202. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

341E/2018 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Tuterako udal-mugartean dagoen beira egiteko instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Guardian Industries Navarra SL da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 13ko 156/05 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 46E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta, azkenik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 25eko 486E/2015 Ebazpenaren bidez aldatua.

2018ko uztailaren 17an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, autoklabe berri bat ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko uztailaren 18an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berri bat ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela zioen, aldaketa garrantzitsuak eraginen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta, horretarako, hura aldatu egin behar da. Horrez gainera, zenbait emisio foku jaso dira baimenean, instalazioaren funtzionamendu denbora osoaren %5 baino gutxiagoko jarduna dutenak, eta parametro jakin batzuen autokontrola aldatu da 1. fokuan, azken bi urteetan egindako analisien emaitzak ikusi ondoren; azkenik, hondakin gehiago erantsi dira.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2017ko abuztuaren 18an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, beira ijeztuko instalazioan autoklabe berri bat eta olio termikoko galdara bat jartzea.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Baimentzea Tuterako udal-mugartean dagoen beira fabrikatzeko instalazioaren aldaketa nabarmena, autoklabe berriaren proiektua gauzatu ahal izateko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Guardian Industries Navarra SL da.

Bigarrena.– Aldaketa abiarazi baino lehen, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera martxan jartzeko epeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritakoak izanen dira. Bestela, aldaketa nabarmenaren baimena iraungitzat emanen da eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan bete ez diren aldaketaren zatiak gauzatzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Guardian Industries Navarra SLri, Tuterako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 1ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1811930