1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko abuztuaren 22an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat ezarritako 2018ko ordainsariak ehuneko 0,25 igotzen dituena, 2018ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin.
2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2018rako ezartzen den gehieneko igoera globala ezarriko zaiela 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskugarritasunarekin edo nekagarritasunarekin.
2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Lege horren beraren 7.1 artikuluak, bestalde, ezartzen du ezen, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, foru lege horren beraren 8.3 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.
Ildo berean, arestian aipatutako abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen 9.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.
Horiek horrela, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak nahitaez aplikatu behar dituela arestian aipatutako legezko xedapenak, behin 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legea onartu eta indarra hartu ondoren, langile publikoen ordainsariak igotzeko beharrezkoak diren funtsak –kasuan kasuko legezko xedapenari jarraikiz– onetsi eta hartarako gaikuntza eman arte itxarotea besterik ez zegoen.
Gauzak horrela, joan den uztailaren 4an Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorrak onesten dituen uztailaren 3ko 6/2018 Legea argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Lege horren 18. artikuluko bigarren apartatuan xedatu denez, 2018an, sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariek ezin izanen dute ehuneko 1,5etik gorako igoera globalik izan, 2017ko abenduaren 31n indarra zutenekin alderaturik, betiere konparatzen diren bi aldiak modu homogeneoan harturik, hala langileen kopuruari dagokionez nola haien antzinatasunari dagokionez.
Apartatu horretako bigarren paragrafoan ezarri da arestian aipatutakoaz gain beste %0,25 igoko direla soldatak, baldin eta %3,1ekoa edo handiagoa bada Barne Produktu Gordinaren (BPGd) igoera prezio konstanteetan. Soldata igoera horrek 2018ko uztailaren 1etik aurrera izanen lituzke ondorioak. Horrez gainera, agindu horretan adierazten da ezen, apartatu horretan berean xedatutakoaren ondorioetarako, Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) urtero argitaratzen duen aurrerapen estimazioa hartuko dela kontuan BPGd-aren igoera kalkulatzeko. EINk BPGd-aren aurrerapena argitaratzen duenean, eta enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko 2018ko martxoaren 9ko Erabakiaren jarraipena egiten duen batzordeari jakinarazi ondoren, hala badagokio, igoera aplikatzea onartuko da, Ministroen Kontseiluaren erabaki bidez. Erabaki hori autonomia erkidegoei, hiri autonomoei eta Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioari igorriko zaie.
Bestalde, Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 18. artikuluko bigarren apartatuko azken paragrafoan ezarritakoari jarraikiz, soldata-masa beste %0,20 igotzea baimendu daiteke, produktibitatea edo efizientzia hobetzea helburu duten planak edo proiektuak ezartzeko, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri berariazkoak berrikusteko, destinoko osagarriak homologatzeko edota pentsio planetara ekarpenak egiteko, besteak beste. Igoera osagarri hori %0,30ekoa ere izan daiteke 2017ko ekitaldian aurrekontuko superabita izan duten administrazioetan eta sektore publikoaren gainerako entitateetan (uztailaren 3ko 6/2018 Legearen artikulu berean zehaztu da zer hartzen den sektore publikotzat).
2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen ordainsarien %1,5 adinako diru kopurua kalkulatu eta kontsignatu zen: 17.325.000 euro, guztira.
Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2018rako ezarritako ordainsariak ehuneko 1,5 igo zitzaien, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.
2018ko uztailaren 13an, Ministroen Kontseiluak onetsi egin zuen sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariak igotzea Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 18.2 artikuluko bigarren paragrafoan ezarri bezala, honela baitio: “2017. urtean Barne Produktu Gordinaren (BPGd) igoera, prezio konstanteetan, %3,1ekoa edo handiagoa bada, ordainsariak beste %0,25 igoko dira 2018ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin”. Erabaki hori hartu da aipatutako artikuluko hirugarren eta laugarren paragrafoetan ezarritakoa bete dela ikusita.
Nafarroako Gobernuak 2018ko uztailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez baimendu zen “Ordainsarien igoera” izeneko 020002-04100-1800-921402 partidaren kredituari 4.839.701 euro gehitzea %0,25eko soldata-igoerari aurre egiteko 2018ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta %0,30eko igoera osagarria aplikatzeko.
Kreditu-gehikuntza onetsi delarik, egoki da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordainsariak %0,25 igo daitezela onestea.
Ordainsariak igotzeko orain hartzen den erabaki honek atzerako eragina izanen du 2018ko uztailaren 1etik aurrera, eta 2018ko iraileko nominan ordainduko da.
Adierazitakoarekin bat, 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean badago behar adinako aurrekontu-kontsignazioa legez aurreikusitako igoerak eragindako zenbatekoak ordaintzeko. Ordainketa hori gastuen indarreko aurrekontuko 020002 04100 1800 921402 partidaren kargura finantzatuko da.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei %0,25 igotzea 2018rako ezarrita dituzten ordainsariak, 2018ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin. Igoera hori 2018ko iraileko nominan ordainduko da.
2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.
3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau bete dadin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoaren esparru guztietan.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko abuztuaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1810586