191. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

697E/2018 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita Corellako Hirigintzako Udal Planaren aldaketa egituratzailearen aldeko ingurumen ondorioen adierazpena. Sustatzailea SIC Lazaro SL da.

Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, lurzoru urbanizaezina ukitzen duten aldaketek ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen-adierazpen estrategikoa behar dituzte, plana onetsi baino lehen edo horrekin batera.

2017ko abenduaren 22an onetsi zen hasiera batean Corellako Hirigintzako Udal Planaren aldaketa, eta jendaurrean jarri zen 2018ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 19koan, argitaratutako iragarki baten bidez.

Aldaketaren xedea da 3. poligonoko 625., 627., 629., 630., 631., 632., 640, 641. (zati bat), 645., 648., 1.015., 1.054. eta 1.066. lurzatien kategorizazioa aldatzea, errealitatearekin bat etor dadin, eta, hala, bidea eman dadin oraingo jarduera industrialak jarrai dezan.

Eremuak 49.500 metro koadroko azalera du “Prado” izeneko parajean, Corellako saihesbidearen eta Alfaroko errepidearen artean. Indarreko planeamenduaren arabera, eremu horren sailkapena askotarikoa da: lurzoru urbanizagarria (AR-2 banaketa-eremuan), nekazaritzako produktibitate handiko lurzoru urbanizaezina, orain instalazio industrialak dituen lurzoru orokorra eta orain azpiegiturak dituen lurzorua.

Proposamenak berekin dakar eremu guztia sailkatzea natura aldetik ustiatzeko babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa, eta, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarrietan dagoenez, babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren izaera gainjartzen da bertan.

Corellako Hirigintzako Udal Planaren berrikuspenean araututakora egokitzen da aldaketa hau; berrikuspen horretan aurreikusten da AR-2 industria lurzoru urbanizagarria ezabatzea, eta eremu guztia hartzea lurzoru urbanizaezintzat. Ingurumen azterlan estrategikoko alternatiben azterketan justifikatzen da aldaketak erantzuna ematen diela uztailaren 26ko 1/2017 Foru Dekretuari eta lurraren ezaugarriei, halako moduz non lurzoruaren kategorizazioa ezartzen baita kontuan izanik zer balio potentzial izanen luketen lurrek bertan jarduerarik ez balitz.

Bertan instalazio industrial bat dagoenez, baita eraikin lagungarriak ere, lurrak franko eraldaturik daude, eta, horrenbestez, ez da ikusi ingurumenaren, kulturaren eta paisaiaren ikuspegitik baliorik duen elementurik edo eremurik. Orobat, Naturagune Babestuen Saretik kanpo dago, eta arriskuek ez dute ukitzen. Ingurumen azterlan estrategikoak berak dio aldaketak ez dakarkiola inpakturik lurraldeari, hirigintzako planeamendua eremuko errealitate fisikoari egoki dakiola proposatzen baitu.

Espedientearen dokumentazio guztia azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin izanaren berri eman du, eta aldeko txostena egin.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Corellako Hirigintzako Udal Planaren aldaketa egituratzailearen alde. Sustatzailea SIC Lazaro SL da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Corellako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 11n.–Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoko zuzendaria, Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren zuzendari nagusiaren ordezkoa (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak 2015eko abenduaren 23an eman eta 2016ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8koan, argitaratutako 316/2015 Foru Aginduaz baliatuz), Félix Armendáriz Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1811338