202. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

100/2018 EBAZPENA, irailaren 28koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, “130 mailako ebakiko sakontze-lanak” izeneko ustiategia goiko bankuak atzeraeramanez handitzeko proiektua baimentzen duena.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 4ko 629/2014 Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaion Magnesitas Navarras SAri (Magna) “130 mailako ebakiko sakontze-lanak” izeneko proiektua gauzatzeko. “El Quinto 2895” eta “El Quinto 2896 handitzea” izeneko ustiapen-emakiden barnean sartzen zen aipatu proiektua, Esteribarko udal-mugartean.

Gero, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 223/2015 Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaion Magna enpresari “130 mailako ebakiko sakontze-lanak” izeneko ustiategiaren proiektua aldatzeko, honela: ekialdeko aldea zabaltzea.

2017ko uztailaren 30ean, “El Quinto meategiaren ustiapena handitzea: 130 mailako ebakiaren goiko bankuak atzeraeramatea. Goiko Aldea (Eugi, Nafarroa)” izeneko proiektuaren ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu zuen enpresak, bai eta lehengoratze plan bat ere. Hona zertan datzan proiektu hori: gaur egun abian den proiektua, hots, “130 ebakiko sakontze-lanak” izenekoa handitzea, hauteman baita goiko bankuetan (925, 940 eta 955) kalitate oneko mea dagoela. Ustiaketa-lanak laneko bankuekin eta ustiatzeari utzi ondokoekin eginen dira, gehienez ere 15 metroko altuerakoak izanen direnak, eta ustiategiko gehieneko kota 1.000 metrokoa izanen da. Handitze-lan horien ondorioz, eta gaur egungo erritmoari eusten bazaio, 2026. urtera arteko iraupena aurreikusten zaio ustiategiari.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeari jarraikiz egin da Ingurumen eraginaren ebaluazioa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 6ko 683E/2018 Ebazpenaren bidez emandako aldeko adierazpena eskuratuta. Bertan, erantzun egiten zaie jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko epean aurkeztutako alegazioei.

Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuaren 5. artikuluarekin bat, lehengoratze planaren aldeko txostena eman du ingurumenean eskumena duen organoak 2018ko irailaren 11n. Txosten horretan jasota dago aipatu 683E/2018 Ebazpenean jasotako baldintzak bete behar direla.

Proiektua egokitzen zaio Meategietako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoari (apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta Jarraibide Tekniko Osagarrietan garatutakoari (VII. kapitulukoak, 1990eko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onetsiak); hortaz, bidezkoa da proiektua gauzatzeko baimena ematea, aipatu erregelamenduaren 111. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurkeztutako proiektuaren memorian adierazten denez, erabiliko den leherketa mota baimendua dago Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren uztailaren 24ko 398/2015 Ebazpenaren bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Magna enpresari baimena ematea “130 mailako ebakiko sakontze-lanak” izeneko ustiategia goiko bankuak atzeraeramanez handitzeko proiekturako, 2016ko azaroko dokumentuari jarraikiz. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 6ko 683E/2018 Ebazpenaren bidez onetsitako Ingurumen eraginaren adierazpenean adierazitako ingurumeneko baldintzak betez gauzatuko da proiketua.

2. Enpresak aurkeztutako lehengoratze plana onestea, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 6ko 683E/2018 Ebazpenean adierazitako baldintzekin.

3. 2.011.605,86 euroko bermea finkatzea “130 ebakiko sakontze-lanak” izeneko proiektua osorik lehengoratzeko plana beteko dela ziurtatzeko. Honezkero gordailutu denez 1.823.139,07 euroko berme bat, hori 188.466,79 euroan handitu beharko da. Berme horren gordailua egitea lanei hasiera eman aurreko baldintza izanen da. Bost urtean behin eguneratuko da berme hori, kontsumoko prezioen indizearen bilakaeraren arabera. Eguneratzen denean, ordurako gauzatu den lehengoratzeari dagokion kopurua kentzen ahalko da. Horretarako, agiri bidez egiaztatu beharko da.

Berme hori eskudiruzko fidantza bidez gordailutzen ahal da, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren ordainketa-gutunaren eredua erabiliz. Hemen eskura daiteke: https://hacienda.navarra.es/IngresosNoTributarios/frm705.aspx?cn=08FIANZAOB. Diru-sarreraren egiaztagiria eta itzultzeko eginbidea Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari zuzenduta.

Bestela, abal gisa gordailutu daiteke. Kasu horretan, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Diruzaintza Atalean gordailutuko da (Karlos III.aren etorbidea 4, Iruña). Bermea egiteko eredua Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian eskura daiteke: www.navarra.es.

4. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau eta eranskina Magnesitas Navarras SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

6. Ebazpen hau eta eranskina Esteribarko Udalari eta Eugiko Kontzejuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Iruñean, 2018ko irailaren 28an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1811956