195. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

44/2018 FORU AGINDUA, irailaren 21ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia onesten duena, 2018ko urriaren 1etik abenduaren 31ra bitarte hasten diren ikastaroetarako. DDBN identifikazioa: 416568.

Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena ikusirik, non adierazten baita beharrezkoa dela 2018ko urriaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldian hasten diren ikastaroetan euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzak arautzeko deialdia onestea eta argitaratzea.

Kontuan hartuta ezen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean jasota dagoela euskara Nafarroako berezko hizkuntza bat dela eta, horrenbestez, herritar guztiek dutela euskaraz jakiteko eskubidea, eta, horrez gain, ulertzen denez deialdi hau bat datorrela Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez onetsitako Euskararen I. Plan Estrategikoaren (2016-2019) helburuekin.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Onestea 2018ko urriaren 1etik abenduaren 31ra bitarte hasten diren ikastaroetan euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30001 B3100 4809 334100: (E) Euskara ikasteko helduentzako laguntzak

2018

100.000,00

B30001 B3100 4809 334100: (E) Euskara ikasteko helduentzako laguntzak

2019

50.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko irailaren 21ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, 2018ko urriaren 1etik abenduaren 31ra bitarte hasten diren ikastaroetarako

Lehen oinarria.–Xedea eta aldia.

Deialdi honen xedea da euskara ikasteko laguntza indibidualak arautzea Nafarroako Foru Komunitatean erroldatutako pertsona helduentzat.

Laguntzak emanen dira 2018ko urriaren 1etik abenduaren 31ra bitarte hasten diren ikastaroengatik eginiko ordainketetarako.

Bigarren oinarria.–Diruz lagunduko diren ikastaroak.

2.1. Diruz lagunduko diren ikaskuntza edo alfabetatze modalitateak honakoak izanen dira: ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzakoak.

Diruz lagunduko diren ikaskuntza modalitateak honakoak izanen dira:

a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 eskola-ordu izan behar dituzte, eta ikastaroak gutxienez 120 ordu guztira.

b) Barnetegiak: ikastaro bakoitzak gutxienez 100 eskola-ordu izan behar ditu.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: ikastaro bakoitzak gutxienez 100 lanordu izan behar ditu.

d) Berariazko ikastaroak, eta eskaeraren aniztasunari egokituak; betiere, presentzialak eta 120 eskola-ordu baino gehiagokoak behar dute.

2.2. Material didaktikoak eta garraioa ez dira diruz lagunduko.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak.

3.1. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak jasotzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar hauek ere bete beharko dira:

–16 urte baino gehiago izatea. Adingabekoen kasuan, eskaera gurasoek eginen dute, edota adingabekoaren tutoretza duenak.

–Nafarroan erroldatuta egotea deialdi hau argitaratzen den egunean.

–Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–2018ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte hasiko den ikastaroren batean izena emanda egon eta ordainketaren bat egin izana ikastaro horrengatik. Ikastaroa ematen duen entitateak euskararen irakaskuntza behar du bere helburu nagusien artean, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar ditu, programazio propioa barne.

–Gutxienez eskolen %80 hartu dituela egiaztatzea. Autoikaskuntzako ikastaroetan izena emandako pertsonek ere egiaztatu beharko dute eskola horiek hartu izana. Eskolak hartu izana edo aprobetxamendua ikastaroa amaitzean egiaztatu beharko da.

3.2. Honakoak diru-laguntza hauetatik kanpo geldituko dira:

–Titulartasun publikoko ikastegietako ikasleak (Zubiarte eta hizkuntza eskolak).

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak, euskara ikastaroak egiteko berariazko laguntzak baitituzte.

Laugarren oinarria.–Aurrekontu erabilgarria eta diru-laguntzen moduluak.

4.1. Deialdi honetarako diru kopurua gehienez ere 150.000 eurokoa da; horietatik 100.000, 2018ko Gastuen Aurrekontuko B30001-B3100-4809-334100 partidaren kargura izanen dira (“Euskara ikasteko helduentzako laguntzak”), eta 50.000 euro, berriz, 2019ko ekitaldiko gastuen aurrekontuan gaitu litekeen antzeko partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4.2. Diru-laguntzen zenbatekoa modulu hauetan banatzen da, ikastaro motaren ordu kopuruaren arabera:

–Ikastaro presentzialak (barnetegiak barne):

  • 100 eta 200 ordu bitartekoak, 80,00 eurora arte; horietatik, 53,33 euro 2018ko aurrekontuaren kargu ordainduko dira eta 26,66, aldiz, 2019ko aurrekontuaren kargu.
  • 201 eta 270 ordu bitartekoak, 140,00 eurora arte; horietatik, 93,33 euro 2018ko aurrekontuaren kargu ordainduko dira eta 46,66, aldiz, 2019ko aurrekontuaren kargu.
  • 271 eta 400 ordu bitartekoak, 180,00 eurora arte; horietatik, 120 euro 2018ko aurrekontuaren kargu ordainduko dira eta 60,00, aldiz, 2019ko aurrekontuaren kargu.

–Autoikaskuntzako ikastaroak:

  • 100 eta 189 ordu bitartekoak, 80,00 eurora arte; horietatik, 53,33 euro 2018ko aurrekontuaren kargu ordainduko dira eta 26,66, aldiz, 2019ko aurrekontuaren kargu.
  • 190 eta 250 ordu bitartekoak, 140,00 eurora arte; horietatik, 93,33 euro 2018ko aurrekontuaren kargu ordainduko dira eta 46,66, aldiz, 2019ko aurrekontuaren kargu.

4.3. Behar den epean eta moduan aurkeztutako eskabideen artean banatuko da aurrekontuan aurreikusitako laguntzen zenbatekoa; betiere, deialdiko baldintzak betetzen badira. Eskatutako diru-laguntzek onetsitako diru kopurua baino gehiago egiten badute, dirua eskatzaileen artean hainbanatuko da.

4.4. Eskatzaile bakoitzak jasotzen duen diru kopurua ezin izanen da izan diru-laguntza jasotzeko aurkeztu dituen gastuak baino handiagoa. Edonola ere, eskabidearekin batera aurkeztutako gastuak esleitutako diru-laguntzaren zenbateko osoa baino txikiagoak badira, eskatzaileak aukera izanen du diruz lagundutako ikastaroagatik geroago eginiko ordainketen egiaztagiriak ere aurkezteko. Egiaztagiri horiek aurkezteko epea 2019ko ekainaren 30ean bukatuko da.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaera, lehentasunez, webguneko inprimaki bat betez eginen da. Orri hori eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoko kasuko tramitean: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

5.2. Aurreko puntuan aipatutako inprimakia erabiltzen ez bada, eskaera Euskarabidearen Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea, 27, 1.a, 31003 Iruña) egin beharko da, eskabidea eta lortutako beste laguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena gainerako agiriekin batera aurkeztuta, II. eranskinari jarraikiz.

Nolanahi ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

Laguntza hauek eskuratu ahal izateko eskabideak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.3. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

–Webguneko inprimakia, edo, bestela, eskabidea eta helburu bererako egindako beste laguntza eskaera batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

–Diru-laguntzaren xedeko ikastaroari dagokion ordainketa egin izanaren frogagiria.

–Erroldatze agiria. Ziurtagiri hori erantsi beharko da soilik baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori eskuratzeko baimenik ez bazaio eman.

–Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela ziurtatzen duten agiriak. Ziurtagiri horiek soilik erantsi beharko dira baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori egiaztatzeko baimenik ez bazaio eman.

5.4. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta urriaren 31n amaituko da.

5.5. Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio bost egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta esleipeneko ebazpenean inguruabar hori adieraziko da.

Seigarren oinarria.–Diru-laguntzen ebazpena eta ordainketa.

6.1. Prozeduraren instrukzioa Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuak eramanen du. Hark ebazpen proposamena eginen du Baloraziorako Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondoan.

6.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskaeren ebaluazioaz; haien kide izanen dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuaren titularra, batzordeburu izanen dena, Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko burua eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria, idazkari izanen dena. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.

6.3. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu. Onartutako eskaerak kontuan harturik, onuradun bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da, deialdi honen laugarren oinarriari jarraikiz. Zenbateko hori baldintzapetuko du egiazko datuen arabera eta deialdi honen laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera azkenean egiten den doikuntzak. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen webguneetan argitaratuko da, hurrengo 5 egun baliodunetan.

6.4. Behin laguntzen deialdi hau ebatzita, egoki diren zenbatekoak ordainduko dira. Lehenbiziko ordainketa 2018ko abenduan eginen da, eta bigarrena 2019ko uztailean.

Zazpigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak, jarraipena eta diru-laguntzen gaineko kontrola.

Laguntza hauen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

7.1. Administrazioak eskatzen ahal dizkien agiriak aurkeztu beharko dituzte, haien egiazkotasuna frogatzeko, eta, betiere, entitate emaileak egiten dituen egiaztatze jarduketak onartu beharko dituzte.

7.2. Baimena emanen dute Nafarroan helduentzako euskararen irakaskuntzarekin loturiko beren datuen lanketa estatistikoa egiteko.

7.3. Baimena emanen diote Euskarabideari zentroan edo euskaltegian egiazta dezan ikastaroko eskolen %80 hartu dutela gutxienez. Bestela, zentroak edo euskaltegiak luzatutako bertaratze ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiria ikastaroa bukatzerakoan aurkeztuko da, eta, betiere, 2019ko ekainaren 30a baino lehen.

7.4. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

7.5. Edozein administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza batzuen berri emanen diote Euskarabideari.

7.6. Baimena emanen diote Euskarabideari beste administrazio batzuei diru-laguntza hauek jaso izanaren berri eman diezaien.

7.7. Edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketaren berri emanen diote Euskarabideari, hura diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu bada.

Zortzigarren oinarria.–Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

8.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Onuradunek kasu hauetan itzuli beharko dute diru-laguntza:

a) Diru-laguntza lortu bada horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Laguntzaren xedea den ikastaroan lortutako bertaratze-maila %80koa ez bada, gutxienez. Euskarabideak inguruabar hori egiaztatuko du; horretarako, diru-laguntza hauek eskatu dituzten pertsonen bertaratzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat eskatuko die zentroei edo euskaltegiei. Eskatzaileak Euskarabideari baimena ematen ez badio egiaztapen hori egiteko, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du. Egiaztagiri hori aurkezteko epea 2019ko ekainaren 30ean bukatuko da.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publikoen edo erakunde publiko nahiz pribatuen edo partikularren, Espainiakoen nahiz atzerrikoen, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jaso izanaren berri ez ematea eskaera formalizatzean, edo, kasua bada, geroago. Beste diru-laguntza horien berri ez dela eman atzematen bada, eta dagokion zehapen espedientea deusetan galarazi gabe, jasotako laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da.

8.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

9.1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste batzuekin.

9.2. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo deialdiko epeari egozten ahal zaizkion beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako ikastaroarengatik ordaindutako kopurua baino handiagoa.

9.3. Euskarabideak behar diren egiaztapenak eginen ditu laguntzen bateragarritasunari dagokionez.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Ikasleen eta irakasleen datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 23ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen publizitatea.

Euskarabideak Nafarroako Gobernuan duen webgunean jarriko du laguntzak ematen dituen ebazpena; bertan eskatzaileen zerrenda eta emandako zenbatekoak agertuko dira.

Hamabigarren oinarria.–Legeria aplikagarria.

Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

Hamahirugarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1811709