192. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

205E/2018 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, honako deialdi hau onesten duena: “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan. Manunet 2018”.

Manunet III (2017-2021) ERA-NET COFUND bat da, Europako Batzordeak bultzatzen duena Ikerketaren eta Garapen Teknologikoaren Horizonte 2020 programan. Nazioarteko lankidetzan, fabrikazioaren teknologia aurreratuen arloko (manufacturing) I+G proiektuak egitea da Manunet III-ren helburu orokorra.

Nazioarteko lankidetzan egiten diren I+G proiektuetan Nafarroako entitateen eta, bereziki, ETEen parte-hartzea bultzatzea dute helburu deialdi honetako laguntzek. Horrela, laguntza eman gogo zaie Nafarroako entitateei beren ikerketa eta garapen jarduerak nazioartera eramateko, eskuraerraza den tresna bat baliatuz: eskualdeko laguntzak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Honako deialdi hau onestea: “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan. Manunet 2018”.

2. Diru-laguntza horien oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 500.000 euroko gastua baimentzea, baldin eta krediturik bada, “Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako diru-laguntzak” izeneko 820005-82100-7701-467304 partidaren kargura, honako muga hauekin:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82100-7701-467304 Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako diru-laguntzak

2019

250.000

820005-82100-7701-467304 Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako diru-laguntzak

2020

250.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko irailaren 21ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da I+G proiektuak egin daitezen sustatzea, nazioarteko lankidetzan, fabrikazioaren teknologia aurreratuen arloan eta MANUNET III-2018ko deialdia izeneko Europako lankidetza proiektuaren esparruan (www.manunet.net webgunean kontsulta daiteke deialdia).

Horrela, Nafarroako enpresen, batez ere ETEen, lehiakortasuna eta nazioartekotzea handituko dituen dinamizazio teknologikoa bultzatu gogo da.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko enpresak eta erakundeak izan daitezke onuradun, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen diren jarduerak.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

c) Enpresen kasuan: Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, hala behar denean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin bat. Foru agindu haren bidez, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zen.

d) Ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeen kasuan: erakunde horiek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak egiten badituzte, bi jarduera motak eta haien kostuak eta finantzaketa argi bereizteko modua ematen duen kontabilitatea izan beharko dute.

Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83) apartatuan ezarrita dago “ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundearen” definizioa; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (hemendik aurrera, 651/2014 (EB) Erregelamendua).

2. Laguntzen eskabide telematikoan dagoen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko, eta hari eutsi beharko zaio proiektua justifikatzeko aldiaren amaierako eguna arte.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak izanen dira laguntzaren xede, oinarri honetan aipatzen diren baldintzak betez gero.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85) eta 86) apartatuetan ezarrita dago “Industria ikerketa” eta “garapen esperimentala” zer diren.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Manuneteko lurralde eremuko bi herrialde desberdinetako gutxienez ere bi entitate independenteren arteko lankidetza eraginkorra izatea proiektuak, eta entitate horiek laguntza eskatu izana egoki den eskualdeko erakundean edo nazionalean.

b) Partzuergoak gutxienez ere bi ETE independente izatea. Manuneteko lurralde eremuko herrialde edo eskualde berekoak izan daitezke.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 90. apartatuan jasotzen da zer den “lankidetza eraginkorra”.

ETEa definitzeko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa aplikatuz kalkulatuko da enpresen tamaina.

Deialdian sartzen diren eskualde eta herrialdeak www.manunet.net-en kontsultatzen ahal dira.

c) Parte hartzen duten entitateetako bakar batek ere ez izatea bere gain proiektutik diruz laguntzen ahal diren gastuen %70 baino gehiago.

d) Proiektua “Fabrikazioaren teknologia aurreratuen” gaietan sartzea; horietan, besteak beste, honako arlo hauek daude:

–Ezagutzan oinarritzen diren ingeniaritzak eta fabrikazioari aplikatzen zaizkion informazioaren teknologiak (robotika industriala, ordenagailuz lagundutako diseinua eta ingeniaritza, prozesuen automatizazioa, produktuaren bizitza baliagarriaren kudeaketa eta abar).

–Energia eta ingurumen arloko aplikazioetarako fabrikazio teknologiak, barne direla baliabideen efizientzia eta birziklapena.

–Fabrikaziorako teknologia malguak.

–Fabrikaziorako material berriak.

–Produkzio sistema, osagai eta metodo berriak.

e) Proiektuari dagokion aurre-proposamenari aldeko ebaluazioa ematea Transnational Coordination Team-ek (parte hartzen duten herrialde eta eskualdeetako erakunde kudeatzaileen ordezkari guztiek osatzen dute) Manunet 2018ko deialdiaren lehen fasean.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Nolakoak diren laguntzen entitate onuradunak, honako gastuek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

1.1. Hurrengo 1.2 atalean sartzen ez diren ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakunde eta enpresentzat:

a) Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko diru-laguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipamendu, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek proiektuan erabiltzen diren neurrian eta denbora horretan. Gastu horiei dagokienez, honakoa hartu beharko da aintzat:

1. Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuek beste diru-laguntza edo laguntza publikoren bat izan badute, ez dute diru-laguntza hau jasoko.

2. Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3. Ondare-elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4. Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuak onetsia) 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, izan unibertsitateenak, zentro teknologikoenak edo proiektuari lotutako I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste enpresa batzuenak.

Kanpoko laguntza ematen duena, hots, ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundea, ikerketarako erakunde publiko bat, unibertsitate publiko bat, zuzenbide publikoko entitate bat edo I+Gko bestelako erakunde publiko bat baldin bada, diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, erakunde horrek zerbitzua emateko izan dituen kostuak, oinarri honen 1.2 atalean ezarritakoaren arabera zehaztuak.

e) Estatuko edo Europako azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak erabiltzearen ondoriozko gastuak.

f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu horrek ez du diru-laguntzarik izanen enpresa handientzat.

g) Proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, hura gauzatzean benetan aplikatuak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta banan-banan horri esleitzen ahal bazaizkio.

1.2. Ikerketako erakunde publikoak, unibertsitate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta I+Gko bestelako erakunde publiko batzuk baldin badira kanpoko laguntza ematen duten erakundeak, hots, ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeak:

1.1 atalean adierazitako gastuak diruz lagunduko dira, salbu a) letrako langileria gastuak, baina gastu horiek proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira nahitaez, zenbatekoaren eta parte-hartzearen baldintzei dagokienez zenbatu daitezen.

Proiektua gauzatzeko egiten den langileriaren kontratazioak diru-laguntza izanen du.

1.3. Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeek zeharkako kostu gisa egozten ahalko dute diru-laguntza duten langileriaren zuzeneko kostuen %15 arte. Proiektuak gauzatzean egin diren zeharkako kostu horiek eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo antzeko eragiketei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan.

2. I+G proiektuaren ondorioz fabrikatutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, haiek fabrikatzean erabilitako materialen kostua ez da diruz lagungarriak diren gastuetan sartuko.

Sortzen diren azpiproduktu, hondakin eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak ere proiektuaren gastuetatik kenduko dira.

3. Ekipamenduko ondasunengatiko edo zerbitzuak emateagatiko gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Lotutako enpresa batekin gastua egiten duen onuradunak ez du hornitzailearen hautaketa justifikatu beharko, kasu horretan 11.2 oinarrian adierazitako moduan justifikatuko baita.

4. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta diru-laguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

d) Administrazioaren gastuak eta bulegoko materialarenak.

5. oinarria.–Proiektuaren eragin pizgarria eta hura gauzatzeko epea.

1. 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza horiek pizgarri eragina izan behar dute; hortaz, laguntzak eskatzen dituztenek ezin izanen dituzte diruz laguntzen diren I+G proiektuak abiatu eskaera aurkeztu baino lehen. Edonola ere, bideragarritasunari buruzko azterlanak egiten ahalko dituzte, baina ez dira laguntzen eskaeran sartuko.

2. Laguntza eskaera aurkeztu ondoren abiatuko dira proiektuak, eta 2020ko azaroaren 30ean beharko dira bukatu.

Laguntza eskaeraren inprimakian adierazten dena izanen da “proiektuaren hasiera eguntzat” hartuko dena.

3. Proiektuak bi urtekotan gauzatuko dira; hona horien iraupena:

–Lehen urtekoa: proiektua hasten den egunetik 2019ko azaroaren 30era arte gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

–Bigarren urtekoa: 2019ko abenduaren 1etik proiektua bukatu arte gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

6. oinarria.–Laguntzen zenbaterainokoa eta haien gehieneko zenbatekoa.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektua ebaluatu ondoren diruz lagungarritzat jotzen diren gastuei aplikatuko zaien laguntza intentsitatea honako hau izanen da entitate onuraduna nolakoa den:

a) Enpresen kasuan, laguntzen intentsitatea hau izanen da, tamainaren arabera:

PROIEKTUAREN KALIFIKAZIOA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA

Txikia

Ertaina

Handia

Industria ikerketa

%80

%75

%65

Garapen esperimentala

%60

%50

%40

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoak.

b) Ikerketako eta ezagutzen zabalkundeko erakundeen kasuan, diru-laguntza %100ekoa izan daiteke jarduera ez-ekonomikoak badira, betiere ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 ataleko definizioaren arabera.

Erakundearen kontabilitateak ez badu uzten jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereiztea, laguntzaren gehieneko intentsitatea izanen da a) ataleko koadroan enpresetarako zehaztutakoa.

7. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2018ko urriaren 9an bukatuko, hura barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 17. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematika zein aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskabide telematikoa, 2.2 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Inprimakia, proiektuaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa. Entitate koordinatzaileak Manunet web plataforman aurkeztutako “full proposal” (ingelesez) memoria bera aurkeztu beharko da.

d) Lankidetza akordioa, bi aldeek sinatua.

e) Oinarri honen 4. atalean ETEei eskatzen zaien informazioa.

Agiri guztiak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin.

4. Enpresa ertainek eta txikiek azken hiru ekitaldietako balantzea, fakturazioa eta langileen kopuruari buruzko datuak erantsi beharko dizkiote eskabideari, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko. Bestela, enpresa handientzat 6. oinarrian adierazitakoa izanen da emanen zaien laguntza, eta proiektua oro har hautaezintzat jotzen ahalko da ETEaren gutxieneko partaidetzaren baldintza, 3.2.b) oinarrian ezarria, betetzeari uzten bazaio.

8. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, puntu gehien eskuratzen duten proiektu onartuei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

9. oinarria.–Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen Atalak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, baloratuko ditu proiektuak, aurkezten den dokumentazioan oinarrituta, irizpide hauen arabera:

a) Partzuergoa.

a.1. Bazkideen osagarritasuna ikuspegi teknikotik, eta partaidetzaren oreka aurrekontu aldetik.

a.2. Bazkideen bikaintasuna, proiektuaren jarduketa eremuan.

a.3. Nazioz gaindiko lankidetzaren balio erantsia.

b) Bikaintasun zientifikoa eta/edo teknologikoa.

b.1. Helburuen argitasuna.

b.2. Proposamenaren xedea eta justifikazioa.

b.3. Proposamenaren berrikuntza maila, arte egoerari dagokionez. Lortu diren produktu edo zerbitzu berriak, proposatu den ikuspegiaren orijinaltasuna.

c) Lan metodologia eta aurrekontua.

c.1. Lan plangintza eta zereginen banaketa bazkideen artean.

c.2. Proiektuaren kostua (giza baliabideak zein materialak) planteatzen diren helburu eta jarduerei egokitzea.

c.3. Proiektua kudeatzeko egitura.

d) Eragin potentziala.

d.1. Produktu edo zerbitzu berrirako merkatu potentziala eta lehendik dauden produktuekiko lehiakortasuna.

d.2. Entitate parte-hartzaileen lehiakortasun, fakturazio edo enpleguaren gaineko eragina.

d.3. Emaitzak ustiatzeko plana.

2. Irizpide bakoitza (a, b, c eta d) 0 eta 5 puntu arte (gehieneko puntuazioa) puntuatuko dira, eta gainditu gabe geldituko dira lau irizpideetako bakoitzean 3 puntura iristen ez diren proiektuak. Puntu erdiak ematen ahalko dira.

3. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, b) atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, a), c) eta d) ataletan lortutakoa hartuko da kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

10. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatuta, eta haietako bakoitzaren proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adierazita, azken hori proiektua gauzatzeko urtekotan banatuta.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena eman eta telematika bidez jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH), nazioz gaindiko ebaluaziorako bileratik hilabeteko epean.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

11. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Ulertuko da azpikontratazioa egiten dela baldin onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen badu I+G proiektua zati batean gauzatzea, nahiz eta horretarako baliabide propioak izan.

Proiektuaren %50 arte azpikontrata daiteke. Lankidetza proiektu bateko parte-hartzaileek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako diru-laguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

2. Lotutako enpresen kasuan, onuradunak I+G proiektuaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko du haiekin, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Gastu diruz lagungarriak 4. oinarrian zehaztuak badira.

b) Laguntzen eskaeran jasotzen bada eta laguntza ematen duen organoak baimentzen badu gastu hori diru-laguntzaren xedetzat jotzea laguntza ematen duen ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzen badira onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, materialen faktura, etab.).

Ez da onartuko kostuak gainetik egoztea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, “lotutako enpresa” izanen dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

12. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua aldatzea.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, hurrengo atalean aipatutako aldaketak baimendu daitezke, eta, horretarako, organo kudeatzaileari baimena eskatuko zaio aurretik, laguntzen fitxaren bidez.

2. Hauexek dira baimendu daitezkeen aldaketak:

a) Proiektua gauzatzeko aldia; luzapena eska daiteke, baina asko jota 2020ko azaroaren 30era arte.

b) Ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Laguntza-eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Hala ere, ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe. Igoera horiek behar bezala arrazoitu beharko dira frogagirietan.

c) Partzuergoaren osaera, baldin parte-hartzaile batek proiektua uzten badu eta beste batek ordezten badu.

3. Ez da aldaketarik baimenduko baldin 3.2 oinarrian aipatutako baldintzak aldatzen baditu edo nazioarteko gainerako bazkideen jardueretan eraginik badu. Hori hala den egiaztatuko du aurretik laguntzak kudeatzeko organoak, eta, horretarako, harremanetan jarriko da parte hartzen duten eskualdeetako erakunde kudeatzaileekin.

4. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, urtekoa bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez.

13. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduketa. Hala, telematika bidez aurkeztu behar dituzte beti, laguntzen fitxaren bidez, eta fitxa horretan eskura dagoen ereduari jarraituz, honako agiri hauek:

a) 2019ko azaroaren 30era arte (hori barne):

Proiektuaren helburu teknikoen betetze-mailari buruzko tarteko lehen txostena eta onuradunak ordura arte egindako gastuari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak proiektua gauzatzeko egin duena, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

b) 2020ko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Bigarren justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, 2019ko azaroaren 30era arte egindako gastua eta 2020ko martxoaren 31ra arte ordaindutakoa jasoko duena (hori barne).

c) 2020ko abenduaren 7ra arte (hori barne):

Proiektuaren helburu teknikoen betetze-mailari buruzko tarteko bigarren txostena, eta onuradunak 2019ko abenduaren 1etik proiektua bukatu arte (beranduenez 2020ko azaroaren 30a) egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

d) 2021eko martxoaren 31ra arte (hori barne):

Azken justifikazioa: dokumentazio tekniko ekonomikoa, proiektua bukatu arte egindako gastua eta 2021eko martxoaren 31ra arte (hori barne) ordaindutakoa jasoko duena.

Azken justifikazioarekin batera, 16. oinarriko lehenbiziko ataleko a), b) eta c) letretako dokumentazioa aurkeztuko da.

2. %100eko laguntza eskuratzen duten ikerketa eta ezagutzaren zabalkundeko erakundeek, justifikazio partzialarekin eta azkenekoarekin batera, frogagiri guztiak eta justifikazio kontu bat ere aurkeztu beharko dute, auditorearen txostena gehituta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak xehakatuta eta, zein den kasua, proiektuari egozten ahal zaizkion diru-sarrerak.

Auditatzen duenak egiaztatuko du erakundearen jarduera ez-ekonomikoei dagozkiela gastuak, bai eta proiektuari lotutako zeharkako gastuei ere, eta, bidezkoa bada, inbertsioen egiaztapen materiala eginen du, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 29. artikuluarekin bat.

Kasu horietan, 1.200 euro arteko diru-laguntza emanen da, gehienez ere, auditoriako txostenaren kosturako, onuradun bakoitzeko eta urteko bakoitzean. 4.1.1.g) oinarrian deskribatu den “Bestelako gastuak” izeneko atalari egotziko zaio gastu hori.

14. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntza lau unetan ordainduko da, hurrengo taulan adierazitako moduan:

PROIEKTUA GAUZATZEKO URTEAK

LAGUNTZAREN ORDAINKETA

Tarteko lehen txostena

Justifikazio partziala

Tarteko bigarren txostena

Azken justifikazioa

2019

a) Konturako lehen ordainketa

-

-

2020

-

b) 2019ko likidazioa

c) Konturako bigarren ordainketa

2021

d) Azken likidazioa

a) Konturako lehen ordainketa: 13.1.a) oinarrian aurreikusitako tarteko txostena aurkeztu ondoren, aitortutako gastuari dagokion laguntza ordainduko da.

Lehen txosten horretan justifikatu gabeko jarduketa zatiari dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

b) Likidazio partziala: 13.1.b) oinarrian aurreikusitako justifikazio partziala egiaztatu ondoren likidatuko da aurkeztutako gastuen justifikazioa.

c) Konturako bigarren ordainketa: 13.1.c) oinarrian aurreikusitako tarteko bigarren txostena aurkeztu ondoren, aitortutako gastuari dagokion laguntza ordainduko da.

Bigarren txosten horretan justifikatu gabeko jarduketa zatiari dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

d) Azken likidazioa: 13.1.d) oinarrian aurreikusitako azken justifikazioa egiaztatu ondoren likidatuko da proiektua bukatu arte egindako gastuei dagokien justifikazio aurkeztua.

Konturako ordainketek onuradunari azkenean dagokion diru-laguntza gainditzen badute, diru-laguntza likidatzeko azken ebazpenean eskatuko da ordaindutako soberakina itzul dadila, kasuan kasuko berandutze-interesekin batera.

60.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuetan, I+G+b Zerbitzuak egiaztapen materiala eginen du azken likidazioaren aurretik.

2. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek eskatu eta justifikatzen badute funtsak behar dituztela diru-laguntzaren xedeak betetzeko.

3. Ordaintzeko ebazpenak gehienez ere sei hilabeteko epean emanen dira, ebazpen honen 13. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute diru-laguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz, bertan eskura dagoen ereduari jarraituz.

Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Laguntza emateko ebazpenean aurreikusi bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 13. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.

b) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Diru-laguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 16. oinarrian adierazitako moduan.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Diru-laguntza ematen duten ebazpenetan, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta zerbait aurreratu bada, hura itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Proiektutik gauzatzen den aurrekontua laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %60tik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Aurrekontuaren %40tik behera gauzatu bada, onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, kasua bada, eskatuko da ordaindutakoa itzultzeko.

16. oinarria.–Diruz lagundutako proiektuaren emaitzen zabalkundea.

1. Laguntzen entitate onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzak zabaltzeko:

a) Proiektuaren emaitzen inkesta betetzea, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.

b) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzi bat aurkeztea, gaztelaniaz eta ingelesez.

c) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, entitate parte-hartzaileen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.

d) Proiektuaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko ataleko a), b) eta c) letretan adierazitako dokumentazioa.

3. Bideoa nahitaez aurkeztu beharko da 100.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuentzat, eta nahi izanez gero gainerakoentzat. Bideoa bakarra izanen da proiektuarentzat.

4. 1. ataleko b) eta c) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.navarra.es) zabalduko dira.

5. Proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

17. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntza-eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

18. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede bererako esleitutako beste laguntza batzuekin.

19. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hori salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituelako, zeinak merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

20. oinarria.–Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.

Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean jakitera emanen da ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek beharkizunak eta baldintzak betetzen ote dituzten aipatutako artikuluko kenkariari heltzeko.

Ordainketa agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.

21. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atalak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak adierazita.

22. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F1811698