2. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

118/2017 FORU DEKRETUA, abenduaren 27koa, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen Europar Batasuneko atalaseak eguneratzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

2017ko abenduaren 18an onetsitako 2017/2365 (EB) Erregelamendu Delegatuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/24/EE zuzentaraua aldatu duena, kontratuak esleitzeko prozeduretan aplikatu beharreko atalase berriak ezarri ditu zuzentarau horren aplikazio eremuko kontratuetarako, 2018-2019 biurtekorako.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriko 2.a) atalean Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege horren artikuluetako zenbatekoak eta epeak egokitzeko, Europar Batasunak zenbatekoari eta iraupenari buruz ezartzen duenari jarraikiz.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko abenduaren 27ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Europar Batasuneko atalaseak.

1. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 83. artikuluko 1. idatz-zatiaren a) letran ageri den 209.000 euroko zenbatekoaren ordez 221.000 eurokoa ezartzea.

2. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 83. artikuluko 1. idatz-zatiaren b) letran ageri den 5.225.000 euroko zenbatekoaren ordez 5.548.000 eurokoa ezartzea.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzeak.

Indarrik gabe geratzen da Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea Europar Batasuneko atalase berrietara egokitzen duen urtarrilaren 27ko 3/2016 Foru Dekretua.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2018ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, salbu eta ondoren argitaratzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean, kasu horretan argitaratu eta biharamunean hartuko baitu indarra.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1715156