202. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

292E/2018 EBAZPENA, irailaren 24koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Faltzes eta Azkoiengo udal-mugarteetan zuntz optikozko kable berria jartzeko proiekturako. Sustatzailea Telefónica de España SA da.

2018ko apirilaren 11n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jardueraren xedea zuntz optikoa zabaltzea eta horretarako hoditeria eraikitzea da, Faltzesko ARQ-A31 kutxatila Azkoiengo ARQ-11A1 kutxatilarekin lotzeko. Xede horretarako aurrez ikusita dago lurpeko hoditeria eraikitzea (5.672 metro), zanga baten bidez (25 x 80 - 100 cm) 20 cm-tan hormigoiztatutako trituboa erabiliz eta 96 x 106 cm-ko lau kutxatila jarriz trazadura osoan. Hoditeria zagor-bideetatik eta lurrezko bideetatik igaroko da.

Espedientean Azkoiengo Udalaren, Faltzesko Udalaren, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Natur Ingurunearen Plangintza Estrategikorako Atalaren txostenak daude jasota. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Faltzesko eta Azkoiengo udal-mugarteetan zuntz optikozko kable berria jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SA da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Faunaren ugalketarako aldi kritikoak errespetatu eginen dira. Martxoaren 1etik irailaren 1era bitartean ez da lanik eginen.
  • Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Hirigintza arlokoak:

  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Azpiegiturak abelbideetan eragiten duen ukipenari dagokionez, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak txostenak eman zituen 2018ko ekainaren 12an eta abuztuaren 29an, zehaztapen hauek finkatuz:
  • Abelbidearen gaineko gainezarpenak berekin ekarriko du dagokion okupazio kanona kobratzea.
  • Tasazio balioak:
  • 1. Jabari osoko balioa: antzeko finken alderaketa metodoaren bitartez lortutako balioa, apirilaren 13ko ECO/805/2003 Aginduaren 22. artikuluarekin bat: 1,50 euro / m².
  • 2. Ukipenak:
  • Bide zortasuna: 3.770 m x 3,0 m x 0,90 x 1,50 euro / m² = 15.268,50 euro.
  • Aldi baterako okupazioa: 3.770 m x 13 m x 0,07 euro / m² = 3.430,70 euro.
  • 3. Kalte-ordaina, guztira: Hau da kalte-ordainaren guztizkoa:
  • Zortasunagatik eta okupazioagatik: 15.268,50 euro. Obrek 30 urteko bizitza baliagarri bat izanen dutela jota, amortizazio kanona 508,95 euro / urtekoa izanen da, eta, hortaz, 5 urtean, 2.544,75 eurokoa.
  • Aldi baterako okupazioagatik, obrek irauten duten bitartean: 3.430,70 euro.
  • Kalte-ordainak bost urtean behin ordainduko dira. Ordainketa bakoitzean, 2.544,75 euro pagatuko dira, eta, lehenengoan, gainera, 3.430,70 euroko zenbatekoa ere bai; hartara, guztira 5.975,45 eurokoa izanen da lehendabiziko ordainketa hori. 30 urte iraganda hasierako baimena eman zenez geroztik, baimena berritu beharko da, edota aldi bateko okupaziorako baimena bertan behera geldituko da.
  • Abelbideak okupatzen duen azalerak (zorua, zorupea eta hegalkina) NFK-Altxonbideen titulartasuna mantenduko du.
  • Hiriguneei dagokienez, eskumenak udalenak izanen dira.
  • Obren faseak iraun bitartean, ingurumen eraginaren azterketan abelbideei eta horien zortasun-eremuari buruz (3 m albo bakoitzera) jasotako neurriez gain, ondokoa ere aintzat hartu beharko da:
  • Beharrezkoa izanen da sustatzaileak informazio osagarria ematea hauei buruz: hargunearen luzera, exekuziorako beharrezkoa den zangaren zabalera eta sakonera, makinen deskribapena eta kalkulatutako lanen iraupena. Aurreko punturako kontuan izanen dira Ingurumen Departamentuak agindutako lanerako aldiak eta datak hauei dagokionez: bertako abifauna, babespeko espezieak, bisoia, kasu, eta abar.
  • Obrak bukatutakoan, inola ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.
  • Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.
  • Zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.
  • Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak lehengoratzea, landareztatzea eta abar) makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.
  • Herri-lurren Atalak emandako txostenarekin bat, lurpeko hoditeria edo kutxatilak Faltzesko Udalaren edo Azkoiengo Udalaren herri-lurren jabetzako lursailetatik igaro edo horietan kokatzen diren kasuetan, sustatzaileak dagokion toki erakundeari eskatu beharko dio okupazio espedienteari ekiteko, Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluarekin eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluarekin bat.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten ahal zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Sustatzaileak behar diren baimenak lortu beharko ditu instalazioak Foru Komunitatearen jabetzapeko lurzatietan eragiten dituen ukipenetarako. Baimen horiek Ondare Zerbitzuan tramitatzen dira.
  • Trazadura Arga ibaiaren polizia-eremuan barrena igarotzen denez, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo martxan jarri beharko da gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabete bateko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azkoiengo Udalari, Faltzesko Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2018ko irailaren 24an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1811809