204. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3an hartua, zeinaren bidez tramitatzen hasten baita “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, Ablitas II eta Cabanillas II parke eolikoetan aerosorgailuak birkokatzeari buruzkoa eta sarbideen trazadura eta linea elektrikoak aldatzeari buruzkoa.

I.–Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen, Eólica Navarra SLUk sustaturik. 2018ko otsailaren 16an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Onetsitako UPS horren helburua da 3 parke eoliko ezartzea (Cabanillas II, Cascante eta Ablitas II izenekoak) Cabanillasko, Ablitasko eta Cascanteko udal-mugarteetan, bai eta haiei lotutako instalazioak ere, honela:

PARKEA

AEROSORGAILU ZK.
/ MODELOA
(*)

INSTALATUTAKO POTENTZIA (MW)

POTENTZIA
MUGA
(MW)

AZALERA (ha)

UKITUTAKO UDALERRIAK

Parkea

Ebakuazio linea

Cabanillas II

15

Gamesa G132,
3,465 MW-koa

51,980

50

1.000

Cabanillas

Cabanillas eta Tutera

Ablitas II

8

27,720

26

637

Ablitas

Ablitas, Ribaforada, Fontellas eta Tutera

Cascante

8

27,720

26

215

Cascante

Cascante, Tulebras eta Tutera

Guztira

31

107.42

102

1.752

(*) Proiektuan, taulan adierazitako modeloak jaso dira, edo beste fabrikatzaile batek eraikitako antzeko modeloak.

Hona hemen aukeratutako aerosorgailu modeloaren neurriak: 120 metroko altuera duen abatza eta 132 metroko diametroa duen errotorea.

Energia elektrikoaren ebakuazioa garraio-sarearekin konektatuko da egungo La Serna azpiestazioan (Tutera).

II.–Aldaketaren xedea eta justifikazioa.

Sustatzaileak proposatu du USParen alderdi batzuk aldatzea, kontuan hartuz Ablitas II eta Cabanillas II parke eolikoen eta haiei lotutako azpiegituren administrazio-baimena tramitatzean jasotako zenbait alegazio eta proposamen, eta kontuan hartuz, halaber, haien tramitazioak eta/edo instalazioak ukitutako administrazio eta organismoek egindako zenbait gomendio.

Hona hemen proposatutako aldaketen laburpena:

II.1. Cabanillas II parke eolikoari buruzkoak.

–Sarbidea aldatzea.

Proposatzen da sarbide bat izatea NA126 Tutera-Tauste errepidetik, UPSean onetsita dagoenaz bestelakoa. Planteatzen da Cabanillasko Orzagal industrialdetik sartzea bertara, baliatuz jada egokituta dauden bide-azpiegiturak, sarbide-biribilgunea eta aipatu industrialdearen barruan eraikitako bideak.

–13., 14. eta 15. aerosorgailuetara iristeko bideak aldatzea.

UPSean jasota dagoen bezala, 3 aerosorgailu horietara iristeko bide berri bat eraiki behar zen 13. aerosorgailutik 15. aerosorgailura (aurrez 14. aerosorgailutik igarota), 1075 m-ko luzerakoa.

–3. aerosorgailua (koordenatuak eta plataforma) eta bidea aldatzea.

Cabanillas II parke eolikoaren administrazio-baimena tramitatzeko prozesuan, Compañía Logística de Hidrocarburos CLH SAk, Miranda-Iruña-Zaragoza oliobidearen jabeak, jakitera eman du ezen Cabanillas II parke eolikoko 3. aerosorgailuaren kokapenak ez duela betetzen oliobidera bitarte utzi beharreko gutxieneko distantzia. Izan ere, aipatu oliobidearen trazadura Cabanillas II parke eolikoaren poligonalaren esparrutik igarotzen da.

Kontuan hartuz Compañía Logística de Hidrocarburos CLH SAren oharrak, proposatzen da aipatu aerosorgailua birkokatzea, hots, aerosorgailua 48,9 metro urruntzea, eta plataformaren orientazioa aldatzea lurzatiaren beraren barrenean. Proposatutako UTM ETRS89 koordenatu berriak hauek dira: (620923, 4658092).

–Alternatiba berriak goi tentsioko linean.

Proposatzen da zenbait aldaketa egitea Cabanillas II parke eolikoko energia ebakuatzeko goi tentsioko linean, kontuan hartuta entitate partikularrek egindako alegazioak eta organismoek egindako gomendioak.

Helburu izanik ahalik eta gutxien eragitea Ebroren terraza deritzon paraje naturalari, Ebro ibaia gurutzatu eta gero, proposatzen da 16. euskarritik 20. euskarrira doan aireko tartea, 800 metro inguruko luzerakoa eta jabetza pribatuen gainean proiektatuta zegoena, 1000 metroko lurrazpiko tartea bihurtzea, Tuterako Udalaren jabetzako bideetan barrena igaroko dena.

Bestalde, lortu ahal izateko Tuterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko 9. unitate integratuko 1. sektoreari ez eragitea, zeina oraindik urbanizatu gabe baitago, proiektatu da linearen lurrazpiko trazadura aldatzea, lurzoru urbanizagarrien sektore horren antolamendura egokitzeko.

Tuterako 32. industrialdeko 10. eta 255. katastroko lurzatietatik igarotzen den eremuan proposatutako trazadurari dagokionez, bi alternatiba planteatzen dira: bat behin-behinekoa, aipatu lurzatiak inguratzen dituena, uki ez ditzan; eta bestea aldi baterakoa, sektorearen zerbitzu bidea eta urbanizazioa eraiki bitarte erabiliko dena, orduan aldatuko baita lurrazpiko linea tarte horretan.

Azkenik, Cabanillas II goi tentsioko linearen eta lehendik dagoen SET Cortes-SET La Serna 66 kV-eko linearen arteko konexioari dagokionez, alternatiba gisa planteatzen da 70aren konexio euskarria aldatzea 71ra, zeina lehendik dagoen SET Cortes-SET La Serna 66 kV-eko linearena baita.

Dokumentuan aipatzen da alternatiba hori kontuan hartuko dela baldin eta hura gauzatu ahal izateko beharrezko baimen guztiak lortzen badira.

II.2. Ablitas II parke eolikoari buruzkoak.

–2. aerosorgailuaren kokapena eta tentsio ertaineko sarea aldatzea.

Betetze aldera 2018ko abuztuaren 6an AP68 autobidearen ikuskariak adierazitakoa, planteatzen da 2. aerosorgailua 20 m baino gutxiago mugitzea, herri-lurzatiaren beraren barrenean, AP68 autobidera arteko beharrezko distantzia gorde dezan.

Halaber, zilegi denez AP68 autobidea zeharkatzen duen zubia erabiltzea tentsio ertaineko sarea finkatzeko, planteatzen da 2. aerosorgailuaren tentsio ertaineko sarea aldatzea. Aldaketa horren baitan, planteatzen da eramatea 2. aerosorgailutik datorren tentsio ertaineko sarea eta 1. aerosorgailutik datorren tentsio ertaineko sarea ebakuazio linearen 2. euskarriraino; han, bat eginen dute tentsio ertaineko sarearen 2 zirkuituek, eta aireko linea bihurtuko da. Horrela, AP68 autobidea airetik zeharkatuko da, ebakuazio linearen trazadura baliatuz 1. euskarrira iritsi arte. 1. euskarritik irtetean, tentsio ertaineko sarea berriz ere lur azpian sartuko da, hasierako trazadura hartu arte. Autobidea zeharkatzen duen bao hori zirkuitu bikoitza izatera pasatuko da, euskarri mota aldatuta baina beste lurzatirik okupatu gabe.

–2. aerosorgailuaren bidea aldatzea.

Proposatutako trazadura berriarekin, helburua da granja bateko osasun-baoa ez harrapatzea, instalaziora sartzeko aldapa errespetatuz eta, gainera, beste lurzatirik eta beste jaberik ukitu behar izan gabe.

–Aldatzea 8. aerosorgailuaren kokapena eta 9., 10., 11. eta 12. aerosorgailuetara doan bidea aldatzea.

Bat etorriz Landa Inguruneko Plan eta Programen Bulegoaren txosteneko oharrekin, planteatzen da 8. aerosorgailua birkokatzea, ondoko abelbidearen zortasun gunetik ateratzeko; gainera, aerosorgailu horretara eta 9., 10., 11. eta 12. aerosorgailuetara doan bidea ere berdiseinatuko da, paralelismoak egin gabe, abelbide horiei ahalik gutxien eragiteko.

–Parkera sartzeko bidea.

Aldatu eginen da parkera sartzeko bidea, berriki eraikitako hegazti granja bati ez eragiteko. Granja horretara sartzeko gaitu den bidea parke eolikora sartzeko erabiliko da, inguruan inpaktua txikiagoa izan dadin, horrela ez baita bide berririk eraiki behar izanen.

Aldaketen proposamenarekin bat, ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda aurkeztu da, aldaketen arabera eguneratua.

Aerosorgailu modeloari dagokionez, sustatzaileak adierazi du aukeratua dutela Ablitas II eta Cabanillas II parke eolikoetan instalatuko den marka eta modeloa, eta aerosorgailu modelo horrek betetzen dituela onetsitako UPSean ezarritako bi baldintza hauek: 120 m-ko altuera duen abatza eta 132 m-ko diametroa duen errotorea izatea.

Azkenik, Eólica Navarra SLUk jakinarazi du eskualdatu dizkiela Cabanillas II, Ablitas II eta Cascante parke eolikoei eta haien gainerako azpiegiturei dagozkien espedienteak Eólica Valdetellas SLUri, Eólica Ablitas SLUri eta Eólica Cascante SLUri, bakoitza bere baimen, lizentzia eta autorizazio guztiekin. Alde horretatik, adierazi dute ezen sozietate horiek aipatu parke eolikoak sustatu, eraiki eta ustiatzeko berariazko helburuarekin eratuak direla.

III.–Kontuan hartu beharrekoak.

Horretarako, beharrezkoa izanen litzateke, batetik, poligonoko bidearen zati bat atontzea, zeina ez baitira eraikitzen hasi oraindik, eta, bestetik, lehendik dagoen bide bat zertxobait atontzea, onetsitako sarbidearen azken tartearekin lotzeko.

Cabanillas II parke eolikorako proposatutako sarbidea aldatzeari dagokionez, aipatu behar da proposatu den trazadura, Cabanillasko Orzagal industrialdean barrena doana, ez dela egokitzen hirigintza-antolamendura, zehazki aipatu poligonorako aurreikusita dagoen bide-sarera, zeina osorik bukatua baitago: planteatzen da SSI2 azpisektorea zeharkatzea, eta horretarako, atondu beharko litzateke bide bat ez dagoena aurreikusia ez indarrean dagoen hirigintzako udal planeamenduan ez tramitatzen hari diren planeamenduan (udal plan orokorra). Bestalde, ez dago justifikatuta aurreikusitako sarbideek industrialde horretarako aurreikusitako berdeguneei eragitea.

Sustatzaileak justifikatu beharko du hirigintza-antolamendua betetzen dela, edo sarbidea birplanteatu beharko du.

Aurrekoa gorabehera, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak Errepideen Foru Sarearen ukipenei dagokienez ezartzen duena beteko da.

Baimenak eskualdatzeari dagokionez, sustatzaileak aurkeztu beharko du, sozietate berrira egokiturik, otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuak 5. artikuluko g), i) eta j) apartatuetan eskatutako dokumentazioa, bai izaera pertsonalekoa bai sustatzaileari berez dagokiona (foru dekretu horrek parke eolikoen ezarpena arautzen du).

IV.–Txosten sektorialak eta ingurumen arloko tramitazioa.

Sustatzaileak aurkeztu du proposatutako irtenbidearen gainean Ingurune Naturalaren Zerbitzuak emandako aldeko txostena. Txostenak eskatu zaizkie Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Azpiegitura Energetikoen Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, eta haien ondorioak kontuan hartuko dira espedientearen ebazpenean.

2018ko irailaren 12an Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoak, bestalde, txostena eman zuen, zeinetan jasotzen baita bidezkoa dela jendaurrean jartzea ingurumen eraginaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioa.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2018ko irailaren 19ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Hastea tramitatzen “Plan eoliko estrategikoa” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, Ablitas II eta Cabanillas II parke eolikoetan aerosorgailuak birkokatzeari buruzkoa eta sarbideen trazadura eta linea elektrikoak aldatzeari buruzkoa.

2. Espedientea ebatzi aurretik, sustatzaileak berrikusi egin beharko ditu erabaki honetan jasotako oharrak eta, hala behar bada, espedienteari erantsi. Halaber, espedientearen ebazpenean txosten sektorialek ezartzen dutena beteko da.

3. Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea hogeita hamar egun balioduneko epean, eta, aldi berean, entzunaldia ematea trazadurak ukitzen dituen udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9, 3. solairua, 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

4. Espedientea jendaurrean jartzea, egun kopuru berberez, ingurumen eraginaren ebaluaziorako.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, eta Cabanillasko, Ablitasko eta Tuterako udalei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1812154