1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
687E/2018 EBAZPENA, irailaren 7koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Corellako Udalak sustatutako Corellako Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena.
Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Corellako Udal Plan Orokorraren ingurumen izapidetzearekin hasteko, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduaren (LOEE) txostena aurkeztu zuen Ingurumen Kalitateko Zerbitzuak 2013ko abuztuaren 26an. Horretan, hirigintza plana eta hari dagokion ingurumen ondorioen azterketa egitean kontuan hartu beharreko ingurumen-alderdiak zehazten dira.
Hirigintza plana 2017ko azaroaren 10ean hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean jarri zen 2017ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz (azaroaren 30ean), eta ondoren epea luzatu egin zen, 2018ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, otsailaren 28koan.
2017ko azaroaren 22an sartu zen Corellako Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio guztia Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalean.
Corellak 1999ko uztailaren 7tik du onartuta udal plan orokorra. Hori dela eta, justifikatuta dago plana berrikusi behar izatea lege-esparru berrira eta lurralde antolamenduko tresnetara egokitzeko (LAP 5).
Hirigintza planaren aplikazio esparruak eta, hortaz, egin diren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoan dute eragina, 81,07 km²-ko azaleran alegia. Hirigintzako Udal Planaren deskribapena I. eranskinean dago.
Corellak planteatzen duen eredua Alhama ibaiaren ezker aldeko goi-lautada betetzea da, alde zaharretik abiaturik, honen inguruan eta alderdi lauagoetara hedatu baitira bizitegi-eremuak, industrialdea eta zerbitzuetako alderdia. Gainera, ibaiaren eskuineko goi-lautadan, Madrilera doan errepidearen inguruan, jardun ekonomikoetako eremu bat dago.
Corella, Cintruénigorekin batera, ezaugarri antzekoak dituen lurralde-unitatea batean dago Alhamako ibai korridorearen eta Alhama ibarraren barruan.
Hirigintza planaren udal helburuak hauek dira: hiri trinko baten eredua planifikatzea, horixe baita aukera jasangarriena, etxebizitza-mota dibertsifikatzea, Ciudad Jardín izenarekin ezagutzen den alderdia sustatzea, eta hirigune historikoaren muga harmonizatzea. Jardun ekonomikoetako eremuari dagokionez, gaurko industrialdea handiagotzea, eta AR-4 izena duen aukera ekonomiko eta logistikoko eremua identifikatzea.
Planean garatzen diren proposamenak “Gutxieneko garapen urbanistikoa” izeneko 2. Aukerari dagozkionak dira, eta gizarte, ekonomia eta ingurumen jasangarritasunaren ikuspuntutik justifikatzen dira. Etxebizitzetarako lurzoruaren aurreikuspenak egiteko, biztanleriaren aldetik bi agertoki hartzen dira kontuan. Eta aintzat hartuz Corellak erakusten duen joera behera doala, udal proposamena da hiri trinko bat garatzea, akaberari, hiri-birgaitzeari, erreformari eta berroneratzeari lehentasuna emanez, lehenagoko planeamenduaren barruan dauden bizitegi-hazkundeak ontzat emanez, baino gehiago egin nahi gabe.
Proposamen hauek San Benitoren inguruan etxebizitzetarako lurzorua utziz zehazten dira, hiriaren hegoaldeko ertza osatuz eta alderdi honetatik hirigunera doan bide-konexioa osatuz (SS-1.5), dagoen poligonoaren azalera zabalduz (SS-2.4) industrialdea bete eta ordenatzeko, eta AR-4ren zabalpena ezabatuz. Sistema orokorrei dagokienez, mendebaldeko saihesbidea aurreikusten da, eta espazio libre publiko gisa, M.ª Teresa Saenz de Heredia parkea iparralderantz zabaltzea (SGEL-AM02), eta industrialdearen eta San Benitoko etxebizitzen arteko trantsizio-eremua.
Lehenagoko planean aurreikusten ziren hazkundeak (Alhama ibaiaren ezker aldeko AR3 banaketa eremua –etxebizitzetarako–, eta Pardo aldeko AR2 –industriala–) berriz formulatu dira, eta gaurko plan-proposamenean lurzoru urbanizaezin bezala gelditzen dira. Honela lurzoruaren eraldaketa txikiagoa da.
Espazio libre publikoei dagokienez, kopuruz aski badira ere, beren hedapena eta kokapena ez dira egokia, gehienak San Benito aldean daudelako, hirigunetik mendebalderantz. Planak proposatzen du berdeguneen sistema orokor bat, zerbitzu poligonoaren eta etxebizitzetako eremuaren artean, bi erabileren arteko desnibela trantsizio espaziotzat hartzen duena.
Planak aurreikusten du bide bat udalerritik mendebaldera. Trazadura hau orientabide gisa hartu behar bada ere, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduaren (LOEE) txostenean adierazi zen bezala, ezartzeko baloratuko dira La Estanquillaren inguruko ingurumen ukipenak.
Hirigintza planean garatzen diren proposamenek batez ere nekazaritzarako erabili izan diren zenbait alderdiren erabilera-aldaketa dakarte. Alderdi horien ezaugarriak hauek dira: hiri ondoan egotea, eraldaketa-maila bat edukitzea, eta ingurumenaren, kulturaren eta paisaiaren aldetik balio berezirik ez izatea. Ez dago lurzoruaren okupazio handiagoa bizitegi-erabilerarako; are, industria-erabilerarako kasuan ere, lurzoruaren okupazioaren murrizketa nabarmena dago.
Ingurumen eraginak bateragarriak dira edo ez dira esanguratsuak, planak hazkunde neurritsu baten alde egiten duelako, birgaitzea edo hiri-berroneratzea hobesten dituelako, eta mugikortasuna hobetzeko determinazio lotesleak ezartzen dituelako. Planaren zenbait alderdi ingurumenaren aldetik positiboak dira eta horregatik hiriko bizi-kalitatea hobetzen ahal dute: berdegunea izatea trantsizio espazioa, hiri-profilaren tratamendua eta paisaia-integrazioa SS1.5 Sektorean, eta San Benitotik NA-6920 Alfaro-Cintruénigo errepiderainoko oinezkoen eta bizikleten konektagarritasuna hobetzeko bermea.
Tokiaren zonifikazio orokorretik abiaturik, ingurumen azterlan estrategikoak eremu akustikoak zehazten ditu. Hala ere, indarrean dauden akustika-legeen ondorioz ezarrita dauden irizpideei jaramon eginez gero, berraztertu egingo dira, berdeguneak bizitegi-erabilerako edo industria-erabilerarako eremu akustikoan sar daitezen, dagokienaren arabera, eta urbanizagarria ez den lurzorua eremu akustikotik kanpo uzteko.
Planak lurzoru urbanizaezinaren babeserako arauak garatzen ditu, proposatzen diren lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria bakoitzaren balioak babestu eta zaintzeko. Identifikatu diren ingurumen, nekazaritza, kultur eta paisaia balioak ongi bilduta badaude ere, zuzendu beharreko gauza batzuk daude:
–Erauzte-jarduerak egin diren paisaia hondatuetan beharrezkoa izango da proposatzen diren eremuak berraztertu eta baloratzea, kasu batzuetan ingurumen baimena duten eta erabileran dauden jarduerak direlako, edo berreskurapen plana daukatenak, eta are, batzuk dagoeneko lehengoratu dira, eta berriz nekazaritzarako erabiltzen dira (La Sarda, la Llanera, el Fornillo...).
–Hezeguneen kasuan, nekazaritzarekin loturiko ureztapen-putzuak, ingurumenaren aldetik potentziala ez daukatenak, kanpo geratuko dira, eta Caserio de Pozoamargoaren (5. lurzatia, 17. poligonoa) ingurukoak barne sartuko dira.
Planak airearen kalitatea babesteko eremu bat ezarri du, udalaren ipar-mendebaldeko koadrantean, biztanleentzat nazkagarriak diren usain txarrak sortzen dituzten abeltegiak jar ez daitezen. Beraz, lurzoru urbanizaezinaren erabileren araubidean aplikatzen den prebentzio neurri bat da.
Dokumentazio osoa azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu zela, eta aldeko txostena eman dio Corellako Hirigintzako Udal Planari, zenbait baldintza jarrita.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Corellako Udal Plan Orokorraren alde, Corellako Udala planaren sustatzaile izanik.
2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ematea baldin eta determinazio hauek betetzen badira:
–Zonifikazio akustikoa berraztertzea eta egokitzea, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.
–La Sarda, La Llanera eta el Fornillo, besteak beste, berraztertu, eta paisaia hondatuen eremuetatik kentzea.
–Ureztatzeko azpiegiturei edo beste jarduera batzuei lotutako ur-putzuak, eta ingurumen-balioa ez dutenak berraztertu eta hezeguneetatik kanpo jartzea, eta Caserio de Pozoamargoko hezegunea sartzea.
–Hirigintza Planaren aplikazio eta garapenean, Ingurumen ondorioen azterketaren 8. kapituluan bildutako neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak aplikatuko dira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalari eta Corellako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko irailaren 7an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
I. ERANSKINA
Hirigintzako udal planaren eta ingurumen azterlan estrategikoaren aburpena
Analisiak, diagnostikoak eta proposamenak udal-mugarte osoari buruzkoak dira. Udal-mugarteak 81,07 km²-ko azalera du eta Alhamako aranean dago kokatuta.
Corellak planteatzen duen eredua Alhama ibaiaren ezker aldeko goi-lautada betetzea da, alde zaharretik abiaturik, honen inguruan eta alderdi lauagoetara hedatu baitira bizitegi-eremuak, industrialdea eta zerbitzuetako alderdia. Horretaz gainera, ibaiaren eskuin aldeko goi-lautadan eta Madrilerako errepidearen inguruan jarduera ekonomikoetako eremu bat garatu da.
Udalerrian Alhama ibaia eta bere inguruko lur emankorrak nabarmentzen dira, baita gainerako lurrak ere, gehienbat laboreetarako erabiltzen direnak, horietako batzuk ureztatuak. Nafarroako Ubidearen etorkizuneko zabaltzeak ukitzen ditu lurrok.
Plan orokorrak abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen eta ondorengo Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren helburuak betetzen ditu: hiri bilbea mantentzen eta hobetzen dela eta kultur ondarea babesten dela ziurtatzea; bizitegitarako, jarduera ekonomikorako eta hirugarren sektorerako lurzoruaren beharrak bideratzea, eta sistema orokorrak aurreikustea.
Bizitegietako lurzoruaren aurreikuspenak bi biztanleria-proiekzio hartu ditu aintzat, kontuan hartuta Corellaren joera beherantz doala. Alde horretatik, proposamenaren helburua da hiri-lurzorua betetzea, eta birgaitzea eta hiri-berroneratzea suspertzea.
Etxebizitzetarako lurzoruetan proposatzen diren jarduketak funtsezkoak dira hirigunearen egitura ordenatzeko. Hiriaren bide-sarearen funtzionamendurako hobekuntza nabarmena dakarte, lortu nahi den helburua baita hiri-lurzoru finkatuko barne-espazioetan, hiri-bilbearen jarraitutasuna ez daudenetan, hiri-egitura osatzea, eta bizitegi-erabilera ematea gaur egun upategiek betetzen duten lurzatietan.
Hirigunearen hegoaldean, eremu bat zedarritu da bizitegietarako lurzoru urbanizagarri gisa (39.615 m²), zeinaren garapena funtsezkoa baita hiriko hegoaldeko ertza behar bezala bururatzeko, eta alderdi honen eta San Benitoren (SS1.5) arteko bide-lotura osatzeko.
Jarduera ekonomikoak industrialdearen eta zerbitzu poligonoaren ondoan aurreikusten dira. Lurzoru hauek sartu dira dagoeneko badagoen hiri-ehuna handiagotu eta tinkotzeko, baita horri bukaera egokia emateko ere. N-113 errepidearen eta NA-6810 errepidearen arteko bidegurutzean dagoen AR-4 delakoa ere indarreko planeamenduan sartu da, aldaketa bat egin eta gero.
Sistema orokorren aurreikuspena mendebaldeko bideetan zehazten da, eta berdeguneak zerbitzu poligonoaren eta San Benitoko bizitegi-eremuaren artean.
Hirigintza Planak garatzen du, partzialki, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduan (LOEE) proposatzen den eredua. Mendebaldeko saihesbidearen proposamenaren eta industria eremuaren artean geratzen den espazioa, eta hiriaren iparraldean, San Juan bidearen inguruan geratzen dena, garapen-eredua zaintzeko lurzoru bezala geratzen dira.
Landa-lurzoruari dagokionez, lurzoru urbanizaezinaren azpikategoriek biltzen dituzte atzeman diren ingurumen, nekazaritza, kultur eta paisaia balioak:
–Ingurumen balioak: Alhama ibaiaren inguruko ibai-sistema, lurralde konektagarritasunerako espazioa, udalerrian barreiatuta dagoen landaredi urria, Estanca eta La Estanquilla hezeguneak eta natura monumentu izendatutako arteak daude barruan. Estepako faunarentzat duten interesarengatik, Ombatillo eta Agua Salada alderdiak sartu dira.
–Nekazaritza balioak. Udalerriko zatirik handiena nekazaritzarako erabiltzen da, eta lehorreko lurrak eta ureztatzeko lurrak daude. Nafarroako Ubidearen ureztapen-eremuari dagozkion aurreikuspenak babestu beharreko lurzoruaren kategorian biltzen dira, eta gorde beharreko lurzoruaren kategorian, produktibitatearen eta erabileraren mugen arabera, hiru ureztalur mota bereizten dira, eta lehorrekoei dagokien laugarren unitate bat.
–Paisaia balioak. Alde batetik bereizten da mendi-labore mosaikoa, Chiriko gainaren magaletan, Fiterorekiko mugan eta Moluengo deiturikoan, Tuterako mugan, eta legar-erauzketengatik –batez ere– hondatutako pasaiak.
–Kultur balioen artean azpimarratzekoak dira abelbideak, arkeologia aztarnategiak eta interes bereziko ibilbideak, esaterako galtzada erromatarra, Castejón-Soria trenbidea eta tokian tokiko ibilbide-sarea.
Ureztaketak direla-eta, Alhama ibarra dago alde batetik, baita udalerriko hego eta mendebaldeko sakan txikiko ibar txikiak. Uholde arriskuari buruzko azterketarik ez dagoenez, espazio honen mugatzea plano geomorfologiko batetik abiaturik egin da. Garapen-eredua zaintzeko lurzoru bezala Alhama ibaiertzetako lurrak hartzen dira aintzat. Lur horiek 8 eremu homogeneotan zatitu dira, eta han aisialdiko baratze tradizionalak jarriko dira, plan berezik batek ezartzen duenaren arabera.
Ingurumen azterlan estrategikoa.
Udal planaren garapen-esparrua osatzen duten aldez aurretiko hitzarmenak eta Ingurumen azterlan estrategikoak (IAE) hirigintza planaren helburuetatik zein diren foru interesekoak eta zein udal interesekoak identifikatzen dituzte.
Helburu hauetatik abiaturik, hiru aukera planteatzen dira, lurraldeko elementu baldintzatzaileak identifikatuz, eta hiru aukera horietako bakoitzarentzako hazkunde-ereduaren deskribapena egiten da, abantailak eta desabantailak adieraziz eta jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa justifikatuz.
Corellan segitu beharreko estrategiatik eta ordenatzeko printzipioetatik abiaturik, lurraldeko analisian eta diagnostikoan gaineratzen den informazioarekin balioesten da 2. aukera, “Gutxieneko hirigintza garapena” izenekoa.
Ingurumen eraginaren azterketa eta analisi zorrotza egin eta gero, azterlanaren ondorioa da Corellako Udal Planak lurraldearen identitatea errespetatzen duela, kontuan hartuz hasieratik ingurumenaren gorabehera bere gain hartu duela eta lehenagoko aldietan atzeman diren eraginak murriztu egin direla.
Aldaketa klimatikoa dela-eta, azterlanaren ondorioa da lurzorua ordenatzeak eta arautzeak aldaketa klimatikoa txikiagotzen laguntzen dute, berotegi efektuko gasen isurketak gutxiagotzen diren ber. Egokitzapenaren arloan, hirigintza planaren ekarpena eraginkortasun energetikoa lortzeko neurri zuzentzaileekin eta ur-kudeaketarekin bateragarria dela baloratu da. Ur kudeaketari dagokionez, galera handiak antzeman dira; hori dela-eta, Ur Hornidura Hirian eta Industrian Erabiltzeko Txostenaren arabera, helburua da kontrolik gabeko kontsumoak %20tik beherako mailetara jaitsaraztea.
10. kapituluan, udal planean, hirigintza proiektuetan eta eraikuntza proiektuetan sartu beharreko prebentzio neurri eta neurri zuzentzaileen sorta bat sartu da, baita jardunbide egokien zerrenda bat ere, helburu hauekin: hondakin-uren kudeaketa hobetzea, ur-kontsumoa gutxiagotzea, energia aurreztea, arriskuak murriztea, konektagarritasuna hobetzea, paisaia zaintzea eta berdeguneak kudeatzea.
Ingurumena Zaintzeko Planak proposatu diren neurri zuzentzaileen jarraipenerako adierazleak dauzka, baita planaren beraren eta jardunbide egokien jarraipenarenak ere, obrak egiten diren fasean.
Iragarkiaren kodea: F1811243