202. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

758/2018 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Uraren goi hornidurako lanak: Mendinuetako konponbidea, 6. fasea. Itzagaondoko eta Lizoaingo hodiak” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko egunak finkatzen dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak maiatzaren 24an emandako 288/2018 Ebazpenaren bidez, aipatutako proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hamabost egunez jendaurrean jarri zen eta hasiera eman zitzaion desjabetze prozedurari.

Jendaurreko epea bukatuta, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren abuztuaren 24ko 597/2018 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi ziren honako proiektu hau eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda: “Uraren goi hornidurako lanak: Mendinuetako konponbidea, 6. fasea. Itzagaondoko eta Lizoaingo hodiak”.

Nafarroako Gobernuak 2018ko irailaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, presakotzat deklaratu zen proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

ERABAKI DU:

1. Ukitutako ondasunen eta eskubideen titularrei dei egitea, baita Itzagaondoko eta Lizoaingo alkateei ere, aurtengo azaroaren 5ean aipatutako udaletxeetan ager daitezen, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitera.

2. Ekitaldi horretara ukitutako pertsonek beraiek joan beharko dute, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimendutako pertsona bat bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak aldean dituztela (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzote, perituak eta/edo notarioa eraman ditzakete, baina, betiere, norberak ordainduta.

3. Estrella Lamadrid Morón andrea eta Pedro Gracia Araiz jauna izendatzea Administrazioaren ordezkari, okupazioaren aurreko, adostasuneko, okupazioko eta ordainketako aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak sina ditzan bietako edozeinek.

4. Gabriel Olagüe Santesteban eta Anabel Beunza Munárriz jaun-andreak, haietako edozein, administrazioko peritu izendatzea.

5. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko egunkari batean, Itzagako Mankomunitateko eta Itzagaondoko eta Lizoaingo udaletxeetako iragarki tauletan, eta ukituriko titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedulen bidez. Orobat, ohartarazten da argitalpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 59.5. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako ere egiten dela, titularra ezezaguna edo helbide ezagunik gabea den kasuetarako.

Iruñean, 2018ko urriaren 10ean.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1812309