202. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

747E/2018 EBAZPENA, irailaren 28koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen diona Beriaingo udal-mugartean dagoen gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko zentroari. Titularra Jaime Arriazu López da.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2A eranskineko 14. epigrafean jasota dago, hots, “2 B eranskinean ageri ez diren hondakin arriskutsuak kudeatzeko eragiketak” izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago, muga eta irizpide batzuen aplikazioaren arabera. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Proiektua ez da sartzen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio eremuan; hori dela eta, ez zaio ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedura egin.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuta eskatzen dena.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Instalazioaren titularrak alegazioak aurkeztu ditu ebazpen proposamenaren entzutea emateko tramitean. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira haien erantzunak.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 15 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluan xedatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Beriaingo udal-mugartean dagoen gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko zentroari. Instalazioaren titularra Jaime Arriazu López da. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuaren proiektuan eta administrazio espedientearen gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzailearen baimena ematea instalazioari, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzen da, 15G04805090472018 erregistro zenbakiarekin. Halaber, hondakin arriskutsuen kudeatzailearen baimena ematea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzen da, 15G01805090472018 erregistro zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena sartzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.

Bosgarrena.–Era berean, eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, zuzendaritza nagusi honek berrikusi eta egokitzen ahalko ditu baimen integratuaren baldintzak.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Instalazioa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak aurkeztu behar ditu Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan balorizazio helburuak betetzeko ezarritako egiaztapen probaren emaitzak. Aldez aurretik, titularrak proba hori egiteko protokolo bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, eta haren onespena jaso. Irekitzeko baimena egiaztapen horren emaitzen arabera eskuratuko da, eta, orobat, ikuskapen bisita baten emaitzaren arabera, otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XIII. eranskinean ezarritako betebeharrak –behar denean– zenbateraino betetzen diren egiaztatzeko eginen dena.

Bederatzigarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, jarduketa plan bat aurkeztu beharko du titularrak, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotako ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau helaraztea Jaime Arriazu Lópezi, Beriaingo Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 28an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1811929