193. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

698E/2018 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hein batean aldatzen duena Nafarroako Plan Eolikoaren barruan dauden San Marcos l, San Marcos ll, Linte, Jenáriz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino izeneko parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpena egin zuen ekainaren 14ko 400/2018 ebazpena, Agrowind Navarra 2013k sustaturik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen V. Titulua ekintzak administrazioaren bidetik berraztertzeari buruz aritzen da. Horretarako, 109.1 artikuluan ezartzen den baldintza da berrazterketa hori ez izatea legeek baimentzen ez duten salbuespena, eta ez izatea berdintasun printzipioaren, interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren aurkakoa. Inguruabar horiek guztiak gertatzen dira kasu honetan.

2018ko abuztuaren 24an, sustatzaileak proiektuaren testu bategina aurkeztu zuen, zeinean, beste puntu batzuen artean, ingurumen eraginaren adierazpenak (IEA) ezarritako baldintza bat argitzea eskatzen baitu, abifaunaren jarraipenari buruzkoa, zehatz esateko.

Abifaunaren jarraipenari buruzko baldintza hau argitzea eskatu zuen:

“a) Obrak hasi baino lehen, eta urtebetez gutxienez, aldeko txostena jaso duten parkeen eremuan azterketa bat eginen da abifaunak espazio horretaz egiten duen erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa horren proposamen bat aurkeztu beharko du, metodologia eta hasiera data adierazita, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak oniritzia eman beharko dio.

Eta eskatu zuen, horren ordez, beste hau idaztea:

“Abifaunak espazioaz egiten duen erabileraren azterketaren proposamenak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren oniritzia lortu beharko du obra zibila hasi baino lehen, gutxienez urtebeteko iraupena eduki beharko du, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari aurkeztuko zaio instalazioak martxan hasi baino lehen.”

Eskatzen den azterketak bi helburu ditu:

–Abifauna-populazioen egoeraren ezagutza gaurkotua izatea, baita proiektua egin baino lehen, berorrek ukitzen ahal duen eremu kritikorik dagoen edo ez jakitea, honelako proiektuetan gertatu ohi delako tramitazio eta exekuzio epeak denboran luzatzea IEA ematen den egunetik, eta zer esanik ez proiektuaren ingurumen ondorioen azterketak egiten direnetik, eta abifaunak espazioa erabiltzen duen urteko ziklotik.

–Proiektua ezartzeak bertako abifaunari nola eragiten dion jakitea, alderatuz abifaunaren egoera, alderdi hartan, parke eolikoa eraiki baino lehen, eta eraiki eta gero.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aditzera eman du Agrowind Navarrak idatzitako proposamenarekin, gerta litekeela parke eolikoaren obrak hastea azterketa hastearekin batera. Hau gertatuko balitz, ez lirateke beteko lehen aipatutako helburuak, zeren arriskua bailegoke obrak hastean abifaunari kalte egiteko, baldin eta tramitatu den espedientearen dokumentazioan aztertzen den egoeran aldaketarik izan balitz. Hori dela-eta, IEAren zuzenketa eta idazketa berria proposatzen du.

Horregatik, idazketa berri bat egitea proposatzen da, bidea ematen duena obrak hasteko azterketa teknikoek erakusten dutenean proiektuak betetzen duen espazioan ez dela aldaketa esanguratsurik eragiten abifaunak horretaz egiten duen erabileran.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.1 artikulua ikusirik, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuari jarraikiz,

EBATZI DUT:

1. 400E/2018 Ebazpena, ekainaren 14koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hein batean aldatzea. Ebazpen horren bidez Nafarroako Plan Eolikoaren barruan dauden San Marcos l, San Marcos ll, Linte, Jenáriz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino izeneko parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpena (IEA) egin zen, Agrowind Navarra 2013k sustaturik. Zehatz esanda, abifaunari jarraipena egiteari buruzko 2. puntuko a) letra aldatuko da, honela idatzita geldituko dena:

“Obrak hasi baino lehen, eta urtebetez, aldeko txostena jaso duten parkeen eremuan azterketa bat eginen da abifaunak espazio horretaz egiten duen erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa horren proposamen bat aurkeztu beharko du, metodologia eta hasiera data adierazita, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak oniritzia eman beharko dio. Sustatzaileak hala eskatuta, urtebete igaro baino lehen eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldez aurretik aldeko txostena emanda, obrak egiten hasten ahalko dira, egindako azterketen arabera ez dagoenean IEA egin zenean ezagutzen ez zen ingurumen mailako inguruabar esanguratsurik”.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Basozaintzari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Berbintzana, Faltzes, Larraga, Lerin, Miranda Arga, Erriberri, Oteitza eta Tafallako udalei eta sustatzaileari, eta alegazio-egileak jakinarazitzat hartzea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko 1.a) puntuari jarraikiz.

Iruñean, 2018ko irailaren 11n.–Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoko zuzendaria, Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren zuzendari nagusiaren ordezkoa (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak 2015eko abenduaren 23an eman eta 2016ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8koan, argitaratutako 316/2015 Foru Aginduaz baliatuz), Félix Armendáriz Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1811447