195. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54E/2018 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei oporren programetarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena 2018. urterako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Halaber, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, agintari publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, bizkortu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen. II. eranskinean, “Bermatu gabeko prestazioak” izenekoan, 14. puntuko B) atalean, desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte zerbitzuetako entitateendako diru-laguntzak ezartzen ditu, eta xedatzen, baliabidearen helburua dela desgaitasunak dituzten pertsonen autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunerako aurreneurriak bultzatzeko programak gauzatzea eta horrelako programak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateetan elkartegintza sustatzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honakoa joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza adjudikatzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, diru-laguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko da.

Irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei oporren programetarako diru-laguntzak emateko deialdiren oinarriak onestea 2018. urterako. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. 62.201,38 euroko gastua baimentzea; horietatik 50.000 euro “Oporren programak” izeneko 920005-93100-4819-231B41 partidaren kargura emanen dira, eta 12.201,38 euro, berriz, 2018ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko funtsa. Desgaitasuna duten pertsonentzako oporren programa“ izenekoaren kargura.

Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu partidan aurrekontu erabilgarri gehiagorik badago deialdiaren ebatzi baino lehen, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoak handitzen ahalko dira.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 18an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei 2018. urteko oporren programetarako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1.–Xedea, aplikazio-eremua eta programa motak.

1.1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da desgaitasunak dituzten pertsonen arloan soilik ari diren gizarte ekimeneko entitateei, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko helburua duten horiei, oporren programak finantzatzen lagunduko dieten diru-laguntzak arautzea.

Helburua da desgaitasunak dituzten pertsonen bizitza independentea erraztea eta horien integrazio pertsonal eta sozial handiena lortzea, oporretako txandak eginez irisgarritasun handieneko baldintzekin, pertsonei aisiaren eta kulturaren ondasunak eskuratzen laguntzeko eta senideen eta zaintzaileen atsedenaldia ahalbidetzeko.

Horrekin batera, programen bidez taldeak sortu nahi dira, eta talde horietako kideek parte hartzea eta elkarlanean aritzea partaideen gaitasun soziala garatzeko eta haiek integratzeko lanean. Hori guztia Eskubide Sozialetako Departamentuak kudeatzen dituen prestazio, programa eta zerbitzuen osagarri izanen da.

1.2. Aplikazio-eremua.

Deialdi honetan ezarri diren diru-laguntzak desgaitasunak dituzten pertsonen arloan soilik ari diren irabazi-asmorik gabeko Nafarroako elkarte eta entitateentzat dira.

1.3. Aurkeztuko diren programa motak.

Opor eta turismo programa, desgaitasunak dituzten pertsonen integrazio pertsonal eta sozial handiena lortzeko helburua duena oporretako ahalik eta txanda normalizatuenak eginez, pertsonei aisiaren eta kulturaren ondasunak eskuratzen laguntzeko eta beren ardurapean desgaitasunak dituzten pertsonak dituzten familien atsedenaldia ahalbidetzeko.

2.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horretarako erabiliko den zenbatekoa 62.201,38 eurokoa da; horietatik 50.000 euro “Oporren programak” izeneko 920005-931004819-231B41 partidaren kargura emanen dira, eta 12.201,38 euro, berriz, 2018ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko funtsa. Desgaitasuna duten pertsonentzako oporren programa“ izenekoaren kargura.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Haien beharrak asetze aldera desgaitasuna duten pertsonen arloan soilik ari diren gizarte ekimeneko entitateak, irabazi-asmorik ez dutenak eta Nafarroan daudenak, izan daitezke oinarri arautzaile hauetan aurreikusten diren diru-laguntzen onuradun.

Entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

b) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean izatea edo ordezkaritza iraunkor bat izatea lurralde horretan. Azken kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik egon behar dute gutxienez 3 urteko antzinatasunarekin, eta behar adinako egitura eta antolaketa izan behar dute, gauza izan daitezen erabakiak hartzeko eta deialdi honetan aurkeztutako proiektuak autonomiaz kudeatzeko.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Erakundearen helburua izatea, bere estatutuen arabera, desgaitasuna duten pertsonentzako eta/edo haien familientzako jarduerak egitea.

e) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortzea.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

h) Desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren entitateentzako diru-laguntzen 2018. urteko deialdiaren barnean, “Programen garapena” izeneko modalitatean diru-laguntza jaso izana; Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 9ko 15E/2018 Foru Aginduak onetsi zuen deialdi hori.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Diru-laguntzaren xedeko programaren betebeharrak.

4.1. Entitateek honako definizio hauek hartuko dituzte kontuan, aurkeztutako programan agertu beharko direnak:

Programa: programatzat jotzen da txanden multzoa.

Txanda: pertsona talde homogeneo batek toki eta egun jakin batzuetan egiten duen oinarrizko unitatea da. Horrek esan nahi du postuak kostu bera duela taldeko kide guztientzat. Txanda bakoitzean irteera-egunak zein itzulera-egunak ere sartuko dira, eta ostatu-gauak txanda bakoitzaren egunak baino bat gutxiago izanen dira.

Koordinatzailea: txandaren arduradun orokor diharduen pertsona da, diru-laguntza hartzen duen entitateak izendatua. Txanda bakoitzean koordinatzaile arduradun batek egon beharko du nahitaez.

Monitoreak: koordinatzaile arduradunarekin elkarlanean, taldea kontrolatzeko eta txanda antolatzeko lanak egiten dituzten pertsonak dira, eta, aldi berean, eguneroko jardueretan lagunduko diete hori eskatzen duten onuradunei.

Monitoreak entitateak eskainitako boluntarioak izan daitezke, edo desgaitasuna duen pertsonak behar dituen eta berak eskaintzen dituen laguntzaile pertsonalak.

4.2. Diru-laguntza jasotzeko, programek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen 1. oinarrian jasotako deialdiaren xederako egokiak izatea.

b) Entitate eskatzaileak programa bakar bat aurkeztuko du, gehienez bi txanda bilduko dituena eta estatutuetan definitutako desgaitasuna duten Nafarroako Foru Komunitateko pertsonei zuzenduko zaiena.

c) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

d) Txanda bakoitzean honako hauek egotea: koordinatzaile arduradun bat, diruz lagundutako entitatearen izenean arituko dena, monitore lanetan aritzeko gai diren pertsonak eta, hala bada, beharrezkoak diren laguntzaile pertsonalak, parte hartzen duten pertsonen kopururako eta pertsona horiek duten desgaitasun eta mendekotasun motarako aski izanen direnak.

e) Aseguru poliza izatea, honako hauek estaliko dituena gutxienez: zaurituen edo gaixoen osasun garraioa, ospitalean dagoen asegurudunaren laguntzaile edo ahaide baten joan-etorrien eta egonaldiaren gastuak, asegurudun zendua eramatea, garraiobideen istripuetarako asegurua eta asegurudunaren erantzukizun zibil pribatua. (erantsi).

f) Txandak zortzi egunekoak izatea gehienez.

g) Txanda bakoitzean desgaitasunak dituzten 8 pertsona gutxienez eta 30 gehienez egotea; salbuespen gisa eta behar bezala arrazoituta egonez gero, pertsona gutxiago edo gehiago hartzen dituzten txandak antolatzen ahalko dira.

4.3. Entitateen ardurapekoak izanen dira honako hauek:

a) Garraio enpresak kontratatzea, postuak erreserbatzea, ostatua eta zerbitzua ematea.

b) Dagokion egutegia antolatzea.

c) Aseguruak kontratatzea.

d) Oporraldietan egin beharreko jardueretarako programa ezartzea.

e) Programa gauzatzeko behar diren langileak kontratatzea.

f) Behar diren boluntarioen parte-hartzea eta prestakuntza erraztea.

g) Programa zabaldu eta argitaratzea, bertan parte hartzeko erraztasunak emateko.

h) Erabiltzaileak Nafarroako Mendekotasun Agentziak aldez aurretik ezarri eta ezagututako irizpide eta prozeduren arabera hautatzea.

i) Erabiltzaileek txanda bakar baterako diru-laguntza eskuratzea. Beste txanda batzuetako inskripzioa ez da finantzatuko, beste elkarte baten bidez parte harturik ere. Salbuespen gisa, hutsik dauden plazak eskaerak baino gehiago badira, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak pertsona bat txanda batera baino gehiagotara joateko aukera baloratuko du.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Entitate interesdunek horretarako prestatu diren ereduen araberako eskaera aurkeztu beharko dute. Ereduak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren web-orrian eskuratzen ahalko dituzte.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da eskaera.

Eskaerak toki hauetan aurkez daitezke: Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, posta bulegoen bidez, administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako tokietan edo telematika bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari igorrita.

Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Oporren programaren berariazko agiriak:

a) Diru-laguntzarako eskabidea.

b) Oporren programaren deskribapen teknikoa. Honako hauek jaso beharko ditu:

–Izena.

–Helburuak.

–Egutegia.

–Plaza kopurua, txanden, destinoen eta ostatu motaren arabera banatuta.

–Txanden iraupena.

–Gauzatuko diren jarduerak.

–Giza baliabideak (zehaztu lan-kontratudunak diren, boluntarioak, etab.).

–Erabiltzaile motak eta behar duten sostengua.

–Onuradunak hautatzeko irizpideak.

–Jarduera zabaltzeko sistemak.

–Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak, etab.).

Deskribapenak gehienez ere hogei folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak. DIN A-4 neurria, bi aldeetatik inprimatuak (20 folio, 40 alde). Kopuru horretatik azala eta aurkibidea salbuesten dira. Letra mota: Arial edo antzekoa, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte arrunta. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izaten ahalko dute, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du.

c) Diru-laguntzaren xedeko programaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

Txanda bakoitzaren gastuak honela multzokatuko dira:

–Zuzeneko langileak.

–Ostatua eta mantenua.

–Garraioa.

–Jarduerak.

–Oporretarako berariazko aseguruak.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean edo oso-osorik ez badaude, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak zorrotz betetzen direla frogatzeko ere.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

7.–Arau orokorrak: diru-laguntzak emateko prozedura eta balorazioa.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Balorazioak fase bakarra izanen du, eta aurkezturiko programa baloratuko da bertan.

Fase hori baztertzailea izanen da, eta dauden 70 puntuetatik 42 edo gehiago lortzen dituzten programek baizik ez dute finantzaketa jasoko.

8.–Balorazio irizpideak.

Balorazio irizpideak hauek izanen dira:

1. irizpidea.–Programa, teknikoki, osoa da, barne egitura argi, koherente eta sendoa duena: datu teknikoak argi azaldu eta idatzi dira, eta egokitzen dira deialdian xedatutakora (10 puntu).

KONTZEPTUA

SARTU BEHARREKO KODEA

PUNTUAZIOA

1.1. Programa, teknikoki, osoa da

1

10

1.2. Informazio osatugabea aurkeztu du

2

5

1.3. Ez du inolako deskripziorik egin

3

0

2. irizpidea.–Oporren programari buruz baloratu beharreko alderdiak (40 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

KODEA

PUNTUAZIOA

2.1. Programaren diseinua eta gauzatzea: (10 puntu)

Entitate bakar batek diseinatu eta gauzatutako programa

BAI / EZ

5

Bi entitatek diseinatu eta gauzatutako programa

BAI / EZ

10

2.2. Onuradunak hautatzeko, irizpideak eta/edo baremoak aplikatzen dira, desgaitasun handiena agertzen duten egoerak, behar ekonomikoak eta familiaren atseden beharra lehenesten dituztenak

BAI / EZ

5

2.3. Programa kudeatzen duen entitateko kide ez diren desgaituei ere zuzentzea programa

BAI / EZ

5

2.4. Onuradunek ordaindu beharreko partaidetza kuota ezarrita izatea

BAI / EZ

5

2.5. Programaren hedapena Foru Komunitate osoan egitea

BAI / EZ

5

2.6. Parte-hartzaileei jarduketa protokoloak ematea

BAI / EZ

5

2.7. Generoaren faktorea kontuan hartzeko neurriak sartzea

BAI / EZ

2

2.8. Kalitate adierazleak erabiltzea, parte-hartzaileen gogobetetasun-mailari lotutakoak

BAI / EZ

3

3. irizpidea.–Kofinantzaketa (20 puntu gehienez).

Baloratuko da eskura dauden baliabideen araberako programa bat gauzatzeko gaitasuna.

KONTZEPTUA

SARTU BEHARREKO KODEA

PUNTUAZIOA

Gutxieneko kofinantzaketa (%1etik %9ra arte)

1

0

Kofinantzaketa moderatua (%10etik %19ra arte)

2

5

Kofinantzaketa onargarria (%20tik %39ra arte)

3

10

Kofinantzaketa ona (%40tik %59ra arte)

4

15

Oso kofinantzaketa ona (%60tik %69ra arte)

5

17,15

Kofinantzaketa ezin hobea (%70etik gorakoa)

6

20

Kofinantzaketaren portzentajea goitik edo behetik biribilduko da, kasuaren arabera.

9.–Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Entitate eskatzaile bakoitzeko oporren programa bakarra izanen da diruz lagungarria.

42 puntutik gorako programa guztiek jasoko dute diru-laguntza. Honako zenbateko hauek ordainduko dira pertsona eta gau bakoitzeko:

DIRU-LAGUNTZEN MODULUA

ZENBATEKOA PERTSONA/GAU-ko

Desgaitasunak dituzten pertsonak, laguntzaile pertsonala behar dutenak

50 euro

Desgaitasunak dituzten pertsonak, laguntzaile pertsonalik behar ez dutenak

30 euro

Diru-laguntzaren zenbatekoa aurreikusten den gehieneko diru-laguntzaren eta diru-laguntzarako eskaeraren arabera esleituko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

10.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Halaber, aldatutako proiektuaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino, salbu eta instrukzio organoak onartutako aurrekontura egokitzen bada.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, diru-laguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adierazita. Diru-laguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta diru-laguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpenak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako iragarki-taulan (González Tablas kalea, 7, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira. Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da, halaber, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.

Oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 13. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraituz, aurreikusten da diru-laguntzaren aurrerakinak ordaintzen ahalko direla, baldintza hau betez gero:

Entitateak ordainketa aldez aurretik egiteko eskatu izana. Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak, honako hauek erantsita: behar hori frogatzen duen txostena, ordezkariaren ziurtagiri bat entitatearen izenean dauden banku kontuak agertzeko, bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat (kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena), edo diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

Aurreko atalean eskatutako baldintza betez gero, aurrerakinak honela ordainduko dira:

a) Ematen den diru-laguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, diru-laguntza emateko ebazpena sinatzen denean.

b) Ematen den diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, gutxienez bi zatitan ordainduko da: lehenbizikoa, diru-laguntza emateko ebazpena sinatzearekin batera, eta hurrengoa edo hurrengoak, aurretik ordaindutako zenbatekoari dagokion exekuzioaren justifikazio ekonomikoa egin ondoren.

13.–Justifikazioa.

13.1. Justifikazio partzialak.

Gastuak frogatu ondotik diru-laguntzaren ordainketa jasotzen duten entitateek, ordainketa bakarrean nahiz zatika ordaindu badira ere, gastu horien azken justifikazioa aurkeztu beharko dute abian den urteko abenduaren 15ean beranduenez.

Diru-laguntza ordainketa aurreratu bakar baten bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztu beharko dute 30 eguneko epean, diru-laguntza emateko ebazpena ematen denetik aurrera.

Diru-laguntza zatikako ordainketa aurreratuen bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztuko dute ordainketa baten gastua justifikatzen duten bakoitzean. Lehendabiziko justifikazio partziala abian den urteko irailaren 30a baino lehenago aurkeztu beharko da. Azken ordainketa egiteko, aurretiko justifikazioa urteko abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.

Justifikazio partzialetarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Programaren bilakaeraren berri ematen duen tarteko txosten labur bat.

b) Aurkezpen egunera arte diru-laguntzaren xedeko kontzeptuei egozten zaizkien gastuen eta diru-sarreren zerrenda.

c) Kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Egiaztagiri gisa, banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu izanaren frogagarri gisa.

13.2. Azken justifikazioa.

2019ko urtarrilean entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztuko ditu jarduera egin dela justifikatzeko:

a) Lehenago aurkeztu ez badu, eta azken ordainketa justifikatzeko, kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, oinarri honen 13.1.c) atalean azaltzen den bezalaxe prestatua.

b) Diru-laguntza jaso duen programaren memoria teknikoa.

Deskribapenak gehienez ere hogei folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak. DIN A-4 neurria, bi aldeetatik inprimatuak (20 folio, 40 alde). Kopuru horretatik azala eta aurkibidea salbuesten dira. Letra mota: Arial edo antzekoa, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte arrunta. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izan ahalko dute eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du.

c) Diruz lagundutako programako erabiltzaile kopurua, generoaren arabera bereizia.

d) Diruz lagundutako programaren diru-sarreren eta gastuen kontua.

Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren diru-laguntzak barne. Diru-sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen kapituluan gastu guztiak zehaztuko dira, honela banatuta:

–Zuzeneko langileak.

–Ostatua eta mantenua.

–Garraioa.

–Jarduerak.

–Oporretarako berariazko aseguruak.

e) Diruz lagundutako programaren guztirako gastuaren zerrenda, euskarri informatikoan. Aipatu zerrendari entitatea ordezkatzen duen pertsonaren erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko zaio, datuak egiazkoak direla azaltzen duena.

Halaber, entitateak instrukzio organoaren eskura utziko ditu jatorrizko fakturak.

14.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Programa entitateak eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala gauzatzea.

b) Eranskin honen 13. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako programa edo jarduerei buruzko informazio, zabalkunde eta publizitate lan guztiek uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko dute.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15.–Gardentasuna.

59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatutako entitateak (foru dekretu haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, haiek bete ezean, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

16.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea hitzartzea. Onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Entitateek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako diru-laguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

16.2. Hornitzaileak kontratatzea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du entitate onuradunak diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapenaren arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

17.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntza jasotzen duten entitateek diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatu beharko dute, baita hura gauzatzeko modua eta epeak ere, kasu hauetan:

a) Programaren garapena aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak agertzen direnean.

b) Baliabideak egoki erabiltzearen ondorioz, diruz laguntzen den jarduerari aplikatu gabeko gerakinak daudenean eta, gerakin horiek laguntza jasotzen duen programako jarduerak handitzeko erabili nahi direnean.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

18.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko diru-laguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

19.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun diren entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

20.–Deialdiaren eta bere oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

21.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1811622