195. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2403/2018 EBAZPENA, irailaren 17koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira diru-laguntzen deialdi bat eta hura arautzeko oinarriak, 45 urtetik gorakoak izanik luzaroko langabe direnak lan munduan aktibatzeko programak garatzen dituzten Nafarroako toki entitateentzat.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua (hemendik aurrera NL-NEZ) enplegu politika aktiboen kudeaketaren arduraduna da. Politika horien artean, neurri batzuk daude, alde batetik, kalitateko enpleguaren sorrera sustatzeko eta, beste aldetik, langabeen enplegagarritasuna handitzeko, lan merkatuaren baldintzak hobetuz eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei arreta berezia eskainiz Enplegurako Estrategia Europarraren eta Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiaren esparruan.

Une honetan, lan-merkatuan nolabaiteko susperraldi ekonomikoa izaten ari da. Hala ere, luzaroko langabezian dauden pertsonak asko dira, eta, horregatik, beharrezkoa da arreta etengabe eta espezializatuko neurri bereziak antolatzea kolektibo horiei begira. Errealitate Sozialaren Behatokiak aurtengo otsailean aurkeztutako txosten baten arabera, Enplegu Zerbitzu Publikoen Informazio Sistemaren (SISPE) arabera, 23.342 lagun izan dira luzaroko langabe 2017ko uneren batean. Beraz, lehentasunezko helburua da inor atzean ez geratzea, lanpostu egonkorra eta kalitatekoa eskuratzea ahalbidetzen duen suspertze prozesu horretan. Luzaroko langabeziaren intzidentzia erronka bat da, lan-merkatuan parte hartzeko aukera bat aktiboki bilatzen duten pertsona guztiak kontuan hartuta. Kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzeko, ikuspegien alderdi erabakigarria da luzaroko langabeentzako arreta. Langabezia-egoera luzatzearekin batera, lan-merkatuan berriro sartzeko aukerak apurka-apurka desagertzen doaz.

Frogaturik dago luzaroko langabeekin garatutako ekintzetan banakako arretak, intentsitate handikoa denak eta hurbileko jarraipena duenak, nabarmen murrizten duela pertsona horiek langabezian ematen duten denbora. Behar den arreta motak eskatzen du denboran luzatu dadila eta 2019. urteraino luzatzen den deialdi bat planteatzea.

Deialdi honek enplegu-eskatzaile guztiei ematen zaien arreta osatzen du; izan ere, kolektibo zehatz bati eragiten dio zuzenean, laneratzeko zailtasuna langabearen adinarekin batera handitzen dela kontuan hartuta. NL-NEZren asmoa da, modu berezian, enplegu-eskatzaileei ematen zaizkien aktibazio eta aholkularitza prozesu espezializatuak areagotzea, inoren kontura zein enplegu autonomoaren bidez laneratzen laguntzeko. Horretarako, haien gaitasun pertsonalak eta pertsona artekoak indartu, eta haientzat orientazio profesional berri bat bilatuko da.

Urte anitzekoak baliozkotzeko 2018ko apirilaren 18ko txostenaren bidez, deialdi honi dagokion urte anitzeko gastua baimendu zen.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea diru-laguntzen deialdi bat eta hura arautzeko oinarriak, 45 urtetik gorakoak izanik luzaroko langabe direnak lan munduan aktibatzeko programak egiteko.

2. 150.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko ekitaldirako, aurrekontuko “Luzaroko langabeentzako arreta programak” izeneko 950001 96100 4819 241109 partidaren kargura.

3. 300.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko ekitaldirako, 2019ko aurrekontuko aipatutako partidaren edo antzekoaren kargura.

4. Ebazpen hau igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzura.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko irailaren 17an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

OINARRIAK

1.–Diru-laguntzaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean 45 urtetik gorakoak izanik luzaroko langabe direnak lan munduan aktibatzeko programak egiteko diru-laguntzak eman, jarraitu eta kudeatzeko araubidea ezartzea. Programa horietan, aktibazioko, prestakuntza tekniko-profesionaleko, prospekzioko eta bitartekotzako ekintzen bidez langabeen enplegagarritasun baldintzak hobetuko dira, parte-hartzaileek frogatzen ahal dituzten ezagutza, abilezia, trebezia eta esperientzia profesionalen arabera, abiapuntutzat harturik enpresetan aurkitutako beharrak.

Jarduketa horiek diru-laguntza eman eta biharamunetik hasi eta 2019ko azaroaren 1era bitarte eginen dira.

2.–Hartzaileak.

45 urtetik gorakoak izanik luzaroko langabe direnak, lan eskatzaile gisa izena emanik dutenak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan, aldez aurretik enplegagarritasun diagnostiko bat egina izanik.

Deialdi honen ondorioetarako, luzaroko langabeak izanen dira arreta jaso aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan enplegu zerbitzu publiko eskudunean enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak.

Entitate onuradunak programako pertsona hartzaileen zerrenda bat eskatzen ahal dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Nolanahi ere, erakunde horrek bideratutako hartzaileak onartu beharko dituzte entitate onuradunek.

3.–Entitate onuradunak.

Deialdi honetara proiektuak aurkezten ahalko dituzte, baita laguntzak eskatu ere, nortasun juridiko propioa duten eta irabazi-asmorik ez duten entitateek, sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

1. Orientazioaren esparruan gutxienez urte bateko ibilbide finkatu eta frogatua izatea, edo laneratzeko proiektu integralak egin izana, edo Europar Batasunaren funtsek finantzatzen laguntzen duten proiektuak egin izana, eta horietan guztietan hainbat arlotako ekintzak txertatu izana, arlo horietako bat aipatutako kolektiboentzako lanbide arloko informazioa eta orientazioa izanik.

2. Bere xede sozialaren eta jarduketa esparru orokorraren barnean enplegu politika aktiboetako jarduerak izatea.

3. Giza baliabide eta baliabide material egokiak izatea jarduera garatzeko.

4.–Jarduera diruz lagungarriak.

Deialdi honekin tutore baten kontratazioa finantzatuko da, eta oinarri honetan luzaroko langabeentzako aurreikusitako jarduerak koordinatuko ditu hark. Arretak iraun bitartean erabiltzaileek tutore bera izanen dute esleitua. Deialdi honi lanaldi osoan egotzitako tutore bakoitzak 45 laguni emanen die arreta, gehi sortzen diren ordezpenak, hurrengo paragrafoarekin bat.

Programan zehar pertsonak laneratzea lortu badu edo programa uzten badu, entitate onuradunak horren berri emanen dio organo kudeatzaileari, eta horren ordez beste pertsona bat hartuko du, deialdi honen 2. oinarriko beharkizunak betetzen dituena, betiere 2019ko irailaren 1a baino lehen laneratzen bada. Kontratatutako tutorea aldatzen bada, hilabete baino lehen eman beharko du horren berri entitate onuradunak.

Tutore honen ekintzak, diru-laguntzaren xede direnak, honako hauek izanen dira:

4.1. Prospekzioa.

Ekintza horrek enpresekin bisitak edo harremanak egitea dakar, enplegatzaileen beharrak zehazte aldera. Lan eskaintzak biltzeko eta, lan eskaintzak sortzea bultzatze aldera, enpresekiko harremana sustatzeko balioko du.

Ondorio horietarako, lan eskaintzen bilketatzat joko da honako hau: entitate laguntzaileak identifikatzea enplegatzaile batek lanposturen bat betetzeko duen premia, eta hautagaiek izan beharreko lanbide profila zehaztea.

Proiektuari lanaldi osoan atxikitako tutore bakoitzeko, entitate onuradunak gutxienez 20 enpresarekin, gutxienez, eginen ditu bisitak edo harremanak.

Prospekzio ekintza guztiak dokumentu bidez erregistratu beharko dira, honako hauek adierazita: eguna, ordua, enpresaren izenean aritzen den pertsonaren sinadura, eta ekintza gauzatzen duen entitateko teknikarien sinadura.

4.2. Lanbide profila eguneratzea.

Tutoreak banakako elkarrizketa bat eginen du banakako diagnostikoa doitu eta eguneratzeko eta profila prestatzeko, honako hauek zehaztuta: trebetasunak, gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, interesak, familia-egoera eta balizko aukera profesionalak. Erabiltzailearen profila egiteko eta haren enplegagarritasuna zehazteko erabiliko da informazio hori.

Lehenbiziko harreman horren helburua da prospekzio ekintzetan aurkitutako beharrekin lotuta pertsonak dituen gaitasunak sustatzea, eta, hala, aktibazio profesionaleko zerbitzuak bukatutakoan enpresek lan kontratu bat formalizatzea.

Tutoreak proiektuak iraun bitartean segituko du onuradunari arreta ematen, eta, gero, onuraduna laneratu eta jarraipena eginen zaio, 4.4 oinarriarekin bat, edo 2019ko urriaren 31n, laneratzea posible izan ez bada.

Pertsona programaren barnean dagoen bitartean, entitate onuradunak elkarrizketa banakakoak edo taldekakoak izanen ditu harekin, alderdi emozionalak lantzeko, baita bilaketarako laguntza lantzeko ere.

4.3. Prestakuntza tekniko-profesionala.

Lan-merkatuak eskatzen dituen jakintzak bultzatzeko helburua du.

Prestakuntza tekniko-profesionalak erabilgarritasuna du ezaugarri nagusi, eta nahitaezko ezagutzak emanen ditu lanpostu bat lortzeko edo lanbide-gaitasunak hobetzeko lanpostu bati euste aldera, baita lan bilaketa egokia egiteko ere.

Helburua bikoitza da: alde batetik, gaitasun pertsonalak hobetzea (konfiantza, konpromisoa...), onuradunei lan-testuinguru normalizatuetan moldatzea ahalbidetzen dietenak; eta, beste aldetik, jakintza teoriko eta praktiko batzuk ematea lan-merkatuak eskatzen dituen eskakizunetara egokitzeko behar diren gaitasun teknikoetan (lanpostu bat arrakastaz betetzeko behar diren ezagutza teoriko-praktiko berariazkoak). Horrela, pertsonek egoera hobea izanen dute, enplegu bat eskuratu eta horri eusteko orduan aukera berdinak izan ditzaten.

Bai programako onuradunen bai enpresen beharretara egokituko da prestakuntza tekniko-profesionalaren eskaintza.

Ekintzaren bidez, prestakuntza tailerrak emanen dira, honako gai hauei lotuta: lan munduan sartu aurreko ohiturak, enpleguaren aldeko jarrera proaktiboa sustatzeko; motibazioa piztea; ikuspegi profesionala garatzea; enplegua eskuratzen laguntzen duten komunikazio trebetasunak; elkarrizketen eta curriculumaren prestaketa; enplegu bilaketa aktiborako teknikak; etab. Autoezagutza garatzen saiatuko dira: gaitasun pertsonalak eta profesionalak, hobetu beharreko arloak eta lan-interesak zehaztea. Prestakuntza ez da ekintza bakartu bat, pertsonak laneratzeko prozesuaren zati bat baizik. Hori dela eta, gainerako ekintzei lotuta egon behar da eragile guztien (orientatzaile-tutoreak, prospekziogileak eta enpresak) arteko koordinazioaren bidez.

Egoki jotzen dituzten lantegiak eskainiko dizkiete entitate onuradunek hartzaileei, hala lantegi kopuruari nola prestakuntza orduei dagokienez. Tutoreak egokitzat jotzen badu, gerta daiteke hartzaile batek lantegi bakar batean ere prestakuntzarik ez jasotzea.

Lanaldi osoko tutore bakoitzarentzat, entitate onuradunak 1.000 orduko zorro bat izanen du prestakuntzarako, lantegietan. Topatzen dituen beharren arabera eskainiko zaizkie lantegiak hartzaileei.

Entitate onuradunek jarraian deskribatzen diren tailerrak edo beren proiektuan proposatzen dituzten beste batzuk eskaintzen ahalko dituzte:

–Merkataritza arloko tailerra:

  • Saltzailea eta saltokiko kudeatzailea (bezeroarentzako arreta, kexa eta erreklamazioetarako erantzuna, saltokiko terminalaren kudeaketa, elikagaien manipulatzailea, erakusleiho-apainketa, lanerako pertsona arteko trebetasunak).

–Industria jarduerako tailerra:

  • Soldadura ezagutzak eguneratzea (TIG, MIG/MAG, motibazioa, trebetasunak...).

–Lanaren eta giza baliabideen arloko tailerra:

  • Kontratazioaren arloko ezagutzak eguneratzea: nominetako eta gizarte-segurantzako kontratuak, kexa eta erreklamazioetarako erantzuna, nominaplus programa eta pertsona arteko trebetasunak.

–Arlo soziosanitarioko tailerra:

  • Zainketa asistentzialetako ezagutzak eguneratzea (zaintzailearen zainketak, lehen sorospenak, emozio trebetasunak, bizitzaren amaierako zainketak, mobilizazioa).

–Elektrizitate eta energiako tailerra:

  • Elektrizitate ezagutzak eguneratzea: oinarrizko elektrizitatea, domotika, pertsona arteko trebetasunak.

–Administrazio kudeaketako tailerra:

  • Kontabilitate ezagutzak eguneratzea: kontabilitatea, bezeroarentzako arreta, enpresako artxiboak, kexa eta erreklamazioetarako erantzuna, contaplus programa...

–Informatikako tailerra:

  • Ofimatika ezagutzak eguneratzea: Excel, Access Web 2.0, pertsona arteko trebetasunak.

–Sukaldaritzako tailerra:

  • Sukaldaritza ezagutzak eguneratzea: oinarrizko sukaldaritza, elikadura eta nutrizioa, autoestimua eta hazkunde pertsonala, elikagaien manipulatzailea...

–Logistika eta biltegiko tailerra:

  • Biltegiko langilea: handizkako eta txikizkako merkataritzako eta biltegiko manipulatzailea, biltegiko kudeaketa, orga erretraktilak eta metatzaileak gidatzea, eta pertsona arteko trebetasunak.

–Zerbitzu orokorretako lantegia:

  • Garbiketa tekniketako ezagutzak eguneratzea: ikastetxeetako garbiketa, makinak erabiltzen dituen garbiketa, ostalaritza zentroetako garbiketa eta lanerako pertsona arteko trebetasunak.

Tailer horietan emandako prestakuntza ez da inola ere lotuta egonen profesionaltasun ziurtagiriei.

4.4. Laneratzeari egiten zaion jarraipena.

Programako onuradunak laneratzeko behar diren ekintza guztiak eginen dira. Enpresa batean antzemandako beharra entitatearekin lan egin duten pertsonen profiletako baten batekin bat badator, entitate kolaboratzaileak bi alderdiak jarriko ditu harremanetan, eta enpresari laneratu ondoko jarraipena, 2 hilabetekoa, emanen dio, sor daitezkeen arazoetan bitartekari aritzeko. Horrez gain, beharrezkoa bada, ordezko langilea emanen dio. Nolanahi ere, ez da jarraipenik eginen 2019ko urriaren 31tik aurrera.

Entitate kolaboratzaileak luzaroko langabeen kontratazioa sustatzearen arloan dauden diru-laguntzen berri emanen dio enpresa interesdunari.

5.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

A.–Diru-laguntza horrekin entitatearen gastuak ordainduko dira, zehazki hauen ingurukoak:

a) Langileria gastuak:

Laneratzeko tutoreen soldatako eta Gizarte Segurantzako kostuak; gehienez, 35.270 euro lanaldi osoko tutore bakoitzeko, barnean direla kotizazio sozialak.

Dedikazioa lanaldi osokoa ez bada, dagokion zati proportzionala lagunduko da diruz.

Psikopedagogiako, psikologiako edo pedagogiako titulazio akademikoa izan behar du laneratzeko tutoreak. Aurrekoa gorabehera, zilegi izanen da aurrekoaz bestelako unibertsitate titulu bat duten tutoreak laguntzea diruz, baldin frogatzen ahal badute gutxienez 24 hilabeteko esperientzia dutela lanbide orientazioan eta/edo prospekzio eta bitartekotza lanetan.

b) Prestakuntza gastuak:

1.000 orduko zorroa lagunduko da diruz lanaldi osoko tutore bakoitzeko. Horretarako, guztira 20.387 euro emanen zaizkio entitateari. Entitateak proposatzen baldin badu jende gehiagori edo gutxiagori ematea arreta, egoki den proportzioan emanen da diru-laguntza.

Tutorea ez da inoiz izanen prestakuntza ematen duena.

c) Gastu orokorrak:

Benetan egindako ekintzei funtzionamendurako, materialetarako eta baliabide teknikoetarako gastu orokor gisa egotz dakizkiekeen gastuak hauek dira:

1.–Material teknikoa prestatzea:

–Gida teknikoak.

–Parte-hartzaileentzako dokumentazioa.

–Material psikoteknikoa.

2.–Bulegoko materiala.

3.–Beste gastu batzuk:

–Eraikin, altzari eta tresnen errentamenduak.

–Mantentze-lanak.

–Argindar, ur eta erregai hornidurak.

–Komunikazioak, telefonoa eta Internet.

–Garbiketa.

–Segurtasuna eta zaintza.

–Erantzukizun zibileko aseguruak.

–Publizitatea.

–Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako ekintzak ondo burutzeko beharrezkotzat jotzen diren beste gastu batzuk.

Egin beharreko ekintzak ongi gauzatzeko izaten diren gastu orokor gisa, ordaintzen ahalko da langileen gasturako guztira diruz lagundutako zenbatekoaren %15 gehienez (A atala).

Gastu guztiak diru-laguntzaren xede den aldian egin beharko dira.

B.–Eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa a), b) eta c) diru kopuruak batzearen emaitza izanen da. 2018ko eta 2019ko aurrekontu-ekitaldiei egotziko zaie diru-laguntza, honela: 2018ko aurrekontu-ekitaldiari egotziko zaizkio laguntza onartzen denetik 2018ko abenduaren 1era bitarterako aurreikusitako jarduerari dagozkion gastuak, eta 2019ko aurrekontu-ekitaldiari egotziko zaizkio 2018ko abenduaren 1etik 2019ko azaroaren 1era bitarterako aurreikusitako jarduerari dagozkion gastuak.

C.–Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 126.000 eurokoa izanen da entitate onuradun bakoitzeko.

6.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

Eskaerak administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako moduan eta baliabideen bidez aurkeztuko dira 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa frogatzea, bere eraketa eskrituraren, bere estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia aurkeztuz.

b) Entitate eskatzailearen legezko ordezkariak identifikatzen dituen agiriaren kopia eta, hala behar denean, horiek ahalordetzeko agiriarena, bai eta jakinarazpenak igortzeko helbidea eta posta elektronikoa ere.

c) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

d) Deialdian eskatzen den 3 urteko gutxieneko esperientzia frogatzen duen agiria.

e) Laneratzeko tutoreei eskatutako profilak betetzeari buruzko frogagiriak eta haien esperientziari buruzkoak.

f) Proiektuaren memoria, deialdi honi erantsitako ereduaren araberakoa.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

Baremazioaren ondorioetarako, entitate eskatzaileak proiektuaren memorian zehaztu eta, hala bada, frogatu dituen alderdiak soilik hartuko dira kontuan, eta, beraz, puntuatuko.

Eskaeren lehentasun ordena ezarriko da honako balorazio irizpide hauek aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren arabera.

8.–Balorazio irizpideak.

1. irizpidea.–Aurreikusitako laneratzea: 20 puntu, gehienez.

–Entitateak aurreikusten badu %10 baino gehiago eta gehienez %15 laneratzea: 4 puntu.

–Entitateak aurreikusten badu %15 baino gehiago eta gehienez %20 laneratzea: 8 puntu.

–Entitateak aurreikusten badu %20 baino gehiago eta gehienez %25 laneratzea: 12 puntu.

–Entitateak aurreikusten badu %25 baino gehiago laneratzea: 20 puntu.

2. irizpidea.–Laneratzeko tutoreen profil teknikoa.

Lanbide orientazioan eta/edo prospekzio eta bitartekotza lanetan frogatutako esperientzia urteak. Arreta pertsona batek baino gehiagok ematen badu, puntuazioa proiektuari atxikitako teknikarien esperientzia urteen batezbestekoa izanen da. Puntu bat emanen da urte edo zatiki bakoitzeko, eta gehienez 5 puntu.

3. irizpidea.–Entitatearen esperientzia: 10 puntu, gehienez.

Administrazio publikoekiko enplegu programetan, norgehiagokako araubideko deialdietan, azken 10 urteetako parte-hartze frogatua, betiere deialdi honen xedeko taldeen enplegagarritasuna hobetzeko jarduerak bazituzten. Gehienez puntu bat emanen da programako eta urteko.

Administrazio publikoek antolatzen ez dituzten programen kasuan, gehienez puntu erdia emanen da programako eta urteko.

Puntuazioa esleitzean, hasierako hiru urteko esperientzia ez da kontuan hartuko, 4.1 oinarrian ezartzen den deialdirako baldintza baita.

Deialdien adjudikazioa frogatzeko, entitate eskatzaileak deialdiaren araua eta adjudikazioaren ebazpena aurkeztu beharko ditu lehenbiziko kasuan, eta izenpetutako hitzarmena bigarrenean. Dagokion adjudikazioa edo izenpetzea agertzen ez bada, aurkeztutako agiriak ez dira kontuan hartuko.

Programaren adjudikazioa eta/edo izenpetzea NL-NEZri badagokio, entitate eskatzaileak idazki bat aurkezten ahalko du, adjudikatutako programa eta deialdiaren edo hitzarmenaren urtea adierazita, ofizioz egiazta dadin. Dagokion adjudikazioa edo izenpetzea agertzen ez bada, aurkeztutako agiriak ez dira kontuan hartuko.

Entitate eskatzailea administrazio publikoen eremutik kanpoko programak garatzeko hautatua izan bazen, agiri baten bidez frogatu beharko du, entitate emailearen izena, hautaketaren data, programaren iraupena eta aurreikusitako jarduketak adierazita. Entitate emailearen ordezkari eskudun batek sinatu beharko du agiri hori. Datu horiek agertzen ez badira, aurkeztutako agiriak ez dira kontuan hartuko.

4. irizpidea.–Entitate eskatzailearen jarduketa-eremu geografikoa.

Eskabidearekin batera betetako memorian, entitateak adierazi behar ditu zer lurralde eremutako enplegu agentziekin arituko den.

Gehienez 10 puntu emanen dira, eskala honen arabera:

4.1. Entitateak Iruñerriko enplegu agentzia baten lurralde-eremuan jarduten badu: 1 puntu.

4.2. Entitateak Tuterako enplegu agentziaren lurralde-eremuan jarduten badu: 3 puntu.

4.3. Entitateak gainerako enplegu agentzien lurralde-eremuan jarduten badu: 6 puntu.

Hala, entitateak 4.1, 4.2 eta 4.3 atalei dagozkien puntuak batu ditzake.

5. irizpidea.–Ebaluazio sistema: 5 puntu.

Baldin entitateak egiten diren zerbitzuen kalitatea kontrolatzeko ebaluazio-sistema badaukate, sistema horretan eraginkortasun ekonomikoaren adierazleak txertatu behar dira, bai eta erabiltzaileen asebetetasunaren, enplegagarritasuna hobetzearen eta laneratzearen adierazleak ere. 5 punturekin baloratuko da.

Puntuaziorik onena lortu duten erakundeen arteko banaketa egiteko prozedura honako hau izanen da:

1. Proiektuak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Berdinketa izanez gero, 1. irizpidean puntuaziorik handiena lortzen duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

Hala ere, berdinketa hausten ez bada, atal bereko 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrelaxe jarraituko da 5. irizpidera iritsi arte.

2. Diru-laguntzak emateko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera.

Balorazioa egin ondoren aurrekontuan azken entitateari gelditzen zaion kreditu erabilgarria berak eskatutakoa baino txikiagoa bada, horren berri emanen zaio, eta aukera izanen du eskaera berregiteko. Nolanahi ere, eskaera berreginda ere, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz esleitutako puntuazioa ez da aldatuko.

20 puntu gainditzen dituzten proiektuak baino ez dira onartuko.

9.–Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.

Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa NL-NEZko Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzuari dagozkio.

Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, NL-NEZko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

Aurkeztutako agiriak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:

–Burua: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

–Kidea: Orientazio Ataleko burua.

–Kide-idazkaria: Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Ataleko burua.

NL-NEZko zuzendari kudeatzaileak eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 2 hilabetean emanen du ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

10.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Laneratze betebeharrak: Arreta jasotako pertsonen %10 gutxienez laneratzeko konpromisoa hartzen du entitateak. Gainera, proposa dezake pertsona laneratuen portzentaje handiago bat. Laneratutako pertsonen portzentajetik %20 gehienez ere autonomoak izan daitezke.

Laneratzetzat joko da edozein lan-kontratu mota, orientazio eta prestakuntza jarduketetan aldez aurretik entitatearen arreta jaso duten luzaroko langabeetako batek lanpostu bat lortzea dakarrena, betiere barnean direla kontratu mugagabeak, praktikaldiko kontratuak eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak. Gainera, laneratzetzat joko da langileak alta hartzea langile autonomo edo norberaren konturako langile gisa edo kooperatiba edo lan sozietate bateko bazkide langile edo lan-bazkide gisa. Lanetik kanpoko praktikak egitea ere laneratzetzat joko da.

Bekak ez dira kontuan hartuko ondorio horietarako.

Laneratzetzat har dadin, luzaroko langabeak gutxienez 2 hilabetez egon behar du lanaldi osoan kontrataturik, edo araberan dagokiona lanaldi partzialean, zerbitzua eman zitzaionetik 2020ko ekainaren 31ra bitarteko epean. Edo ekonomia sozialeko eremuko enpresa batean bazkide gisa sartu behar du. Langile autonomo aritzen hasten bada, nahikoa izanen da Langile Autonomoen Araubide Berezian alta hartu izana justifikatzea, eta bertan 6 hilabetez irautea.

Ez dira kontuan hartuko administrazio publikoek aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretatik datozen laneratzeak; izan ere, bitartekotza hori beren enplegu zerbitzuek eurek egin behar dute zuzenean.

Nolanahi ere, langabea Nafarroako Foru Komunitatean zein beste edozein autonomia erkidegotan laneratzen ahalko da.

b) Orientazioaren ondorio gisa, entitateak txosten bat beteko du Orientasaren, erabiltzaileak lanerako helburu gisa aukeratutako okupazioko enplegagarritasunari buruz. Txosten horretan pertsonak lanbide helburutzat zuen lanbidearen kontratu bilakaerari buruzko informazioa agertzen da. Txostenaren xede izanen dira erabiltzaileak indartu edo bereganatu behar dituen gaitasun tekniko-profesional, orokor eta zeharkakoak eta lanerako pertsona arteko trebetasunak. Txostenak balioko du prestakuntza- eta enplegu-ibilbidea planifikatzeko erabiltzailearen profilaren eta beharren arabera egokienak diren programekin bat.

Txostenaren emaitzen berri emanen zaio interesdunari.

c) Entitateek Nafarroako enpleguaren atarian argitaratuko dituzte eskaintzak.

Lan eskaintza bat Nafarroako enpleguaren atarian (www.empleo.navarra.es) erregistratzea: NL-NEZk horretarako gaitutako pertsona batek eskaintzak biltzeko prozesuan eskuratutako datuak mekanizatzea eta Nafarroako enpleguaren atarian sartzea, sisteman enplegu eskaintza berri bat sortuz, betiere NL-NEZk horretarako ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.

d) Luzaroko langabeen parte-hartzea duten ekintza guztiak, hasierako elkarrizketa barne, dokumentu bidez erregistratu beharko dira, honako hauek adierazita: eguna, ordua, ekintzaren edukia, eta arreta jaso duen pertsonaren eta ekintza gauzatzen duen entitateko teknikarien sinadura.

e) Orientazio ekintzen emaitzari eta garapenari buruzko datuak ematea NL-NEZri, zerbitzu horrek ezartzen dituen bide elektronikoak erabiliz, halako moduan non zerbitzuak informazio eguneratu guztia edukiko baitu luzaroko langabeen banakako laneratze-ibilbideen bilakaerari buruz.

f) Ekintzen kontrol fitxak, arreta jasotzen duten pertsonek sinatuak, aurkeztea aldian-aldian. Orientazio Atalak ezarriko du nolako aldizkakotasunarekin aurkeztu behar dituen fitxa horiek entitate bakoitzak eta zein ereduri jarraikiz, ekintzen kopurua eta programen eta ekintzen ezaugarriak kontuan hartuta.

g) Egindako ekintzak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoan erregistratzea, NL-NEZk proposatzen duen moduan eta denboran, baita Orientasaren ere.

h) NL-NEZri aurkeztea deialdi honetan aipatutako ekintzak egiteko kontratatuko dituzten teknikarien historia profesionalak, behar den profila baduten egiaztatzeko.

i) NL-NEZk ezarritako jarraibideak betetzea emaitzen ebaluazioari dagokionez.

j) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

k) Diru-laguntzen xede diren ekintzen onura jasotzen duten pertsonei ezin zaie ezer kobratu inola ere.

l) Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak bete ezean, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, deialdi honetan Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluko araubidea erabiliko da.

m) Entitate onuradunak bere gain hartutako konpromisoaren arabera parte-hartzaileen laneratze ehunekoa betetzen ez bada, diru-laguntza proportzio berean murriztuko da, eta, kasua bada, zenbateko hori itzuli beharko da, berandutze-interesak eta guzti.

n) Gutxienez behar den %10eko laneratze portzentajea betetzen ez bada, diru-laguntza galduko da, eta, behar denean, itzuliko da, honela: ez-betetzearen portzentajearen halako bi, gehi berandutze-interesak.

11.–Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du ea deialdi honen bidez diruz lagundutako arreta jaso duen pertsona gutxienez 2 hilabetez egon den kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran. Hori egiaztatuta, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.

12.–Onuradunek egindako jarduketak justifikatzea. Diru-laguntza ordaintzeko modua eta epeak.

a) Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzuaren aldeko txostena egin ondoren, diru-laguntza NL-NEZko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ordainduko da, honela:

–Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren justifikazio tekniko-ekonomikoa eginda. Justifikazio ekonomikoa egiteko, honako hauek aurkeztuko dira:

  • Tutore gisa kontratatutako pertsonaren nominak eta agiriak, baita ordainketa frogagiria ere.
  • Prestakuntza ekintzan parte hartu dutenen zerrenda, eta egindako prestakuntza-ekintza.
  • Gastu orokorren ordainketaren fakturak eta frogagiria, eta zer lotura duten onartutako diru-laguntzarekin, onartutako diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera.

–Konturako ordainketen bidez: onartutako diru-laguntzaren %15 gutxienez ere, justifikatzeko gelditzen diren gastu arruntei eta langileen gastuei dagozkienak, diruz lagundutako eta gauzatutako zatiari dagozkionak.

b) Betiere, nahitaez, entitateak 2018ko abenduaren 1era arte gauzatutakoari dagokion ordainketa eskatuko du. Horretarako, abenduaren 7a baino lehen konturako ordainketa eskatuko du, jardueraren gastuen eta memoriaren zerrenda erantsita.

c) Azken memoria teknikoa eta justifikazio tekniko-ekonomiko osoa 2019ko azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira.

13.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izanen dira lortzen ahal diren beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuekin; halakoetan, NL-NEZri horren berri eman beharko zaio. Laguntza horiek batuta ezin izanen da ekintzen kostuaren %100 gainditu.

14.–Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Ondorio horietarako, bi baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, entitatearen legezko ordezkariak sinatua eta NL-NEZri zuzendua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarri bezala, eta horretarako hilabeteko epea izanen dute diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko atalean azaldutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du, aipatutako epean.

15.–Aplikatu beharreko araudia.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta arloagatik aplikatzekoa den beste edozein araudi aplikatzekoak izanen dira.

16.–Diru-laguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.

Bai publizitatean, bai zabalkundeko materialetan eta paper-gauzetan, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzaketa izan dutela adierazi behar dute.

17.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesa duten pertsona edo entitateek, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo haiek jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

18.–Datuak babestea.

Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta gainerako garapen arauak.

Orobat, entitate onuradunek arreta jaso dutenen datu pertsonalak tratatu eta zaintzean, lege horretan xedatutakoa bete beharko dute.

19.–Emandako diru-laguntzen argitalpena.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZk jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Enplegu Atarian (www.empleo.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1811521