Iragarkia
193. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 4a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
VILLATUERTA
Udal igerilekuen funtzionamenduaren gaineko erregelamendua. Behin betiko onespena
2018ko ekainaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zen Villatuertako Udal igerilekuen funtzionamenduaren gaineko erregelamendua.
Jendaurrean egoteko epea iraganda inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, erabakia behin betikoa bilakatu da. Ordenantzaren testu osoa ondotik argitaratzen da, ondorio juridikoak izan ditzan.
Villatuertan, 2018ko irailaren 14an.–Alkatea, Asier Urra Ripa.
ERANSKINA
VILLATUERTAKO UDAL IGERILEKUEN FUNTZIONAMENDUAREN GAINEKO ERREGELAMENDUA (BARNE ARAUBIDERAKO ARAUAK)
I. TITULUA
Xedea
1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Villatuertako udal igerilekuen erabilera eta funtzionamendua arautzea, eta orobat, haien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
1.2. Villatuertako Udalaren osoko bilkurak urtero onetsiko ditu abonamenduen, sarreren eta eman beharrekotzat jotzen diren gainerako zerbitzuen tarifak.
II. TITULUA
Arau orokorrak
2. artikulua. Erabiltzaile guztiek eskubide berak dituzte instalazioak erabiltzeko, horretarako erabakitzen diren egutegiarekin, ordutegiarekin eta araudiarekin bat.
Araudi honen gaia instalazioen erabilera eta bertan izan beharreko portaera da, baita abonamenduen eta antolatzen diren jardueren administrazio eta antolaketa sistema guztia ere.
Eguneko sarrera erosteak egun horretan instalazioak mugarik gabe erabiltzeko baimena dakar.
3. artikulua. Udalak eskubidea du ordutegi batzuk aldatu ahal izateko, bai eta instalazioa edo bertako zerbitzuren bat erabiltzeko ere, oso garrantzitsua edo interes publikokoa den gertakariren baterako behar izanez gero.
4. artikulua. Villatuertako Udalak ezartzen duen ordutegian egongo da irekita instalazioa, ikusten dituen behar eta eskaerekin bat etorriz. Ordutegi horiek jendaurrean jarriko dira urtero, “Esparrura sartzeko eta bertako zerbitzuak erabiltzeko arauen” barnean, eta instalazioan ikusgai jarriko dira.
5. artikulua. Udalak instalazio guztia edo haren zati bat aldi baterako ixtea erabaki ahal izango du horretarako arrazoiak daudenean. Neurri horren norainokoaren berri emango du aurretiaz, lehenbailehen.
6. artikulua. Urteko abonatuek honako eskubide hauek dituzte:
6.1. Instalazioetako eremu publikoetan libreki sartzea, herritar-txartela erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.
6.2. Instalazioak erabili ahal izatea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.
6.3. Instalazio honetako kirol ikastaroetan inskribatzeko lehentasuna, Udalak haientzat onetsitako araudiari segituz, eta lehentasuna izanik abonatu gabeen aurretik.
Hona kirol ikastaroetan inskribatzeko lehentasun ordena:
1.–Abonatu erroldatuak.
2.–Abonatu erroldatu gabeak.
3.–Abonamendurik ez duten erroldatuak.
4.–Abonamendurik ez duten erroldatu gabeak.
6.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzea kirol instalazioetan antolatzen diren jardueretarako.
6.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduari buruz.
6.6. Lehentasuna edukitzea espazioak (kirol pistak, tenisa, etab.) eta kirol zerbitzuak alokatzean.
III. TITULUA
Bizikidetza arauak
7. artikulua. Funtsezkotzat jotzen da erabiltzaile guztien artean elkarri begirunea izatea. Horregatik, erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barrenean, hala hitzez nola ekintzez, gainerako erabiltzaileei traba egin gabe eta gizalegezko elkarbizitzak zehazten dituen mugen barnean.
8. artikulua. Funtsezkotzat jotzen da, era berean, erabiltzaileen eta instalazioetako langileen artean, elkarri begirunea izatea, eta erabiltzaileek langile horien esanak onartu beharko dituzte.
9. artikulua. Erabiltzaileek zuzen erabili behar dituzte instalazio eta espazio guztiak, zaindu egin behar dituzte eta zainarazi, erabiltzailea izango baita erantzulea horiek gaizki erabiltzeagatik hondaketak egozten ahal bazaizkio.
Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.
10. artikulua. Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute erabiltzen dituzten eremuak garbi edukitzen, horretarako paperontziak, hautsontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz.
11. artikulua. Erabiltzaile guztiek dute arau hauek betetzeko eskatzeko eskubidea, igerilekuetako enplegatu eta arduradunen bitartez, eta orobat dute haiek laguntzeko betebeharra, ahal den neurrian, instalazioa ahalik eta hobekien atxikitzeko ordenari eta garbitasunari dagokienez.
12. artikulua. Haurrak, batez ere 8 urtetik beherakoak, gurasoek zaindu behar dituzte, edo bestela gurasoek idatziz baimentzen dituztenek, 14 urte baino gehiago baldin badute, istripurik izan ez dadin eta gainerako erabiltzaileei trabarik egin ez dakien.
13. artikulua. Erabiltzaileek instalazioko ordutegiak errespetatu beharko dituzte, enplegatuen esanei kasu eginez beti.
14. artikulua. Erabiltzaileak instalazioetatik istantean kanporatu ahalko dituzte eta hortik erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza arrunta nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.
15. artikulua. Herritar-txartela galduz gero, zenbateko bat ordaindu beharko da, txartel berria egiteagatik, alegia, zaharraren kopiagatik. Jatorrizko herritar-txartela agertuz gero, nahitaez utzi beharko da kirol instalazioetako harrera-gunean; maltzurkeriaz erabiltzen bada, zehapena jarriko da.
16. artikulua. Arau hauetan aipatzen ez diren gainerako kasuetan, eta haiei buruzko interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia, hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia Jarraipen Batzordera igorriko da, edo zinegotzi arduradunaren eskuetara, behin betiko ebazpena eman dezan. Erabiltzailea beharturik dago une bakoitzean instalazioan dagoen pertsona arduradunak hartzen duen erabakia onartzera.
IV. TITULUA
Ordutegiak, eta eremurako eta zerbitzu guztietarako sarbidea
17. artikulua. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei. Halaber, garaiz itzuli beharko dute instalazioak uzten dien materiala.
18. artikulua. Jantzitegi zerbitzua aldageletako armairuen eremuan izango da bakarrik.
19. artikulua. Erabiltzaileek eskura izango dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barrenean).
20. artikulua. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia. Hartara, aldez aurretik kalkulatu beharko dute zenbat denbora egin beharko duten dutxetan eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.
21. artikulua. Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.
22. artikulua. Instalaziora sartzeko nahitaezkoa da sarbide kontroleko irakurgailutik pasatzea, herritar-txartela edo Udalaren Kirol instalazioetan sartzeko dagokion sarrera erakutsiz; era berean, instalazioko langileek eskatzen dutenean ere erakutsi beharko da. Norbaitek kirol instalazioetara sartzean txartela edo sarrera aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatzen ahalko diote.
Herritar-txartela norberarena da eta ezin zaio inori utzi. Beste inork erabiltzen badu, zehapena etorriko da.
23. artikulua. Tabernako terrarazara sartzeko eta handik igerilekuetara ateratzeko, sarbide-kontrola erabili behar da. Terrazaren erabileran (mahai eta aulkien kokapenean) 1,20 metroko gutxieneko tartea errespetatu behar da, erabiltzaileak igarotzea ahalbidetzeko.
24. artikulua. Ez da onartuko 8 urtetik beherakoak sartzea, adin nagusiko batekin ez bada, hura izango baita haiek egiten duten guztiaren erantzule eremuaren barnean dauden bizkitartean.
25. artikulua. Igerilekuen eremuan ez da animaliarik sartzea onartuko.
26. artikulua. Igerilekuen eremuan ez da bizikletarik, irristailurik eta gurpil-oholik sartzea onartuko.
27. artikulua. Villatuertako Udalak ezarriko ditu, urtero, instalazioa eta haren zerbitzuak irekitzeko eta ixteko ordutegiak.
V. TITULUA
Aldageletan aplikatzeko arauak
28. artikulua. Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.
29. artikulua. Erabiltzaileak aldageletan aldatuko dira arropaz beti, debekatuta baitago haietatik kanpo arropak jantzi edo eranztea.
30. artikulua. Aldagelak sexu zehatz baterako dira, gizon edo emakume; sexu desberdineko haurrak sar daitezke, 8 urte bitarte, heldu batekin batera badoaz.
31. artikulua. Aldageletan armairuak daude abonatuaren edo erabiltzailearen arropa gordetzeko.
32. artikulua. Debeku da arras armairua egunero erabiltzeko erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako.
Arau hori betetzen ez duenari 10 euroko isuna ezarriko zaio, eta armairuan gorde duen materiala handik atera eta bulegoetan utziko da, isuna ordaintzen den arte.
33. artikulua. Giltza galduz gero, instalazioaren arduradunari emango zaio horren berri, eta hark dagokionari emango dio armairuaren barruan utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzerik ez badago, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko.
Gainera, hala izanez gero, inplikatutako erabiltzaileak sarrailaren aldaketaren kostu guztia ordaindu beharko du, armairua berriz ere erabiltzeko maneran uzteko (10 euro).
34. artikulua. Villatuertako Udalak ez du erantzukizunik izango aldageletan utzitako gauza baliotsuen gainean; beraz, aholku ematen da gisa horretako gauzarik ez ekartzeko, edo beti aldean eramateko.
35. artikulua. Ez da inolako gauzarik gordetzeko zerbitzurik (etzaulkiak, baloiak, etab.).
VI. TITULUA
Ur bazter eta igeri-ontzietan bete beharreko arauak
Igeri-ontzi guztietarako ohar orokorrak.
36. artikulua. Nahitaezkoa da aldageletan arropak jantzi eta eranztea. Bainatzeko eremura soilik bainujantzi egokiak jantzirik joan ahalko dira helduak eta haurrak, eta salbuespen bakarra izango da eguzkitik babesteko kamiseta janztea.
37. artikulua. Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak hemen ematen dituen arau hauek, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.
Sorosleek agintea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasi, ekipamendua gaizki erabili eta erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat arriskutsuak baldin badira.
38. artikulua. Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; 14 urtetik beherako haurren gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak (bereziki igeri egiten ez badakite).
39. artikulua. Kirol instalazioetako langileek agintea dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik kanporatzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.
40. artikulua. Izena eman dutenek eta soilik ikastaroetan erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala, etab.).
41. artikulua. Ur bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aitzin nahitaez dutxatu behar da.
42. artikulua. Ur bazterrera ezin da oinetakoak jantzirik sartu, garbitze, mantentze edo zaintza lanetan ari diren langileak salbu.
Palastako igeri-ontzian, haurrarekin doan heldua txankletak edo gisakoak jantzirik dituela egoten ahalko da.
43. artikulua. Igerilekuetako kaietan edo ontzian debeku da erretzea, jatea edo hondakinak sorrarazten dituen beste edozein jardueratan aritzea, bai eta txikiendako palastako ontziaren inguruan ere.
44. artikulua. Igerilekuetako ur bazterretan debeku da etzaulkiak eta/edo eskuoihalak sartzea.
45. artikulua. Igeri-ontzian debeku da beste erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozer erabiltzea (hegatsak, urpeko betaurrekoak, koltxoi puzgarriak, baloiak, pilotak, etab.), salbu eta Villatuertako Udalak horretarako espresuki izendatzen dituen egun, ordu eta guneetan.
Horren salbuespen dira igeritako betaurrekoak, mahukak, burbuilak eta akats fisikoak edo erredurak estaltzeko elastikoak.
46. artikulua. Ur bazterrean eta igeri-ontzian debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, ahal dela, ez da lasterka ibili behar, ez baloiekin jostetan, ez joko bortitzetan, ez da uretan modu zakarrean murgildu behar, hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei molestia egin edo uraren kalitateari eragin diezaiokeen deus.
47. artikulua. Debeku da igerilekuko ura zikintzea, eta bertan xaboia edo igeri-ontziko uraren propietate fisiko edo kimikoak hondatzen ahal dituen edozein produktu erabiltzea.
48. artikulua. Debeku da mozkor egonda bainatzea.
49. artikulua. Osasun eta higienerako neurri gisa, ez zaie igerilekura sartzen utziko eritasun infekzioso kutsakorrak dituzten pertsonei, kontrako txosten medikorik ezean.
50. artikulua. Igeri-ontzi bakoitzak, arauek hala aginduta, bainulari kopuru bat har dezake gehienez. Kopuru horretara iritsiz gero, sorosleak edo mantentze lanetako beharginek igerilekuan jende gehiago sartzea galarazten ahalko dute denbora batean.
51. artikulua. Igeriketa ikastaroak eta antolatutako beste jarduera batzuk egin bitartean, izena eman ez dutenek ezin izango dituzte erabili horretarako bereizitako alde edo kaleak.
52. artikulua. Soroslea edo monitorea, igeri-ontziaren barrenean edo ur bazterrean, instalazioetako beste enplegatu bat bezalakoa da eta, beraz, arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileei kargu hartu eta zehapena ezartzeko ahalmena du.
53. artikulua. 8 urte bitarteko haurrak aita edo heldu baten ardurapean bainatuko dira beti. Horregatik, beti berarekin egon beharko dute. Hala ez bada, sorosleak baimena emango du haurra bakarrik bainatzeko, baina ez da bere ardura izango. Baimen hori ez badago, ez da inolako haurrik bakarrik bainatuko.
54. artikulua. Eguraldi edo osasun arazoak direla-eta igeri-ontzia ixten ahalko da instalazioko langileei komenigarria iruditzen bazaie.
Palastako igerilekurako arauak.
55. artikulua. 8 urtetik gorako haurrek, gazteek eta helduek debeku dute plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, haur txikiak zaintzen ari diren helduak izan ezik. Halakoetan, pertsona heldu horiek igeri-ontzian eta haren inguruan egon behar dute, eta uretara sartuko dira bakar-bakarrik beharrezkoa baldin bada, eta heldu bat baizik ez haur bakoitzeko.
56. artikulua. Nahitaezkoa izango da haurrek, oso txikiak izan arren, bainu jantzia, pixoihala edo galtzazapia erabiltzea.
57. artikulua. Ez da onartuko haurrei igeri-ontziaren barnean janaria ematea. Era berean, debeku da haren inguruan erretzea.
VII. TITULUA
Soropilean aplikatzeko arauak
58. artikulua. Debeku da berdeguneetan burua orraztea. Erabiltzaileek komunetara edo horretarako instalazio egokietara (aldagelak) jo beharko dute. Gauza bera niniei xatarrak aldatzeari eta gisakoei dagokienez.
59. artikulua. Onartuko da zapatak jantzirik sartzea eremu zolatuetan edo eremu zolatuen bidez sarbiderik ez duten puntu zehatzetara joateko.
Gainerakoetan, oinutsik edo txankletak soinean joan beharko da.
60. artikulua. Soropilean ez da egintzarik edo jarduerarik onartzen jendearen lasaitasuna edo erosotasuna eragozten ahal badu edo gainerako erabiltzaileei arriskua ekartzen ahal badie. Hortaz, ez da onartuko inor kirol bortitzetan edo lasterketetan aritzerik, musika aparatu partikularrik (salbu eta mp3-a, walkmanak, compact disc-a, edo entzungailuak dituen edozein aparatu txiki) edo orratzik erabiltzerik, eta, orokorrean gainerako erabiltzaileei traba edo soropilaren kalitateari kalte egiten ahal dien guztia. Soropilean espresuki debeku da baloika aritzea.
VIII. TITULUA
Beste arau batzuk
61. artikulua. Galdutako gauzak.
Villatuertako Udalak ez du erantzukizunik izango instalazioetan desagertzen diren gauzen gainean.
Erabiltzaile guztiei erregutzen zaie bakoitzak bere gauzak arreta handiz zain ditzan.
Instalazioaren eguneroko garbiketan aurkitzen diren gauza baliotsuak, edo abonatuek helarazten dizkigutenak, bi astez gordeko dira harreralekuan eta epe hori iraganik udal bulegoetara eramango dira, legez ezarritako tramiteari segi diezaioten.
Bainu garaia bukatu ondoren udal instalazioetan lagatzen diren hamakak, aulkiak eta etzaulkiak galdutako gauzatzat hartuko dira, eta garbigune batera eramango dira.
62. artikulua. Istripuak.
Villatuertako Udalak ez du erantzukizunik izango instalazioetako erabiltzaileek izan ditzaketen istripuen gainean, eragilea instalazioko akatsa izan ezean.
63. artikulua. Udal jarduerak.
Udalak sarbidea mugatzen ahalko du instalazio osora edo haren zati batera, berak antolatzen dituen jarduerak gauzatzeko, izanik horiek aldian behingoak edo apartekoak.
64. artikulua. Kirol jarduerak.
Abonatu guztiek parte hartzen ahalko dute Villatuertako Udalak diseinatutako jarduera planean, izena emateko epeak eta sistema, itxaron zerrendak, plaza kopurua eta abar errespetatuz une oro.
TITULUA
Diziplina araubidea
65. artikulua. Villatuertako Udaleko alkateari dagokio abonatu edo erabiltzaileendako behar diren diziplina neurriak hartzea, erabilera erregelamendua betetzen dela eta instalazio bakoitzaren barreneko udal ondasunak zaintzen direla begiratzeko.
66. artikulua. Instalazioetako enplegatuek ahalmena dute abonatu edo erabiltzaileak berehala kanporatzeko, beren oharrei edo ahozko kargu hartzeei kasurik egiten ez dietenean, arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena ukatu gabe.
67. artikulua. Hona zehapenera iristeko prozedura:
–Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik berehala eta badaezpada kanporatzea; hori instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.
–Gertatu dena deskribatzen duen zehapen gaztigua eskuz esku entregatuko da.
–Instalaziorako sarbidea galaraziko da bidezko zehapena erabiltzaile arau-hausleari ezartzen zaion bitartean.
–Zehapena instalazioa aldi batean erabiltzeko debekua baldin bada, zehapen hori betetzeko behar duen denboran mantenduko zaio sarbide galarazia.
–Egun horiek iraganik, abonatuak berriz ere libre izango du sarbidea eta berriz ere sartzen ahalko da instalazioan.
68. artikulua. Hutsegiteen sailkapena:
a) Hutsegite arinak.
b) Hutsegite larriak.
c) Hutsegite oso larriak.
d) Hutsegite ekonomikoa.
69. artikulua. Hutsegiteak honela tipifikatzen dira:
a) Hutsegite arinak:
Erregelamendu honetan ezarritako funtzionamendu arauetako edozein ez betetzea, hutsegite larri edo oso larritzat hartzen direnak izan ezik.
b) Hutsegite larriak:
I. Hutsegite arinak errepikatzea.
II. Beste edozein pertsonari datuak lagatzen saiatzea, eremura edo haren instalazioetako batera sartzeko.
III. Beste edozein arau ez betetzea, beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragiten ahal badio, bereziki igerilekuak oker erabiltzeari dagozkion guztietan.
IV. Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.
V. Instalazioen barrenean ordena hankaz goratzea.
VI. Arduradunek instalazioen funtzionamendu egokirako ezartzen dituzten jarraibideei behin eta berriz kasurik ez egitea.
VII. Liskar edo eraso fisikoak piztea edo haietan parte hartzea.
VIII. Instalazioak, ekipamendua, kirol materiala edo erabiltzaileen gauzak ebastea, lapurtzea edo nahita hondatzea.
IX. Instalazioko langileak iraintzea, gutxiestea edo haienganako begirunerik ez agertzea.
c) Hutsegite oso larriak:
I. Hutsegite larriak errepikatzea.
II. Instalazioaren barnean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dioten arau-hauste larriak.
d) Hutsegite ekonomikoak:
Abonatuak instalazioei edo bertako tresnei kalte materialak eragiten dizkienean. Hutsegite honen zenbatekoa izango da eragindako kalteak lehengoratzeak duen balioa. Hutsegite hauek aurreko hutsegite motetako edozeini gehitzen ahal zaizkio.
70. artikulua. Hutsegite arinek instalazioa aldi batean erabiltzeko debekua ekarriko dute berekin; aldi hori egun bat eta 5 egun bitartekoa izango da, jakinarazpenaren egunetik kontatzen hasita.
71. artikulua. Hutsegite larriek instalazioa aldi batean erabiltzeko debekua ekarriko dute berekin; aldi hori 5 egun eta hilabete bat bitartekoa izango da, zehapenaren gaztiguaren egunetik hasita.
72. artikulua. Hutsegite oso larriak Kiroldegiaren Jarraipen Batzordera igorriko dira, kasu bakoitza eta dagokion zehapena bereizirik azter dezan. Txostena Villatuertako Udaleko alkatearen eskutan jarriko da, behar den erabakia har dezan, gutxienez instalazioa hilabetez erabiltzeko debekua eta gehienez instalazioa erabiltzeko behin betiko debekua, Udalak arau-hauslearen kontra legez egin ditzakeenak alde batera utzirik.
73. artikulua. Hutsegite ekonomikoak instalazioan sartzeko debekua ekarriko du, egoera zuzentzen ez den bitartean.
74. artikulua. Hutsegite eta zehapenen erregistroa ezarriko da, horiek zenbat aldiz errepikatzen diren ebaluatu ahal izateko.
Kexa eta iradokizunak jasotzeko sistema ezarriko da.
75. artikulua. Ematen diren ebazpenen kontra, indarrean dagoen legerian kasu orokorretarako jasotzen diren errekurtsoak aurkezten ahal dira.
Errekurtso horiek ebazten ez direino, instalazioa erabiltzeko eskubideaz aldi baterako edo behin betiko gabetu den erabiltzailea ezin izango da bertara sartu.
Iragarkiaren kodea: L1811491
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
