202. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

289E/2018 EBAZPENA, irailaren 24koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Murchanteko 3. poligonoko 898C lurzatian 4.000 m³-ko ureztapen putzu bat eraikitzeko proiekturako. Sustatzailea Ignacio Magaña Orta da.

2018ko otsailaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko k) epigrafean dago sartuta, hots, “Nekazaritzarako ur baliabideak kudeatzeko proiektuak eta ureztalurrak ezarri, finkatu eta hobetzeko proiektuak, 3.B eranskinean azaltzen ez direnak, edo 3.A eranskinean agertzen direnak, baldin eta, ezarritako hautapen irizpideak aplikatuz, ez bazaie aplikatzen ingurumen eraginaren adierazpenaren tramitea” (93/2006 Foru Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen).

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Horri dagokionez, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak dio ez dagokiola txostena igortzea, baimendutako jarduera delako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategineko 110.2.f artikuluan xedatutakoarekin bat.

Proiektatutako jardueraren xedea 4.000 m³-ko putzua eraikitzea da, buztinez estalia eta hesitua, urte osoan zehar landaketa bakar bat osatzen duten Murchanteko hainbat lurzatitan parral eran ezarritako olibondoen landaketaren tantakako ureztapena egin ahal izateko. Landaketa horiek erreten bidezko ureztalurretako alorretan eginen dira; ura Lodosako ubidetik etortzen da. Landaketa bateratu ahal izateko sustatzaileak beharrezkotzat jotzen du 897 A azpilurzatiak dituen bi taulen arteko ezpondak kentzea; 897 A eta 898 A banatzen dituena eta 898 A eta 898 B banatzen dituena; guztira hiru ezponda dira, 550 m²-ko azalera hartzen dutenak.

2018ko maiatzaren 23an egindako bisitan ikusi zen putzu berria eraikitzeko indusketa lanak hasiak zirela eta indusketako materialak handik gertu dagoen 3. poligonoko 161., 162. eta 163. lurzatietan banatu direla, 2 hektareatik gorako azalera hartuz eta bertako zuhaixka larreak kenduz. 161. lurzatian balio naturala duen urmael bat dago eta hori errespetatu egin da (nahiz eta material pilaketak urmaelaren ertzeraino heltzen diren).

Espedientean jasota dago Murchanteko Udalaren kontrako txostena; bertan adierazten du 3. poligonoko 898. lurzatia Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarrian dagoela Udal Planaren Hirigintzako Araudi Partikularrarekin bat, eta ez du ureztapen putzu bat eraikitzea baimentzen ahal denik zehazten.

Horri dagokionez, 2018ko irailaren 17an Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak jakinarazi zuen ureztapen putzu horren eraikuntzak ukipen arina eragiten diela egungo ureztalurrei eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planari eta putzua eraikitzeko baimena ematea dagokiola azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 6. artikulua aplikatuz.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena eman zuen 2018ko maiatzaren 18an, jarduerak ez duela aztarnategi arkeologikorik eragiten adieraziz.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2018ko irailaren 18an, konpentsazio neurriak jasotzeko baldintzarekin (laborantzako lurzatien arteko hiru ezpondak kentzeagatik eta 161., 162. eta 163. lurzatietako larreetan eragindako kalteengatik); alderdi horiek ebazpen honetako baldintzen atalean jasota daude.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Murchanteko 3. poligonoko 898C lurzatian 4.000 m³-ko ureztapen putzu bat eraikitzeko proiekturako. Sustatzailea Ignacio Magaña Orta da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–161. eta 162. lurzatietan, balio ekologikoa duen putzua edo urmaela dagoen lekuan: proiektuak putzua inguratzea aurreikusten duen landare banda handitu egin behar izanen da 25 metro zabal izan arte. Hor proiektuan aurrez ikusitako espezieez gain (sasiarrosa, Iparraldeko elorri zuria, elorri beltza, karraskila eta pikondoa), tamarizak (Tamarix) landatuko dira. Landare banda hori 161. lurzatiaren hegoaldeko ertzean dagoen erretenean zehar ere luzatuko da.

–161. eta 162. lurzatien gainerako azalera sasi larre izatera lehengoratuko da, bilakaera naturala izan dezan utziz. Aldez aurretik medeagarri organikoak edo konposta ekarri beharko dira, jarritako (egindako betelanean) legarraren eta lurraren kalitate txarra dela eta.

–Ureztapen putzu berriak (898-C lurzatian kokatua) neurri zuzentzaile hauek eta paisaia integratzeko neurri hauek izanen ditu:

  • 898-C lurzatiak 164. lurzatiarekin muga egiten duen tokian landaketa banda jarriko da ezpondaren gailurrean. Banda hori 151 m luze x 5 metro zabal izanen da. Bertan tokiko zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira.
  • Putzu berriak, aurrez ikusitako itxituraz gain, ezponda edo arrapala etzana, edo eraginkortasun frogatua duten flotagailuak izanen ditu, basa fauna irtetea errazteko eta itotzea eragozteko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabete bateko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Murchanteko Udalari, Basozaintzari (12. Barrutia, Tutera), Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 24an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1811834