202. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

733E/2018 EBAZPENA, irailaren 19koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 293/2011 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen eraginaren adierazpena; alegia, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako “Tafallako hegoaldeko saihesbidearen proiektuaren informazio azterlana”ren gainekoa.

Ingurumen tramiteak hasteko xedez, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak 2018ko irailaren 5ean aurkeztu zuen ingurumen organo honen aurrean Tafallako hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko lanetarako mailegu gunea aldatzeko proiektua. I. fasea:

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 293/2011 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren adierazpena eman zen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako “Tafallako hegoaldeko saihesbidearen proiektuaren informazio azterlana”ren alde.

Tafallako hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko proiektuak Tafallako udal-mugarteko 7. poligonoko 252 A lurzatia jotzen du lanen aldi baterako okupazio azaleratzat, mailegu bezala erabiltzeko (2. mailegua, zehazki). Halabeharrez gertatutako inguruabarrak direla medio, eta lanak gauzatzea bermatu ahal izateko, aipatutako mailegu gune/hondakindegi horren okupazioa aldatu behar da.

ADIFek 7. poligonoko 252. lurzatiaren desjabetze prozesua abiarazi du; zehazki, 151.135 m³-ko esplotazio bolumena erreserbatu du Zaragoza-Iruñea Abiadura Handiko Linearen Plataforma Eraikitzeko Proiektua gauzatzeko lanetarako, honako tarte honetan: Castejón-Iruñerria. Azpitartea: Tafalla (H) - Tafalla. Hori dela eta, nahitaezkoa da hasiera batean 2. mailegu gisara proposatutako mailegu gunea aldatzea, eta haren ordez iparraldeko mugan duen ondoko lurzatia hartzea. Mailegu eta hondakindegi erabilerak udal-mugarte bereko 7. poligonoko 233. lurzatian gauzatuko dira. Azken hori une honetan nekazaritza lur gisara baliatzen da, eta aspertsiozko ureztaketa instalazioa du.

Tafallako hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko proiektuan 1. zenbakiarekin izendatutako hondakindegiari dagokionez, Tafallako Udalak badu ingurumen ukipenetarako baimena Raso del Plano Ixteko Ingurumena Lehengoratzeko Proiektua gauzatzeko, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko Zuzendariaren urtarrilaren 24ko 17/2011 Ebazpenaren bidez eman baitzen. Kasu honetan, aipatutako proiektuarekin bateragarria izanen den jarduera bat diseinatu da.

Proiektua ikusita, eta sor daitezkeen ingurumen ukipenak aztertu ondoren, uste da proposatutako aldaketa “ez funtsezkoa” dela (ez da proiektuaren produkzio gaitasuna areagotzen, guztizko azalera ez da nabarmen areagotzen, ez dira atmosferarako emisio kutsatzaileak areagotzen, ez eta isurketak ere, ubide naturaletara, ez die Natura 2000 Sarearen barruko natur gune babestuei eragiten, ez eta kultura ondareari ere, eta ez da aurreikusten hondakinak areagotuko direnik), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritako irizpideen arabera; horrela, aldeko txostena egin zaio.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak, ingurumen eraginaren analisi teknikoa egin ondoren, uste du jarduketak behar bezala zehaztuta daudela tramitatutako dokumentazioan eta, horrenbestez, ebazpena egitea proposatzen da, ebazpen honetan zehaztutako baldintzetan aldatzeko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 293/2011 Ebazpenaren bidez emandako Ingurumen eraginaren adierazpena; alegia, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako “Tafallako hegoaldeko saihesbidearen proiektuaren informazio azterlana”ren gainekoa.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osorik bete dela kontuan izanik, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuari jarraikiz,

EBATZI DUT:

1. Hein batean aldatzea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 293/2011 Ebazpena, honela: adierazpenaren erabakien zatiko 1. atalean, proiektuko “Maileguei eta hondakinei” buruzkoan, Tafallako udal-mugarteko 7. poligonoko 233. lurzatiari dagokion azalera sartu behar da, bai eta poligono bereko 252. lurzatiko B azpi-lurzatia ere. 293/2011 Ebazpenaren bidez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako “Tafallako hegoaldeko saihesbidearen proiektuaren informazio azterlana”ri buruzko ingurumen eraginaren adierazpena egin zen.

2. Proposamena otsailaren 21eko 293/2011 Ebazpenean adierazitako dokumentazioan jasotzen diren ingurumen baldintzei men eginez gauzatuko da, eta proposatutako azalera berriak ustiatzeko eta lehengoratzeko metodoa “Tafallako hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko lanetarako mailegu guneen aldaketa. I. fasea” izeneko proiektuan (2018ko abuztukoa) deskribatutakoa izanen da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Tafallako Udalari eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 19an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1811716