191. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

696E/2018 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-adierazpen estrategikoa ematen baitzaio “Buñuelgo lurzoru urbanizaezinaren aldaketa. Ebroko Ardatzeko lurralde antolamenduko planera egokitzea (LAP 5)” izenekoari. Sustatzailea Buñuelgo Udala da.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak eta haien aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta ingurumen-adierazpen estrategikoa behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Buñuelek badu Udal Plan Orokor bat, eta apirilaren 3ko 65/2010 Foru Aginduaren bidez homologatu eta egokitu zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legera.

Ondoren, Ebroko Ardatzeko lurralde antolamenduko plana (LAP 5) onetsi zen, eta han jasotako zenbait determinazio lotesleak dira planeamenduarentzat (maiatzaren 16ko 47/2011 Foru Dekretua). Beraz, justifikatuta dago lurzoru urbanizaezinaren aldaketa hau, planeamendua LAP 5 lurraldearen antolamenduan jasotako determinazioetara egokitu behar denez gero.

Buñuelgo Udalak, 2017ko maiatzaren 31n, hasiera batez onetsi zuen aldaketa, eta jendaurrean jarri zuen 2017ko 117.Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 19koan, iragarkia argitaratuta. Epe horretan, ez zen ingurumenari buruzko iradokizunik jaso.

2017ko urriaren 11n, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txosten bat igorri zuen adieraziz zer hartu behar den kontuan ibai eremuaren mugei eta ahalmen agrologiko handiko lurzoruei dagokienez. Behin alderdi horiek txertatutakoan, udalak behin-behineko onespena eman zuen 2018ko ekainaren 21ean.

Indarreko udal planean jasotako lurzoru urbanizaezin guztia ukitzen du aldaketak, eta proposamenak ez du aldatzen lurzoruaren gaur egungo sailkapena.

Landa-lurzorua antolatzeko, udalerrian identifikatutako hiru ingurumen unitateen azterketa hartu da oinarri. Hauek dira ingurumen unitate horiek: ureztalurrak, ingurumen balioko landare formazioak, eta ubide eta ur-bazterren sistema.

LAP 5aren irizpideak kontuan hartuz eta udal mailara egokituz, planeamenduan Babes Bereziko Eremuak txertatu dira ingurumen balioei eta nekazaritza balioei jarraikiz. Alde horretatik, ibai eremua sartu da –10 urtez behin uholde arriskua duten guneei dagozkien ubide eta ur-bazterren sistema– eta ahalmen agrologiko handiko lurzoruak ere bai. Azken kasu horretan, ez dira sartzen hidromorfia eta gazitasun arazoak dituzten esparruak eta kalitate agrologikoaren galera dutenak. Proposamenak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2017ko urriaren 11ko txostenean adierazitakoari erantzuten dio.

Aldaketak behar bezala jasotzen ditu babes sektoriala duten esparruak, hala nola “Ebro ibaia” KBEa, abelbideak eta aztarnategi arkeologikoak.

Arrisku naturalak identifikatzeari dagokionez eta arriskuei aurrea hartzeko babestu beharreko lurzoru gisa hartzeari dagokionez, behar bezala zehazten dira 500 urtez behin uholde arriskua duten guneak eta lehentasunezko jarioaren eremua.

Lurzoru urbanizaezin guztia babestu beharreko lurzoru gisa sailkatuta geratzen da, kontuan hartuz ingurumen balioak (Ebro ibaiaren ertzeko formazioak eta lezkadiak Tausteko ubidearen ondoan), nekazaritza balioak (ureztalurrak) eta balio kulturalak (bide tradizionalen sarea). Garapen eredua zaintzeko eremuak industrialdearen hegoaldean daude, bai eta La Torrana parajeko aisialdi eremuan ere.

Dokumentazio osoa azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jakinarazi zuen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu zela, eta aldeko txostena eman zuen.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen-ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea Buñuelgo lurzoru urbanizaezinaren aldaketari. Sustatzailea Buñuelgo Udala da.

2. Hirigintza Planaren aplikazio eta garapenean, ingurumen-azterlan estrategikoan bildutako neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak aplikatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalari eta Buñuelgo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 11n.–Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoko zuzendaria, Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren zuzendari nagusiaren ordezkoa (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak 2015eko abenduaren 23an eman eta 2016ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8koan, argitaratutako 316/2015 Foru Aginduaz baliatuz), Félix Armendáriz Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1811337