1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
277E/2018 EBAZPENA, irailaren 13koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: errepide berri bat, Almandozko Acha harrobietara iristeko, Baztango udal-mugartean. Canteras Acha SA da sustatzailea.
2017ko irailaren 21ean, 0001-0015-2017-000082 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) kategorian dago. Beraz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektatutako jarduketa hauxe da: titularra sustatzaile den Arritxuri harrobirako bide berri bat egitea. Horren xedea da Almandozko hirigunea gurutzatzen duen oraingo sarbideak eragiten dituen eragozpenak eta arrisku egoerak kentzea; horretarako, sarbide berri bat proiektatu da, NA-1210 errepidea harrobiarekin lotzen duena herritik pasatu gabe.
Proiektu osoa Belateko Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatzen da, Natura 2000 Sarearen barruan. Ez dago Natura 2000 Saretik kanpoko alternatibarik, zeren bai herria bai harrobia bai mugakide diren lur guztiak baitaude Kontserbazio Bereziko Eremu horren barnean.
Sustatzaileak, hasiera batean, “Almandozko Acha harrobietarako sarbide berria” izeneko proiektua aurkeztu zuen, non planteatzen zuen harrobira ekialdetik iristea, 370eko kotatik abiatuta, NA-1210 errepideko 13,500 kilometro-puntutik, gero berehala Iturrioxko erreka gurutzatuta kanalizaturik dagoen toki batean, eta 474ko kotara igotzea harrobitik hurbil.
Belateko Kontserbazio Bereziko Eremuan eta paisaian eraginak murrizteko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2017ko azaroaren 28an, eskatu zuen alternatiba berriak azter zitezela, ingurumenean eta paisaian eragin txikiagoa izateko. Dokumentu hori 2018ko maiatzaren 11n aurkeztu zen. Hartan hamar alternatiba aztertzen ziren; horietatik lau ziren mendebaldetik zihoan trazadura baten aldaerak, eta sei ziren espedientean hasiera batean aurkeztutako ekialdetiko trazaduraren aldaerak.
Alternatibak aukeratzeko, kontuan hartu dira ingurumeneko alderdiak, esaterako zer eragin izanen ziren Kontserbazio Bereziko Eremuko landaredian, habitatean eta paisaian, alderdi sozialetan, trafikoan eta segurtasunean. Ondorio gisa, azterketak dio 10. alternatibak duela orekarik hoberena ingurumeneko alderdien eta sergurtasunaren artean. Alternatiba horretan, goragoko kota bat da abiaburua, eta, horrenbestez, trazadurako batez besteko malda murrizten da, baina trafikoa partekatu behar da sarrerako ibilbideko lehenbiziko 60 metroetan. Trazaduraren guztirako luzera 975 metrokoa da, okupazioko zabalera 6,60 metrokoa, eta, batez besteko malda, %7,9koa.
Ingurumen Ebaluazioaren eta Paisaiaren Atalak, txosten baten bidez adierazi du ekialdetik doazen alternatibek ingurumeneko ukipen txikiagoa eragiten dutela; izan ere, funtsean, honako hauek ukitzen dira: soroak eta mazel bat, malda duena, non aurkitzen baitira Quercus robur-eko harizti bat, elorri, Crataegus monogyna eta Rubus sp sasiak, eta, nabarmentzeko moduko Corylus avellana hurritzak eta Fraxinus excelsior lizarrak. Landaredi hori ez dago habitat gisa sailkatua 92/43EE Zuzentarauan. Ekialdetik abiatzen diren trazadura alternatibek artifizialki bideratutako tarte batean gurutzatzen dute Iturrioxko erreka, edo ez dute gurutzatzen, 10. alternatibaren kasuan. Ordea, mendebaldetik abiatzen diren alternatibek ibilgu naturaleko tarte batean gurutzatzen dute Iturrioxko erreka, erreka ertzeko landaredia dagoen toki batean, eta, gero, gaztainondo handiko zuhaizti bat ukitzen dute.
Ekialdeko alternatiben artean, 10.a da balio naturalak gutxien ukitzen dituena eta segurtasun baldintza hoberenak dituena; hortaz, trazadura alternatiba hoberena jotzen da. Orobat, lur-erauzketen altuera txikiena du, betelanerako materiala behar du eta, beraz, ez du sortzen erauzketa-lur askorik. Almandozko hiriguneko etxeetara gehien hurbiltzen denez, beharrezkotzat jotzen da pantaila bisualak eta akustikoak jartzea trazaduraren lehenbiziko tartean.
Hasiera batean, trazaduraren lehenbiziko alternatibarako aurkeztu zen lehengoratze plana, ekialdetik abiatzen zen hartarako; horregatik, beharrezkotzat jotzen da lehengoratze plana eguneratzea, azkenik aukeratutako 10. alternatibaren baldintzetara egokitzeko. Azpiegitura iraunkorra denez, honen helburua behar da izan egoki diren paisaia-integraziorako neurriak zehaztea, barnean direla, nahitaez, ezpondak ereitea, landaketa linealak eta aldapetako landaketak egitea, eta, aipatu bezala, pantailak ezartzea Almandozko hirigunetik hurbilen dagoen tartean.
Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalak, txosten bidez, adierazi du ikusi dela inpaktuak izan direla Kontserbazio Bereziko Eremuaren definizioan zerrendatutako 11 gako elementuetatik 6tan. Bi elementutan ez dago inpakturik (karramarro autoktonoa eta espezie migratzaileak) eta beste 4 gako elementuei dagokienez, 2 espazioei buruzkoak dira (hariztiak, haltzadiak) eta gainerako 2ak mehatxatutako flora eta intsektuei buruzkoak. Nolanahi ere, inpaktu txikiak dira, bai kuantitatiboki bai kualitatiboki. hortaz, aldeko txostena egitea proposatzen da, txosten honetan jasotako baldintzekin betiere.
Espedientean jaso da Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako aldeko txostena, bai eta Baztango Udalarena ere, adierazten duena proiektua bateragarria dela hirigintzaren aldetik.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: errepide berri bat, Almandozko Acha harrobietara iristeko (10. alternatiba), Baztango udal-mugartean. Canteras Acha SA da sustatzailea.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Aurkeztu den alternatiben azterketatik ”10. alternatiba” da baimendutako trazadura. Ingurumeneko ondorioetarako bakarrik ematen da baimen hori, galarazi gabe sustatzaileak beste baimen sektorial batzuk lortu behar izatea, baita Vianako Printzea Erakundearen aldeko txostena ere (Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala), aztarnategi arkeologikoetan izan daitekeen ukipena dela eta.
–Hiru hilabeteko epean, lehengoratze planaren eguneratzea aurkeztuko da, 10. alternatibako baldintzetara egokitua. Azpiegitura iraunkorra denez, honen helburua behar da izan egoki diren paisaia-integraziorako neurriak zehaztea, barnean direla ezpondak ereitea, landaketa linealak eta aldapetako landaketak egitea, eta pantailak ezartzea Almandozko hirigunetik hurbilen dagoen tartean.
–Lurrak mugitzen hasi baino lehen, gutxienez 40 cm-ko geruza bat landare-lur kenduko da. Bereiz metatuko da obrak iraun bitartean, eta osorik erabiliko da sortutako ezpondak lehengoratzeko.
–Baimentzen da eraikuntza proiektuak ukitutako 3,2 hektareak luberritzea eta erabilera aldatzea; nolanahi ere, aldaketa horrek ezin izanen du ukitu erreka ertzeko formazio naturalak.
–Sustatzailearen kargura konpentsatuko da oihan azaleraren galera, 13/1990 Foru Legearen 30. artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Baimentzen da ukitutako zuhaitzak moztea, aldez aurretik Nafarroako Gobernuko langileek zigilu ofizial bidez markatuta, eta toki entitate titularrak oniritzia emanda.
–Jarduketa horietarako, beharrezkoa izanen da ukitutako lurraren titularrak baimena edo oniritzia ematea. Hala ezartzen bada, konpentsazioak edo kontraprestazioak izan daitezke.
–Ahal den neurrian, ez zaio eragozpenik sortuko inguruko aziendari eta faunari.
–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, obrek iraun bitartean sortutako hondar eta zabor guztiak kentzeko. Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.
Hirigintzako baldintzak:
–Baimen honek babesten du sarbide berri bat egin dakiola Arritxuri harrobiari, NA-1210 errepidetik, aurkeztutako agiri teknikoekin bat eta baimen honek ezartzen dituen determinazioen arabera.
–Baimen hau emateko, bete beharreko baldintza da Baztango Udalak jarduera sailkatuaren lizentzia ematea Arritxuri kareharri harrobiko aurrealdea handitzeko.
–Herri-lurren Atalaren 2018ko abuztuaren 22ko txostenarekin bat, baimen hau emateko, orobat, bete beharreko baldintza izanen da harrobiak eta adierazitako azalerek ukitutako herri-lurren eta onura publikoko mendien okupazioa tramitatzea. Herri-lurren Atalaren txosten horrekin bat, sarbide berri horren eraikuntzak herri-lur gehiago ukitzen baditu, sarbide berriaren sustatzaileek, hots, harrobiaren titularrek, herri-lur horiek berenganatu beharko dituzte; horretarako, desjabetzeko edo trukea egiteko espediente bat tramitatu beharko dute Baztango Batzar Nagusiaren aurrean.
–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
–Eta, zehazki, eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko Zainketa Zerbitzuaren 2017ko martxoaren 21eko txostenarekin bat, sustatzaileak, lanak hasi aurretik eta baimenaren nahitaezko eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoa aurkeztuko du, behar adina zehaztuko dituena harrobiko sarbidea egiteko obrak, Nafarroako errepide sarearen ukipenei dagokienez, baimenduak izan daitezen.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo horretan, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 25.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Baztango Udalari, Basozaintzari (1. barrutia, Bidasoaldea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko irailaren 13an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1811519