190. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

318E/2018 EBAZPENA, irailaren 12koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Zubiriko (Esteribar) udal-mugartean dagoen magnesita fabrikaren instalazioaren 2. labean oliba-pats erauzia erregai gisa erabiltzeko proba, ebazpen honen eranskinetan zehaztutako baldintzekin bat. Instalazioaren titularra Magnesitas Navarra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0889/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 28ko 381E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 6ko 148E/2017 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2018ko abuztuaren 14an, titularrak proba bat egiteko eskaera egin du, hain zuzen ere Zubirin (Esteribar) duen industria instalazioaren 2. labean oliba-pats erauzia erregai gisa erabiltzeko.

Batzordearen 2013ko martxoaren 26ko 2013/163/EB Betearazpen Erabakian jasota dago hondakinak erregai gisa erabiltzeko aukera. Betearazpen erabaki horren bidez, zementua, karea eta magnesio-oxidoa fabrikatzeko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industrien emisioei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Zehazki, erabaki horren 1.4.6 puntuak, hondakinak erregai eta/edo lehengai gisa erabiltzeari buruzkoak, 69. TEOa jasotzen du, hots, magnesio-oxidoa fabrikatzeko labe batean erregai gisa erabiltzen diren hondakinen ezaugarriak kontrolatzeari buruzkoa. Hondakinen aplikagarritasunari dagokionez, adierazten da hondakinak erregai eta/edo lehengai gisa erabil daitezkeela magnesio-oxidoaren industrian (2007an industria honek oraindik halakorik erabiltzen ez zuen arren), faktore hauek kontuan hartuta: material horien eskuragarritasuna, labe mota, produktu horretarako lortu nahi den kalitatea eta labea hondakinekin elikatzeko dauden aukera teknikoak.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 2.2.b) artikuluan jasotzen den definizioaren arabera, oliba-pats erauzia ez da biomasatzat hartzen; hortaz, dekretu horren 26.1 artikuluan zehazten den moduan, produktu hori errege dekretuaren IV. kapituluan sartzen da. Dekretu horren bidez, industriako isurpenen Erregelamendua onartu, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu zen.

Dagoeneko kontrol handia egiten da instalazioan, 2013ko martxoaren 26ko 2013/163/EB Erabakiaren eskakizunak direla eta; erabaki horren bidez, porlana, karea eta magnesio oxidoa fabrikatzeko dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emisio industrialei buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz. Material garbia da patsa, kokea baino garbiagoa; hortaz, haren emisioak ohikoak baino txikiagoak izanen dira.

Atmosferara isurtzeko 16. fokuak 2. labeak isuritako gasak kanporatzen ditu, eta honako elementu hauek ditu gai kutsagarrien isuria gutxitzeko neurri zuzentzaile gisa: zikloi dorre bat, mahuka-iragazkia, lehorreko desulfurazio sistema eta NOx isuri txikiko erregailua. Era berean, neurri horiek egokitzat jotzen dira patsez eta kokez egindako nahasketa erabilita sortzen diren isuriak tratatzeko.

Proba bakoitzean erabiliko den pats kantitatea 70-120 t-koa izanen da, eta proba osoan zehar 670 t erabiliko dira guztira. Materialaren proportzioa aldakorra da, gehienez ere %15ekoa. Proba sei asteko aldian eginen da.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak aurkeztutako eskaera aztertuta, honako hau ondorioztatu du: instalazioa bera, dagoeneko hartzen diren neurri zuzentzaileak, eta proba egiteko ezarritako baldintzak egokiak direla proba egitea baimentzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Zubiriko (Esteribar) udal-mugartean dagoen magnesita fabrikaren instalazioaren 2. labean oliba-pats erauzia erregai gisa erabiltzeko proba baimentzea, ebazpen honen eranskinetan zehaztutako baldintzekin bat. Instalazioaren titularra Magnesitas Navarra SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Magnesitas Navarra SAri eta Esteribarko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 12an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1811335