, interes publikoa defendatzearren, Agrowindek sustatutako “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izeneko proiektua artxibatzeko, haren gabezia larriak eta hori osatzen duten dokumentuen deuseztasuna direla-eta.

–Erantzuna:

Alegazio-egileak adierazi du enpresa sustatzailea 2013ko abenduan eratu zela. Hizpide dugun UPSa tramitatzen hasteko eskaera ondoren, 2015eko martxoaren 6an, hain zuzen, aurkeztu zen garai hartako Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiko erregistroan (erregistro zk.: 2015/121581).

Alegazio-egileak esan du parke eolikoei buruzko estatuko eta Europako araudia aldatu dela, baina ez du adierazi zertan aldatu den. Hala ere, komeni da gogoraraztea estatuko eta Europako araudi hori aipatutako foru dekretuaren aurrean gailenduko dela, araudiak horrela ezarriz gero. Aurrekoa gorabehera, alegazio-egilearekin ados gaude foru dekretuaren edukiak eguneratu beharra dela-eta.

Leringo neurketa-dorrearen eta baliabide eolikoa behar bezala aztertzeko gaitasunik ezaren inguruan aipatutakoari dagokionez, sustatzaileak adierazi du Leringo 047 dorrea eta haren neurketa guztiak INTIASAri (Instituto Navarro de Tecnologías e Infraestructuras Agrícolas SA) erosi zizkiola 2013ko apirilaren 5ean, eta azken datuak lortzeko jarraitutako metodologia azaldu du.

Alegazio-egileak aipatu du jendaurrean jarritako dokumentazioaren zati bat (bereziki, informazio bektorialeko karpetako dokumentuak) ez zela irisgarria edo irakurtezina zela, eta, horri dagokionez, adierazi behar da, sustatzaileak zehaztu bezala, karpeta horretako fitxategiek biltegiratze digitaleko formatu bektoriala dutela, elementu geografikoen kokapena biltzen duena. Fitxategi horiek berariazko programa edo aplikazioen bidez baino ezin dira ireki edo bistaratu, eta ez dira derrigorrezkoak UPS baten edukien artean, nahiz eta horiek eskatu egiten diren horietan jasotzen diren jarduketak errazago aztertzeari begira. Fitxategi horiek barnean duten informazioa proiektuko planoetan agertzen den bera da, baina, geolokalizazioa agertzen dutenez, jarduketak beste mapa batzuen gainean bistaratzea ahalbidetzen dute. Doako web aplikazio batzuk daude, adibidez, Nafarroako informazio geografikoa emateko ataria (IDENA - Nafarroako Datu Espazialen Azpiegitura), fitxategi horiek kargatu eta bistaratzeko aukera ematen dutenak.

Eskumen eremuari dagokionez, adierazi behar da instalazioa baimentzeko eskumena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokiola, parke eolikoetako bakoitza 50 MW-etik beherako potentzia unitarioa duen instalazio independentetzat jotzen baita.

Proiektuaren bideragarritasun teknikorik eta gaitasun ekonomikorik ezaren, garraio sarearen energia ateratzeko gaitasunaren, Larragako Udalaren parke eolikoaren eta 2020rako Nafarroako III. Energia Planaren inguruan aipatutakoari dagokionez, Larragako Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiei emandako erantzunera (2 zenbakia) bidaltzen da.

Amaitzeko, Nafarroako Gobernuak sortutako Ustelkeriaren kontrako Bulegoari horren berri emateko eskaerari dagokionez, adierazi da, 2030erako Nafarroako Energia Planaren tramiteetan eskabide horiek aurkeztu baziren, energia plana onesteko ardura duen departamentuak horren berri emanen ziola Ustelkeriaren kontrako Bulegoari. Nolanahi ere, interesdunak eskaera hori aurkez dezake, eta bulego hori izanen da salaketatik datozen ondorioak ebazten dituena.

5.–Antonio Munilla García jaunak Gurelur elkartea ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

–Edukia:

Alegazioa egin duen elkartearen ustez, proiektu hori aurkezteak mespretxu argia dakar ingurumenerako, larriki kaltetuko baititu haize-sorgailuek, pistek, linea elektrikoek eta mota horretako industria instalazioei erantsitako eraikinek Larragan, Miranda Argan, Berbintzanan, Tafallan, Erriberrin eta Faltzesen unera arte inbaditu ez dituzten lur urriak. Zirkunstantzia horiek eta parke eolikoek berekin dakartzaten fauna heriotzek proiektu txundigarri hori ez onartzea eragin beharko luketela esan du.

Interesdunak adierazi du, Nafarroako Energia Plana berrikusten ari denez, haren emaitzen zain egon beharko litzatekeela, eta justifikaezintzat jo du zentral eoliko berriak eraikitzea, lehendik eraikitakoak berritu gabe.

Halaber, interesdunak dio bai aurkeztutako ingurumen azterlanen idazleek bai enpresa sustatzaileak alde batera uzten dituztela proiektu horrek aukeratutako eremuetan eraginen lituzkeen benetako ukipenak, bereziki ziklo biologikoaren une ezberdinetan eremu horiek erabiltzen dituzten espezie babestuen gainekoak.

Alegazio-egilearen ustez, hainbat azpiegiturak inbaditzen dituzte aukeratutako eremuak, eta, horien artean, ingurumen ukipen handia sortzen ari diren hainbat zentral eoliko daude. Azpiegitura eoliko, haize-sorgailu, linea elektriko eta pista berriak –besteak beste– instalatzeak ingurumen ukipen konponezina ekarriko luke berekin.

Idazkian adierazi du ezen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabe deklaratu badu ere Haize-parke berriak onestea eten zuen abenduaren 24ko 645/1996 Foru Dekretua, hartan zehaztutako arrazoiak ez direla aldatu, eta, hortaz, ezin dela haize-parke berririk onetsi Nafarroan. Halaber, adierazi du ezen, lehengo Nafarroako Energia Planak (2005-2010) aipatzen duenez, teknologia eolikoaren garapena mugaturik dagoela kokaleku eoliko berririk ez izateagatik, salbu eta parke esperimentalerako direnak eta ekipo zaharrak berriekin ordeztea.

Gurelur elkarteak adierazi du Ingurumeneko Departamentuaren dokumentu batean hitzez hitz jasotzen dela “ingurumen zaintzako programetan eskuratutako esperientziatik ondoriozta daitekeela ez dagoela neurri zuzentzailerik, ez bada haize-sorgailuak kentzea, hegaztiei arriskua murrizteko, eta ezin zaiola aldeko txostenik egin haize-sorgailu berriak paratzeari kasuan kasuko araudiaren arabera mehatxu handiko espezieentzat arrisku handiko eremuetan”.

Alegazioa aurkeztu duen elkarteak adierazi du proiektu eoliko hori baztertu beharko litzatekeela, faunari segurutik eragindako ukipenek Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko 2/93 Foru Legearen 8. artikulua urratuko luketelako. Honako hau dio artikulu horrek: “Debekaturik dago beren habitat natural, kabi, kume-zulo eta ugalketa-eremu, negu-toki eta atseden-eremuak bestelakotu eta hondatzea”.

Azkenik, interesdunak uste du proiektu horiek guztiak Nafarroako Ingurumen Kontseiluan aztertu behar direla, UPSaren deklarazioa egin baino lehen.

Aurretik adierazitako arrazoiak direla-eta, Gurelurrek proiektuaren xede diren parke eolikoak instalatzea baztertzeko eskatu du.

–Erantzuna:

Idazki honen erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

6.–Honako hauek aurkeztutako alegazio-idazkiak: Tafallako Udala, Conrado García Napal jauna Larragako Joaldunak elkartearen izenean, M.ª José Celaya García andrea Sustrai Erakuntza Fundazioaren izenean, Iker García Fernández jauna Auzolan Elkartearen izenean, Juan Pablo Eslava Urío jauna, Javier Lopez Portillo jauna Oteitzako kirol ehiztarien izenean, Arantxa Asiain Azcona andrea Socio Cultural el Rasoren izenean, Ainara Arabaolaza Amezua andrea Oteizako Arrano Kultur Elkartearen izenean, eta Marian Urmeneta Arizala andrea Idoya kirol klubaren izenean.

–Edukia:

Alegazio-egileek idazki berdinak aurkeztu dituzte, honako alegazio hauek biltzen dituztenak:

–Proiektuaren lokalizazioa eta haren ingurumen balioak.

Oro har, uste dute energia eolikoaren ezarpena Nafarroan azken urteotako hondamendi ekologiko handiena eragiten ari dela eta Nafarroako paisaiaren zati handi bat eraldatzen ari dela, oraindik aldatu gabe zeuden eremu natural batzuk urbanizatuta eta industrializatuta. Bereziki, uste dute zentral eoliko guztiak nekazaritza edo basogintza izaerako eremuetan instalatzen direla, nahiz eta horiek guztiak Nafarroa bereizten duten paisaia balio nagusietako bat diren. Halaber, uste dute, paisaiaren gaineko eragina ez ezik, higadurak, lur erauzketak, deforestazioak, landare geruzaren suntsipena eta biodibertsitatearen galera ere agertzen ari direla mendien eraldaketa ikaragarriagatik, baita abifauna sedentarioaren eta migratzailearen gaineko ukipena ere, haize-sorgailuek eta linea elektrikoek eragindako hildakoengatik.

Tramitatzen ari den proiektuari dagokionez, aipatu dute proiektuko kokapen guztiak harrapariei edo estepako abifaunako espezieei zuzenean eragiteko moduko eremuak direla, eta horri gehitu beharko litzaiokeela gaur egun dauden parke eoliko guztien eragin metatua, proiektuaren zero alternatibaren azterlanean sakon aztertu beharko litzatekeena, haien ustez ez baita horrelakorik egin, Ingurumeneko Departamentuak berak irismeneko bere txostenean adierazi ez bezala.

Bestalde, argudiatu dute horrelako proiektu handi bat planteatuta hain eremu zabal batean, estepako abifauna kontserbatzeko eremu batzuen inguruan, non garapen eoliko asko dauden, litekeena dela eragin larria-kritikoa sortzea inguru horretan bizi diren abifaunako espezieen gainean. Eta oso garrantzitsutzat jo dute hainbeste parke eoliko dituen lurralde batean haize-sorgailu gehiago ezartzearen ondoriozko paisaia-eragina.

Adierazi dute aurreikusitako instalazio guztiak naturaren aldetik balio handia duten arloetan daudela eta, nahiz eta eremu babestuetan osorik ez egon, haien instalazioak larriki kaltetuko luke egungo espazioetako fauna, adibidez, “Estellerriko Erriberako igeltsuak” BILeko estepetan edo “Tramos Bajos del Aragón y Arga” BILeko hezeguneetan. Halaber, adierazi dute proiektuak ukitzen dituen beste naturagune batzuk (hala nola Monte Plano eta “Juncaleko aintzira” natura-erreserba) beste azpiegitura handi batzuek ere (adibidez, prestazio handiko trena - PHT eta Nafarroako Ubidea) ukitzen dituztela. Horren ondorioz, azpiegitura guztien eraginak metagarriak dira. Amaitzeko, adierazi dute aurreikusitako kokaguneetatik hurbil badaudela beste eremu babestu batzuk, adibidez, “Soto del Arquillo y Barbaraces” natur erreserba, “Leringo pinudiak” lekune naturala eta “Soto de la Muga” natur lekunea.

Aurreikusitako parke eolikoak eta kokagune bakoitzaren ingurumen oharrak (horiek irismeneko txostenean eta Habitaten Atalaren txostenean jasotzen dira) azaldu ondoren, eskatu dute ohar horiek aintzat hartzeko, garrantzitsuak dira eta.

–Proiektuaren inguruan dauden enpresa alderdiak.

Alegazioak iritzi batzuk jaso ditu Nafarroan energia eolikoa ezartzeko prozesu historikoari eta Nafarroako Gobernuak horretan izan duen parte-hartzeari buruz. Era berean, hainbat autonomia erkidegotan parke eolikoak ezartzerakoan espekulazio eta ustelkeria kasuak egon direla aipatu du.

Tramitatzen ari den proiektuari dagokionez, aipatu du ez dela agertzen Agrowind Navarra 2013 enpresa sustatzailearen gaitasun ekonomikoa, Nafarroan parke eolikoen ezarpena arautzen duen 125/1996 Foru Dekretuan ezarri ez bezala, eta gaitasun eolikoaren neurketak falta direla, proiektua justifikatuko luketenak. Adierazi du enpresa sustatzaileak presioa egin duela ukitutako udalek parke eolikoak garatzeko hitzarmenak sina ditzaten. San Marcos parke eolikoari dagokionez, argudiatu da aurkeztutako proiektua ez datorrela bat Larragako Udalak aurretik aurkeztutako beste parke eoliko batekin, eta, horrela, interes pribatuak gailentzen direla publikoen aurretik.

–Proiektuaren testuinguru ekonomiko eta energetikoa.

Nafarroan benetako energia plangintzarik ez dagoela aipatu dute: soberakinduna da energia elektrikoaren ekoizpenean, eta, beraz, ez da justifikatzen ekoizpen zentral berriak instalatzea.

Adierazi dute, Nafarroako II. Energia Planak aipatzen duenez, energia eolikoaren garapena mugaturik dagoela kokaleku eoliko berririk ez izateagatik, salbu eta parke esperimentalerako direnak eta ekipo zaharrak berriekin ordeztea; eta gaur egun indarra duen III. Energia Planak luzamendu eolikoaren amaiera deklaratu, eta gaitasun eolikoa 652 MW handitzea proposatu du, interes pribatuei men eginda. Justifikaezintzat jo dute parke eoliko berriak eraikitzea jada eraikitakoak berritu gabe, Nafarroako II. Energia Planak ezartzen zuen bezala. Gainera, une horretan Energia Plana berrikusten ari da.

Uste dute tramitatzen ari diren parke eolikoak haize-sorgailuz beteriko eremu batean proiektatzen direla eta horrek dagoeneko sinergia txarrak eragiten dituela Erriberako, Erdialdeko eta Lizarraldeko faunaren eta paisaien gainean. Izan ere, hildako asko eragiten dituzte espezie babestuen artean –batez ere, hegaztiak–. Proiektu hori bai lehendik daudenekin bai tramitatzen ari direnekin batzen da.

Haize-sorgailuen sakabanaketa geografikoaren eta Erriberrin puntu bakar batean sarera konektatzearen ondorioz, 65 kilometro inguruko linea elektriko luzeak eraikitzen dira, abifaunarako sentikorrak diren eremuak zeharkatzen dituztenak.

Uste dute energia berriztagarriak ekoizpen elektrikorako alternatiba izan behar direla eta ez espekulazio izaerako osagarri bat. Horrenbestez, beren ustez, Castejongo zentral termikoak eraitsi arte, ez litzateke zentral eoliko berririk eraiki beharko.

Halaber, aipatu dute proiektatutako parke eolikoak proiektatutako beste azpiegitura handi batzuei lotuta daudela (adibidez, prestazio handiko trena - PHT, Nafarroako Ubidea, A-15 autobidea, Castejon-Muruarte goi tentsioko linea eta Tafalla-Deikaztelu-Itxaso linea elektrikoaren proiektua), eta eragin metagarriak eta sinergikoak handitzen direla.

Hortaz, aipatu dute ez litzatekeela baimendu beharko energia arloko espekulazio mugimendurik eta Nafarroan gehiegizko gaitasuna dagoela; eta eskatu dute energia eredua aldatzeko, zeinak barnean bilduko baititu burujabetza energetikoa, kontsumoaren murrizketa eta ekoizpen zentroen berrantolamendua, kontsumo guneetatik gertu dauden instalazio asko sortuz eta energia berriztagarrien alde eginez, erregai fosiletarako eta gehiegizko elektrifikaziorako benetako alternatiba diren aldetik.

Horregatik guztiagatik, alegazio-egileek eskatu dute aurkeztutako proiektua zuzenbidearen kontrakotzat eta, beraz, baliogabetzat jotzeko.

–Erantzuna:

Enpresa sustatzailearen gaitasun ekonomikorik ezaren, Larragako Udalak aurretik aurkeztutako parke eolikoaren eta energia plangintzaren inguruan aipatutakoari dagokionez, Larragako Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiei emandako erantzunera bidaltzen da.

Idazki honetako gainerako alegatuen erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

7.–Tafallako Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

Corraliza de Paulino parke eolikoak 16 haize-sorgailu instalatzea aurreikusten du. Parke horri dagokionez, uste du iparraldeen (Monte Plano alderdian, hain zuzen) dagoen lerrokadura izanen litzatekeela Tafalla neurri handienean ukitzen duena, Tafalla eta Erriberri arteko mugan baitago. Monte Plano alderdia oasia da florarentzat nahiz faunarentzat, Nafarroan hegoaldeen dagoen garriga izateagatik. Juncaleko aintziratik oso hurbil dago; aintzira hori kontserbazio eremu berezi deklaratu berri da, eta, gainera, natura-erreserba da. Iberiar penintsula osoan iparraldeen dagoen formazio endorreikoa da. Horri dagokionez, adierazi du kokagune pribilegiatua duela oro har uretako hegaztien eta hegazti migratzaileen habiagintzari eta aldi baterako atsedenari begira, uretako hegaztiak haren kontserbazio balio nagusia direla. Bere ustez, Corraliza de Paulino parke eolikoa hezegune garrantzitsu horren eta Pitillasko aintziraren artean egonen litzateke; aintzira hori Nafarroako Naturaguneen Sarearen barnean dago, eta inguruetan kokatzen da. Era berean, uste du egoera horrek Nafarroako garrantzitsuenetakoak diren bi hezeguneen arteko konexio naturala ukituko lukeela, bai urte osoan bertan bizi diren populazioek bai populazio migratzaileek elkarri eragiten diotelako bi espazio horietan eta hegaztien korridore naturalean haize-sorgailuak instalatzeak ukipen maila handia izanen lukeelako.

Halaber, Tafallako Udalak adierazi du handik gertu basoiloen Nafarroako azken zokoetako bat dagoela (espezie hori galzorian dago) eta bai Nafarroako Gobernuak bai udalak populazio hori babesteko neurriak hartu dituztela. Tafallako Udalak esan du 2016an espezie horretako animalia bat hil zela Erriberriko udal-mugartean, lehendik dagoen haize-sorgailu batekin talka egindakoan, eta inguruan badaudela Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartutako beste espezie batzuk (adibidez, basoilo txikia, ganga eta atalarra), estepako hegaztiak zaintzeko Landibar-El Saso eremu garrantzitsua etorkizuneko Corraliza Paulino parke eoliko horren inguruan baitago. Halaber, adierazi du Monte Plano alderditik hurbil Naumann belatzen etzalekuak daudela; espezie hori ere galzorian dago Nafarroan. Eta parke eolikoak horiek ukituko lituzke zalantzarik gabe.

Gainera, Corraliza Paulino parke eolikoari dagokionez, udal interesdunak argudiatu du parkeak ingurunean sektikorra den abifaunaren agerpena eta kokalekuaren berezitasun ekologikoa ukitzen dituela eta hurbileko beste instalazio batzuekin eragin metagarriak sortzen dituela. Horrenbestez, haize-sorgailu horien instalazioaren ingurumen bideragarritasuna zalantzan jarri du serio.

Horregatik guztiagatik, Tafallako Udalak eskatu du aurkeztutako proiektua zuzenbidearen kontrakotzat eta, beraz, baliogabetzat jotzeko.

–Erantzuna:

Idazki horien erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

8.–Jesús M.ª Lasa Calasanz jaunak ANAN (Agrupación Navarra de Amigos de la Naturaleza) elkartearen izenean aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

ANAN (Agrupación Navarra de Amigos de la Naturaleza) elkarteak eduki berdina duten hiru alegazio aurkeztu ditu 2016ko apirilean, 2017ko ekainean eta 2017ko urrian.

Argudiatu du Tafallako aldea eremu elektromagnetikoak sortzen dituzten elementuez beterik dagoela: haize-sorgailuak, azpiestazio elektrikoak, goi tentsioko linea elektrikoak, telekomunikazioko oinarrizko estazioak, trenbideko katenaria eta AHTaren balizko instalazioa. Aipatu du adituek egin dituzten neurketek agerian uzten dituztela kutsadura elektromagnetikoko balio batzuk, biztanleen osasunerako kaltegarriak izan daitezkeenak.

Elkarte interesdunak adierazi du Corraliza de Paulino parke eolikoa Tafalla eta Erriberri arteko mugan dagoela, Monte Plano alderdiko artadiaren ondoan, eta Nafarroako Gobernuak Onura Publikoko Mendi deklaratu duela artadi hori. Uste du kokaleku horrek balio ugari dituela, hala nola: berezitasun geologikoa du; Tafalla-Erriberrin dagoen azken herri-basoa da; aisiarako eta mendi-ibilietarako tokia da hurbileko herrietarako; baliabide didaktiko dihardu; Nafarroako Erdialdeko eta Erriberako zati ziren azken basoetako bat da; paisaiarako eta ekologiarako balio handia du; paisaia-eragin nabarmena du; paisaiarako balio paregabea du Nafarroan; eta bertako komunitate ornitologikoa oso oparoa da. Horrez gain, adierazi du parke eolikoa instalatu nahi den tokitik oso gertu Juncaleko aintzira dagoela, kontserbazio eremu berezia dena; aintzira horrek askotariko komunitate ornitologikoa du, eta horrek ukipen larria hartuko luke Monte Planoko alderditik Pitillasko eta Juncaleko aintziren arteko joan-etorriak oztopatzearekin batera.

Aipatu du Tafallako Hiri Antolamendurako Planaren ustez Monte Plano alderdia ingurumen, paisaia eta ekologia aldetik balio handia duen erreserba naturalistikoa dela, hura narriatzea eragozteko nahitaez babestu beharrekoa. Horren ondorioz, berariaz debekatuta daude lur-mugimenduak, espazioaren beraren osotasuna babesteko egin beharrekoak izan ezik. Halaber, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 29. artikulua aipatu du, mendi katalogatuak dituzten eremuetan energia garraiatzeko azpiegiturei dagokienez.

Aurreko guztia ikusita, alegazioa aurkeztu duen elkartearen ustez, eremu babestu horietan eragindako ingurumen ukipena konponezina izanen litzateke, eta eskatu du proiektua UPS deklaratzeko Nafarroako Gobernuak hartu zuen Erabakia zuzenbidearen kontrakotzat eta, beraz, baliogabetzat jotzeko.

–Erantzuna:

Tafallako Hiri Antolamendurako Planaren inguruan argudiatutakoari dagokionez, adierazi behar da Corraliza de Paulino parke eolikoko haize-sorgailuak Erriberriko udal-mugartean proiektatzen direla eta, horrenbestez, Erriberriko Plan Orokorraren hirigintza araudia edo babes araubideak aplikatu behar direla. Proiektua UPS deklaratzeko Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 16an hartu zuen Erabakiak honako hau adierazten du, hori hirigintzako udal planeamendura egokitzeari dagokionez: “Hirigintzako udal planeamenduak azterturik, lege sektorialek eta lurraldearen antolamenduko tresnek ezarritakoa galarazi gabe, azpiegitura eolikoak eta ebakuazio azpiegiturak bateragarriak dira kasuko lurzoru urbanizaezinaren kategorietarako ezarritako babes araubideekin”.

Idazki honetako gainerako alegatuen erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

9.–Ramón Elosegui Borinaga jaunak eta Asunción Ruiz Guijosa andreak Sociedad Española de Ornitologiaren izenean aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

–Proiektuaren benetako izaera, haren zatiketa, eta organo substantibo eta ingurumen organo eskudunak.

Alegazioa aurkeztu duen sozietatearen ustez, proposatutako 6 parke eolikoak haizearen indarraz elektrizitatea ekoizteko proiektu beraren zati dira, baina enpresa sustatzaileak horiek zatikatu ditu. Hori dela eta, Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legea urratu da. 6 proiektuek energia ateratzeko azpiegiturak partekatzen dituztenez eta sustatzaile berarenak direnez, proiektu bera dela iritzi du.

Interesdunak adierazi du tramitatzen den ekimen eolikoak %20 gehiago ekartzen diola Nafarroan instalatutako gaitasun eolikoari, 43 kilometrotan zehar 7 udal-mugartetako 3.700 ha ukituta, nahiz eta bertan ingurumen aldetik sentikortasun handia duten lurralde elementuak egon. Halaber, alegazio-egilearen ustez, espezie guztien gaineko ukipena aztertu beharko litzateke eta baztertze eremuak ezarri, ondoren parke eolikoko proiektu bakoitza ingurumen eraginaren ebaluaziopean jartzeko.

Uste du, lurralde bakar batean dagoen jarduera bat hainbat dokumentu tekniko edo proiektutan zatikatuta, ezinezkoa dela hori ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko araudiaren filosofiaren arabera zehaztea eta baloratzea. Halaber, bere ustez, proiektu eolikoak 50 MW-ak gainditzen dituenez, baimena emateko eskumenak Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio.

–Parke eolikoei eta horien ingurumen ukipen nagusiei buruzko ohar orokorrak.

Parke eolikoek hegaztien gainean dituzten ondorio txar nagusiak azaldu ditu.

–Nafarroako Proiektu Eolikoak ukitzen duen lurraldearen balio naturalak eta aurreikusitako eraginen balorazioa.

Aipatu du proiektuak okupatuko duen eremuan Europar Batasunaren intereseko habitat asko daudela –lehentasunezko batzuk ere badaude tartean–. Estepako hegaztiak kontserbatzeko eremu garrantzitsuak dira, are gehiago kontuan hartuta hegazti horiek beherakada nabarmena dutela Europa osoan eta Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartuta daudela, horietako batzuk galzorian ere egonda.

–Nafarroako energia eolikoaren egoera.

Uste du Nafarroako Gobernuak –eta, bereziki, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua– ezinbesteko helburutzat jo behar duela energia garbiaren lorpena, biodibertsitatearen kontserbazioa eta paisaien osotasuna bateragarriak izatea.

Bere ustez, ezin da justifikatu Nafarroan haize-sorgailu berriak instalatzea, eskaintza energetiko handiegia duen eremuan instalazio eoliko gehiegi egoteagatik.

–Erantzuna:

Idazki horien erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

10.–Leringo Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

Leringo Udalak eskatu du San Marcos parke eolikoko potentzia egiaztatzeko, eta, 50 MW-ak gaindituz gero, sustatzaileak eskaera bidaltzeko horretarako eskumena duen Estatuko Administrazio Orokorreko erakundeari.

Proiektuaren bideragarritasun teknikoari dagokionez, entitate interesdunak argudiatu du bete behar direla Instalazioaren baimen administratiboa lortzeko ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren arabera beharrezkoak diren sarbide eta konexiorako derrigorrezko prozedurak. Halaber, azaldu du bermatu behar dela proiektua bideragarria dela teknikaren aldetik, eta uste du, horretarako, berrikusi behar dela Erriberriko egungo transformazio azpiestazioari atxikita eraiki nahi den azpiestazioak proiektua bideragarri bihurrarazten ote duen, azpiestazio horretarako onar daitekeen ekoizpen eolikoko potentzia kudeaezina behar bezala gainditzea ahalbidetzearen ondorioz.

Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, aipatu da proiektuan adierazitako kapital soziala Merkataritza Erregistroan agertzen dena baino askoz handiagoa dela eta enpresak kontu hori argitu beharko duela.

Ingurumen arloko bideragarritasunari dagokionez, irismeneko txosteneko ohar batzuk jaso ditu. Halaber, adierazi du Acciona Energía SAUk igorritako kontsultan azpimarratzen dela Moncayuelo parke eolikoaren hasierako proiektutik 12 eta 17 zenbakien arteko haize-sorgailuak kendu zirela, Naumann belatzen gaineko ukipenen arriskua murrizteko asmoz; halaber, abifaunaren gaineko ukipen arriskua murrizte aldera, enpresari ezarritako hainbat betebehar aipatu dira. Adierazi du sustatzaileak Faltzesko El Raso eremuan proposatutako kokalekuekin bat zetozen batzuk ezetsi zirela abifaunaren gaineko ukipenengatik. Horregatik guztiagatik, nahiz eta enpresa sustatzaileak abifaunaren gaineko ukipen larririk edo handirik aipatzen ez duen, Leringo Udalak uste du egokia dela proiektuak abifauna modu horretan ukituko ez duela egiaztatzea.

Ingurumen eraginaren azterketaren edukiari dagokionez, alegazioa aurkeztu duen entitatearen ustez, ez dira jaso Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 35. artikuluan aipatzen diren derrigorrezko alderdietako batzuk.

Egindako txosten sektorialei dagokienez, Leringo Udalak uste du, proiektua baimendu baino lehen, txosten horietan ezarritako baldintzak betetzeko eskatu behar dela. Horri dagokionez, aipatu du ez dela egin Red Eléctrica de Españaren txostena eta, hori egin ondoren, entzunaldia emateko epe berri bat zabaldu beharko litzatekeela.

Bigarren idazkian, Leringo Udalak azaldu du proiektuaren hasierako bertsioan sustatzaileak 6 haize-sorgailu kokatzen zituela Baigorri Hegoa estepako hegaztien kontserbaziorako intereseko eremuaren barneko edo inguruko herri-lurretan. Haize-sorgailu horiek ingurumen eragin txikiagoko beste eremu batzuetan kokatu ziren gero, aurretik aipatutako eremu horretatik urruti. Entitateak eskatu du bideragarritzat jotzeko hasierako eremuan haize-sorgailuak instalatzea, balizko hiru irtenbide proposatuta:

a) Irizpidea aldatzea, eta estepako hegaztien kontserbaziorako eremuak, interes handiko edo ertaineko kalifikazioa dutenean, “egokiak ez diren eremu”tzat jo beharrean, “haize-parkeak jartzeko ingurumenari eta lurraldeari dagozkion mugak dituzten eremu”tzat jotzea.

b) Estepako hegaztien kontserbaziorako intereseko eremuaren mugak aldatzea, haize-sorgailuak hortik kanpo uzteko.

c) Sustatzaileari uztea haize-sorgailu horiek beste nonbait kokatzeko proiektua aurkez dezala.

–Erantzuna:

Instalazioa baimentzeko eskumena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio, parke eolikoetako bakoitza 50 MW-etik beherako potentzia unitarioa duen instalazio independentetzat jotzen baita. Instalazio independentetzat jo daitezke, bakoitzak bere energia ateratzeko transformadorea baitu; gainera, ez dago jarraitutasunik parke eolikoen artean (jarraitutasun hori Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren arabera definitu da).

Proiektuaren bideragarritasun teknikoaren inguruan aipatutakoari dagokionez, Larragako Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiei emandako erantzunera (2 zenbakia) bidaltzen da .

Sustatzaileak proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa justifikatu du.

Red Eléctrica de Españak txostena egin ondoren, entzunaldia emateko epe berri bat zabal dadila aipatu du. Entzunaldia emateko epe berri bat zabaltzeko edo jendaurreko tramitea errepikatzeko, dokumentuaren edukia nabarmen aldatu behar da. Txosten sektorial bat hartze hutsa ezin da kasu horren barnean hausnartu.

Espedientean dauden txosten sektorialen zerrenda eta edukia erabaki honen V. atalean (“Txosten sektorialak”) aztertzen dira.

Ingurumen arloko bideragarritasunaren, ingurumen eraginaren azterketaren edukiaren, eta bigarren idazkiaren inguruan aipatutakoaren erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

11.–M.ª Paz Ezcurra Perujuaniz andreak, Serafín Abril Ilarregui jaunak eta José Antonio Lizarbe Hortelano jaunak aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

Berbintzanako eta Larragako Linte eremuko parke eolikoaren kontrako alegazioak aurkeztu dira.

Beren ustez, eremu lau batean, non Arga ibaiaren ibar osoa ikusten baita, hiru haize-sorgailu jartzeak ikusizko inpaktu handia dakar, ingurua itxuraldatzen duen elementurik ez duen eremuaren giroa hautsiko duena.

Alegazio-egileen iritziz, Berbintzanako hirigunetik hurbilen dauden errotek soinu eta entzute ukipena eraginen dute herriko biztanleengan eta eragozpenak sorraraziko dizkiete, batez ere gauez. Hori dela eta, herritik urrunago instalatu beharko dira.

Adierazi dute haize-sorgailuak instalatu nahi direla estepako hegaztientzako babes mugatik oso hurbil dagoen eremu batean, hegazti horiek inguruan ere badabiltzala eta ezarpen horrek haien habitata aldatu eta haien biziraupena arriskuan jarriko duela.

Ez daude ados nekazaritzako produktibitate handiko lurretan haize-sorgailuak instalatzeko proposamenarekin, eta, udaletarako onura ekonomikoari dagokionez, adierazi dute proiektuan aipatutako zenbakiak ez direla benetakoak.

Horregatik guztiagatik, oro har haize-sorgailuen aurka ez badaude ere, uste dute horiek instalatzeko eremu hobeak daudela, eragozpenik ez sortzeagatik, eta, instalatuz gero, herri-lurretan egitea proposatzen dute, horrela auzoko guztiei on egiteko moduan, horiexek izanen baitira, beren ustez, erroten instalazioaren eragozpenak jasan beharko dituztenak.

–Erantzuna:

Udalez gaindiko ikuspegitik egiten da lurraldearen eta ukipenen azterketa, kontuan hartu gabe udalerrien mugak edo lurzoruen jabetza, ezta horietako bakoitzerako izanen dituen ondorio ekonomikoak ere. Nabarmentzekoa da ezen, espedientearen ebazpenean, autonomia erkidegoko Administrazioak, lurraldearen gaineko ukipen guztiak baloratzeaz gain, lehenik udalez gaindiko interesari edo interes orokorrari erantzun behar diola, interes partikularraren edo tokiko interesaren aurretik.

Idazki honetako gainerako alegatuen erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

12.–Mercedes Colás Aure andreak eta Juan Pablo Eslava Urío jaunak aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

Interesdunek argudiatu dute UPSari lotutako Erriberriko eta Tafallako herri-lurrak desafektatzeko jarduketen berri eman beharko litzatekeela behar bezala, horiek ezkutatu gabe.

Proiektu horrek eta beste azpiegitura batzuek (AHT, gasbidea...) ukitzen duten Erriberriko eta Tafallako artadia premiaz babesteko eskatu dute.

Argudiatu dute Nafarroa parke eolikoz beterik dagoela eta parke horiek paisaiarako eragin ikaragarria eragiten dutela: zarata, lurraldearen okupazioa, lurraren narriadura, Europa osoko hegazti migratzaileen ibilbideetarako kaltea... Beren ustez, paisaia bada Nafarroako aberastasun handienetako bat eta, horregatik, babestu egin behar da.

Castejongo zentral termikoen eraikuntza zalantzan jarri dute, eta jakin nahi dute zein den proiektu eoliko horren onuraduna eta enpresen espekulazio eolikoa ote den, beste autonomia erkidego batzuetan parke eolikoak ezartzerakoan egon diren aurrekariak ikusita.

Nafarroan parke eoliko berrien eraikuntzaren luzamendua eskatu dute, uste baitute parke eolikoek Nafarroako mendi ia guztiak okupatzen dituztela, nahiz eta hori argiaren fakturan edo “pobrezia energetikoa”n islatzen ez den.

Uste dute herri-lurrak ez direla enpresa pribatuen esku utzi behar.

Parke eolikoak despribatizatzeko eta horiek kudeaketa publikoaren pean jartzeko eskatu dute, baita politika energetikoa, hazkunde ekonomikokoa eta ingurumen alderdiak berrikusteko eta energia berriztagarriei buruzko eztabaida pizteko ere.

–Erantzuna:

Herri-lurrak ukitzen dituzten tramiteak edo prozedurak ez dira lurraldearen antolamendurako tresnen tramitazioaren xede, baina zerikusia dute horrekin; nolanahi ere, tresna horiek onetsi ondoren eta horiekin bat etorrita egin behar dira.

Artadiari buruzko alegatuen erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

Gainerako alegatuak UPS baten irismenetik kanpo daude.

13.–Modet Ortueta neba-arrebek aurkeztutako alegazio-idazkia.

–Edukia:

Interesdunek argudiatu dute Jenáriz parke eolikoko azpiegiturek ukitzen dituzten ondasunen eta eskubideen zerrenda agertzen dela jendaurrean jarritako dokumentazioan. Adierazi nahi dute jabeen zerrenda horren barnean karga bat dagoela Miranda Argako 6. poligonoko 830, 829, 831,806, 814, 95, 816, 828, 815, 827, 778, 779, 781, 782, 783, 777, 765, 766, 777, 776, 819, 790 eta 780 zenbakietako lurzatien gainean, belarren eta larreen aprobetxamendu bereziaren eskubidea dakarrena. Neba-arreba horiek Tafallako Jabetza Erregistroan inskribatutako eskubide horren jabeak dira. Halaber, eskubide hori egon badago aurretik aipatutako zerrendan agertzen diren Miranda Argako 4. poligonoko lurzatietan. Horregatik guztiagatik, zerrenda horretan belarren eta larreen aprobetxamenduaren eskubidea Ana M.ª Montaña O’Madden andrearen eta M.ª Manuela, M.ª Victoria eta Enrique De Simón Gracia Vicente jaun-andreen alde ere jasotzeko eskatu da.

–Erantzuna:

Proiektuetan egondako aldaketak direla eta, proiektuak dagoeneko ez ditu ukitzen aipatutako lurzatietako asko. Ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrendan ukitzen direnak aipatutakoaren arabera osatu behar dira. Dena den, enpresa sustatzaileak adierazi du, UPSaren onespena lortu bezain laster, sustatzaile eolikoak belarren eta larreen eskubide horien lagapena edo kalte-ordaina negoziatuko duela, hala denean, onesten diren jarduketek ukitzen dituzten jabeekin, legez ezarrita dauden horiekin, hain zuzen.

14.–Miranda Argako Udalak aurkeztutako alegazio-idazkia.

–Edukia:

Udal honek adierazi du ados dagoela Agrowind Navarra 2013 SLk sustatzen duen eta San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino parke eolikoak biltzen dituen “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izeneko UPSa onestearekin eta ondoren gauzatzearekin. Jenáriz parke eolikoari dagokionez, horrekin ados dago energia eolikoaren garapena indartzeagatik eta aurreikusitako haize-sorgailuen instalazioak udalerrirako berebiziko garrantzia izateagatik, bere ustez.

Miranda Argako Udalak bere idazkian iradoki du lehenets dadila haize-sorgailuak udal jabetzako lurretan instalatzea, onura ekonomiko-sozial handiagoa lortzearren, eta udal jabetzako Monte Bajo finkan instalatzeko aukera aztertzea. Halaber, adierazi du ez dagoela ados energia eolikoa ateratzeko korridorearen aurreikuspenarekin, aireko linea elektrikoak Miranda Argako hirigunetik oso gertu, egungo ureztatze tradizionaleko lurretan, igaroko liratekeelako. Horren ondorioz, horiek lurperatzeko edo, behintzat, aldentzeko eskatu du. Era berean, adierazi du haize-sorgailuen ingurumen eragina mugatu beharko litzatekeela ukipen hori murrizten duten finketan instalatuz.

–Erantzuna:

Udalez gaindiko ikuspegitik egiten da lurraldearen eta ukipenen azterketa, kontuan hartu gabe udalerrien mugak edo lurzoruen jabetza, ezta horietako bakoitzerako izanen dituen ondorio ekonomikoak ere. Nabarmentzekoa da ezen, espedientearen ebazpenean, autonomia erkidegoko Administrazioak, lurraldearen gaineko ukipen guztiak baloratzeaz gain, lehenik udalez gaindiko interesari edo interes orokorrari erantzun behar diola, interes partikularraren edo tokiko interesaren aurretik.

15.–José Angel Ibáñez Torres jaunak aurkeztutako alegazio-idazkia.

–Edukia:

Tafallako auzokoa izanda, interesdunak eskatu du Corraliza de Paulino parke eolikoaren eraikuntza eteteko, milaka urteko arteak dituen eta faunaren biodibertsitate handia agertzen duen El Plano alderdia oso gertu egoteagatik. Alegazio-egilearen ustez, parke hori gauzatzen bada, mendi horretako ekosistema hondatuko da azkenean, eta eremu oso garrantzitsua da tafallarrentzat.

–Erantzuna:

Idazki honen erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

16.–Alfonso Martinez Yanguas jaunak aurkeztutako alegazio-idazkia.

–Edukia:

Interesdunak aipatu du berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu duela Leringo Udalaren eta Agrowind Navarra 2013 SLren (aurretik, Razkin Guindulain Nueva Gestión SL) artean sinatutako akordioaren aurka, erabat deuseztzat jotzeagatik. Izan ere, bere ustez, enpresa horiek ez dute proiektua garatzeko bideragarritasun ekonomikorik.

Argudiatu du jendaurrean jarritako UPSaren dokumentazioan ez dagoela inolako txosten teknikorik, UPSaren sustatzaileak 200 milioi euroko proiektu eoliko bat gauzatzeko duen bideragarritasuna berresten duenik. Uste du proiektuak ez duela betetzen 4/2005 Foru Legean eta 125/1996 Foru Dekretuan agindutakoa. Horrenbestez, espedientea artxibatu beharko litzateke tramite gehiagorik gabe.

Horrez gain, interesdunak uste du enpresa sustatzaileak ez duela proiektu eolikoa gauzatzeko gaitasunik eta eskarmentudun pertsonak akziodunen artean sartu besterik ez duela egin, horiei ez ordaintzeagatik eta, enpresaren partaidetzak hirugarren bati eskualdatzen zaizkionean, horiexek kobratzeagatik.

Interesdunaren ustez, aldaketaren gobernuak ezin ditu baimendu argi eta garbi zalantzazkoak izan daitezkeen diru-irabaziak: aurreko legegintzalditik datorren espedientea argitu, eta behingoz eskatu behar du, dokumentu guztiak egon ezean, espedientea artxibatzeko eta, beste aldea ados ez badago, errekurtsoa jartzea du.

Horregatik guztiagatik, Agrowind Navarra 2013 SLk sustatutako Nafarroako Proiektu Eolikoa delakoa artxibatzeko eskatu du.

–Erantzuna:

Hala denean, toki entitateen eta sustatzailearen artean sinatzen diren akordioak ez dira UPS baten xede.

Proiektuaren gaitasun tekniko eta ekonomikorik ezaren inguruan aipatutakoari dagokionez, Larragako Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiei emandako erantzunera (2 zenbakia) bidaltzen da.

17.–David Serrano Larraz jaunak, estepako hegaztien aditua eta, Doñanako Estazio Biologikoari atxikirik, Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko zientzialari titularra den aldetik, aurkeztutako alegazio-idazkia, prozeduran interesduna baita.

–Edukia:

Interesdunak adierazi du 1999tik estepako abifaunako espezieei buruzko ikerketak egin dituela Nafarroako Foru Komunitatean (jendaurrean dagoen proiektuko ukipen eremuan ere bai), eta alegazio hauek aurkeztu ditu:

1. Espezieen kontserbaziorako espazio babestu edo interesgarrien gaineko ukipenak.

Bai proposatutako sei parkeen mapa (haien eremuak eta energia ateratzeko linea ere ikusita, proiektuaren goitiko bistan agertzen den bezala), bai eremuan, Natura 2000 Sarean eta Nafarroako estepako hegaztiak zaintzeko eremu garrantzitsuetan babestu beharreko figuren mapa ikusita, emaitza puzzle bat da, non proiektuko elementuek babestu beharreko figuren arteko hutsuneak betetzen baitituzte, batzuetan horien mugak linearen edo haize-sorgailuen mugakide izanda.

Aipatutako babestu beharreko figurak honako hauek dira:

a) “Estellerriko Erriberako igeltsuak” izeneko ES2200031 Kontserbazio Bereziko Eremua. Miranda Argaraino heltzen da, ibaiaren eskuinaldetik doa, eta Jenáriz parke eolikoan hegoaldeen dauden hiru haize-sorgailuak ia-ia Kontserbazio Bereziko Eremuren mugakide dira. Tres Hermanos parkea bi kilometrora baino gutxiagora dago.

b) Erriberriko merindadeko zereal-estepetako estepako hegaztiak zaintzeko eremu garrantzitsuak eta horien azpieremuak.

Kontserbazio eremu horiek 1995ean sortu, eta 2003an eta 2007an berrikusi ziren. Estepako hegaztiak zaintzeko gutxieneko eremu batzuk bermatu nahi dituzte ingurune aldakor batean egon arren, batez ere Nafarroako Ubideko nekazaritza areagotzeari lotutako eraldaketak ikusita. Nahiz eta egia den proiektu horrek eremu mugatuetan dituen zuzeneko intrusioak gutxi direla proiektu osoa kontuan hartuta, garrantzitsua da estepako hegaztien populazioen egungo egoera eta ingurune orokorra hausnartzea eta AICAENA eremuen arteko erlazioak kontuan hartzea. Gaur egun gauza jakina da estepako hegaztien biziraupena eta kontserbazioa populazioen mugimendu-ereduen eta horien arteko loturaren baldintzapean daudela.

2. Abifaunako espezie mehatxatuen gainean emandako informazioa urria da.

Parkeetako, energia ateratzeko lineako eta horren eranskinetako ingurumen eraginaren azterketek adierazten dute espezie horiek egon badaudela aztertutako eremuan, eta zenbait kasutan landako datuak eman dira. Hala ere, landako datu horiek urriak dira, argi eta garbi; izan ere, zenbait espezieri dagokienez, ez da behaketarik egon hainbat arrazoi direla-eta.

3. Proiektuak estepako abifauna babestuko espezie batzuen populazioak ukitzen ditu.

Mehatxatuen dauden espezieei eragiteko arriskua zehaztu du. Halaber, linea elektrikoari lotutako problematika azpimarratu du.

Espezieen mehatxu egoera eta horiek kontserbatzeko arazoak dokumentatu ditu informazio ugaria eskainita.

Hegazti mehatxatu eta babestuak hiltzeko arriskua aipatu du, behar bezala ebaluatu ez dena, baina, nolanahi ere, informazio zientifikoaren arabera, onartezina dena.

Horregatik guztiagatik, eskatu du alegazio horiek kontuan hartzeko eta, horiei jarraikiz, proiektua ez baimentzeko, ez, behintzat, jendaurrean jarri den moduan.

–Erantzuna:

Idazki honen erantzuna Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenera igortzen da. Haren bidez eman zen UPS honi buruzko ingurumen eraginaren adierazpena.

18.–Victorio Tapiz Escoda jaunak aurkeztutako alegazio-idazkiak.

–Edukia:

Interesdunak argudiatu du sustatzaileak ez duela proiektua gauzatzeko gaitasun teknikorik, ezta ekonomikorik ere, eta argi eta garbi dagoela asmoa badela baimendutako hori prezio onean saltzea.

Hona hemen idazkiaren oinarria: espediente osoan ez dago inolako azterlanik, enpresa sustatzaileak 200 milioi euroko proiektu bat gauzatu dezakeela zehatz dezakeenik, ezta inbertsio-fluxuei, kapitalizazioari eta abarri buruzko taula bakar bat ere; hau da, ez dago bideragarritasun ekonomikorik, eta, gainera, ez da justifikatzen 125/1996 Foru Dekretuan eta 4/2005 Foru Legean ezarritako abalak gordailatu izana. Adierazi da sustatzailearen kapital soziala eratze-eskrituran agertzen dena dela. Beraz, 4.000 euroko kapitala izanda eta Merkataritza Erregistroa itxita egonda, kontuak ez aurkezteagatik, enpresa bat ezin da inoiz bideragarria izan 200 milioi euroko obra bat gauzatzeko, espedientean ezer justifikatu gabe. Merkataritza Erregistroan enpresari buruz dagoen informazioa erantsi da, eta, alegazio-egilearen iritziz, hori zuzendu behar da, administratzaileei buruzko informazioari dagokionez.

Interesdunak adierazi du errekurtsoa aurkeztu duela Miranda Argako Udalaren aurka Agrowind Navarra 2013 SLrekin kontratua sinatzeagatik, zeina oraindik ebatzi gabe baitago. Izan ere, uste du enpresa horrek ez duela proiektua gauzatzeko gaitasunik, eta, horren ondorioz, deuseztzat jotzen du udalarekin sinatutako kontratua eta UPSa ezin da onetsi.

Aurreko guztia dela eta, Agrowind Navarra 2013 SLk sustatutako Nafarroako Proiektu Eolikoa behin betiko artxibatzeko eskatu da.

–Erantzuna:

Hala denean, toki entitateen eta sustatzailearen artean sinatzen diren akordioak ez dira UPS baten xede, ezta Merkataritza Erregistroan dagoen informazioaren zuzenketa ere.

Abalik ezaren eta proiektuaren gaitasun tekniko eta ekonomikoaren inguruan aipatutakoaren erantzuna Larragako Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiei emandako erantzunera (2 zenbakia) bidaltzen da.

II. ERANSKINA

Araudia

1. artikulua. UPSaren eremua.

Instalazio eolikoen eta horiei lotutakoen ezarpena hartzen duen lur azalera da.

UPSaren lurralde-eremu hori testu bategin honen “Katastro lurrari buruzko arau esparrua” izeneko 5. planoan eta “Arau esparrua eta zortasunak” izeneko 6. planoan agertzen da.

a) Haize-sorgailuen ukipen eremua:

Arau esparrua testu bategin honen “Katastro lurrari buruzko arau esparrua” izeneko 5. planoan eta “Arau esparrua eta zortasunak” izeneko 6. planoan agertzen den lur zerrenda bat da. Zerrenda horrek 140 metro inguruko zabalera du, eta haize-sorgailuek okupatzen duten lurraren barnean horiek lotzen dituen linean erdiratzen da, kota handieneko arloei jarraikiz. Horrela, haize-sorgailu bakoitzaren alde bakoitzean hirurogeita hamar metro daude beti linea horrekiko. Era berean, lerrokaduraren hasierako eta amaierako haize-sorgailuetan 70 m-ko distantzia dago haize-sorgailuaren ardatzarekiko, zerrendako sortzailetik ortogonalean neurtua (ingurumen edo geografia arrazoiengatik distantzia txikiagoa duten kasuetan izan ezik).

b) Bide berrien ukipen eremua:

Haize-sorgailuen sarbide nagusi edo horien lerrokaduren arteko interkonexio funtzionatzen duten bide berrien tarteetan edo haize-sorgailu isolatuetarako banakako sarbideetan, horien ondoan haize-sorgailurik ez badute, hau da, aurretik deskribatutako 140 metroko zabalerako lur-zerrendatik kanpo badaude, arau esparrua “Katastro lurrari buruzko arau esparrua” izeneko 5. planoan eta “Arau esparrua eta zortasunak” izeneko 6. planoan agertzen den lur zerrenda izanen da.

c) Energia ateratzeko instalazio osagarrien proiektuen ukipen eremua. 100 m-ko zerrenda bat zehazten da, proposatutako trazaduran erdiratzen dena, energia ateratzeko instalazioetarako, instalazio horien eraikuntza proiektuak onetsi arte. Instalazio horien exekuzio materialak eska ditzakeen trazadura egokitzapenak aintzat hartuta, instalazio horien trazadura proiektatzen ahalko da zerrenda horren barnean, UPSa aldatu behar izan gabe.

2. artikulua. UPSaren eremuan erabilerak eta jarduerak arautzea.

a) Haize-sorgailuen ukipen eremua:

1.–Jarduera eta erabilera onartuak:

–Nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintza erabilera, zortasunak eta instalazio eolikoen behar bezalako funtzionamendua errespetatzen badira, adibidez:

a.1) Parke eolikoek ukitzen duen eremuan egindako nekazaritzako eta abeltzaintzako lan tradizionalak; parkeko instalazioek (bideek, garabi-plataformek eta zimenduek) zuzenean ukitzen ez dituzten lursailetan normaltasunez egiten ahalko dira; instalazioek ukitutakoetan, debekaturik daude.

a.2) Abereentzat alanbrezko hesiak egitea, parkeko lurralde-eremuko zerrendak zeharkatu beharra badute eremuko abeltegiak behar bezala ustiatzeko. Kasu horretan, pasabide kanadarra edo itxiturako ateak eginen dira parkeko barneko bideei jarraipena emateko.

a.3) Abereei ura emateko iturriak egitea.

–Ingurumena berreskuratzeko lanak egitea, zuhaitz eta zuhaixka txikien landaketak barne. Horiek onartuko dira, parkeko azpiegiturek okupatutako azaleretan izan ezik, baldin eta airearen zirkulazioa aldatzen ez badute eta, hortaz, haize-sorgailuen funtzionamenduari kalterik egiten ez badiote.

–Bideak irekitzea eta aldatzea, baldin eta ez badaude lotuta eraikuntzako jarduerak edo erabilerak ezartzearekin, erauzketa-lanekin edo hondakindegiak kudeatu edo ezartzearekin.

–Parkeko barneko bideak erabiltzea zerbitzuko ibilgailuak pasa daitezen eta traktoreak eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basozaintzako ibilgailuak dagozkien ustiapenetara ailega daitezen.

–Oinezkoen eta ziklisten ibilbideak eta ibilbide turistikoak seinaleztatzea parke eolikoen eremuko bideetan.

–Energia berriztagarrien prestakuntza edo zabalkunde jarduerei lotutako eraikuntzaz kanpoko jarduerak.

2.–Erabilera eta jarduera baimengarriak:

–Lur azpiko azpiegitura linealak, parke, bide eta plataformen lurralde-eremuaren zerrenda zeharkatu behar dutenak. Horien exekuzioan lurpeko kanalizazio elektrikoen zortasunak errespetatu beharko dira, teknikari eskudun batek gainbegiratuta.

–Baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko lanei lotutako instalazioak.

–Eraikinak egitea.

–Erlezaintzako jarduerak.

3.–Erabilera eta jarduera debekatuak:

gainerako guztiak.

–Bide berrien ukipen eremua:

Araubide iragankorra:

Instalazio horiek zerrenda horretan eraikitzen ez badira, onartutzat edo baimengarritzat jotzen ahalko dira bakarrik bide horiek egitea baldintzatzen ez duten jarduketak.

Araubidea:

Bide berriak egin ondoren, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legerian ezarritako araubidea aplikatuko da.

–Energia ateratzeko instalazio osagarrien proiektuen ukipen eremua:

Araubide iragankorra:

Instalazio horiek zerrenda horretan eraikitzen ez badira, onartutzat edo baimengarritzat jotzen ahalko dira bakarrik energia ateratzeko instalazioak ezartzea baldintzatzen ez duten jarduketak.

Araubidea:

Instalazio horien eraikuntza proiektuak onetsi ondoren, dagokion legedi sektoriala aplikatuko da.

3. artikulua. Parkeetako barneko bideetan erabilerak eta jarduerak arautzea:

2.–Debekatzen da kirol jardueretan, aisialdikoetan edo hirugarrenen jarduera profesionaletan ibilgailu motordunak parkearen barreneko bideetatik zirkulatzea, salbu eta baimena dutenak. Debeku horren abisua emateko, kartel bat paratuko da sarbidearen ondoan.

3.–Salbuespen gisa eta segurtasun arrazoiengatik, haize-sorgailuen oinarriraino heltzeko asmoa kentzen duten elementuak edo hesiak jartzen ahalko dira, baimenik gabeko ibilgailuak haize-sorgailuen inguruan ibil ez daitezen.

4.–Debekatzen da ibilgailuek 30 km/h-tik gorako abiadura izatea.

4. artikulua. Zortasun aeronautikoak.

VOR RWY 33 maniobraren azken hurbilketako azalerak (985 m-koa), besteak beste, Jenáriz eta Linte parke eolikoak ukitzen ditu nagusiki. Udalez gaindiko proiektu sektorialaren eremuaren zati bat Iruñeko aireportuari dagozkion zortasun aeronautikoen eremuen barnean dago. UPSaren “Zortasun aeronautikoak” izeneko 8. planoan, Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoak mugatzen dituzten azaleren maila-lerroak irudikatzen dira, eremuko UPSa ukitzen dutenak. Lerro horiek honako hauek zehazten dituzte: eraikinek (haien elementu guztiak barne, adibidez, antenak, tximistorratzak, tximiniak, aire girotuko ekipamenduak, igogailu-zuloak, kartelak, apaingarrien akaberak eta abar) gainditu ezin dituzten altuerak (itsasoaren mailarekiko), lurraren edo objektu finkoen aldaketak (zutoinak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne–, kartelak eta abar), eta bideen edo trenbideen galiboek.

Edozein eraikuntza edo egitura (zutabeak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne– jartzeko eta haiek eraikitzeko beharrezko baliabideak– eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne–) instalatzeko, baldin lurretik gora 100 metro baino gehiago altxatzen bada, Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziak (AESA) aldez aurretik hartu beharko du erabakia aireko eragiketetako segurtasunean duten eraginari buruz.

5. artikulua. Herri-lurrak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko 11. kapituluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 11. tituluan ezarritakoak eraentzen ditu.

Horiek oinarri hartuta, herri-lurretan edozein jarduketa egin baino lehen, eta jarduketaren sustatzailea toki entitatea bera ez bada, dagokion espedientea tramitatu, eta Nafarroako Gobernuaren baimena lortu behar da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat.

III. ERANSKINA

Txosten sektorialak

Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia.

Aurkeztu diren proposamen guztiak aintzat hartuta, zuzendaritza zentro honek UPSaren aldeko txostenak eman ditu 2015eko ekainaren 8an eta 2017ko ekainaren 7an. Azken txostenak adierazi du UPSak Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoen planoa erantsi behar duela bere arau planoen artean, eta, halaber, araudian hurrengo paragrafoa jaso behar da berariaz: “Udalez gaindiko proiektu sektorialaren eremuaren zati bat Iruñeko aireportuari dagozkion zortasun aeronautikoen eremuen barnean dago. Txosten honen 1. eranskin gisa gehitu den planoan, Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoak mugatzen dituzten azaleren maila-lerroak irudikatzen dira, eremu hori ukitzen dutenak. Lerro horiek honako hauek zehazten dituzte: eraikinek (haien elementu guztiak barne, adibidez, antenak, tximistorratzak, tximiniak, aire girotuko ekipamenduak, igogailu-zuloak, kartelak, apaingarrien akaberak eta abar) gainditu ezin dituzten altuerak (itsasoaren mailarekiko), lurraren edo objektu finkoen aldaketak (zutoinak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne–, kartelak eta abar), eta bideen edo trenbideen galiboek.

Gainera, adierazi du, zortasun aeronautikoei buruzko araudiaren arabera, edozein eraikuntza edo egitura (zutabeak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne– jartzeko eta haiek eraikitzeko beharrezko baliabideak– eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne–) edo landaketa instalatzeko, Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziak (AESA) aldez aurretik hartu beharko duela erabakia.

Sustatzaileak aurkeztu duen azken dokumentazioan, aurreko eskakizunei erantzun zaie: araudiaren 2. artikulua (memoriaren 9. puntua) eta saileko “Zortasun aeronautikoak” izeneko 8. planoa.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

2015eko ekainaren 4an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak hirigintza txostena egin zuen. Ur jabari publikoaren babesari eta korronteen erregimenari dagokionez, aldeko txostena eman die proiektu sektorialaren barneko jarduketei, espedientean dagoen dokumentazioaren arabera, baina ezarri du etorkizunean arroko erakunde horri berriro eskatu beharko zaiola UPSa garatzen duen proiektu teknikoari buruzko baimena; halaber, ibilgu publikoen ukipen eremuan (ur jabari publikoa eta polizia-eremua) kokatzen diren jarduketen baimena tramitatzeko unean kontuan hartu beharko diren aurreikuspen orokorren berri ematen du. Eskaera hidriko berriei dagokienez, konfederazioak adierazi du ez dela txostenik eman behar, ez baita ur kontsumorik aurreikusten parke eolikoaren eta linea elektrikoaren ustiapenean. Azkenik, UPSak proposatzen dituen jarduketek uki ditzaketen erreten, ubide eta urmael guztiei dagokienez, Konfederazioak oroitarazi du ezen, azpiegitura horien eremu mugakideetan jarduketarik eginez gero, horien titularraren aldeko txostena beharko dela, izan daitekeelako lur horiek mugaren bat izatea erabilerei buruz.

Red Eléctrica de España.

2017ko maiatzaren 18an emandako azken txostenean, adierazi du parke eolikoek ez dituztela garraio sarean sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.

Alegazioei erantzuteko txostenak, “Jendaurrean jartzea” izeneko III. atalean aipatzen direnak, ez ezik, espedientean zerbitzu horren beste hiru txosten ere badaude.

2015eko martxoaren 16an, adierazi da Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia garraio sareko kudeatzailearekin eta sistemaren operadorearekin lan egiten ari dela, energia ateratzeko ahalmena optimizatzeko Nafarroako sustatzaileek egindako proposamenetan, eta, zehazki, “Nafarroako Plan Eolikoa” izeneko proiektu eolikoa, Agrowind Navarra 2013 SLk sustatu duena, barne hartzen dela Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak darabilen plangintzan; halaber, Red Eléctrica de España SAUren 2014ko abenduaren 1eko jakinarazpena badagoela aipatu da.

2017ko maiatzaren 3an, 2015eko martxoaren 16ko txostenaren osagarri gisa, Azpiegitura Energetikoen Atalak jakinarazi du Ministroen Kontseiluak 2015eko urriaren 16an onetsitako “Planifikazio energetikoa: energia elektrikoa garraiatzeko sarearen garapen plana, 2015-2020” izenekoan jada jasotzen dela Erriberriko azpiestazioa 220 kV-eraino handitzea eta horrek aukera emanen duela txosten honen xede den instalazioak sortutako energia ateratzeko”.

2018ko uztailaren 17an, parke eolikoen energia ateratzeko bermeari dagokionez, zerbitzuak honako hau adierazi du:

“1. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 4. artikuluak hau ezartzen du: “Plangintza elektrikoaren xedea sistema elektrikoaren premiak aurreikustea izango da, epe luzera energiaren hornidura bermatzeko; halaber, energia elektrikoaren garraio-instalazio berrietan inbertsioak egiteko premiak zehaztea ere izango du xede [...].” Estatuko Administrazio Orokorrak gauzatzen du plangintza hori.

Indarreko plangintza “Planifikazio energetikoa: energia elektrikoa garraiatzeko sarearen garapen plana, 2015-2020” izeneko dokumentuan jasotzen da, eta Ministroen Kontseiluak onetsi zuen 2015eko urriaren 16an.

Dokumentu horretan jada jasotzen zen Erriberriko azpiestazioa 220 kV-eraino handitzea.

2. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 33. artikuluak xedatzen du garraio-sarearen kudeatzaileak (hau da, Red Eléctrica de España SAU) emanen dituela garraio sarean sartzeko eta konektatzeko baimenak.

2018ko maiatzaren 31n, Red Eléctrica de España SAUk Nafarroako garraio sareko eta azpiko banaketa sareko lotuneetan sorkuntza berriztagarrirako onar daitekeen gehieneko konexio gaitasuna argitaratu du bere webgunean.

Informazioa hemen kontsulta daiteke:

http://www.ree.es/es/actividades/gestor-de-la-red-y-transportista/acceso-a-la-red/capacidad-de-conexion-para-generacion-renovable-cogeneracion-y-residuos-en-el-horizonte-h2020

3. Garraio sarean sartzeko eta konektatzeko prozedura Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren IV. tituluko I. kapituluan arautzen da.

Zehatz-mehatz, errege dekretu horren 59.bis artikuluak ezartzen du “ekoizpen instalazioetarako, garraio sarean sartzeko eskabidea egin baino lehen, eskatzaileak instalazioaren baimena emateko organo eskudunaren aurrean aurkeztu beharko duela 10 euro/kW instalatu-ko kopuruaren berdina den berme ekonomikoa gordailatu izanaren frogagiria”. Halaber, 59.bis artikuluak adierazten du “berme ekonomikoa deuseztatuko dela eskatzaileak instalazioa ustiatzeko behin betiko baimena eskuratzen duenean”.

Artikulu hori betez, Agrowind Navarra 2013 SLk 2.146.000 euroko berme ekonomikoak gordailatu izanaren frogagiria aurkeztu du Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuan.

4. 2015eko abenduaren 24an, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Agrowind Navarra 2013 SL hautatu zuen nodoko solaskide bakar Erriberriko azpiestazioko 220 kV-eko posizio berrian.

2018ko uztailaren 4an, Agrowind Navarra 2013 SLk, nodoko solaskide bakarra den aldetik, azpiestazio horretan sartzeko eskabide koordinatua aurkeztu dio Red Eléctrica de España SAUri, eta, horretarako, bere berme ekonomikoak gordailatu izanaren frogagiria igorri da, baita eskatzen den gainerako dokumentazio ekonomikoa eta teknikoa ere. Eskabide horrek 214,6 MW hartzen ditu, guztira, Agrowind Navarra 2013 SLren parke eolikoetarako.”

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

2015eko ekainaren 24ko txostenean, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak determinazio batzuk ezarri zituen honako hauei buruz: bide azpiegiturei dagokienez, NA-6001, NA-6900 eta NA-115 errepideetako albo bakoitzean lur-zerrenda zehatz bat errespetatu beharra; azpiegitura hidraulikoei –eta, bereziki, Nafarroako Ubidea handitzeko trazadurari– dagokienez, gogora ekarri da azpiegitura horren babes araubidea (babes zerrenda edo eraikuntzako tartea); eta, trenbideko azpiegiturei dagokienez, eta Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren trazadura parke eolikoak kokatzeko azterketaren xede diren azaleretatik oso hurbil dagoela kontuan hartuta, proposatutako antolamenduari buruzko txostena eskatu beharko zaio trenbide azpiegituren administratzaileari (ADIF).

Sustapen Ministerioa. ADIF.

2015eko abuztuaren 12an, Sustapen Ministerioko Trenbideen Plangintzarako Zuzendariordetza Orokorrak jakinarazi zuen dokumentuak Castejonen eta Iruñerriaren arteko trenbide korridorerako behin betiko onetsi den trazadura jaso behar duela eta azpiegitura horren gaineko ukipenari buruzko azterketa egin. Halaber, adierazi zuen ezin zuela txostenik eman planaren tramiteekin aurrera egiteko, bai ADIFek bai Nafarroako Gobernuko Herri Lanetako Departamentuak txostenerako baterako eskatutako aldaketak jasotzen dituena bidali arte; izan ere, txosten horren bidez egiaztatuko da bi jarduketak bateragarriak direla.

Sustatzaileak azterketa hori aurkeztu ondoren eta aipatutako txostenak eskatu ondoren, 2015eko azaroaren 24an, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak txostena egin zuen (espediente zk.: 2015/538244), eta bertan adierazi zuen aipatutako azterketa zuzena zela, eta ez zuen horri buruzko inolako determinaziorik ezarri, ezertan galarazi gabe aurreko txostenean (espediente zk.: 2015/131754) aipatutako determinazioak bete beharra.

Ondoren, 2016ko martxoaren 2an, hain zuzen, ADIFeko Iparraldeko Eragiketen Zuzendariordetzak (RE.:S-17 N. 2016/00254 JAV.vg) honako hau jakinarazi zuen: “Ez dugu atzeman inolako ukipenik ADIFen instalazioetan, nahiz eta ohartu garen horiek ager daitezkeela Abiadura Handiko Sareko etorkizuneko N2 2 tartean, UTM koordenatuen puntu batean (X = 605.826 Y = 4.697.987) elkartzeagatik eta Corraliza de Paulina eta El Raso parkeen artean linea elektrikoen balizko paralelismoagatik (eragite arazoak).”

Halaber, ADIFeko Ikuskapen Dinamikoko, Kalitateko eta Segurtasuneko Zuzendariordetzak , 2016ko apirilaren 22an, hau jakinarazi zuen: “jakinarazten da, ADIFek Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorrak 2015eko abuztuaren 12ko txostenean (Nafarroako Gobernuari igorri zitzaion) aipatzen duen txostena egin dezan, beharrezkoa dela dokumentazio zehatzagoa jasotzea parke eolikoetako energia ateratzeko goi tentsioko linea elektrikoa eta AHT UTM koordenatuen puntu batean (X = 605.826 Y = 4.697.987) elkartzeari buruz eta Corraliza de Paulina eta El Raso parkeen artean linea horren eta AHTren arteko paralelismoari buruz”.

Nahiz eta espedientea bideratu den bitartean El Raso parke eolikoari uko egin zaion, aipatutako parke eolikoetako energia ateratzeko goi tentsioko linea elektrikoaren elkarketak eta paralelismoak beren horretan diraute.

2017ko uztailaren 3an, sustatzaileak erantzun zuen, ikusita energia ateratzeko sistemaren eraikuntza proiektuaren konplexutasuna, IEAn onartutako ezarpenaren eta potentziaren inguruan trazadurak zein horren ezaugarri teknikoek duten mendekotasuna, eta proiektu teknikoaren kostu handia, Agrowind Navarra 2013 SL IEA egin zain egonen dela, bertan zehaztutako trazadura, ezaugarri eta baldintzekin bat datorren behin betiko eraikuntza proiektua kontratatzeko. Eraikuntza proiektuarekin batera, administrazioei eta zerbitzu publikoetako enpresei dagozkien separata teknikoak eginen dira, horietatik behin betiko onespen txostena eta eraikitzeko baimena edo bidezko baldintzak eskuratze aldera. Separata horien artean, abiadura handiko trenari buruzkoak aurkeztuko dira.

Sustatzaileak aurkeztutako justifikazioa ez da nahikotzat jotzen. Hala ere, azpimarratzen da, obrei ekin baino lehen, UPSa (bereziki, parke eolikoetako energia ateratzeko goi tentsioko linea elektrikoa) garatzen duen proiektu teknikoak ADIFen zein Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorraren aldeko txostenak izan beharko dituela. Gainera, erakunde eta/edo administrazio horren oharrak aintzat hartuta energia ateratzeko linearen trazadura zuzendu eta UPSeko Energia ateratzeko instalazio osagarrien proiektuen ukipen eremutik kanpo jarri behar bada, hizpide dugun UPSaren aldaketa bat tramitatu beharko da.

Ondare Historikoaren Zerbitzua.

2015eko martxoaren 16an eta 2017ko maiatzaren 5ean, Ondare Historikoaren Zerbitzuak jakinarazi zuen ez zegoela ukipenik bere eskumenen eremuan.

Horrez gain, 2015eko irailaren 2an, Arkeologia Atalak aldeko txostena eman zuen, ingurumen eraginaren azterketan proposatutako zuzenketa neurriak egokiak eta zuzenak iruditzen zitzaizkiolako ondare arkeologikoa babesteko.

Babes Zibileko Zuzendaritza.

2015eko irailaren 7an, aldeko txostena egin zuen hartutako irtenbideari buruz, baina ohar batzuk eginda. Hona hemen ohar horietako garrantzitsuenetako batzuk:

–Baso-suteen arriskua: baso-suteengatiko larrialdietarako babes zibileko plangintzako oinarrizko jarraibidean ezarritakoa bete beharko da; horren arabera, besteak beste: a) basoko erregaien jarraipena murrizteko edo desagerrarazteko asmoz, eraikinaren edo instalazioaren inguruan 30 metroko zabalera duen perimetroko babes zerrenda dagoela bermatu beharko da, landare lehorrik ez duena eta zuhaitzez garbia dagoena. Ahal den guztietan, landaretza nagusiaren altuera halako zortzi izanen da gutxienez zerrenda hori.

–Era berean, Oihaneko suteak prebenitzeko, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzeko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 24an emandako 195/2014 Foru Aginduan ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

Herri-lurren Atala.

2017ko ekainaren 8ko bere azken txostenean, Herri-lurren Atalak sustatzaileak antolamendurako igorritako azken proposamena eta IEA ikusita aldaketak hartu behar zituzten herri-lurretako okupazioen eta zortasunen laburpena egin zuen. Hala ere, adierazi zuen ezin zirela zehatz adierazi herri-lurren gaineko okupazioak eta zortasunak, ezta horien ondoriozko desafektazioak ere, oinarri erabili zen kartografiak ez baitzuen behar bezalako xehetasunik.

Txosten horrek hauxe azpimarratzen zuen: “herri-lurretan edozein jarduketa egin baino lehen, eta jarduketaren sustatzailea toki entitatea bera ez bada, dagokion espedientea tramitatu, eta Nafarroako Gobernuaren baimena lortu behar da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat”. Adierazten zen, sustatzaileak ukitutako toki entitateak ez zirela kontuan hartuta, beharrezkoa zela, UPSa garatzen duten eraikuntza proiektuetan ukipena jasoko luketen herri-lurzatiak eta horien maila eta hedadura zehaztutakoan, toki entitate bakoitzak UPS horren barneko herri-lurrak desafektatzeko espedientea abiaraztea, ondoren horien erabilera lagatzeko, zergapetzeko edo okupatzeko. Alde horretatik, adierazi zuen desafektatzeko espedienteak tramitatu behar zirela, zein bere aldetik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalean aurreikusitako parke eoliko bakoitzerako eta energia ateratzeko linea elektrikorako, ukitutako herri-lurrak dituen udalerri bakoitzeko. Desafektatzeko espediente horiek barnean hartuko dituzte, beste baldintza batzuen artean, itzultze baldintza edo klausulen agiriak, herri-ondasunak kontserbatzeko funtsezkoak direnak. Gainera, adierazten zen, ukitu gabeko beste herri-lur batzuekin trukatuz Nafarroako Proiektu Eolikoak ukitutako titulartasun pribatuko lurzatiak herri-ondasunetara gehitzeko aukera proposatuz gero, truke horiek ere desafektatzeko espediente baten bidez tramitatu beharko zirela.

Bestalde, txosten horretan jasotzen zen komenigarria zela UPSean jasotako arau esparruan aipatzea aurretik adierazi zen araudi sektoriala, herri-ondasunak ukitzen zituena, eta UPSaren sustatzaileari igorriko zitzaion txostenean hurrengo paragrafoa gehitu beharko zela:

“Azpiegituren zati bat herri-lurrak okupatuz garatzen direnez, obra-lizentzia eman baino lehen, dagokion toki entitateak lur horiek desafektatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, ondoren horien erabilera lagatzeko, zergapetzeko edo okupatzeko, eta derrigorrezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu, 6/1990 Foru Legearen 140.1 eta 172. artikuluetan eta 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezarritakoarekin bat”.

Amaitzeko, txosten horretan bi gomendio jasotzen ziren UPSak ukitutako lurrak udalen herri-ondasunei eta jabari publikoko ondasunei (bideak eta errepideak) gehitzeari buruz.

Erabaki honetan adierazitakoa aintzat hartuta, Atalaren txostenean aipatutako arau testua UPSaren araudiari gehitu, eta txosten horren gainerako ohar eta gomendioak aintzat hartu beharra zehazten da.

Iragarkiaren kodea: F1812155