202. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

291E/2018 EBAZPENA, irailaren 24koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ezkabako, Esteribarko eta Uharteko udal-mugarteetan, Ezkaba-Uharte tartean, zuntz optikozko linea bideratzeko proiekturako. Sustatzailea Nasertic enpresa da.

2018ko uztailaren 18an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen, hain zuzen ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan, lurzoru urbanizaezinean egiten ahal diren jarduerak baimentzeko prozedurari buruzkoan, ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jardueraren xedea zuntz optikoa bideratzeko hoditeria eraikitzea da, NA-121 errepidean Ezkabako tunelaren iparraldeko sarbidean dagoen etxolaren aldameneko D motako kutxatila PA-30 eta NA-150 errepideak uztartzen diren lotunean dagoen D motako kutxatilarekin lotzeko. Horretarako, lur azpiko 5.100 metroko hoditeria jartzea aurreikusi da, mikrozanga baten bidez (8 x 40 cm), trituboa (PEAD 40 mm-ko diametrokoa) erabiliz, hormigoiztatua, asfaltatua edo lurrez estalia, igarotzen den lekua nolakoa den, eta pasoko eta kablea erreserbatzeko kutxatilak jartzea trazadura osoan. Hoditeria PA-30 errepidetik (trazaduraren zatirik handienean), NA-121 errepidetik eta kale zolatuetatik igarotzen da.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ezkaba, Esteribar eta Uharteko udal-mugarteetan, Ezkaba-Uharte tartean, zuntz optikozko linea bideratzeko proiektuari. Sustatzailea Nasertic enpresa da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Hirigintza arlokoak:

  • Espedientearen tramitazio fasean Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eskatu zitzaion txostena jaso ondoren, sustatzaileari igorriko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan. Nolanahi ere, oroitarazten da ezen, ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen duela Arkeologia Atalari eman behar zaiola horren berri berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten ahal zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Sustatzaileak behar diren baimenak lortu beharko ditu instalazioak Foru Komunitatearen jabetzapeko lurzatietan eragiten dituen ukipenetarako. Baimen horiek Ondare Zerbitzuan tramitatzen dira.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo martxan jarri beharko da gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ezkabarteko Udalari, Esteribarko Udalari, Uharteko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 24an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1811808