190. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

699E/2018 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campuseko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren (NUPeko UPSa) aldaketa, Mutiloako 1. poligonoko 438. lurzatiari buruzkoa, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren menpe ez jartzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

Hori dela eta, ingurumen-txosten estrategikoa eman da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campuseko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren (NUPeko UPSa) aldaketari buruz, Navarra de Suelo y Vivienda SAU enpresak sustatua; aldaketa Mutiloako (Aranguren) 1. poligonoko 438. lurzatiari buruzkoa da.

Aldaketa horren xedea da Mutiloa herrian (Aranguren) dagoen 1. poligonoko 438. lurzatia NUPeko UPSeko eremutik kanpo uztea eta hura erabiltzea ikastetxe berri bat eraikitzeko; horrela, lurzati hori udalerriko tokiko zuzkiduren sarean sartuko da.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, espedientearen tramitazioari ekin zitzaion, eta espedientea jendaurrean jarri zen 45 egunez (2018ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 12koa). Jendaurreko aldia bukatu ondoren, ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Aldaketaren xede den lurzatiak argi eta garbi zehaztutako muga fisikoak ditu. Orubean bi biltegi daude, eta eraikuntzako materialak gordetzeko zabalgune baten itxura du. Eraldatutako lurzati bat da, beraz, ingurumen eta/edo kultur intereseko zonalde edo habitatik gabekoa. Hegoaldean, Sadar ibaiaren ondoko bidearen mugakide da. Uholde arriskuari eta arriskuaren zonifikazioari buruz eskura dagoen informazioa abiapuntutzat hartuta, ondorioztatu da ibaiaren aldian behingo uholde arriskuak ez duela ukitzen aldaketaren xede den eremua.

Ukipen akustikoei dagokienez, lurzatia Hotsari buruzko mapa estrategikoen esparruaren barrenean dago, eta zonifikazio akustikoa dauka dagoeneko, irailaren 3ko 1328/2010 Ebazpenaren bidez onetsia. UPSaren aldaketak zonifikazio akustiko hori aldatzen du, industria erabilerako eremu akustiko izatetik hezkuntza erabilera duen eremu akustiko izatera pasatuz. Beraz, bete beharreko helburu akustikoak 50 dezibelekoak (gauerako) eta 60 dezibelekoak (egunerako) dira. Erabilgarri dagoen informazioa abiapuntutzat hartuta (hotsari buruzko mapa estrategikoen 2. berrikuspena), eta zarata eragiten duen iturri nagusia trafikoa dela kontuan izanik, aurreikusitako erabilerarako kalitate akustikoko helburuak betetzen dira.

Eskura dagoen informazioa ikusita, ondorioztatu da NUPeko UPSaren aldaketak ez duela sortzen ingurumenaren gaineko eragin nabarmenik. Aldaketa txiki bat da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluan zehaztuta dagoena; hortaz, lege horren 6. artikuluko aplikazio-eremuan xedatzen denaren arabera, ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari jarraikiko zaio.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campuseko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa (NUPeko UPSa), Mutiloako 1. poligonoko 438. lurzatiari dagokiona, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren menpe ez jartzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean horretarako ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campuseko Udalez gaindiko Plan Sektoriala (NUPeko UPSa) aldatzeari aldeko ingurumen-txosten estrategikoa ematea, Navarra de Suelo y Vivienda SAUk sustatua.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Estrategiaren eta Lurralde Antolamenduaren Atalari eta Arangurengo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 11n.–Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoko zuzendaria, Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren zuzendari nagusiaren ordezkoa (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak 2015eko abenduaren 23an eman, eta 2016ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8koan, argitaratutako 316/2015 Foru Aginduaz baliatuz), Félix Armendáriz Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1811329