195. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

287E/2018 EBAZPENA, irailaren 13koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Soluzio bateratuaren obrak, 5. fasea. Gorrontz-Olano lotunea” proiekturako, Ultzamako udal-mugartean. Sustatzailea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2017ko irailaren 28an, 0001-0015-2017-000085 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi-hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Jarduketa “Ultzamako, Odietako, Anueko eta Lanzko udaletan uraren goi hornidurarako soluzio bateratua” proiektuaren zati da. Proiektu hori hornidura sare bat da, udal hauetako kontzejuei banatzen diena, edo banatu nahi diena, Arraitz-Orkin dagoen Ultzanuetako EUTEan tratatutako ura. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planak onetsi zuen, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitaterako, “Soluzio bateratuaren obrak, 5. fasea. Gorrontz-Olano lotunea” izeneko inbertsioa.

Proiektu honen helburua da hornidura hodi bat egitea Larraintzarretik, bertatik pasatzen baita dagoeneko eginda dagoen soluzio bateratuaren goi horniduraren sarea, Gorrontz-Olanoraino.

Hauek dira lanak:

–2.354 m-ko luzera duen FNØ80mm-ko hornidura-hodi bat jartzea, Larraintzarren dagoen D.6.1 korapilotik Gorrontz-Olanoko erregulazio ur biltegiraino, gaur egun iturburuen bidez elikatzen dena.

–Gorrontz-Olanoko ur biltegiko giltza-gela hornidura-egoera berriari egokitzea; izan ere, gaur egun hiru iturbururen sarrerarako diseinatuta dago, iragazketa eta klorazio sistema txiki batekin.

–Gorrontz-Olanoko ur biltegiko ingurua eta harako sarbidea txukuntzea eta egokitzea, obrek eragindako ondorioengatik eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eskatzen dituen baldintzak bete behar dituelako (perimetro-itxitura, seinaleztapena, eta abar).

Proiektuarekin batera, ingurumen ukipenen azterketa aurkeztu da. Dokumentu horretan ingurunea deskribatzen da, ukipenak identifikatzen eta baloratzen dira, eta prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen, baita ingurumen zaintzarako plan bat ere.

Trazadura D.6.1 korapilotik abiatzen da, Maitene bidearen eta soroen azpitik doa, NA-4117 errepidea bi aldiz zeharkatzen du, hurrenez hurren, eta Gorrontzeko ur biltegira iristen Ez da natur baliorik edo intereseko landaredirik era esanguratsuan ukituko. Batez ere sasiek eta elordiek osatutako lurzatien arteko landare-heskaiak baizik ez dira ukituak izango. Ez da beharrezkoa izango zuhaitzik botatzea. Hodiak bazterrean landaredirik ez duen erreka bat eta Lizasoko golf-zelaiarekin muga egiten duen putzuz betetako soro heze bat zeharkatzen ditu (Ultzamako 2. poligonoko 3018. lurzatia).

Proiektua Nafarroako Naturagune Babestuen Sareak babesten duen PP-2 “Ultzamako eta Basaburuko hariztiak” paisaia babestuaren barruan dago, eta muga egiten du Natura 2000 Sarearen “Ultzamako eta Basaburuko hariztiak” (ES2200043) kontserbazio eremu bereziarekin. Natur eremu honetan balioa duen paisaiaren elementuetako bat landazabaleko heskaiak dira. Ondorioz, hauei eragiten zaizkien ukipenak ahalik eta txikienak izan behar dira, eta kentzen diren tarteak berriz jarri beharko dira. Proiektuak ez du ukituko ez abelbiderik ez Donejakue bidea.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baldin eta proiektuaren ingurumen ukipenen azterlanean eta ebazpen honen ebazpen zatian jasotako prebentzio eta zuzenketa neurriak betetzen badira.

Espedientean Estrategiaren eta Lurralde Antolamenduaren Ataleko Landa-lurzoruaren Bulegoaren aldeko txosten baldintzatuak daude, baita Ultzamako Udalarenak ere, proiektuaren hirigintza-bateragarritasunari buruzkoak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ultzamako udal-mugartean egitekoa den “Soluzio bateratuaren obrak, 5. fasea. Gorrontz-Olano lotunea” proiektuari, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak sustatua, ingurumen ukipenetarako baimena ematea.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Hodiak lurzatien arteko heskaiak zeharkatzen dituenean, lanerako kaleraren zabalera, 12 m-koa baita, ahalik eta gehien estutuko da.

–Hodia Lizasoko golf zelaiarekin muga egiten duen lurzatitik pasatzen denean, urtarriletik ekainera (biak barne), makinak ezin izango dira zirkulatu soroaren putzuetatik edo ur-geruza dagoen guneetatik, baso-igel jauzkariaren (Rana dalmatina) eta beste anfibio babestuen errutea ez galarazteko.

–Zanga egitean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko orduan.

–Proiektua exekutatu ondoren, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta lurra findu egingo da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Ondoren, soroak berriz landatuko dira eskualdeko soroetan hazi ohi diren soro-landareekin, eta kendutako heskaiak berriz jarriko dira, elorriak (Crataegus monogyna, C. laevigata) landatuz.

–Lehengoratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, obrek iraun bitartean sortutako hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak hasi baino lehen, sustatzaileak Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko du balio arkeologikoei eta ondare kulturalaren gaineko balizko ukipenei dagokienez.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:

–Bideei dagokienez, lur berdinketa eta lehengoratzea bermatuko dira, eta hodiarekin lotutako lurraren sestraren gainean elementurik egonez gero, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute bide publikoaren kanpoko ertzetik (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 art.).

–Proiektuan kontuan hartuko da hodia hasten den bidearen ondoko eremuko higadura-arriskua, Larraintzarreko hegoaldeko muturrean (arriskuen prebentzioa-higadura arriskua azpikategoria, udalaren hirigintza planeamenduaren arabera), gero, hala badagokio, ikusteko zer neurri eta zer elementu diren beharrezkoak azpiegiturak kaltetzen ahal dituen ondoko lurren egonkortasuna ziurtatzeko.

–Baimen honek eragina izateko, alde aurretik behin betiko onespena argitaratu beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean (uztailaren 4ko 74E/2018 FA), baita Ultzamako Udalaren Plan Orokorraren aldaketaren hirigintza-araudia ere, Gorrontz-Olanoko 1. poligonoko 3030 lurzatiari dagokionean, eta 284. artikulua aldatu beharko da, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen erabilerei buruzkoa, garapen eredua zaintzekoaren azpikategoria duenean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 79. artikuluarekin bat. Ondorioz, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 117.3 artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz, jarduketa burutzeko edo martxan jartzeko behar diren udal lizentziak aipatu araudia argitaratu eta gero arte baizik ezingo dira eman.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena, ukitutako errepideari dagokionez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena ibilguen ukipenari dagokionez, urei buruzko indarreko legedian ezarritakoarekin bat.

–Herri-lurrak ukitzeari dagokionez (Ultzamako 1. poligonoko 94. lurzatia), Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoa beteko da, aintzat hartuz Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoa (2017-11-14): “Ultzanueta Mankomunitateak ezarri nahi dituen hodiek herri lurrak ukituko dituztenez, Gorrontz-Olanoko Kontzejuak, obra-lizentzia eman baino lehen, lursail horiek okupatzeko baimena eskuratu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Baimendutako jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ultzamako Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakilgo barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 6an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1811520